"Interneten gobernantzan egon behar lukete herritarrek"

  • Nekez iraunen dute komunikabide komunitario eta libreek haien alde doazen politika publikorik gabe. Are gutxiago, komunikabideen kontzentrazio geroz eta handiagoaren panoraman. Hori dio Cathy Edwards Kanadako telebista komunitarioen elkarteko buruak, gogor kritikatuz sektoreak pairatu murrizketak. Munduko komunikabide komunitario eta libreen mapa marrazten hasiko da beste kazetari batzuekin batera, Komunikabide Libreen Munduko Foro Sozialean hori erabakirik.

Montrealen egin Munduko Foro Sozialean izan ginen Cathy Edwardsekin (argazkian, beste kazetari batekin solasean). Komunikabide LIbreen Munduko Foro Soziala egin zuten foro orokorraren barruan, eta hedabideen alorrean MFSren praktikak hobetzeko hainbat pro
Montrealen egin Munduko Foro Sozialean izan ginen Cathy Edwardsekin (argazkian, beste kazetari batekin solasean). Komunikabide LIbreen Munduko Foro Soziala egin zuten foro orokorraren barruan, eta hedabideen alorrean MFSren praktikak hobetzeko hainbat proposamen aurkeztu zuten.

Zuk esana: lau konpainia handiren esku dira Kanadako kasik komunikabide guztiak. Parean, nola dabil sektore komunitarioa?

300 kanal eta 200 irrati baino gehiagorekin, komunikabide komunitarioen sarea oso zabala eta indartsua zen berriki arte Kanadan. Urtero banatu 100 milioi dolarreko diru-laguntza moztu egin digu aurten Gobernuak, sektore pribatura bideratzeko. Sekulako diru desbideratzea da! Erabakitzaileez hurbil dira konpainia pribatuak eta geroz eta gehiago bide bazterrean geratzen dira beste bi sektoreak. Arlo guztietan presente den bilakaera sendi dugu: politika boterea galtzen ari da, finantzarien onurako.

Komunikabide pribatuak ez dira nahiko.

Komunikabide pribatuez gain, sektore publikoa eta komunitarioa presente egon behar dira. Hiru sektore horien motibazioak arras ezberdinak dira: pribatuak etekina du helburu; publikoak informazioa herritar guztiei iristea du xede; eta komunitarioak berriz, gutxiengoan direnen bozgorailu izatea, misio hori betetzera ez delako heltzen sektore publikoa. Horregatik ere bada botere publikoen ardura komunikabide komunitarioen laguntzea.

Komunikabide Libreen Munduko Foro Soziala egin berri duzue.

Komunikabide komunitarioen eta libreak bildu berri gara, Montrealen, Munduko Foro Sozialaren (MFS) kari. Maleruski, Kanadak parte-hartzaile anitzi bisa ukaturik, uste baino gutxiago bildu gara. Bosgarren edizioa zen aurtengoa.

Hainbat konpromiso hartzeko unea izan da.

Batetik, gisa horretako nazioarteko topaketak sustatzeko engaiamendua hartu dugu, batuz azkarrago garelako. Bestalde, mundu mailako komunikabide independenteen mapa osatzeko konpromisoa hartu dugu. Mapa horrekin batera komunikabideen kontzentrazioa islatzen duen eskema ere osatuko dugu, egoeraren larritasunaz ohartarazteko. Hirugarrenik, komunikabide askeetan dabiltzan kazetarien babesteko neurriak ere garatu nahi ditugu. Urria aitzin lotuko da lantalde bat betebehar horri. Kanadako Gobernuaren murrizketa edota Brasileko komunikabide korporatibistek estatu kolpean izandako esku sartzea salatzeko testuak ere bozkatu ditugu.

Munduko Foro Sozialari ere zuzendu zarete.

Bai, software programa libreak aukeratzea exijitzen duen kanpaina hasiko dugu. Barne prozesu honen bidez MFSren praktikak hobetu nahi ditugu. Numerikoaren eremu horri doakionez, datu base libreak eta ostatatzaile libreak lehenesteko betebeharrari ere lotuko gara.

Numerikoan ere denak egon daitezke baina ez toki berean.

Net neutrality printzipioa ezinbestekoa da, datu jario guztiek tratamendu bera ukan ahal izateko. Gaur egun ez da horrela, korporazio handi bakar batzuen esku dira interneteko enpresa gehienak. Adibidez, Walt Disney konpainiak merke-merke eskain ditzake bere produktuak, baina komunikabide independente txikien produktuak eskuratu ahal izateko, anitzez karioago ordaindu behar dugu. Errealitate horren aurka doa net neutrality izpiritua.

Zein dira sektore numeriko demokratiko baten baldintzak?

Noski, azaldu net neutrality printzipioa. Bestalde, YouTube eta halako partekatze plataformek aske izan behar lukete, eragin komertzialez urrun. Interneten gobernantzan egon behar lukete herritarrek ere, internet ez dadin, gaur egun bezala, bakar batzuen interes finantzario eta politikoentzat izan. Azken elementua eta ez gutxienekoa, internet kudeatzen duten konpainiek hodi bat izateari mugatu behar litezke. Hau da, edukia kontrolatzen ez duten edukitzaileak izan behar litezke. Internet sarea zerbitzu publikotzat hartu beharko litzateke, guztiontzat dagona eta guztiok erabil dezakeguna.

Nori zuzentzen diozue aldarria?

Telekomunikazioak kontrolatzen dituzten eragileei. Baina maleruski konpainia handien presioa handiagoa da eta oso zaila zaigu eragina ukaitea. Gainera, merkataritza askeen aldeko akordioek [TTIP, CETA...] erabakitzaile horiek auziperatzeko aukera dakarte. Benetako internet sare horizontal baten alde doazen politikak harraraztea neke bilakatzen da.

Herritarrak kontziente al gara horretaz guztiaz?

Internetek eskaini informazio pilaren parean badakite ikerketa minimo bat egin behar dutela. Haatik, kazetaritza mainstream-arekin ez da horrela, kazetaritza izanki sinesgarria dela uste dute. Alta, kazetaritza mainstream-a xeheki begiratuz gero, konturatzen gara mezu bera errepikatzen dabiltzala guztiak. Hala ere, anitz dira kontziente, baina komunikabide alternatiboak dituzte eskas. Zaharra ordezkatuko duen estandar berria eskas dugu. Hori horrela, sektore komunikatiboak are garrantzi handiagoa du.

Hedabideetan engaiatu

“Nire kabuz hasi nintzen komunikabide komunitarioen alorrean, 1988an, boluntario. Luze aritu naiz sektore pribatuan lanean, publikoan ere bai, antzerkian, film independenteetan... Baina azkenik, 2008an CACTUS sortu nuen, telebista komunitarioen eta haien erabiltzaileen Kanadako elkartea. Egun baditut proiektuak sektore pribaturako ere, baina garrantzitsua iruditzen zait jendeak hedabideetan engaiatzea, eta horregatik hobesten dut sektore komunitarioa”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-04 | Ahotsa.info
Ahotsa.info, 10 urte kalean Nafarroa eraldatu nahi dutenei ahotsa ematen

Ahotsa.infok 10 urte egin berri ditu lanean. 2014an jaio zen, Nafarroa maila sozial eta politikoan eraldatu nahi zuten haiei ahotsa emateko asmoz. Intentsitate handiko testuinguru batean, UPNk agintzen zuen eta Nafarroako Gobernuaren aurkako oposizioa kalean mobilizatzen zen,... [+]


Eguneraketa berriak daude