ARGIA.eus

2020ko apirilaren 09a
Esne ekoizleak

Europako merkatu librean gatibu

  • Ezagunak zaizkigu irudiak. Esne orbanak zoruan zabaltzen, zisterna kamioietako iturriak irekita dauzkate esne ekoizleek, litro bakoitzeko jasotzen duten prezioa baxuegia dela salatzeko. Keinua esanguratsua da. Hain justu, iturria neurrigabe ireki izana leporatzen baitiote abeltzainek Europar Batasunari. Halako protestak izan ziren iaz, Europak produkzioaren gaineko kuota sistema ezabatu zuenean.Kuoten indargabetzetik urte bat betetzear dela, esnearen prezioak apalegia izaten jarraitzen du eta ekoizleen egoera larriak ez du erantzunik.

Gorka Berasategi @GorkaBerasategi
2016ko martxoaren 13a

Europak kuota sistema alboratu eta esne produkzioa liberalizatzeko beste urrats bat ematea erabaki zuen joan den urteko apirilean. Ustez, mundu mailako eskariari erantzuteko balioko zuen neurriak, merkatu berrietara salto egiteko, baina produkzioaren eta eskariaren arteko desorekak handiegiak izan dira. Kanpo faktoreei dagokienez, Txinak ez du espero zen besteko esne beharrik izan eta Errusiak Europako hainbat produkturi ezarritako betoak kalte egin die esne esportazioei. Europa barruan, berriz, espero zitekeen moduan, ekoizpenak gora egin du. Ondorioz, esne soberakina handitu egin da eta horrek merketu egin du ekoizleek esne litro bakoitzeko jasotzen duten prezioa.Euskal Herriko ekoizle gehienen kasuan, ekoizpen kostuen azpitik dago prezio hori eta egoerak estu hartuta dauka sektorea.

2013-2015 tartean %4,9 handitu da produkzioa EAEn; Nafarroan %15,5. Prezioak, berriz, %11,4 eta %16,5 jaitsi dira hurrenez hurren

Merkatuaren liberalizazio prozesuak azken bi urteetan izan duen eragina jaso du COAG espainiar estatuko ekoizle elkartearen txostenak. 2013ko azarotik 2015eko azarora bitartean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian produkzioak %4,9 egin du gora. Nafarroan dezente gehiago hazi da ekoizpena:%15,5. Ekoizleei esne litroko ordaintzen zaien prezioa, berriz, %16,5 murriztu da Nafarroan eta %11,4 Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian.

Joerak are nabarmenagoak izan dira Europan. Nahiz eta azken bi urteetan produkzioaren hazkundea batez beste %7koa izan den, Irlandak, esaterako, %29 handitu du esne ekoizpena. Hazkundea %23,4koa izan da Luxenburgon, %16koa Belgikan eta %14,7koa Herbehereetan. Prezioen jaitsierak ere bortitzak izan dira. Batez beste, %23,7 egin dute behera. Alemanian, esne gehien ekoizten duen herrialdean, prezioak %29,5 murriztu dira, eta Belgika, Herbehereak, Lituania, Letonia eta Estonian, aldiz, %30 baino gehiago merketu da esne litroa.

Ekoizle elkarteek salatu dutenez, merkatuaren gaineko kontrola desegiteko urratsak ez dira berriak Europan eta 30 urtez indarrean egon den kuota sistema indargabetzea azken urratsa izan da.

Mixel Berhokoirigoin ELB sindikatuko kide eta Laborantza Ganbarako presidente ohiaren esanetan, “kuota sistema ofizialki duela urte bat desagertu zen baina liberalizazio prozesua abiatua zen lehenago. Europa emeki-emeki sartua zen trantsizio garai batean eta ekoizpen orokorra hiru edo lau urtez emendatu dute”. Berhokoirigoinen ustez, Europa merkatua prestatzen aritu da azken urteetan. Batetik, soberakina egotea bultzatu du eta, bestetik, interbentzio publikoa murriztu. Interbentzioaren bidez, Europako erakunde publikoek soberakina erosten dute, produkzioaren zati bat merkatutik erretiratu eta prezioan eragin ahal izateko. Berhokoirigoinek salatu duenez, ordea, “jada hor baziren neurri batzuk hartuak kantitate gutxiago erosteko eta beraz, esnearen prezioa lehendik ere nabarmen jaitsia zen”.

EHNE sindikatuak ohartarazi duenez, gaur egun 900 baserri inguruk ekoizten dute esnea Hego Euskal Herrian. 2005ean 2.131 ziren

Azken urteetako politikek arrisku bizian ipini dute baserritar askoren etorkizuna. EHNE sindikatuak ohartarazi du, gaur egun, 900 baserri inguruk ekoizten dutela esnea Hego Euskal Herrian, duela hamar urte baino askoz ere gutxiago. Orduan, 2.100 baserri inguru ziren. Ekoizle kopuruak beheranzko joeran jarraitzen du eta ez da harritzekoa. Esne litro bakoitzeko kostua 0,35 eurokoa den arren, baserritar gehienen kasuan jasotzen duten prezioa kostuaren azpitik dago.

Aringarriak bai, erantzunik ez

Sektorearen krisiak ez du erantzunik jaso Europaren aldetik. Batasunak onartu dituen diru-laguntza politikak ekoizleentzat aringarriak diren arren, ez dira nahikoa izan arazo estrukturalei aurre egiteko. Berdin gertatu da Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak onartu dituzten laguntzekin ere. EHNEko Garikoitz Nazabalen ustez, “Ministerioak laguntza batzuk jarri zituen martxan egoera salbatu ahal izateko eta esan genuen hemen oso baserri gutxira iritsiko zela neurri hori. Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek laguntza batzuk onartu zituzten baina egoerari aurre egiteko benetako aldaketa prezioetan behar da”.

Espainiako Gobernuak esnea berriz balorizatzeko akordioa bultzatu zuen sektoreko industria eta distribuzioarekin, joan den udazkenean. Hainbat abeltzain elkartek, tartean EHNEk, ez zuten onartu, ordea. Nazabalen esanetan, “industria eta distribuzioaren betebeharrak borondatearen menpe uzten ditu hitzarmenak eta ekoizleak ez du babes juridikorik. Esan genuen denbora beharko zela ikusteko akordioa zenbateraino betetzen zen eta frogatu da azkenean ondorioak hutsalak izan direla”. Akordioa sinatu eta hilabete gutxira, Espainiako Estatuan ugaritu egin dira esne ekoizleen salaketak, industriako hainbat enpresak esnea bildu gabe utzi eta kontratuak errespetatzen ez dituztela eta.

Hego Euskal Herrian, ekoizleen antolaketa kooperatiboaren eraginez, gutxiengo batek pairatzen du industriak kontratuak ez betetzea. Zentzu horretan, Nazabalek adierazi duenez, “distribuzioaren aldetik batzuk behintzat jarrerak lasaitu dituzte”. Aldiz, baserritarrek jasotzen dituzten prezioak baxuegiak dira oraindik.

Esne ekoizleek argi dute sektorearen etorkizuna bermatzeko modu bakarra produkzioaren eta prezioaren gaineko esku-hartzea dela

Esne ekoizleek argi dute sektorearen etorkizuna bermatzeko modu bakarra produkzioaren eta prezioaren gaineko esku-hartzea dela. Frantziak joan den urtean esne industria eta distribuzioarekin bideratu zuen akordioa dute hainbat ekoizle elkartek babes politiken eredutzat. Esne litroko gutxienez 0,34 euro ordaintzea adostu zuten sinatzaileek Frantzian, baina ELBko Berhokoirigoinen esanetan, akordioak ez du funtzionatu bi arrazoirengatik. “Batetik, Frantzian ekoizten den esne bolumenaren %15 zen soilik akordio horrekin hunkia. Produktu batzuen inguruko akordioa zen: gurina eta UHT esnea. Beraz, akordio horrek ez du esne produkzio osoaren prezioa baldintzatzen. Beste aldetik, Europan dogma nagusia merkatu librea eta konkurrentzia dira. Europako Komisioak kontsideratu du akordioak konkurrentzia hausten zuela eta inkesta bat abiatua du akordio ilegala izan delakoan”.

Bertako babes politiken beharra

Europak esne sektorea merkatuaren esku utzi eta produkzioaren hazkundea sustatzen duela ikusita, EHNEk ezinbestekotzat du EAE eta Nafarroako erakundeek bertako ekoizleentzako babes politikak martxan jartzea.

Joan den urteko udazkenean, sektoreko ekoizle eta industria ordezkariekin bildu ziren Eusko Jaurlaritza batetik, eta Nafarroako Gobernua bestetik, elkarlanerako aukerak aztertzeko. Bi exekutiboek uste dute onura handikoa litzatekeela sektorean akordioa lortzea. Horretarako, Jaurlaritzaren iritziz, lehentasunezko kontua da ekoizleak kooperatibetan antolatu eta transformazio sektorean integratzea. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren ustez, posiblea da zenbait babes neurri bultzatzea. Esaterako, bertako esnea erosten duen industriarako laguntzak eskaini, mendialdeko esne ekoizleentzako diru laguntzak onartu, edota ospitale eta eskoletako jantokietan bertako esnea kontsumitzeko hitzarmenak sinatzea.

Nazabalen ustez, esne ekoizlea babesteko, “zikloa bertan itxi behar da, produktua hemen kontsumitu dadila, balio erantsiaren zati bat baserritarrengana iristeko”. Izan ere, esnearen balio katean mailarik ahulena ekoizlea da egun. “Batez ere hain produktu galdu errazarekin ari garenean. Azkenean, esnea entregatzen duzu edo kamioitik behera joan behar du”. Nazabalek salatu duenez, prezioa kalkulatzeko alderantzizko ariketa egiten da. “Aurrena saltzailearen irabazi tartea, industriarena gero, eta gelditzen denarekin, ganaduzaleari ordaindu. Prozesua ezin da horrela planteatu”.

Europak kuota sistema alboratuta, esne soberakina handitu eta prezioa merketu da. Euskal H  erriko ekoizle gehienentzat ekoizpen kostuen azpitik dago prezio hori

Dendetan esne litro bat erosten dugun bakoitzeko, baserritarrengana zenbat diru iristen den argitzea nahitaezkoa da Nazabalen iritziz. Prezioen gaineko gardentasuna bermatzeko neurriak eskatu zizkien EHNEk Nafarroako eta EAEko gobernuei. Hala, kontsumitzaileak bere erosketarekin dirua nora bideratzen duen jakingo du. “Kontua ez da erostunek, familiek, prezio altuak ordaintzea. Kontua da inork gehiegizko irabazi marjinik ez aplikatzea eta dirua behar den tokira iristea”.

Mixel Berhokoirigoinek ere bertako ekoizleentzako neurrien premia azpimarratu du eta Frantziako Alpeetako eskualdean bultzatu diren neurriak hartu ditu eredutzat. “Behi esne ekoizpena antolatu dute sor-marka baten inguruan, kalitatearen inguruan, araudi zorrotz batekin eta ekoizpen kantitatea mugaturik. Haiek jasotzen duten esne prezioa esne klasikoarena baino %50 gehiagokoa da”.

Produkzio eredu industrialean babesik ez dela ikusirik, zenbait ekoizle beste bide batzuk jorratzen ari direla dio Berhokoirigoinek. Salmenta zuzena, esne ekologikoaren ekoizpena edota produkzio eredu ahalik eta autonomoen aldeko apustua dira prezio baxuen lehia ekiditeko hiru bide.

Berhokoirigoinen arabera, erakunde publikoek lagundu egin behar diete sistema intentsifikatutik sistema autonomoagoetara aldatu nahi duten abeltzainei. “Trantsizio horrek bost urte irauten du eta gero beste oreka bat atzematen da, ekonomikoki hobea dena. Hor ematen den dirua ez da debalde”.

ARGIAk esne industriaren ikuspuntua ere jaso nahi izan du. Kaikuren eta Iparlaten iritzia biltzen saiatu gara, baina ez dugu lortu.

Europatik zer espero?

Esne ekoizleen aldarrikapenenek eta sektorearen egoera larriak Europako zenbait estatu eraman ditu merkatuaren gaineko esku-hartze neurriak eskatzera. Frantziak, Espainiak, Portugalek eta Italiak interbentzio publikoa indartzeko eskatua diote Europari, ikusirik joan den irailean hartu zituen neurriek ez dutela prezioan nahikoa eraginik izan. Produkzioa murrizteko prest agertzen diren ekoizleei diru-laguntzak ematea ere proposatu du Frantziak eta esne sektorearen behatoki bat sortzea, merkatuaren joeren aurreikuspenak egin eta ekoizpenean soberakinak ekiditeko.

Europatik ezer gutxi espero daiteke, ordea, Garikoitz Nazabalen esanetan. “Nahiago nuke kontrol mekanismoen alde egingo balute, baina kezka sortzen zait TTIPen gisako akordioetan pentsatzen ikusten ditudalako gehiago, nekazaritza kolektibo bateratuaren oinarrietara bueltatzen baino. Une honetan Europaren zain egotea denbora galtzea izango litzatekeela iruditzen zait”.

Horregatik, nabarmendu du Nazabalek, Euskal Herriko erakundeetatik bultzatu daitezkeen babes politiketan dago gakoa. “Oso larria litzateke administrazioen partetik esne sektorea distribuzio eta industria jakin batzuen interesen arabera antolatzen uztea. Horrek azkenean, lurralde garapenean eta landa inguruetako errealitatean daukan eragina izugarria baita. Herrietako bizimodua ezin da interes komertzial batzuen arabera antolatu. Lurrarekin lan egin eta landa eremua zaintzen dugunok ezin badugu gure lanetik bizi, landa herrietako bizimodua ere arriskuan egongo da”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Lehen sektorea  |  EHNE

Lehen sektorea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude