Ura, megapoliak eta krisia: CO2ak ez baitu dena esplikatzen

  • COP21 klimaren aldaketari buruzko biltzarra hasi bezperan, abenduaren 1ean, UNESCOk “Ura, megapoliak eta aldaketa globala” biltzarra burutu zuen Parisen. Uraren krisia salatzen eta justiziaren aldeko beste borroketan lider ezaguna den Maude Barlow kanadiarra ahalegindu zen gaia present egon zedin Parisko eztabaidetan.

Council of Canadians erakundeak zabaldutako argazki handian, Maude Barlow hizketan Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren aurrean 2014ko apirilean Berlinen, G7ak TTIP dela eta burutu zuen biltzar batean: gogorarazi zion agintariek ezin dutela onartu bere
Council of Canadians erakundeak zabaldutako argazki handian, Maude Barlow hizketan Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren aurrean 2014ko apirilean Berlinen, G7ak TTIP dela eta burutu zuen biltzar batean: gogorarazi zion agintariek ezin dutela onartu beren herritarren eskubideak transnazional pribatuen menpe uztea. Argazki txikian, Barlow Kanadako Almonte herrian Enerdu konpainiak eraiki nahi duen zentralaren kontrako mobilizazioan.

COP21 hastear zelarik Parisen, Maude Barlow kanadarrak mahai gainera atera zituenen gai zerrendetan falta ziren zenbait arazo: mundu osoan hiritzarrak –megapoliak– handitzen ari dira eta haietako biztanleei ez zaie bermatzen uraren eskubidea, krisi ekologiko handia eragiten da ibaiak agortzeraino idortuz, lurpeko ur geruzak ahitzen ari dira ziztu bizian, oihan handiak eraitsiz uraren zikloak suntsitzen ari gara...

Horretaz mintzatu ziren UNESCOk Parisen abenduaren 1etik 4ra burututako “Ura, Megapoliak eta Aldaketa Globala” biltzarrean eta haren berri eman du Daniel Hofnung ingeniari erretretadunak ATTACen webeko bere blogean; haren bidez eskuratu dugu Barlow anderearen hitzaldia. Hofnung uraren kudeaketa burutsuaren aldeko eta  bere herri Ivry-sur-Seineko (Parisen auzoa da praktikan) errauskailuaren kontrako militante sutsu bezain kualifikatua da, ATTACeko zuzendaritzako kide izateaz gain.

Gaiaren garrantzia honela laburbiltzen du Hofnungek: “Kyoton hasitako prozesua zentratu da negutegi eragineko gasak kliman daukan eraginean, proposatuz murriztea gas isurketak atmosferan eta, ondorioz, erregai fosilen kontsumoa. Baina beste prozesua ahaztu du, uraren zikloaren hondatzea, klimari egiten dion kaltearekin eta bere onera itzultzeak egingo lukeen mesedearekin. Planeta erregeneratzeko modua eskaintzen baitigu”.

Ikuspegi honetan mundu mailan autoritate ezaguna da Maude Barlow (Kanada, 1947). Ekologiaren, bakearen eta giza eskubideen aldeko borrokalaria, liburu sorta baten egilea, herritarren eskubideak defendituz multinazionalen erasoei aurre egiten dien Council of Canadians (Kanadarren Kontseilua) mugimenduaren liderra da. Globalizazioaren kontrako foroetan bezala Kanadako indigenekin meatzaritzako korporazioei karriketan aurre egiten sarri ikus daiteke Barlow.

Parisen abenduaren 1ean eman zuen hitzaldiari –ondoren laburbiltzen dugunari– izenburuan A blue and just future is possible ipini zion, etorkizun urdin eta justua posible dela. Esaldi baikorra, ondoren marraztu behar zuen panorama beltzaren aurretik. Emakume honek beti itxaropena aldarrikatzen baitu, beste batean aldizkari kristau bati deklaratu zionagatik: “Injustiziaren kontra borrokatzen duen jendeak etsi egiten du, etsitzen dute ez dakitelako zer gehiago egin. Nire lanaren zati bat hor egotea da, itxaropena emanez eta ‘ez eman amore’ esanez”.

Erronka itzel baten aurrean dago gizadia, dio Barlowk. Garabidean diren herrialdeetako hiritzarrak txabolategiz inguratuta daude, goseak eta klimaren krisiak haietara eramanik milioika behartsu. 2030erako bidonville horietan biziko dira hiri handietako jendeen erdiak. Gaur askok ez daukate ur garbirik eskueran, betiko iturriak kutsatu edo agortuta, pribatizatutako ur garestia pagatu ezinik.

Uraren etika berri bat

Pekin, Delhi, Munbai, Kalkuta, Manila, Mexiko, Caracas, Lagos, Abidjan, Teheran, Johannesburg... denetan dute urik eza arazo. Baina berez nahikoa ur beharko lukeen Sao Paulo (Brasil) bat idorteagatik larrialdian harrapatuta egoteak erakusten du krisi ekologikoak nola eragiten dion krisia gizadiari.

Lurrean gero eta urriagoa da ur garbia. Agortzeraino ustiatzen ditugu ibaiak, handien arteko asko iritsi ere ez dira iristen itsasoraino. 1990etik hona Txinako ibai nagusien erdiak desagertu egin dira. Lurpeko akuiferoak ere agortzen ari gara. Ekialde Hurbilean 60 milioi pertsona ase behar dituen Akuifero Sistema Arabiarra, Indus ibarrekoa Indian eta Kaliforniakoa AEBn lehortzeko arriskuan dira.

Ororen buru, hiru korapilo askatzen zail dauzka gizadiak. Lehena, klimaren aldaketa osorik ulertu beharra daukagula. Erregai fosilen konbustioak isuritako CO2a arazoaren erdia baino ez da.

Suntsitu ditugun urik gehienak ez ditu desagerrarazi klimaren aldaketak: gehiegizko ustiatzearekin eta erabilera okerrarekin hondatu ditugu, ibarretako arroak suntsituz, lurzoruen ahalmena murriztuz, basoak eraitsiz... Herritarrei ez zaie azaltzen Amazonas ibarrean oihan tropikala eraisteak, ziklo hidrologikoa hondatuz, dakarren euria urritzea ehunka edo milaka kilometro urrunago, agian AEB urrunetan.

Ondorioz, klimaren kaosa  konpontzeko erregai fosilak murrizteaz gain uraren zikloak beren onera ekartzea derrigorrezkoa izanen da.

Askatu beharreko bigarren korapiloa dagokio herritarrek ura eta saneamendua edukitzeko duten eskubideari. Duela bost urte giza eskubidetzat aitortu zuenez Nazio Batuen Erakundeak, mundu osoko agintariek bermatu behar dizkiete herritar guztiei, populazio ahulenei bereziki.

Deretxoa praktikara eramateak esan nahi du agintariek eragotzi behar dietela meatzaritzan ari diren multinazionalei iturriak agortu edo kutsatzea, interes ekonomikoen aurretik jarriz jendeenak. Bestalde, uraren eskubidea justizia afera denez eta ez karitatezkoa, herritarrek ur garbia eskuratu ahal izateko derrigorrezkoa da pribatizaziorako joera azpikoz gain jartzea, Paris eta beste hiri handi batzuk egin duten moduan udalek berriro beren esku hartuz noizbait konpainia pribatuen esku lagatako zerbitzua.

Hirugarren gakoa garapen ereduari loturik dago: agintariek sustatutako garapen eredu hau da arazoa sortu duena eta konponbidearentzako oztoporik handiena ere bai. Mundu mailako merkataritzari arauak oro kendurik, aberatsak gero eta aberatsago dira, mundutarren %1 ondasun guztien %50en jabe egin da eta, aldiz, milioika nekazari txikik hiri handietako txabolategietara joan behar dute, beren lurrak eta bizibidea galdurik.

Agintari eta gobernuek atzerriko kapitalak erakartzearren pribatizazio politika bortitzak ezartzen dituzte eta onartzen dituzte TTIP bezalako nazioarteko itunak, zeinen bidez ingurumena eta jendeen eskubideak defenditzeko dauzkaten legeak jartzen dituzten multinazionalen erabakien menpeko. Uraren etika berri bat gerta daiteke abiapuntu %1aren tiraniari aurre egin eta garapen eredu justuago bat eraikitzen hasteko. Politika guztien oinarrian jarri ura zaintzea. Ekin uraren zikloei egindako kalteak sendatzeari. Horren arabera antolatu nekazaritza lekukoa eta iraunkorra. Debekatu petrolioa eta gasa erauzteko frackinga.

Hiri eskubide –droit à la ville– berri bat aldarrikatuz amaitu zuen hitzaldia Maude Barlowek: “Imajinatu hiri bat non bertan dauden guztiek nahiko duten egotea eta ez zaizkien ebatsi ez beren soroak ez beren bizibideak. (...) Posible da. Etorkizun urdin eta justua posible da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
Ikusten banauzu, egin negar

Elba ibaiaren arroa, 1417. Lehorteak eraginda ibaiaren mailak nabarmen egin zuen behera, eta norbaitek ur maila markatu zuen harri batean, idazkun bat zizelkatuta: “Harri hau berriro ikusten baduzu, negar egingo duzu. Ura maila honetan zegoen 1417... [+]


2024-05-29 | Nicolas Goñi
Marshall uharteetan, elkarlana dute itsasoaren igoerari egokitzeko planen oinarrian

Ozeano Barean, atoloi apalez osatuak, Marshall uharteak dira klima aldaketaren aurrean herrialde hauskorrenetakoak, itsas mailaren gorakadak zuzenki mehatxatzen dituelako. Bertako gobernuak egokitze plan sakon eta zehatz bat martxan jarri du, biztanleekin elkarlanean, behetik... [+]


Islandiak izoztu zuen Konstantinopla

Teofanes Aitorlea kronikalariak jaso zuenez,  763-764ko negua inoizko hotzenetakoa izan zen Konstantinoplan. Elurrak eta izotza hartu omen zuten bizantziar hiriburua eta Bosforon iceberg bat ere ikusi omen zuten.

Orain arte klima hoztea, besteak beste, jarduera... [+]


Frantziako Estatuaren gobernantzaren mugak begi-bistan Mayotte uharteetan

Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Indiako Ozeanoko Mayotte irlan biderkatuz doaz kolera kasuak. Uraren kudeaketa kaskarra izan ohi da eritasun horren zabalpenaren arrazoietan eta, hain justu, uraren krisi gogorrari aurre egin nahian dabiltza bertako herritarrak. Bigarren... [+]


Eguneraketa berriak daude