"Bigarren eskuko arropa bezalakoa naiz"

  • Hitza eta marrazkia. Marrazkia eta hitza. Hitzak marraztu eta marrazkiak esan. Ahotik lapitza atera eta mingaina eskuan hartu. “Santa Barbara bendita, tralaralaralaralai...”.

Zure haurtzaroa marraztu beharko bazenu...

Grisa litzateke. Asturiaseko meatzaldeko herrixka bateko haurtzaro industriala. Desagertu den mundu baten haurtzaroa da nirea. Ikatz meatzeak, sindikatuak, langileen eztul arteko ostatu giroa... Mundu industrialaren eta herri giroaren arteko bizimodu batetik nator, geografikoki zein sozialki bakartutako inguru batetik. 1990eko hamarkada hasieran, ekonomikoki larri genbiltzalako, etxetik telebista kendu behar izan zuten gurasoek. Liburuetan topatu nuen salbazioa. Gustatzen ez zitzaidan mundu hartatik ihes egiten lagundu zidaten, beste mundu batzuk deskubritzen eta jakin-mina garatzen.  

Jakin-minezko mundu horiek marrazten zenituen?

Asterixen komikiak kopiatzen nituen, ikastetxeko aldizkariak ilustratu, adiskideen eta irakasleen karikaturak egin... Orduan ez neukan jendearekin harremanetarako gaitasunik. Kamutsa bezain motza nuen hitza. Marrazkiz komunikatzen nintzen. Horregatik segitu dut marrazten. Hitzaren dohaina garatu ahala marrazkia alferrikakoa bihurtzen zaio jendeari. Nik hitzez defenditzen ikasi nuenerako, berandu zen marrazkiari uko egiteko, seigarren atzamarra nuen lapitza. Paradoxikoa da irudiaren jendarterako prestatzen gaituen heziketan marrazteko gaitasuna bide ertzean uztea.

“Argala, lotsatia, probintzianoa eta sozialdemokrata” omen zara.

Zer diote guri buruz gure curriculumek? Ezer gutxi. Ez dute azaltzen nondik gatozen, zergatik garen garen bezalakoak, zergatik tentatzen gaituen adierazpide batek besteak baino gehiago, zergatik egiten dugun egiten duguna... Horregatik interesatzen zait nire burua definitzea. Lau izenondo horiek askoz hobeki aurkezten naute nire titulu unibertsitarioek baino. Madrilen edo Bartzelonan hazi eta hezi banintz beste marrazkilari bat nintzatekeen. Asturiasen ez neukan feed-backik, ez nintzen inorekin konektatzeko gai. Nire eraginek ez dute zerikusirik komikiarekin. Marrazkilari zein ilustratzaileen mundu suharretik aparte ibili naiz Anguleman lur hartu arte. Horrela egin ditut egin ditudan liburuak. Ez da kasualitatea nire lehenbiziko obrak Krimean edo Palestinan kokatzea, ongi ezagutzen ez nituen inguruetan. 2.000 biztanleko herrixka ito batean bizita mundua eskatzen zidan gorputzak. Maletak Anguleman pausatzean, aldiz, Asturiaseko kontuak hasi naiz marrazten. Denak du zentzua autore baten ibilbidean. Ezinbestekoa da autorearen bizimodua ezagutzea bere lana ulertzeko. Horregatik, askotan, autorearen bizimodua autorearen obra baino gehiago interesatzen zait.

Nola definituko zenuke zure marrazkera?

Aski askea da. Zikin samarra. Formei, perspektibei eta pertsonaiei dagokienez gutxi landua dirudi, baina detaile askokoa da. Izugarri saiatzen naiz ingurua, eszenatokia, erreala izan dadin. Pertsonaiei benetako itxura ematen tematzen naiz. Ezinbestekoa zait detaileen egiazkotasuna. Marrazkiak askatzen nau eta dokumentazioak lotu. Borroka horretan, ez da samurra hitzen eta irudiaren arteko oreka topatzea. Dublindarra, esaterako, hitzaren aldera desorekatzen zitzaidan. La Balada del Norterekin testua kentzen egoskortu naiz, nire intentzioak filtratu eta ahal bezain zehatz bideratzen. Ez dago gida-libururik. Askoren urrezko araua da testuan marrazkian ageri dena ez errepikatzea, baina batzuetan, horixe interesatzen zait niri. Bakoitzak aurkitu behar du bere estiloa, bere ahotsa, bere tonua. Liburuak irakurlea harrapatzen badu funtzionatzen du, bestela ez. Ez dago besterik.  

“Kriki-krakak egon arren, kultura balio erantsitzat dauka Frantziak. Frantzian dauden erraztasunak ez ditut amestu ere egiten Espainian”

Zuk, orain arte, testuinguru historikoetan topatu duzu zure ahotsa.

Historiak errealismoz janzten du gaurkotasuna. La guerre du Professeur Bertenev-en gerraz ari naiz, nazionalitateaz, garai gatazkatsuetako laguntasunaz... Café Budapest-en, identitateaz, erlijioaz, gatazketako bandoez... Oso gai unibertsalak dira, modaz pasatzen ez direnak. Historiatik eta literaturatik jasotako hausnarketez beteta daude nire lanak. Historiaren tarte jakin batean munduko toki zehatz batean kokatu eta gaur egungo gaiez gogoetatzen saiatzen naiz. Eszenatoki erreal batean fikziozko pertsonaiak sortzen ditut horretarako. Ezingo nuke irakurlerik kateatu Krimeako gerra bere horretan kontatzen duen liburu batekin. Ez nuke aurrez beste inork esan ez duen deus interesgarririk esango. Memoria ez da iragana kontatzea bakarrik, oraina ulertzea ere bada.

Memoriak meatzeen antza duela idatziko luke poetak.

Meatzeen memoriatik eta memoriaren meatzetik du La Balada del Norte-k. Asturiasen, 1934. urtea iradoki eta dena da oso mitikoa, erromantikoa, baina inork ez daki zehazki zer gertatu zen. Gertatu ez zirenak asmatzen dituzte batzuek, komeni zaiena gogoratzen dute besteek, eta oharkabean, duintasun guztia galdurik desagertzear den bizimoduari buruz mintzatzen gara. Injustua da ahanztura. Asturiaseko meatzalde grisa ez dator bat saldu nahi den Asturias turistiko, bukoliko eta gastronomikoarekin. Munduko gaitz guztiak orduko borroka sindikalei, greba egunetako errepide mozketei eta meatzarien eztul-karkaxei egotzi zaizkie. Ez dago mundu horren kontzientziarik. Lanpas azpian gordetzen den hautsa gara, industria eta ikatzagatik sakrifikatutako lurraldea, sozialki, ekologikoki zein intimoki arras degradatua. Bizimodua ez da albistegietatik desagertzean bukatzen. Jende batek hantxe segitzen du, beste batzuek alde egin behar izan dute, baina denak daude gaizki. Asturias oso injustua izan da bere historiarekin.

Memoria eta politika ez nahasteko errepikatzen dute agintariek.

Niretzat dena da politikoa. Nire liburuek ez dute elkarren antzik baina denek dute politikotik. Nire obrak galderetatik sorturiko lanak dira, eta edozein galderaren atzean derrigorrez dago politika. Koherentzia politikoa modan ez egon arren, saiatzen naiz horri eusten. Politika ez da alderdien aulki dantza, zintzotasunetik abiatzen den oro baizik. Nire buruarekin zintzoa izatea da irakurleekin zintzoa izateko modu bakarra. Autore batek bere burua engainatzen badu, bere irakurleak engainatzen ditu. Zintzotasunaren faltan, alferrik dira munduko marrazki ederrenak, nire begiek ez dituzte edertzat joko. Zintzotasuna, zintzotasuna eta zintzotasuna. Ez dago hori baino politikoagorik.  

“Je suis Charlie” egin zuen oihu kristo guztiak.

Hastapenean mundu guztia zen Charlie, elkartasun erreakzio automatikoa jarri zen martxan, mundu mailako agintariak buru zituen kontzentrazioa egin zen Parisen, estatuaren ondare nazionala izendatu zuten Charlie Hebdo... baina hilabeteak pasa ahala, oasirik gabeko basamortuan galduta eta bakarrik sentitu dira aldizkariko marrazkilariak. Oso koherenteak izan dira euren izaerarekin. Inoiz gustu txarrekoa izan daitekeen umore gordin eta probokatzailea egiten segitu dute. Presioa jasanezin zutenak bidean geratu dira. Azkenerako, ordea, inor ez da Charlie Hebdoz gogoratzen. Geroz eta jende gehiagori entzuten diot ixten bukatuko dutela. Charlie Hebdon lan egingo banu, egunero izango nuke autozentsuraren hatsa kokotean. Noraino heldu, noiz moztu... Ni ez naiz edozertaz barre egiteko gai. Nire buruari mugak jartzen dizkiot. Nire liburuetan, aldiz, libre sentitzen naiz.

Zer diozu zuk Angulemako komiki jaialdiko sari nagusirako hautagaien zerrenda gizonezkoz soilik osatuta ikustean?

Mundua aldatzen ari da, jendartea aldatzen ari da, baina jaialdiak lehengoan jarraitzen du. Antolatzaileak eroso jarri dira. Ez dute agerikoa ikusteko ahaleginik egin nahi izan. Komikiaren historiaren maskulinotasunaren gibelean gorde dira. Aurten lehertu arren, aspaldikoa da auzia. Gizonezkook orain arte oso paper erosoa jokatu dugu. Gure pribilegioei uko ez egiteagatik ez zela gure borroka sinestarazi diegu gure buruei. Nola ez da gure borroka izango? Jaialdi garaian, protesta bideratu zuten andrazko komikilariek orotariko hogei bineta jarri zituzten ikusgai, ikusleei bakoitza emakume edo gizon batek marraztua zen galdetuz. Publikoaren ustez hogeitik hiru ziren emazteek eginak. Praktikan, denak ziren emakumeenak. Oso esanguratsua da. Gure aurreiritziek ipurdi-bistan uzten gaituzte. Denei dagokigu aldatzea, baita Angulemako jaialdiari ere.  

Merkatuak egilea aldatu dezake?

Espainiako komikiaren merkatuak bidea egin du, irakurleak irabazi ditu, saltoki handietan bere lekutxoa lortu du, prestigioa ematen dion sari nazionala dauka, jaialdi literarioetatik deitzen gaituzte... baina merkatua ez da aski handia inor gatibu hartzeko. Frantzian, aldiz, komikiaren industria dago, tartaren zati handiena irensteko lehia. Hala, argitaletxe handiekin lan egiten dutenek sei hilabetero argitaratu behar dute, saltzen dena marrazteko eskatzen zaie, entrega data oso zorrotzak dituzte... Ez dute zerikusirik liburu bat egiten bi edo hiru urte pasatzen dituztenekin. Horiek badakite ezingo dutela hortik bizi. Frankotiratzaileak dira, independenteak. Niretzat ez da drama komikiak sortzeaz gain ilustrazioak egin edo tailerrak eman beharra. Ez nago bizimodua komikitik ateratzearekin obsesionatuta. Ez dio alferrik Eddie Campbell komikigileak, XIX. mendean poesia iritsi zen estimazio intelektualaren mailara heldu dela komikia, eta aurrerantzean, poesiaren gisan, ahanzturan hondoratzea dagokigula. Pauta ona da oinak lurrean jarri eta gogoari hegan egiten uzteko.

Gogoari hegan egiten utzi... norbere lainoa aurkitu arte?

Egin nahi dudanaren, egin dezakedanaren, nirea soilik den eta besteen eraginez egiten dudanaren nahasmenean bizi naiz. Ez naiz ziurtasun handiko pertsona. Ez daukat printzipio erroturik, egia absoluturik, muturreko hitzik. Jakin-nahiaren bidean bizi naiz, etengabeko bilaketan. Dena aldakorra, lausoa eta likidoa den garaiotan, oso eremu labainkor eta hauskorra da hori. Azkarregi doa mundua guztiaren ikuspegi monolitiko bat eduki ahal izateko. Bigarren eskuko arropa bezalakoa naiz, sekula ez moda-modakoa, inoiz ez guztiz lekuz kanpokoa, eta azkenean, bere lekua aurkitzen duena.

Agintarientzat, ordea, kultura beti da azken eskukoa.

Frantzian, 80ko hamarkadatik da Kultura Ministerioa benetako Ministerioa. Dirua mugitzen du eta salbuespen kulturalaren aldeko estrategia dauka. Zinema frantsesari dirua ematen dio frantsesa delako, zine-aretoetan kuotak ezartzen ditu, liburutegi eta liburu-denda sare zabala dauka, jaialdiak bultzatzen ditu... Kriki-krakak egon arren, kultura balio erantsitzat dauka Frantziak. Frantzian dauden erraztasunak ez ditut amestu ere egiten Espainian. Espainian kulturari ez baitzaio garrantzirik ematen. Idazle espainolak ez dira frantsesak baino okerragoak, musikari frantsesak ez dira espainolak baino hobeak... lan egiteko sareak eta jendearen pertzepzioak markatzen du aldea. Esaterako, komikigintza umetatik lantzen den pasio bat da Frantzian. Merkatuak dirua inbertitzen du, eskoletako liburutegiak komikiz mukuru daude, umeentzako jaialdiak egiten dira... Espainian, ez da etorkizuneko irakurlerik zaintzen. Hala, nondik erakarriko dituzu zaleak? Erein gabe uzta jaso nahi izateak ez du kulturarekin zerikusirik.

Ereiten ala uzta biltzen, nola marraztuko zenuke Alfonso Zapico aitona?

Liburuak marrazten ageri naiz, sortzaile independentearen 24 orduko zurrunbilo hori jasan beharrik gabe. Orduan ere modakoa izango ez naizenez, sari nazionala irabazi nuenean ere ez nintzela modako autorea gogoratuko dut. Ispiluak bigarren eskuko arropa geroz eta zimurragoa dagoela salatzen didanean, autorearen obrak baino autorearen bizimoduak erakartzen ninduela pentsatuz kontsolatuko naiz. Haurtzaroko grisekin edo bizitzan topatutako koloreekin, jakin-mina garatzen segitzeko gai izatea espero dut.

Azken hitza:
Angulemako
sortzaileen etxea

Dublindarra oso liburu ezberdina zatekeen Asturiasen, etxean bakarrik, marraztu banu. Angulemako sortzaileen etxean lan egin ahal izatea pribilegio handia da. Energia handiko gunea da, mundu guztitik datozen sortzaileengandik ikasten duzu, galderak egiten dizkizute, erantzun beharrak zure burua argitzera behartzen zaitu... Iraultzatxo bat da bakarrik lan egitera ohituta dagoen ofizioarentzat”.

 

Alfonso Zapico (1981, Blimea, Asturias)

Komikilari eta ilustratzailea. La guerre du professeur Bertenev, Café Budapest, Dublinés, La Ruta Joyce eta La Balada del Norte dira bere lanik esanguratsuenak. Euskarara itzuli berri duten Dublinés (Dublindarra, Astiberri) lanari esker, Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen 2012an. Anguleman bizi da egun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude