Murrizketen sintomak osasun zerbitzuan

  • Ospitaleak eta osasun zentroak aterpe izango ditugu guztiok, noizbait, gure osasunak ezusteko arazoren bat sufritu, edo, denboraren poderioz, gorputzak egoki jarduteko laguntza beharko duenean. Ez da alferrikakoa, beraz, osasun publikoari buruzko kezka. Azken urteetan, lan gatazken protagonista izan da Osakidetza. Jaurlaritzak egin dituen murrizketei erantzuteko batasun sindikala bultzatu dute SATSE, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO, UGT eta ESK-k, eta osasun zentroetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte, greba orokor deialdiak tarteko, lan baldintzak berreskuratzea aldarrikatzeko. Murrizketen eragina langileen egoera kaltetzetik harago doa, ordea, eta gizarte osoari eragiten dio, sindikatuek salatu dutenez. Osasun zerbitzu publikoaren kalitatea dago jokoan.

Murrizketen kontrako mobilizazioa Gurutzetako ospitalearen aurrean, 2015eko apirilaren 23an (Argazkia: Unai Brea).
Murrizketen kontrako mobilizazioa Gurutzetako ospitalearen aurrean, 2015eko apirilaren 23an (Argazkia: Unai Brea).

Osasun zerbitzu publikoak okerrera egin du Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, Osakidetzako sindikatuen iritziz. Langileen ordezkariek adierazi dute itxaron zerrendak luzeagoak direla, ospitaleetan ohe gutxiago daudela zabalik eta lan zama gehiegizkoa dutela profesionalek gaixoak egoki artatzeko. Egoeraren ardura Eusko Jaurlaritzari leporatzen diote, azken sei urteetan bultzatu dituen murrizketengatik.

Sindikatuez gain, Osalde osasun eskubidearen aldeko elkarteak ere uste du azken urteetako murrizketek kalte egin diotela osasun zerbitzu publikoaren kalitateari. Nolanahi, Juan Luis Uria elkarteko presidenteak desberdindu egin ditu Espainian “PP eta CiUren eskutik” garatu diren “pribatizazio ereduak” eta Jaurlaritzaren norabidea. Espainian osasun zerbitzuak berrordaintzeko ezarri zen neurriari Jaurlaritzak aurre egin ziola argitu du, era berean.

Hala ere, Urkulluren gobernuak beste murrizketa batzuk bultzatu dituela salatu du Uriak. Batez ere, “kontratazio politiketan”. Murrizketa horiek eragin zuzena izan dute haren ustez. Ondorioz, Osakidetzan “sekula ikusi gabe geunden egoerak” ematen ari dira gaur egun. Esaterako, larrialdi zerbitzuetan “jendea esku-oheetan zain, korridoreetan pilatuta” ikus daitekeela gaitzetsi du.

Sindikatuek diote Osakidetzako itxaron zerrendak luzatu egin direla, ospitaleetan ohe gutxiago daudela zabalik eta profesionalen lan zama gehiegizkoa dela gaixoak egoki artatzeko

Bestelakoa da Osakidetzaren iritzia. Jose Maria Armentia giza baliabidetako arduradunak ez du uste zerbitzuaren kalitateak okerrera egin duenik. Aldiz, defendatu du Osakidetzako datuek “hobekuntza” adierazten dutela “zerrenden kudeaketan eta eman den erantzunean”. Helburua “gutxiagorekin gehiago egitea” da, Armentiaren esanetan.

Zerbitzuaren kalitatea ezbaian

Gutxiagorekin lanean ari direla, horixe da hain justu, langileen ordezkarien ustez zerbitzu ona eskaini ahal izateko oztopo nagusietako bat. 2013an funtzio publikoko langileei lanaldia luzatzea erabaki zuen Jaurlaritzak, urteko 1.592 ordutik 1.614,5era.

Osakidetzak Deloitte aholkularitza enpresari eskatutako txostenaren arabera, 2012tik 2013ra 1.500 lanpostu desagertu ziren lanaldia luzatzearen eraginez. Jaurlaritzak aurreko lanaldira itzultzeko erabakia hartu du 2016rako, baina Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu du neurriaren aurka eta momentuz ezingo da indarrean sartu.

Horrez gain, bada lanpostuak suntsitzen dituen beste faktore garrantzitsu bat, sindikatuen esanetan: behar baino ordezkapen gutxiago egiten ditu Osakidetzak. LAB sindikatuko Edurne Agirrek azaldu duenez, “mediku askori ez diete ordezkapenik egiten”, eta lehen arretarako “erizain laguntzaileak ere geroz eta gutxiago daude”. Ondorioz, lankideek hartzen dute falta den langilearen beharra eta “lan zama handiegia izaten da”. “Mediku batek baja edo oporrak hartzen baditu, bere kupoa besteen artean banatzen dute, eta denbora laburragoan ikusi behar dituzte gaixoak”.

ELAko ordezkari Pello Igeregik dioenez, “Osakidetzak ez du ordezkapenetarako irizpide argirik eta tokiaren arabera, denbora luzeagoa igarotzen du ordezkapenik egin gabe”. Orokorrean, “beste erremediorik ez dagoenean” egiten ditu ordezkapenak. “Adibidez, kontsulta batean mediku bakarra baldin badago, mediku hori ordeztea beste aukerarik ez dute. Baina beste batzuetan, bi medikuren artean hartzen dute falta denaren lan karga”.

Gehiegizko lan kargak Osakidetzaren zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duela salatzen dute sindikatuek. Egin dituzten kalkuluen arabera, ordezkapen faltak eta lanaldia luzatzeak 3.000 lanpostu suntsitu ditu Osakidetzan.

Aldiz, Jose Maria Armentiak 2013an kontratazioa jaitsi egin zela aitortu arren, azpimarratu du azken bi urteetan 2012an

Juan Luis Uria, Osalde:
“Murrizketen eraginez sekula ikusi gabeko egoerak ematen ari dira Osakidetzan. Larrialdietan jendea esku-oheetan zain egotea, korridoreetan pilatuta”

baino “kontratazio gehiago” egin direla. Osakidetzako giza baliabideetako arduradunak ez du uste lan zamak zerbitzuaren kalitatean eragin duenik. “[Langileei] ahalegin handiagoa eskatu diegu azken urteotan eta erantzuna oso ona izan da”.

Hain zuzen, Osakidetzak nabarmendu du ebakuntza baterako itxaron zerrenda 50 egunekoa dela batez beste, argitaratu duen azken Jarduera Balantze txosteneko datuen arabera. Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriak garrantzia eman dio itxaron zerrenda epe horretan mantentzeari, 2014tik 2015era “ebakuntzen jarduera [%4] handitu arren”.

Nola neurtu behar da itxaronaldiaren iraupena?

Osakidetzaren datuak ez datoz bat errealitatearekin sindikatuen ustez, eta “gardentasun falta” salatu dute, osasun publikoaren zerbitzu eta kudeaketari lotutako adierazleetan. Itxaron zerrenden egoera Osakidetzak dioena baino okerragotzat dute. Zerrendak neurtzeko moduak egiazko itxaronaldiak desitxuratzen dituela diote. Izan ere, itxaron zerrenden iraupena ez da lehen mediku kontsultatik zenbatzen hasten. Zerrendak neurtzen duen epea mediku espezialistarekin hitzordua izan eta proba klinikoa edo ebakuntza egin artekoa da. Beraz, datuetatik kanpo uzten da familia medikuarekin kontsulta egin eta mediku espezialistarengana iritsi arteko denbora.

ELAko Pello Igeregik salatu duenez, zenbatzen ez den tartea “lauzpabost hilabetekoa izaten da kasu askotan”. Osaldeko presidente Juan Luis Uriaren ustez itxaron zerrendak neurtzeko metodologiak “ez du zentzurik” eta bat dator “zerrendak nabarmen handitu” direlako ustearekin. Zenbait arlotan, traumatologian bereziki, zerrendak urtebete ingurukoak izan daitezkeela gaineratu du.

Jose Maria Armentia, Osakidetza:
“Langileei ahalegin handiagoa eskatu diegu azken urteotan eta erantzuna oso ona izan da. Gutxiagorekin gehiago egitea da helburua. Ez dut uste lan zamak zerbitzuaren kalitatean eragin duenik”

Itxaron zerrendak arintzeko, gaixoak ospitale pribatuetara bideratzen direla ere salatu dute langileen ordezkariek. Edurne Agirre LABeko kideak adierazi du zerrendak “apropos” luzatzen direla, ospitale pribatuei mesede egiteko. “Jon Darpon [Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua] IMQtik dator –zuzendaria izan zen enpresaren hiru ospitaletan–. Esan beharrik ez dago; ate birakariek ongi funtzionatzen dute”. Agirrek azpimarratu du 2013an 250 milioi euro ordaindu zizkiela Osakidetzak ospitale pribatuei.

Nekatutako langileak

Baina murrizketen eragina ez da zerrenden iraupenera mugatzen, sindikatuen hitzetan. Langile faltagatik ospitaleetan ohe gutxiago irekitzen direla salatu du Pello Igeregik. “Kasu batzuetan zaindari faltagatik izaten da. Medikuak artatu du gaixoa, ospitaleratzea erabaki du eta ohe bat libre dago baina ez dago zaintzailerik gaixoa ohera eramateko. Horrek ere larrialdi zerbitzua ito dezake”.

Oporraldi garaietan Osakidetzak oheak itxi izan ditu. 400 ohe inguru itxi zituen iazko Aste Santuan, “baliabideen optimizazioa” dela-eta; 700, berriz, Eguberrietan. Ohiko egunetan ere ohe guztiak ez erabiltzea leporatzen diote sindikatuek Osakidetzari, langile kopuru nahikoa kontratatzeari uko egiten diolako.

Jaurlaritzak 35 orduko lanaldira itzultzeko erabakia hartu du 2016rako, baina Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu dio erabakiari eta momentuz ezingo da indarrean sartu

Lehen arretak ere jasan du murrizketen eragina Osalderen esanetan. Uriak dioenez, langile askok “nekatuta” jarduten dutela aitortu dute, lan zama handitu dietenez, “gaixo asko artatu behar dituztelako”. Dena den, lehen arreta zerbitzua da Osakidetzan “alde handiz, hoberen funtzionatzen duena”, Uriaren ustez. Zerbitzu “estrategikoa” deritzo, “batez ere gaixo ahulenak, adinekoak eta gaitz kronikoak dituztenak” zaintzen direlako.

Uriarekin bat dator Igeregi eta langileak gaindituta ibiltzen direla azpimarratu du. “Orain gutxi Zumarragako Ospitalean goizeko ordu bietan bukatu zuten gaixoei fardelak aldatzen, langile nahikorik ez zegoelako. Beste ospitale batzuetan odola gauean atera behar izan dute, egunean zehar ez dagoelako denborarik. Horrek erakusten du zenbateko lan zamarekin ari diren lanean”.

35 orduko lanaldira itzultzea helburu

Jaurlaritzak 35 orduko lanaldira itzultzeko hartu duen erabakiari balioa eman diote alde guztiek eta neurria –Espainiaren

helegitea gaindituta– ezartzen bada, 1.500 lanpostu berreskuratu beharko lituzke. Hala ere, sindikatuen ustez, lanaldia lehengora ekartzea ez da nahikoa izango Osakidetzak dituen beharrei erantzuteko. Egoerari aurre egiteko inbertsio gehiago behar dela aldarrikatu dute. ELAk epe motzean 5.000 lanpostu sortzea beharrezkotzat du zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko. LABek 2018. urterako 15.000 lanpostu sortu beharko liratekeela dio.

Sindikatuen ustez, lanaldia lehengora itzultzea positiboa izango da, baina ez da nahikoa izango Osakidetzaren beharrei erantzuteko

Momentuz, ordea, Osakidetzaren asmoa da hutsik geratzen diren plazak lehiaketara ateratzea. Jose Maria Armentiak azaldu duenez, egoerak ez du gehiagorako ematen. “Jaurlaritzak argi esan zuen defizitaren helburua bete beharra zegoela eta hor muga bat daukagu jarrita. Bestetik, Espainiak berriro ezarri du hutsik geratzen diren plazetarako tasa. Oraingoan %100 da, baina argi utzi behar dugu ezin ditugula bakante guztiak atera. 2016an lehiaketara atera daitezke 2015ean jubilatu zirenen edo izan diren bajen %100, baina ez besterik”. Sindikatuak eta Osakidetza osasun sektoreko mahaian bildu dira otsail, martxo eta apirilean, baina negoziaketetan ez da adostasunik izan.

Sindikatuen ustez, osasunean gehiago inbertitzea posible da eta hala ez egitea ez da krisiaren ondorioa, “erabaki politikoa” baizik. Pello Igeregik azaldu duenez, aurten Barne Produktu Gordinaren %4,8 bideratuko da osasunera, baina Europar Batasuneko batez bestekoa (%7,3) berdinduko balitz, 1.500 milioi euro gehiago bideratuko lirateke.

Osaldek ere ohartarazi du inbertsio handiagoa beharrezkoa dela. “Azkenaldian Jaurlaritzako agintariak ospitaleak eta teknologia garatuko makinak inauguratzen ikusten ditugu baina ez da apenas inbertsiorik egin teknologian” salatu du Uriak. Jaurlaritzari egotzi dio “defizitarengatik kezkatuago” egotea, “pertsonengatik baino”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetzako gatazka
Osakidetzaren irtenbide bakarra lanaldia luzatzea dela kritikatu dute ELA, LAB eta CCOOk

Langileen plantilla egokia osatu beharrean, Osakidetzako profesionalei aparteko orduen bitartez ordaintzea gaitzetsi dute sindikatuek. Azken urteetan errepikatu diren arazoen aurrean zuzendaritzak izandako plangintzarik eza salatu dute.


Murrizketak egingo dituzte udan Osakidetzaren lehen mailako arretako zentroen herenean

Hamar zentrok uda osoan itxiko dute eta 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute. Sindikatuek salatu dute langileen lan karga "handituko" dela.

 

1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak

Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.


2022-12-29 | Lide Iraola
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari

Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude