Turkiak ez du traidorerik nahi

  • Erdoganen gobernuak gero eta jarrera autoritarioagoa du oposizioko indar guztien aurka. Komunikabideak dira bere jomugetako bat, eta ez bakarrik kurduak, orain arte bezala. Adierazpen askatasuna urratzen ari dira,
    modu sistematikoan. 

Turkia prentsa askatasunaren sailkapenean 149. tokiraino jaitsi du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak, Maroko, Palestina edo Mexikoren atzetik. Goiko eskuineko argazkian, Hrant Dink kazetariaren omenaldia, urtarrilaren 19an.
Turkia prentsa askatasunaren sailkapenean 149. tokiraino jaitsi du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak, Maroko, Palestina edo Mexikoren atzetik. Goiko eskuineko argazkian, Hrant Dink kazetariaren omenaldia, urtarrilaren 19an.

Mahai gainean pilatuta dauzka Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek herrialdeko arazo ugarien karpetak –Ipar Kurdistanen gerra, ISISen atentatuak, gatazka diplomatikoak, ustelkeria, eskubideen aldarrikapenak–, eta hala ere badauka sistematikoki komunikabideetan esku hartzeko astia ere. Edo, hain zuzen ere, gatazka horiek mozorrotzeko behar ditu kontrolpean kazetariak. Izaera kontua ere bada. Sultan anbizioa duen liderrak ezin ditu kritikak jasan.

Urrutira joan gabe, 2015eko amaieran, kazetariak espetxeratu dituzte, telebista debekuak ezarri –azkena, joan den asteko Anakarako atentatuaren ondotik– eta erredakzioak harrikatu dituzte gobernuaren aldekoek. Prentsa askatasunaren sailkapenean Turkia  149. tokiraino jaitsi du Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak; Maroko, Palestina edo Mexikoren atzetik. “Arraroa da”, dio Stefan Martens Hurriyet Daily News-eko editoreak. “Ez daukagu pistolarik kokotean… baina, diotenez, munduko demokraziarik autoritarioenean bizi gara, edo erregimen autoritario askeenean”.

Hurriyet Turkiako egunkari erreferentea da, bigarrena irakurle kopuruan eta, orain arte, Erdoganen alderdiaren AKP gobernuarekin kritikoa. Autoritarismoa eta islamaren neurrigabeko hedapena kritikatu dute. Jarrera hori larrutik ordaintzen ari dira orain.

Istanbulen kanpoaldean dauka Hurriyet-ek egoitza nagusia, Dogan konpainiako beste hedabide batzuekin batera. Ezohiko segurtasun hesiak igaro behar dira lantokira sartzeko: burdinazko ate automatikoa, polizia Heckler & Koch MP5 metraileta soinean, guardia pribatua, metal detektagailua... Gaztelu eta espetxe, bietatik du asko punta-puntako erredakzio modernoak. Irailaren 7ko gertakizun larriek gotortu zuten eraikina.

Iluntze hartan dozenaka furgoneta gelditu ziren Hurriyet-eko egoitza parean. 150 lagun inguru zeramatzaten. Harriak esku batean, Turkiako banderak bestean, aterantz jo zuten. Zalapartaren erdian baita AKPko parlamentari bat ere. “Lezioa merezi genuela zioten”, gogoratu du Martens kazetariak, “jada Turkian ez duelako Hurriyet-ek agintzen”. Sarreran txikizioa eragin zuten. Kristalak apurtu zituzten, baina ez ziren barruraino sartu. Ez zen azken erasoa izan. Bi egun beranduago, Ahmet Hakan zutabegile ospetsua Hurriyet-etik etxeraino jarraitu zuten eta kalean bertan jipoitu. Abenduaren 25ean, kazetaren zuzendari Sedat Ergin-en kontra bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskaltzak, Erdogan iraindu zuelakoan. “Presio handia du gainean, ez du elkarrizketarik eskainiko”, ohartarazi dute egunkariko lankideek.

“Bi bandotan zatituta daude kazetariak: AKPren aldekoak eta aurkakoak. Gobernuaren irizpideak hitzez hitz jarraitzen dituztenak eta mehatxupean daudenak”. Ilya Topper M’Sur-eko kazetariak argitu du hori: “Atzerriko hedabideetan ari diren turkiarrak traidoretzat dauzkate”. Beste korrespontsal beterano batek  –segurtasunagatik nahiago du izena ezkutuan mantendu– uste du gero eta gutxiago direla hedabide nagusietan gobernua kritikatzen dutenak. “Argi hitz egiten dutenak ausartak dira, aitortu behar zaie. Espetxean daude asko”.

Begiraleen salaketa

Urte hasieratik kartzelan daude, esaterako, itzal handiko bi kazetari: Can Dundar eta Erdem Gul, Cumhuriyet egunkariko editoreak. Zerbitzu sekretuei buruzko erreportaje bat publikatu zuten. Espioitza eta traizioa egotzita, bizitza osoko espetxealdia ezarri nahi diete. Nazioarteko eta etxeko kritikak gorabehera, Erdoganek jendaurrean emandako hitza bete zuen: “Garesti ordainduko dute artikulu honen egileek”. 30 kazetari inguru dauzkate espetxeetan gatibu.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiek ondo ezagutzen dituzte Ankarako erakundeen urraketak. Turkia da Estrasburgoko epaiketetan gehien aipatzen den herrialdea, auzi guztien %18 bertatik dator, Kurdistandik batez ere. Jakinarazi duten azken epaia komunikabideen esparrukoa da. Nokta aldizkariko kazetarien alde egin du auzitegiak, adierazpen askatasuna urratu zietela ebatziz. 2007an artikulu batengatik atxilotu zituztelako 4.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio estatuak bost laguni.

Giro politikoa arnastu ezinezko bihurtzen ari da askorentzat. Lubaki banatan daude batzuk eta besteak, AKPkoak eta gainontzekoak. Istanbulgo Beyoglu auzoko taberna baten jabeak etsipenez dio, “kalean hotz egiten du, baina giroa sutan dugu Turkian. Honek horrela jarraitzen badu, dena pikutara joango da”. Beste hitz batzuekin, Human Rights Watch-ek ere berriki salatu du egoera: “Oposizioari beldurra, kritikari ikara eta eskubideak aldarrikatzen dituztenei izua. Lekuko izan gara. Azken urtean giza eskubideen hondatze handiena bizi izan dugu”. Gauza zaharra da, edonola ere, batez ere kurduek pairatu dutena, baita beste gutxiengo etnikoek ere.

Hrant Dink kazetari armeniarraren omenaldiak ehunka lagun bildu ditu urtarrilaren 19an, 9 urte bete dira bi tiroz hil zutenetik Istanbulgo etxe atarian. Justizia eskatzen duten oihuekin bat, “AKP faxista” da lelorik entzunena. Tayyip Erdogan izena hainbatetan entzun da bozgorailuetatik. Zigor sententziarik gabe ere, hatz guztiek presidentea seinalatu dute arduradun.

Erdogani parean jarri zaion edonork gorriak eta bi ikusi ditu: kultura mundukoak izan, akademikoak, enpresariak edo kazetariak

Erdogani parean jarri zaion edonork gorriak eta bi ikusi ditu, kultura mundukoak, akademikoak –18 irakasle atxilotu dituzte bakearen aldeko manifestua sinatzeagatik–, enpresariak edo kazetariak izan. “Kazetaritza akabatzen ari dira. Poliki-poliki demokraziarenak ere egingo du”, idatzi du Kadri Gürsel zutabegile turkiarrak. Iritzi hori gizartean hedatua dagoela baieztatu berri du Kadir Has Unibertsitateko lan batek. Turkiarren %59,7k uste du prentsa askatasunik ez dagoela. %56,5 dira demokraziarik ez dagoela diotenak.

Komunikabideek jasotzen dituzten presioak modu sotilean garatzen dira gehienetan. Zigor ekonomikoak, boikoterako deiak, presidentea iraintzearren salaketak, hedabideen jabego aldaketak… “Milliyet egunkari kritikoa saltzera behartu zuen gobernuak, Sabah kazeta ere Erdoganen meneko enpresari batek erosi du, Zamam egunkariko zuzendariak 14 hilabeteko espetxe zigorra du presidentea iraintzeagatik”, zerrendatu du Andres Mourenza El País-eko korrespontsalak. “Digiturk telebista urrian debekatu zuten eta Kanal 7 telebista Erdoganekiko kritikoa zen, haren jabeari aireportu bat eraikitzeko baimena eman zioten arte”.

Emititzen jarraitzen dutenek gobernuaren oharrak jasotzen dituzte aldiro, Sultanahmet-eko atentatuen irudiak debekatzetik “familia tradizionalaren baloreen” kontra doazen emisioak zigortzeraino. Mendebaldeko herrialde guztietan bezala, telebista da oposizioaren erasoetatik zaindu beharreko organo nagusia. Komunikabide tradizionalez gain, Turkiak interneten gaineko kontrol neurriak hartu ditu. Twitter, Facebook edo Youtube atariak blokeatu ditu hainbatetan, baita Kurdistango informazioa eskaintzen duten webguneak ere. “Sare sozialak dira gizartearen mehatxu handiena”, esan zuen Erdoganek Gezi parkeko protesten traolek 2013an Twitterren gainezka egin zutenean.

CNN Turk telebistari gertatu zaionak ederki irudikatzen du komunikabideak estutu eta liderra babesteko obsesioa. Albistegietan kontatu zuten nola CHP alderdi sozialdemokrataren presidentea auzipetua izan zen “erdipurdiko diktadore” deitu ziolako Erdogani. Bada, CNN Turk-en errotulu batean zera idatzi zuten, kakotx eta guzti: “‘Diktadorea’ auzitan”. Telebista katea bera da orain fiskaltzaren ikerketapean dagoena, hain zuzen ere, errotulu horrekin, Erdogan iraintzeagatik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude