Emakumeen gorputzak gudu-zelai: Mukwege doktorearen lekukotza

  • Genevan (Suitza) Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen batzordeak martxoan aztertu ditu azken hamarkadotan Kongo ekialdeko gerretan alde bateko eta besteko gerlariek emakumeen kontra egindako krimenak. Agintari politikoen ondoan, mintzatu da Denis Mukwege ginekologoa, zauritutako emakumeentzako klinika berezia kudeatzen duena, liburu eta filmek munduan ezagutarazi dutena.

’L’homme qui repare les femmes: La colere d’Hippocrates’ filmeko irudietako batean, Denis Mukwege ginekologoa Panziko (Kongoko ekialdea) ospitalean artatutako emakume sail baten erdian. Hasierako debekuaren ondotik, otsailean estreinatu dute dokumentala K
’L’homme qui repare les femmes: La colere d’Hippocrates’ filmeko irudietako batean, Denis Mukwege ginekologoa Panziko (Kongoko ekialdea) ospitalean artatutako emakume sail baten erdian. Hasierako debekuaren ondotik, otsailean estreinatu dute dokumentala Kongon bertan, eta telebista publikoak ere eskaini du. Kinshasan, Lumumbashin, Bukavun eta abarretan egin diren aurkezpenetan ikusleak hunkiturik mintzatu dira dokumentala bukatutakoan, harrituak ere bai, halako basakeriak inguruan gertatzen direla jakinda. Mukwege doktoreak Bukavun oroitarazi die bortxaketatik sortutako milaka haur apatridak ez ahazteko, etorkizuneko bonbak direlako.

Otsailean hasi dira aurkezten Europan barrena eta DVDan ere eros daiteke, frantsesez eta ingelesez: “Emakumeak konpontzen dituen gizona: Hipokratesen haserrea”. Thierry Michel eta Colette Braeckmanek filmean bildu dute 2014an Sajarov saria merezi izan zuen Denis Mukwege doktorearen ibilbidea. Zehazkiago, Mukwege famatuari lagundu diote lau haizeetara ezagutarazten gerrarako arma beldurgarri bezain ezkutatua: emakumeen kontrako sexu erasoak.

Milaka emakume bortxatu dituzte bateko eta besteko gudariek 20 urteotako gerretan Kongoko ekialdean. Planetako zokorik aberatsena izan arren munduko biztanlerik txiroenak dauzkan Kongon. Bukavuko ospitaletik kontatuz emakumeei XXI. mendeko gerretan zer nolako izugarriak egiten zaizkien –gero ospitaletan ahal bezala osatzen ahalegintzen direnak–, Mukwegek lortu du azkenean Nazio Batuen eta zenbait erakunderen begiak erakartzea Kongoraino. Baina, garrantzitsuena dena, bertako emakumeak berak hasi dira madarikazioa hautsirik hitz egiten egun argitan. Hauek baitira protagonistak, ez zirujaua.

Bukavun 1955ean sortua, apez pentekostalista baten seme, auzoko Burundin egin zituen medikuntzako ikasketak, pediatrian berezituz. Emakumeek erditzean jasaten dituzten arazoez kezkatuta, lortu zuen Frantzian ikastea ginekologia, berriro itzultzeko artean Zaire deitzen zen Kongora, Hego Kivu eskualdeko klinika batera.

Kivun egokituko zitzaion 1996an gerra zibilak bete-betean harrapatzea. Hainbat txikizio eta hilketa ikustea aski ez bazen, bera hiltzeko ahaleginez gain, Mukwegek goiz batean Lemera herriko ospitalea suntsituta aurkitu zuen, bertan aterpetutako gaixo guztiak hilik. Kivutik ihesi, 1999an itzuli zen bere sorterri Bukavura, Panzi herrian abiarazteko klinika berri bat.

Mukwegek kontatzen du nola 1999an ekarri zioten ospitalera emakume bat organo genitalak tiroka birrinduta zekartzana. Ahal bezala artatuz, basakeria bakantzat hartu omen zuen ginekologoak. “Baina sei hilabeteren buruan ohartu nintzen beste andrazko askorekin errepikatzen zela: ‘Bortxatu egin naute, eta gero baioneta bat sartu baginan! Bortxatu egin naute eta ondoren aluan kautxua sutu!”… 

Horrela jabetu zen garai hartan Kinshasako gobernuaren eta bere aurkako talde armatuen arteko gatazka odoltsuan gerrako armatzat usu erabiltzen zirela bortxaketa eta emakumeen organo genitalen suntsiketa. Mukwege eta bere taldea gero eta gehiago zentratu ziren sexu bortizkeria jasandako biktimon matxurak konpontzeko kirurgia ikasi eta praktikatzen. Urteotan 40.000 emakume artatu dituztela dio Nazio Batuen Erakundeak Mukwegeren ohorezko dokumentazioan.

Human Rights Watch GKEk duela bi urte plazaratutako La guerre dans la guerre : violence sexuelle contre les femmes et les filles dans l’est du Congo agiriak deskribatzen du nola alde guztiek Kongon erabili duten sexu bortizkeria, baina aitortzen ere ezin dela jakin zenbat diren biktimak, dozenaka milaka direla segurtatuz. Hasteko, Kongoko gerretan zenbat jende hil den ere ez dakigu zehaztasunez, bost milioi arteko kopurua aipatzen dute aditu batzuek... Bestetik, sarritan beren komunitateak ere baztertzen dituen biktimentzako tabua horretaz hitz egitea.

Mukwegek dioenez, “guk artatu ditugun emakumeen kopurua ez da icebergaren muturra baizik. Bortxatu dituztela aitortzeko beldurrez bizi dira asko, ondoren senarrak arbuiatuko dituen kezkaz”. Gizartean hain dago sustraitua tabua, ezen eta usu biktima eta erasotzailea elkarren hurbil bizi baitira: “Emakumeak ezagutzen du aurreko etxean bizi den gizon hori, goizero gurutzatzen du, baina tamalez honek ez du sekula krimena bere gain hartu behar izan”.

Bortxaketa, jendeak izuarazteko arma

Panziko klinikan hasieran mediku eta erizainak zentratu ziren bortxaketan egindako zauri eta txikizioak kirurgiaz konpontzen, ohartu ziren arte ez zela aski. “Ekamume askok, zauriak sendatu ondoren ere, uko egiten zioten jateari, edateari, bizitzeari… eta azkenean hil egiten ziren halako suizidio gogo batez bezala”. Psikologo eta gizarte laguntzaileak ekarri zituzten, emakumeekin lan egiteko kirurgiari ekin aurretik.

Zenbait GKEren laguntzak egiten du posible bai Panziko ospitaleko lana eta klinikatik irten ostean emakumeen jarraipena egitea, hein batean diruz ere lagunduz biktimei beren gizartean berriro txertatzen. Halako klinika juridiko bat ere antolatu da, auzitara jo nahi duten biktimei laguntzeko.

Mukwege doktorea hiltzen ahalegindu dira behin baino gehiagotan, azkena 2012an, eta gaur egun Nazio Batuen Erakundearen kasko urdinen babespean dira bera eta Panziko ospitalea. Mukwegerekin ari diren erizain eta laguntzaile guztiek ez dute zorte bera izan eta batzuk bortxatuak izan dira.

L’homme qui repare les femmes filmaren egile Thierry Michel eta Colette Braeckmanek oroitarazten dutenez, Kongoko gerra odoltsuak oso oihartzun mediatiko mugatua izan du. Kolorerik ere ez Ekialde Hurbileko gerrekin, izan Palestinakoa, Siriakoa edo Irakekoa, oso irudi gutxi iritsi dira Kongotik, nahiz eta azken hamarkadotako gatazkarik odoltsuena izan, hein handi batean hango lurpean dautzan mineralen kontrolak eraginik. Irudirik eta oihartzunik ezean, basakeria are latzagoak burutu dira Afrikako oihanotan.

Emakume helduez gain neskato eta baita haurrak ere bortxatzea ohikoa da Kongo ekialdeko gerran, nahiz eta azken aldi honetan guduek baretzera jo duten. “Emakumeen gorputzak benetako gudu zelai bihurtu dituzte eta bortxaketa gerrako armatzat erabili”, dio Mukwegek. “Bortxatutako emakume bakoitzean ikusten dut nire emaztea. Bortxatutako ama bakoitza da nire ama eta bortxatutako ume bakoitza nire haurra. Hainbeste denbora galdu dugunez bortizkeriaren kalteak konpontzen, garaia iritsi da horren kausak zaintzen hasteko”.

Filmarekin batera plazaratu dute liburu bat ere, Le viol, un arme de terreur, Mukwegek landu duen ildoan sakonduz. Bertan aztertzen da, tartean, nolaz diren hain nagiak hedabideak emakumeei eta haurrei egindako krimenok jorratzerakoan.

Zenbait erakunde humanitariori aurpegiratzen baldin bazaio horiek instrumentalizatzen dituztela herritarren begietan deigarriak direlako, prentsak leku gutxi eskaintzen die eta azkar desagerrarazten begien aurretik. Kazetari batek kontatu du erredakzioburuak erantzun ziona artikulua proposatutakoan: “Bortxaketak? Duela gutxi egin genuen beste albiste bat horrekin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude