"Ondare immaterialak kultur eta landa turismoari izugarrizko balio erantsia ematen dio"

  • Ukitu ezin den ondarea biltzen eta munduari berriz aurkezten saiatzen da Gaizka Aranguren komunikatzaile iruindarra. Gure altxor ukiezin guztien artean, handiena euskara.

(Arg:Dani Blanco)

Arrantzale amorratua zarela entzun dut.

Bai. Pirinio aldeko erreka txikitxoetan ibiltzen naiz amuarrainen bila. Euskarak bezala arrantzak hiru eremu ditu Nafarroa Garaian: eskualde salmonikola (mendi aldea), eskualde mistoa eta eskualde ziprinikola (erdialdeko eta Erriberako eremua). Lehenbizikoan amuarraina da nagusi. Arrain honen bizi-eremua Nafarroa Garaian euskararena bezalakoa da, nolabait. Bestalde, amuarraina gainbehera ikaragarrian dator, seguruena aldaketa klimatikoarengatik. Ibaiko uraren batez besteko tenperatura gradu bat igotzen bada, amuarrainek kilometro bat gora egiten omen dute ibai horretan, ur fresko eta oxigenatuagoaren bila. Horregatik desagertuz doaz ipar hemisferio osoan.

Horretan ere parekotasuna euskararekin?

Bai, bada. “Euskararen amuarraintasuna”. Hori izan liteke titulu on bat.

Zu ere San Fermin ikastolako kumea?

Han ikasi nuen. Orain batzuek erraten duten bezala San Fermin-lobby horren garaikoa, baina lobby horretakoa izan gabe. Ondoren Irubide institutuan egin nuen UBI eta gero kazetaritza ikastera joan nintzen Leioara. Amaitzean, Europar Ikasketak diplomatura berria egin nuen. Nik neure burua beti oso europartzat jo izan dut. Europa proiektu politiko gisa oso xede interesgarria iruditu izan zait beti, baina ez, noski, eraikitzen ari zen, eta orain deseraikitzen ari den, eredu hori. Euskaldunok aukera aparta dugu gure izaera politiko europarra aldarrikatzeko. Europako indigenak gara eta ekarpen handia egin dezakegulakoan nago. Europar indigenismoaren ideiak badu bere puntutxo erakargarria, komunikazio mailan ere bai.

EiTBn abiatu zen zure lan jarduera. Kartzelak eten zuen zure kazetari jarduera.
Hasieran Euskadi Irratian ibili nintzen ordezkapenak egiten, Kazetaritzako lehenengo maila bukatu bezain laster. Tarteka egoitza guztietan ibili nintzen. Bai bi irratietan, bai telebistan. Baionara joatekotan egon nintzen, baita Bruselara ere.

Garai hartan intsumisioa pil-pilean zegoen. Nik ez nuen soldaduska inondik inora egin nahi eta intsumitu egin nintzen. Mugimendu hartan buru-belarri sartu nintzen eta kartzelaldiak telebistan nire lan jarduera eten egin zuen.

Hasieran bospasei hilabete egon nintzen hirugarren graduan, kartzelara lotara baino joaten ez nintzela. Gero planto egitea erabaki genuen eta orduan 2. graduan sartu gintuzten. Bertze urte eta erdi luze egin nuen barruan. 

Zer eman dizu esperientzia horrek?

Askotan erran dugu ez genuela irabazi, antimilitaristak ginelako eta armadek hor jarraitzen dutelako. Egia da, baina intsumisioaren berehalako helburua soldaduskarekin amaitzea zen eta lortu genuen. Garaipena izan zen, baina herri honetan askotan gertatzen zaigu asmo abstraktu eta eraldatzaileetan gabiltzan masa kritiko horretako partaideok inoiz ez dugula jakiten noiz irabazi dugun, eta ondorioz ez diogu garaipenari dagokion zukua ateratzen.

Irabazi dugula ohartzen garenerako kapitalizatzeko aukera galdu dugu, eta horri buelta eman behar diogu. Garai hartan, beldurrari aurre eginez, koherente jokatu izatetik badator nire zoriontasunaren parte bat. Horrek ematen dit indarra gaur egun desobedientzia zibil ez bortitzaren ildotik egiten diren ekimenetan sinesteko. Ez da gauza bera 20 urte izatea edo 50, baina orain, haurrak hazi ondoren, gogoz ikusten dut bide hori berriro. Duela gutxi, hemen, Nabarrerian egin zen Herri Harresian parte hartzeko aukera izan nuen eta grinatsu aritu nintzen. 

Aurkezle guapo fama zenuen, baina errebeldearena ere bai. Zer dela eta?

Garaiagatik, lekuagatik, komunikabidearen eraginarengatik… kontrol handia bizi izan nuen. Desadostasun politiko eta linguistikoak izan ziren gehienbat egoeraren sorburua. Ikastolako umea naiz, nire gurasoek ez zekiten euskaraz, batua da nire euskalkia, baina betidanik teorian Iruñean erabiltzen ziren moldeetara jotzeko joera izan dut, beste hainbatek bezala. Horregatik beti erran izan dut idazkeran Aingeru Epaltzaren jarraitzailea naizela, adibidez, eta hori debekatuta zegoen ETBn. Ezin nuen “bertze” edo “erran” erabili, adibidez, eta nagusiak erran zidan zalantzarik izanez gero gipuzkerarat jo behar nuela. Noski, nik ez nuen batere zalantzarik horren inguruan! Zorionez, nik uste dut gai hori EiTBk aspaldi ildo onetik gainditua duela. Horrekin batera, Nafarroa Garaiarekiko eta Iparraldearekiko begirune falta ikaragarria sumatzen nuen. Baten batek ohartarazi zidan telebista EAEko biztanleek ordaintzen zutela. Ulertu nuen mezua. Ez omen zen Euskal Herriarendako telebista.

Kartzelatik ateratzean ETBko ateak itxirik?

Bai, eta Pamplona TV-n aurkeztu nuen neure burua. Une horretan Nafarroa Garaia osoan emitituko zuen Canal 4 ari ziren antolatzen eta hilabete gutxi batzuen buruan albistegietako arduraduna nintzen.

Hiru bat urte egin nituen. Talka handiak izan nituen hor ere. Telebistako administrazio kontseiluan akzioen %51 zeukan enpresari batek mantentzen ninduen ni motibo profesionalengatik, ez ideologikoengatik, eta beste guztiak UPNko komisarioak ziren. Presio handiak izan nituen lazo urdina jartzeko edo Miguel Angel Blanco hil zutenean Sanferminetako zapi gorria kentzeko… Orduan, Euskaldunon Egunkaria-ra egin nuen salto.

Gogorra egin zitzaidan egunero Andoainera joan-etorrian ibiltzea eta sei hilabete pasata iragarki bat ikusi nuen. Abeltzaintzako enpresa batek kudeatzailea behar zuen eta euskara ezinbestekoa zela zioen. Albaitaritza enpresa zen. Dena ikasi behar izan nuen abeltzaintzaz, ez nekielako ezer, baina eskarmentua nuen lantaldeak antolatzen eta komunikazioa lantzen, bai enpresa barruan baita kanpora begira ere, eta oso gustura aritu nintzen.

Albaitaritza aldizkaria egiten hasi ginen eta gaur egun Labriten egiten jarraitzen dugu. 7.000 abeltzainek jasotzen dute Estatu Espainiarrean. 36 orrialde ditu koloretan, hornitzaile eta laborategietako ekarpenekin finantzatua. Oso enpresa interesgarria da eta ezagutu nituenetik abeltzainak biziki maite ditut.

Horren hiritarra bihurtu den gure gizartean ez gara ohartzen zein punturaino egiten duten lan abeltzainek gure ametsetako landa eremuak horrela egon daitezen. Hiritarrok tasa berezi bat ordaindu beharko genieke landa eremuan bizi direnei gure lorezainak izateagatik.

Zergatik aritu zinen Nabarralderen sorreran?

Proiektuaren sorreran parte hartzeko deitu zidaten eta bere helburuekin bat nentorrelako sartu nintzen. Helburua zen mahai gainean jartzea euskal imaginarioaren zenbait erreferentek garai bateko egituraketa juridiko-politikoarekin zerikusia badaukatela. Ikuspegi historikotik eta juridikotik. Hori da garai bateko euskaroek, Arturo Kanpionek eta horiek guztiek landu zuten diskurtso ildoa, kulturala eta ideologikoa, baina politikoa izatera iritsi ez zena.

Bizkaitarrismoak, ordea, aranismoak, lortu zuen. Intelektualki eta historiografiaren aldetik hain landua ez izan arren, gaitasun handia izan zuen politikoki aurrera ateratzeko. Horregatik, abertzaletasunak aranismotik edaten du gehienbat. Nabarralde horri nolabait aitzin egiteko sortu zen, ez ezer ukatzeko baina bai ohartarazteko soilik aranismotik ez dela edan behar. Ez dela nahikoa denok bat egin ahal izateko, eta hori da errealitatea erakusten ari dena. Bertzelako erreferenteak ekarrita eta ikuspegia aberastuta, orduan bai egin daitekeela euskal proiektu nazionala. Nik horretan sinesten dut. Euskal Herriaren ikuspegi nabarra, bi zentzuetan, aldarrikatu behar da. Aranismoak berdismoa eta Atlantizismoa aldarrikatzen ditu, baina lurraldearen %60 ez da berdea, urte sasoi gehienetan behintzat.

Nafarroa Bizirik ekimeneko partaide ere izan zara. UPNkoen amesgaiztoa izan da?

Argi dago kontraesan aunitz sortzen dizkiela. Nafarroa Bizirik bezalako ekimenek agerian uzten dute behin eta berriro haiek aurretik ezartzen duten ustezko nafar banderan pixka bat igurtziz gero, berehala gualdo kolorea ateratzen dela erdian. Nafarroa Bizirik Eugenio Arraizaren ideia izan zen. Konkistaren urtemuga bazetorrela eta zerbait egin beharra zegoela uste zuen. Roldan Jimeno eta Aitor Pescador historialariekin Antso Nagusiari buruzko liburua egina zuen 2003an eta hori izan zen aurrekaria.

Nafarroa Bizirik martxan jarri genuen eta lehen egoitza nire etxeko gela batean izan zuen. Erregimenak sortuko zuen olatuan surflariarena egitea zen gure ideia. Bilakaerak erakutsi zigun olatu guztia Nafarroa Bizirikek sortu zuela. Hortik aurrera diskurtso hegemonikoan eman da aldaketa erreferentzia historiko zehatz horretan. Orain inork ez du ukatzen Nafarroa Garaia militarki konkistatua izan zela odolez. Jendearen imaginarioan izugarrizko garrantzia du. Hori duela lau-bost urte lortu da. Ni ez naiz batere historizista, baina uste dut gizabanakoon identitatea sortzeko bidean imaginario kolektiboak osatzen dituzten erreferentzia horien guztien artean iragan kolektiboaren ideiak ere badirela, kontzienteki ala inkontzienteki. Eta erreferente horiek espainiarrek edo frantziarrek dauzkaten berberak baldin badira, gu zer gara? Lan hori egin beharra zegoen eta orain hezkuntza sisteman txertatu behar da. Erreferente historikoak ez dira ezinbestekoak, baina jende askorentzat oso baliagarriak dira bere imaginarioaren konformazioan eta ondorioz, bere hautu identitario politikoan.

"Hiritarrok tasa berezi bat ordaindu beharko genieke landa eremuan bizi direnei gure lorezainak izateagatik"

Zer garrantzi izan du zure familiak zure ikuskera politikoan?

Familiarengandik edan dut abertzaletasuna. Ama, Caracasen sortua, EAJkoa eta EAkoa gero, Salvador Urrotz izeneko Orreagako gudari baten alaba zen. Aita Ezker Abertzaleko militante izan zen 1977tik.

Kartzelan sartu zuten Egin-eko administrazio kontseiluko lehendakariorde izateagatik eta 18/98 prozesu judizialean, bihotzekoak jota, hil egin zen. Portugalen zegoen Egin itxi zutenean. Gero gordeta eduki genuen hainbat tokitan, ez genuelako atxilotua izatea nahi. Guk eraman genuen Auzitegi Nazionalera Guardia Zibilaren eskuetatik pasa ez zedin. Hara joan nintzen berarekin eta kartzela agindu ziotenean, hura izan zen aita negarrez ikusi nuen lehenengo aldia, ia ahotsik gabe erranez, “ETAkoa naizela diote”. Ez zen inolaz ere egia, baina Alcalá Mecora eraman zuten, eta hilabete batzuetako kartzelaldiaren ondoren, epaiaren zain zegoela, kalean, hil zen. Etxean, Baltasar Garzón aitaren heriotzaren erruduntzat hartu izan dugu beti.

Aldaketa garaia bizi dugu orain Nafarroan. Nola zaude?

Oso itxaropentsu. Ez gara ohartzen zer garrantzi duen garaipen ñimiñoenari ere zukua ateratzeak. Urrats handia da eta laguntza handiena emateko unea da, erregimen zaharra, Nafarroa Garaia XVI. mendean konkistatu zuten horien quinta columna den erregimen hori, itzul ez dadin. Izugarrizko ardura eta erantzukizuna dugu momentu honetan.

Ondare immaterialaz ari gara eta horretan buru-belarri ari zara Labrit Multimedian.

Euskokultur Fundazioan aritu nintzen lanean Eugenio Arraizarekin, Nabarralde utzita. Han nengoelarik NUPeko Alfredo Asiain irakaslearekin lanean hasi ginen Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboa egiten. Edukiak bizitza-historien bitartez eta ikus-entzunezko formatuan biltzeko metodologia sistematizatua abiarazi genuen. Euskokulturretik atera nintzenean, unibertsitateari Labrit Multimediaren zerbitzuak eskaini nizkion lan horrekin jarraitu ahal izateko. Agerbide kolektiboaren inbentarioak egiten ditugu, giza kolektibitate batek konpartitzen dituen eta identitate sortzaile diren elementuak biltzen ditugu. Egia da Europan gure jardun-esparruan ez dagoela gaur egun bertze enpresarik. Hemen arlo komunikatiboa oso garrantzitsua da. Ondare immaterialak landa turismoari eta turismo kulturalari izugarrizko balio erantsia ematen dio. Jatorrizko izendapeneko produktuen funtsa, adibidez, toki bati lotua dago eta hori da erakutsi behar duguna. 

Horren adibide da iaz Erronkariko gaztaz egin zenuen kanpaina?

Lehenengo aldiz erronkarieraz egindako publizitate kanpaina izan da. Haren berezitasunarengatik lortu genuen izugarrizko zabalkundea. 26 aldiz biderkatu zen irismena.

Gaizka Aranguren Urrotz (1967, Iruñea)

Kazetaria, Nabarralde eta Nafarroa Bizirik ekimenetako bultzatzaile. Ondare materiagabearen bilketa eta kudeaketan espezialista den Labrit Multimedia enpresako sortzaile eta burua. Jose Ramon Aranguren HBko zinegotzi eta Egin-eko administrazio kontseiluko presidenteorde izandakoaren seme, eta ETAko kide izateagatik Parisen zortzi urteko kartzelaldia bete zuen Asierren anaia. Euskaldun eta euskaltzale beste gauza guztien gainetik.

Euskaltzaletasuna

“Oso euskaltzalea izan naiz beti. Abertzaletasuna euskaltzaletasunerako tresna gisa ulertzen dut. Ez alderantziz. Nafar Estatua lortzea euskararen biziraupenerako ezinbertzeko tresna da, eta aldi berean, hizkuntza da giza kolektibitate horren biziraupena bermatzen ahal duena. Euskaldunoi hizkuntzak ematen digu identitatea”

 

Garena saldu

“Sal dezagun gure identitatea, baina zentzu onean. Oso harro gaude garenaz, eta kultur aniztasunari eutsiz, gure ekarpena eginen diogu munduari jendeak desberdintasun hori baliozta dezan”

Azken hitza: ‘Euskadi’ kapitalizatua

“ETBn aritu nintzen garaian, duela 25 urte, ‘Euskadi’ hitza ez zegoen gaur egun bezain prostituitua, hain kapitalizatua mendebaldeko erkidegoarengatik. Orain erabateko kapitalizazioa dago, besteak beste, EiTBk egin duen lanarengatik, eta hurrengo pausoa dator: Euskadi = Basque Country. Esamolde hori patrimonializatzeko bidean daude. Turismo kanpaina batekin hasi ziren, baina orain Gasteizko Gobernua buru-belarri ari da erabiltzen nazioartean, eta ondorioz euskaldun guztiona zen ingelesezko kontzeptua lapurtu digu. ‘Euskal Herria’rekin berdin gerta daiteke. Garai hartan ere ikusten ziren zantzuak: EAEko buletin ofiziala ‘Euskal Herriko buletina’ da, eta liburu batzuetan ‘Euskal Herriko errepide sareaz’ hitz egiten zuten, EAEko errepideez mintzatzean”


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude