"Gauza izugarriak umorez esan ezean pedante bihurtzen zara"

  • Etengabe jolasean ari denak batzuetan ez daki jolasean ari denik. Tarteka soilik jolas egiten duenak ez daki jolasak ez duela etenik. Beti dago norbait zurekin jolasteko prest.


2016ko martxoaren 27an
(Arg:Dani Blanco)

David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da historia X. Montoiarentzat. Zuretzat?

Ni jaio aurretik hasten da nire historia. Aitonaren aldetik ijitoak ziren. Aralar inguruan ardiekin egiten zuten lan, erromintxelaz mintzo ziren... Aitona omen aita ijito eta ama paio baten arteko lehen fruitua. Artista hutsa gitarra jotzen. Gure aita bezala. Los Panchos-en gisako talde bat zeukan aitak. Berarekin ikasi nituen lehen akordeak. 60ko hamarkadan, gurasoek aldi baterako Parisera erbesteratu behar izan zuten eta, itzuleran, Jacques Brel, Edith Piaf eta Aznavour-en kantek laguntzen zieten aitaren boleroei. Anaia eta biok rocka entzuten hasi eta estatu kolpea jo genuen, ordea. Lou Reed-ek belarriak ireki eta begiak itsutu zizkigun.

Madrilgo mugidaren oihartzunak zugan sentitu arte.

1980.ean, Donostian, laupabost talde ginen beste horrenbeste aretotan jotzen genuenak. Gaztelaniaz kantatzen genuen, punk koloretsua egin arren oso “pop”-ak ginen, oso friboloak. Euskal Rock Erradikalaren olatu apartsuak hondoratu gintuen. Euskal kulturaren egitura guztiak berehala antolatu ziren olatu hori babestu eta bultzatzeko. Lekurik gabe geratu ginen, zokoratuak, entsegu lokal gris eta hezeetara konfinatuak. Donostiako eta Bilboko musikari asko joan ziren Madrilera bizitzera. Agian horixe egin behar nuen nik ere, baina koldarra izan nintzen.

Ez nintzen Donostiako musikari gehienak bezain familia onekoa, ez neukan baliabiderik, Madrilen babak eltzetik nola aterako nituen ez jakiteak abentura galarazten zidan. Gainera, banuen Donostian ogi papurrak behintzat iritsiko zitzaizkigun esperantza. Putza! Hamar urte egon ginen lokalean bazterturik.  

Ordutik datorkizu “artista madarikatua”-ren etiketa?

Baliteke. Jotzen daramatzadan urteak aintzat hartuz disko gutxi dauzkat argitaratuta. Ibilbide ezegonkor eta irregularra da nirea. Ofiziokoek, musikari eta kritikariek, publiko orokorrak baino gehiago ezagutzen naute. Dena etiketatzen den mundu honetan, gutxiengo batek estimatzen dituen eta gutxi saltzen dutenak jotzen dira artista madarikatutzat. Asko dibertitzen nauen kontua da. Gustatu egiten zait kutsu underground hori. Are gehiago, elikatu egiten dut. Ez dakit ez ote dugun inposatu diguten papera betetzen bukatzen, edo denak laketzeko gisan ez ote diogun gure buruari gainontzekoek guretzat nahi duten rola ezartzen. Prestigioa ematen dit artista madarikatua izateak. Eroso sentitzen naiz bazterrean, ertzeko bideak urratzen. Ez daukat beste erremediorik. Segur aski askoz hobeki egongo nintzateke mainstream-ean baina ezin dut. Askatasun handiagoa dudala? Marka litzateke lokatzetan ibili eta nahi dudana ez egitea! Hala ere, ez dut sinesten mainstream-eko talde baten askatasun faltan. Zauden lekuan zaudela, beti dauzkazu loturak eta beti nahi duzuna egiteko zirrikituak.

Noren esku daude arrakastaren zirrikituak?

Ez baduzu arrakastarik, zure errua da, ez publikoarena. Ez naiz publikoa ezjakina, ardia, edo kontzertu txikiez paso eginzalea dela uste dutenetakoa. Auzo-lotsa sentitzen dut musikari lagunak kontzertu eta publiko faltaz kexatzen entzutean. Publikoa esaten dena baino askoz argiagoa da. Ez dut sinesten arrakasta konpainiek diseinatutako operazio matematikoetatik datorrenik. Arrakastak beti du oinarri bat. Besterik da oinarri hori gustatzen zaizun ala ez, kritikagarria den ala ez, zure baloreetara moldatzen den ala ez... Arrakasta beti da zerbaiten ondorio. Arrakastaren inguruko topikoak desmuntatzeko ordua da. Egin kantu onak, idatzi zorrotz, konposatu gogoz, eta goiz ala berant, egingo dute aurrera.  

Hortik bizi nahi duenarentzat, alta, berant beti da berantegi.

Musikatik bizitzeak arrosatik bezainbat du arantzatik. Kezkatu behar ez zenukeenaz kezkatzen zara: zenbat jende etorriko den kontzertura, zenbat diru ateratzen duzun diskoko, merchandising-a egin dezakezun... Musikari batek ez luke horretan indarrik, bururik eta denborarik galdu behar. Ez luke disko eroslea bezero bat bezala tratatu behar. Ez dut saltzailea bihurtu nahi. Ez dut ezer saldu nahi. Ez dut etengabe sare sozialak elikatzen ibili nahi ahantziko ez nautela ziurtatzeko. Are gehiago, Facebooken nago baina sare sozialak tranpa direla uste dut. Benetan interesgarria den jendea ez dago sare sozialetan. Horregatik saiatzen naiz diskoa atera eta sare sozialetatik desagertzen. Sinetsidazu egun berean prentsaurreko bat eman, kontzertu bat jo, hogei disko firmatu eta hamar “datsegit” jasotzen baditut nire buruaz tximetaraino oheratzen naizela. Disko bat kaleratzean ez diezadatela diskurtsorik eskatu, ezin dut nire letretan esaten dudana baino gehiago esan. Ofizio asko izan ditut, orain musikaz bizi naiz, baina nahiago nuke erabat askea izan eta diskoak, “klientela” zaintzeko obligaziorik gabe, sudur-puntan jartzen zaidanean atera.

Zer da kantu on bat?

Kantu gogoangarri bat. Urtetan zehar, belaunaldiz belaunaldi, memorian gordetzen dena. Errepika itzel bat hauspotzen duten bertso bikainak. Nik oraindik egin ez dudana. Etengabe bilatzen dudana. Kantu on horren ametsari zor diot urte osoan letrak idaztea. Kantu baten bertso batekin korapilatzen naiz orain, bestearen errepikarekin gero... Ez dut sekula letra bat hasi eta buka idazten, kaieran metatzen joaten naiz, eta dozena bat letra ongi bideratuta dauzkadanean, lokalera sartu eta gitarraren sokei tiraka hasten naiz. Letrak eta akorde progresioak bat egiten dutela susmatzean, giro berezi baten txinparta antzematean, mataza askatzen saiatzen naiz, hitz bakoitzari melodian bere habia egiten... Biak batera, hitza eta musika. Zergatik abiatzen naizen hitzetatik? Kantautore bat naizelako, ez pop kantari bat. Musikatik sortzen hasten denak melodiari ematen dio indarra, hitzetatik ekiten dionak letrari. Nire ustez ezinezkoa da sekulako letra erditzea aurrez sorturiko melodiaren gainean. Enkarguzko hitz mordoxka idatzia naiz agindutako doinuetan oinarriturik. Horregatik dakit klitxerik, patroirik eta mugarik gabe, une horretan esan nahi dudana esan nahi dudan gisan esanda soilik idatzi dezakedala letra ona.

Zure hitzetan existentzialismoa eta umorea, umorea eta existentzialismoa.

Gauza izugarriak umorez esan ezean pedantea bihurtzen zara. Umore fina eta zeharkako heldulekuak ditut gustuko. Gaien aurrez aurreko trataera ez da artistikoa, baldarra da. Gustatzen zait hasi eta buka dena koherentea izatea, dena ulergarria. Letra inpresionista gehienek ez naute konbentzitzen. Diego Vasallo bakarra dago munduan, irudi sortzaile itzela. Beste askoren irudi eta esaldi solteei, ordea, ez diet sinesgarritasunik aurkitzen. Ez da hori nire idazteko modua. Schopenhauer, Cioran edo Pessoa irakurtzeko “zoritxarra” izan baduzu, ez espero pentsamendu baikorrik. Horixe da literaturaren pozoia. Ez daukat bereziki nirea den burutazio distiratsurik. Edozeinek pentsa dezakeena agertzen saiatzen naiz. Mundu guztiak buruan dituenak kantatzeko naiz kantautore. Aurrez pentsatu baina esateko gai izan ez garena entzun edo irakurtzen dugunean identifikatzen gara. Horixe gustatzen zaigu.

Gustatzen zaizu zure letretako pertsonaia eta autorea nahasteko tentazioa?

Tentazio hori elikatzen dut etengabe. Interesatzen zait jendeak pertsonaia autorea dela eta autorea pertsonaia dela pentsatzea. Errealitatean bistan da oso ezberdinak direla. Ez naiz nire letretako desesperatua, ez naiz maitasunaren antipodetan bizi, baina komeni zait nire publikoak kontrakoa sinestea. Ez naizen arren, interesgarriagoa bihurtzen nau horrek. Distantziak distantzia, oso autobiografikoa naiz, hala ere. Etengabe ari naiz niri buruz kantatzen. Nire hitzen irakurketa arretatsutik ondorioztatu liteke nor naizen. Arrastoa uztearen tema handiustekoa suertatzen zait, ordea. Konformatzen naiz nire ilobei nor nintzen jakiteko balio badie.

Bere publikoa batetik bestera darabilen artista zarela pentsatuko dute zure ilobek.

Artistak independentea izan behar du, bere publikoa xaxatu, probokatu. Lou Reedek, Sally can’t dance diskoarekin arrakasta gorena lortu zuen, baina ez zitzaizkion beste munduko kantuak iruditzen, eta arrakastarekin asaldaturik, bi orduko zarata zekarren Machine Music entzungaitza argitaratu zuen hurrena. Probokazio hutsa. Orain arte, orkestrarekin kantatzen zuen frantses kutsuko kantautorea nintzela uste zuen publikoa neukan, eta izorratzeagatik, rock disko bat argitaratu dut. Hala, orain arteko diskoak gustuko zituenari ez zaio disko berria gustatu eta disko berriarekin txundituta gelditu denak ezin ditu aurrekoak entzun. Izugarri dibertitzen naute probokazioaren osteko erreakzioek. Orain artean neuzkan jarraitzaile guztiak galtzeko helburua dudala diot erdi-broman. Orkestra eta guztiko bi disko egin ondoren, rock disko bat atera dut, eta Joserra Senperenarekin zarzuela bat egitekotan naiz orain. Gauzak galtzeko beldurra galtzean egiten dituzu apustu interesgarrienak.

Urteen joana eramatea da zure apustuetako bat?

Oso gaizki daramat denboraren joana. Afrusa da. 30en eta 40en krisiaz mintzo da jendea, baina hor ez dago krisirik. 50 betetzean, aldiz, zure gorputza huts egiten nabaritzen duzu, oroitzapenak geroz eta atzerago geratzen direla ohartzen zara, geroz eta esaldi gehiago hasten dituzu “Duela 30 urte...”-rekin. 52 urte dauzkat eta ez zaidala ia ezertarako denborarik gelditzen iruditzen zait. Dena bukatzen ari den, dena laster bukatuko den, sentipena daukat. Zahartzeak gauza bakarra du ona: berezi zeure akats eta gabeziek egiten zaituztela ohartzea. Gaztaro osoa pasa dut nire akatsekin amorratuta, kantatzeko eta idazteko nituen ezinekin obsesionatuta. Oso berandu jabetu naiz ezin horiei esker nintzela artista berezia. Orain ez zait axola gaizki kantatzen dudala esaten badidate. Badakit horixe dela nire kantatzeko modua.

Ez da gutxi.

Elkarren antipodetan dauden bi poloren artean bizi gara. Polo batean aldatzen doan oro dago eta bestean aldatzen ez dena dekadentzia bihurturik. Ez da samurra norbere burua etengabe desegiten denaren eta etengabe eboluzionatzen duenaren artean kokatzea. Gaztetan ez daukazu pentsatu beharrik zein trenetan zoazen baina behin adin batetik aurrera... Bide erdian noraezean dagoen mozoloa sentitzen naiz. Eboluzio frenetiko bat ikusten dut espaloi batean eta behialako existentzia baten abandonatutako arrastoak parekoan. Gizalegea da. Horixe baita zahartzea, bere burua etengabe deseginez mundua etengabe aldatzen dela onartzea. Horregatik  ahaztuko gaituzte denak oso azkar.

Rafael Berrio (1963, Donostia)

Kantautorea, konposatzailea eta letra-egilea. UHF, Amor a traición eta Deriva taldeetako kide izan ostean, bakarkako ibilbideari ekin zion. 1971, Diarios eta Paradoja dira bakarkako hiru diskoak. Bere kantuez gain, Mal de Ojo, Mikel Erentxun, La Oreja de Van Gogh, Joserra Senperena edo Sole Giménezentzat ere idatzi ditu abestiak.

Kaxoian

“Kantatu ezingo nukeen kantu errepertorioa daukat kaxoian gordeta. Kantu estandarragoak dira, estilo-ariketa bezala baizik balio ez didatenak, baina horrek ez du esan nahi beste artista baten ahotan ederrak izan ezin direnik”.

Zergatik idatzi

“Lagunentzat idazten dut. Sekula ez niretzat. Niretzako balitz, aski nuke pentsamenduari bide egiten utzita. Idaztea oso ekintza desatsegina da, obsesionatzeraino urduritzen nauena. Askotan galdetzen diot nire buruari zergatik idazten dudan, idaztea edo ez idaztea gauza bera bada, denak ahanzturan hondoratuko bagara”.

Bohemioak

“Gustatzen zait bohemian bizi den autorearen irudia, muga-mugan bizi denarena, ardo arrunterako justu-justu iristen zaionarena. Gustatzen zait horrek sortzeko akuilatzen duela sinestea. Krisi santu honen garaian krisi aurretik baino askoz kontzertu gehiago eman dudalako izango da”.

OFF THE RECORD:
Paradoxa

Liburu-dendan zitatu gaitu musikariak. Paradoxa, bere azken diskoaren izenburua bezala. Elkarrizketa ostean, argazki sesiorako ardo kopa eskatu, eta bizitza guztia han eta hemen jotzen pasa arren ez duela sekula Iruñean jo aitortu digu. Paradoxa, bere azken diskoa bezala. Agur esan, eguzkitako betaurrekoak jantzi eta euria hasi du Donostian. Paradoxa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude