Alokairuzko negartiak

‘Erostariak’ eskultura, Asturiasen. Urruneko garai eta lurraldeetako kontuak iruditu arren, erostarien jarduna oso zabalduta egon da gurean berriki arte.
‘Erostariak’ eskultura, Asturiasen. Urruneko garai eta lurraldeetako kontuak iruditu arren, erostarien jarduna oso zabalduta egon da gurean berriki arte.

Baiona, 1298. Udal ordenantzen bidez, oihuak, negarrak eta atsekabe adierazpenak debekatu zituzten hiletetan. Oñatiko 1479ko araudi batek jasotzen duenez, lantuez gain “aurpegiak zauritzea” ere galarazita zegoen. Erriberriko agintariek, aldiz, ilea ez erauzteko eta arropak ez puskatzeko eskatzen zuten.

1486ko Lekeitioko ordenantzen arabera, senitarteko zuzenek soilik zeukaten negar eta auhen egiteko baimena, baina haiek ere baldintza bat bete behar zuten: ileetatik ez tiratzea. Arauak ez zuen eragin handirik izan, urte batzuk geroago Udalak gortera eta Calahorrako gotzaintzara jo baitzuen laguntza eske. Hala, 1519an lekeitiarrek Errege Agindu eta Calahorrako ikuskatzailearen mandatu bana jaso zuten, hileta elizkizunetako gehiegikeriak galarazten zituztenak.

Bizkaiko Foruetan arau berri bat erantsi zuten 1526an, gehiegizko lantuak debekatzeko. Baina horrek ere ez zuen jarduna eten, Gordexolan 1548an berriro ere erostariak debekatzen ahalegindu izanak frogatzen duenez.

Erostari esaten zitzaien Bizkaian eta adiagile Gipuzkoan, hor ere “negarti profesionalak” bai baitzeuden. 1581ean Zestoan bildutako Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Azkoitiko prokuradoreei errieta egin zieten, herri horretan adiegileen ikuskizunek indarrean jarraitzen zutelako.

Eliza katolikoa ere ahalegindu zen ohitura “paganoa” desagerrarazten. 1541ean Iruñeko gotzaina Tolosara joan zen bisitan eta, bide batez, emakumeei debekatu zien “negar, oihu eta txalo egitea (...) defuntuen aldeko elizkizunetan”. 1590ean Iruñeko sinodoak hau erabaki zuen: “Ez da kontuan hartzen bizitza honetatik irtetean betiereko bizitzan sartzen garela, oihuekin elizetako bakea hausten dute; hemendik aurrera defuntuekiko sentimenduak neurriz adieraztea agintzen dugu. Eta gehiegikeriarik balego, erruduna elizatik bota dezatela”.

XVI. mendearen amaieran Andres Alonsotegik zioen erostarien zerbitzuak geroz eta gutxiago erabiltzen zirela. Eta 1625ean Lope de Isastik idatzi zuen neurriz kanpoko lantuak bazirela, baina soilik senideenak, ez ordainpeko auhendarienak. Hala ere, Julio Caro Barojaren arabera, XIX. mende bukaeran Bizkaian, Elantxoben esaterako, erostari ordainduak bazeuden oraindik, eta Joxemiel Barandiaranek 1923ko urtekarian jaso zuenez, urte hartan Gernikan eta Kortezubin gutxi batzuk geratzen ziren. Beraz, ohitura oso zabaldua izan zen gurean duela gutxi arte.

Isastik azalpen soila eman zion horri: “Probintzia hauetan negar egiteko ohitura handiagoa dago beste toki batzuetan baino, hemen bihotzak samurrak direlako”. Esteban Garibairentzat, aldiz, hemengoak nahiz beste edozein lekutakoak, “alokairuzko negartiak” besterik ez ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude