Urrezko zilbor-heste itogarria

  • Nafarroako erdialdera eta hegoaldera ura eramateko eraiki zen Itoizko urtegia: batez ere ureztatzeko ura, baina baita edateko ura eta ur industriala ere. Eta hori Nafarroako Ubidearen bidez egin behar zen, zeinak 198 kilometroko eraikuntza erraldoi batekin, urtegia eta Erribera lotuko zituen. Hori zen hasierako plana, Nafarroako eta Espainiako gobernuek 1998an hitzartutako proiektuaren arabera.

Ubidearen lehenengo zatiaren irudi bat, iaz Nafarroaren erdialdea astindu zuen sutean hartuta. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)
Ubidearen lehenengo zatiaren irudi bat, iaz Nafarroaren erdialdea astindu zuen sutean hartuta. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

2023ko urriaren 08an

Ubideak bi zati ditu: lehena, 98 kilometrokoa, Itoizko urtegitik Pitillaseraino doa eta abian da aspaldi. Aire zabalean eraiki ziren 60 kilometro, hamabost kilometro tuneletan eta 23 sifoietan. Hiru urtegi ditu eta bi adar: Añorbetik Mendigorriara bata, eta Tafalla eta Erriberri artean bestea. 22.300 hektareako ureztatze eremua du. Lanak 2011n bukatu ziren eta ondoren hastekoak ziren bigarren zatikoak. Baina orduko testuingurua ere ez zen makala, krisi ekonomikoak bere gogorrenean astintzen zuen Nafarroa eta gobernua estu ari zen. Finantzazio arazoak egon baziren ere, gaur egunetik begiratuta pentsa liteke hori bazela, baina baita proiektua ongi aztertu gabe zegoela ere. Edozein kasutan, kontua da oraindik ez direla eraikitze lanekin hasi.

Bigarren fasea ez, baina UPNko Yolanda Barcinaren gobernuak lehengo fasearen zabalkundea aurkeztu zuen ezustean, eta 2015eko hasieran hasi ziren lanak, 21 kilometroko ubidearekin Itoizko ura Ega eta Arga ibaien arroetara eramateko lur azpiko hodi bidez: Andosilla, Azagra, Berbinzana, Carcar, Faltzes, Funes, Larraga, Lerin, Lodosa, Mendigorria, Miranda Arga, Oteitza, Azkoien, San Adrián eta Sesmako lurretan 15.200 hektarea ureztatu ahal izango dira. Jadanik ia amaituta dago. Hainbat lekutan, alabaina, arazo handiak izan dira ohiko ureztatze sistemen eta berriaren artean, eta Lerinen, esaterako, 2014an bertako nekazari gehienek ezezko bozka eman zioten Nafarroako Ubideari. Carcarren ere ildo beretik jo zuen Ureztatze Batzordeak.

Lehenengo zatia aire zabalean eraiki zen, eta beste bietan lur azpiko hodiak izango dira.

Ubidearen bigarren zatiaren proiektuak 71,4 kilometro ditu, behin eta berriro iragarri da lanen hasiera, eta María Chivite lehendakariaren esanetan lanak 2024an hasiko dira. Pitillasetik Ablitaseraino, Ebroren ezker-eskuin 21.000 hektarea lur ureztatu nahi ditu. Bigarren zatia hasiera batean aire zabalean egin behar zen, lehena moduan, baina azkenean lur azpian doazen altzairuzko hodiekin egingo da.

Itoizko urtegiak eta Nafarroako Ubideak hastapenetik ekarri dituzte eztabaidak eta liskarrak, aldekoen ametsetan Nafarroako ekonomiaren garapenerako ezinbestekoak izango direlako, eta aurkakoen amesgaiztoan, proiektu suntsitzaileak eta ekonomikoki bideraezinak direlako, besteak beste.

Klima aldaketaren aroan bete-betean murgilduta gaudenean, proiektuaren akuilu izan diren UPNrentzat eta PSNrentzat, ubideak ahalbidetuko du gero eta urriagoa den ura Erriberaraino eraman ahal izatea. Aurkakoen aburuz, aldiz, ura gero eta eskasago den garaietan zaindu behar da bereziki ondasun preziatu hori, xahutu gabe, ubidearen kudeatzaileek beren praktiketatik –zenbat eta gehiago ureztatu, ura are eta merkeagoa– bultzatzen duten gisan. Areago, argudiatzen dutenez,  dagoeneko ez da kudeaketa edo ikusmolde kontua soilik, arazo fisikoa ere bada, aurreikusitako lur guztia ureztatzeko nahiko ur izango ez delako.

Nafarroako ubidearen lehenengo zatiaren irudi bat. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

2044raino ordaintzen

Wikipedian irakurri daiteke Itoizko urtegia eta Nafarroako Ubideak 1.200 milioi euroko aurrekontua dutela hamabost urteko inbertsioan. Asko da, baina gehiago ere izango da, ubidearen bigarren zatia egiten bada bederen, eta hala, orain arte Nafarroan eraiki den azpiegitura handi eta garestiena bihurtuko da.

Abian diren ubidearen bi zatiak itzalpeko bidesarien formularekin ordaindu dira –Pirinioetako autobidea eta Bidearen autobidea moduan–. Horren arabera, enpresa eraikitzaileek eraikuntzarako inbertsioa egiten dute eta foru gobernuak urtero ordaintzen die adostutako kopuru bat. 2021ean Nafarroako Kontuen Ganberak ubideaz argitara emandako txostenaren arabera, eraikuntza lanek 327,7 milioi euroko kostua izan dute, gainkostuak 583 milioikoak izan dira, eta beraz, orain arte bi proiektuek 911,5 milioi euro irentsiko dituzte, horietatik 700,7 milioi euro ordaindu gabe baitaude. Ubidearen lehen zatiak 2006tik 2032 arteko ordainketa epea du, eta zabalkundearenak 2017tik 2044rainokoa. Orduan itzuliko da azpiegituren kudeaketa foru gobernuaren eskuetara.

Dirutza horretan ez da kontuan hartzen 250 milioi euroko aurrekontua duen ubidearen bigarren zatia, baina aurrekariei so eginda, gutxienez biderkatuko dela pentsa liteke. Hori kontuan hartu gabe zati hori teknikoki askoz konplexuagoa dela, besteak beste ubideak bi autobide, Ebro, Aragoi eta Queiles ibaiak zeharkatu behar dituelako. Aurreikuspenen arabera, 250 milioi horien erdia CANASA enpresa eraikitzaile publikoak ordainduko luke (%60 Nafarroako Gobernuak eta beste %40 Espainiakoak) eta beste erdia etorkizuneko ureztatzaileek.

Baina Kontuen Ganberako datuen arabera, finantzazio hori horrela azaltzeak zerikusi gehiago du fantasiarekin errealitatearekin baino, orain arte kontsumitu den ur kopurua aurreikusitakoa baino askoz gutxiago izan baita: lehen zatian %18 gutxiago eta haren zabalkundean %68 gutxiago, azken horretan bereziki lanen atzerapenagatik. Orain arte bost alditan berradostu dira emakidaren hitzarmenaren oinarriak eta, horien ondorioz, ureztatzaileen tarifak %50ean handitu dira. Horrek zalaparta ugari ekarri du laborarien eta uraren saltzaile den Aguacanasaren artean. Hainbat ikerketaren arabera, azpiegiturak ez du inondik inola beteko bere finantzazio plana, eta orain arte gisan, altxor publikoak berriz bereganatu beharko ditu hitzarmenen arabera ez dagozkion kostuak.

Lehenengo zabalkundea amaitzear da. Irudiotan Sesmara ura eramango duen hodia. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)
Ubideaern lehenengo fasearen zabalkundea amaitzear da. Argazkian, hodia Sesmako lurretara iritsi zenean. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Landaketei dagokienez, Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak INTIAko datuak baliatuta 2020an esan zuenez, 2019ko kanpainan artoa izan zen ubideko lurretan gehien landatutakoa (%49,4). Ondoren, baratzeko landaketak (%7,1), eguzki-lorea (%5,7), tomatea (%5), mahastia (%3,1), eta olibondoak (%2,7), besteak beste. INTIAren arabera, lehenengo zatian 51 produktu landatu dira eta zabalkundean,  44. 2020an, halaber, uzta bikoitzak %15 izan zirela azpimarratu zuten.

1985ean iragarri zuen Itoizko urtegiaren proiektua Nafarroako Gobernuak. 2023an esposizio publikora atera da Nafarroako ubidearen bigarren zatia, eta 2044an egingo zaio lehenengo zatiaren zabalkundearen azken ordainketa –itzalpeko bidesaria– CANASAri. Itoizko urtegiko ur tanta preziatu eta garesti horrek oraindik bidaia luzea du Ablitaseraino.

Erreportaje hau beste honen batera joan da:Itoiz azpiko herrien erresistentziak hogei urte bete ditu

Aurretiaz landutako LARRUN honetan, halaber, gaiaz informazio gehiago dago:Nafarroan barrena hondoratzen ari den ubidearen arrastoan

 

 


ASTEKARIA
2023ko urriaren 08a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako ubidea
Nafarroako Gobernuak onartu du ez dagoela ur nahikorik Nafarroako ubidearen obran hitzemandako edukiera asetzeko

Konponbide gisa, Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak aurreratu du sobera ur jasotzen duten ureztatzaileei erabiltzen ez dutena Erriberara bidaltzeko eskatuko diela.


Sesmara iritsi da Nafarroako Ubidearen lehen fasearen Egako adarra

Nafarroako Ubideko ura Sesmara iritsi da aste honetan eta 1.290 hektarea lur ureztatzeko aukera emango du. Ostegun honetan inauguratu zuten María Chivite lehendakariak eta Bernardo Ciriza kontseilariak azpiegituraren iritsiera. 7,8 milioi euroko kostua izan du... [+]


2020-06-12 | ARGIA
Uraren gatazkaguneak Nafarroan: hamaika proposamen zehatz Foru Gobernuari

Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Urbizi Ibaien Defentsarako Nafarroako Sareak prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Iruñeko Katakrak elkartean eta bertan aurkeztu zuten "Uraren politikak Nafarroan, gatazka aipagarriak eta uraren kudeaketarako proposamenak"... [+]


2017-03-05 | Reyes Ilintxeta
Fito Jimenez, Urbizi plataformako kidea
"Ura urtegietan bilduz gero, haren kontrola galtzen duzu"

Urak dakarrena, urak daroa… baldin eta ur hori urtegi erraldoi batean ez badute biltzen hamaika negozio egiteko.


Nafarroako ubidea Erriberaraino lurrazpitik eginen du Gobernuak

Ekainean jakinaraziko du Nafarroako Gobernuak Nafarroako ubidearen jarraipenak zein ibilbide eta hektarea kopuru izanen dituen. Orain kaleratutako bi txostenek 9.000 eta 10.000 hektarea inguru aurreikusi dituzten arren, nekazariekin kontrastatuko dute.


Eguneraketa berriak daude