"Presoak etxera itzuli behar dira, eta modu duinean"

  • “Badira egun batez borrokatu eta on direnak. Badira urtebetez borrokatzen direnak, eta horiek hobeak dira. Baina badira bizitza osoan zehar borrokatzen direnak, horiek ezinbestekoak dira”. Horietan da Teresa Toda.

Espainiako diplomatiko zuen aita. Aitaren lanak agindurik, Txilen, AEBetan eta Ingalaterran bizi izan zen, harik eta bere-bere bideari ekin zion arte. Madrilen egin zituen Kazetaritza ikasketak, eta hantxe hasi zen Eginen berriemaile 1984an.
Espainiako diplomatiko zuen aita. Aitaren lanak agindurik, Txilen, AEBetan eta Ingalaterran bizi izan zen, harik eta bere-bere bideari ekin zion arte. Madrilen egin zituen Kazetaritza ikasketak, eta hantxe hasi zen Eginen berriemaile 1984an.Dani Blanco

Kazetari izana zara, ezohiko jokalekuan jarri zaitugu, galderak egin ordez, erantzun beharrean.

Beti gustatu izan zait elkarrizketa generoa. Batez ere gogoz egiten denean, ez lan bat lehenbailehen egin, pasadizotik irteteko. Gaur egun oso ezkorra naiz gure lanbideari dagokionean. Kazetari gazteek lan baldintza eskasak dituzte, eta bestalde, hedabide gehienak enpresa handi eta botere ekonomikoen menpe daude. Baina gure garaian, eta frankismo sasoian ere, gauzak ez ziren errazak, eta borrokatzen ginen. Pena ere ematen dit egoerak. Horri kontra egin behar zaio.

Ikerketa kazetaritzari ekiteko moduan!

Ikerketa kazetaritzarik ez dago. Ikerketa kazetaritza dela esaten da orain, baina Espainiako Auzitegi Nazionaletik edo epaitegiren batetik etorritako filtrazioa da, ez ikerketa! Erakundeek, berriz, prentsa-oharra besterik ez dute erabiltzen. Egia santua da prentsa-oharra, gobernuarena denean batez ere. Inork ez du hura zalantzan jartzen, eta horrela ez dago aurrera jotzerik.

Prentsa-ohar eta prentsaurreko, horiexetan biltzen da albistea.

Prentsaurrekoak askotan egitea dagokit, Sareko bozeramaileetakoa naizenez gero. Kazetariak biltzen dira, bai, baina ez dute galdetzen. Nola ez duzu, bada, prentsaurrekora joan eta galderarik egingo? Horretarako dira prentsaurrekoak, galdetzeko. Besterik da hedabide eta sare alternatiboetan gertatzen dena. Askotan jotzen dut haietara. Bestela lantzen dituzte berriak, ziztatzailegoak ere badira, hanka-sartze eta hutsegiteak ere egiten dituzten arren.

Abenduaren lehena zen atxilotu zintuztenean. Azaroak 27 zituen, berriz, askatu zintuztenean. Garaitsu horretan gabiltza.

Bai, bai… Nahiko berezia izan zen libratu ninduten eguna, zeren eta hilaren 28a nuen irteteko eguna, baina hilaren 26an, gauean, ziegara etorri eta esan zidan kartzela zaindariak: “Bihar kalera!”. “Ez, bihar ez, etzi dut irteteko eguna!”. Barruko kideak agurtu nahi nituen, pentsatuta neukan, baina ez zidaten utzi. Etxekoekin ere hitz eginda nengoen, bila etorriko zitzaizkidala esanda, baina bota egin ninduten kartzelatik inork espero ez zuenean. Inor ez neukan zain. Hilaren 27an bertan, telefono-deia egin etxera, Kordoban den taxilari solidario bati ere deitu, eta horrela konpondu ginen gutxi gorabehera. Azken ziztada izan zen.

Egineko kazetari izandako Iñaki Iriondok ere horixe hartu zuen hizpide egun hartan. Zioen kale gorrian utzi zintuztela zure zain zeuden egunaren bezperan. Zital jokatu zutela horretan ere.

Bai, bai… Oso berezia izan zen. Atxilotu gintuzten eguna bezain berezia. Sententziari nola aurre egin eztabaidatzen ari ginela detenitu gintuzten. Espetxera eta kito. Hortxe bukatzen zen auzia. Dena dela, atxilotzea hor dago, eta hor egongo da beti, baina libre geratu nintzen eguna gogoratzen dut nik, lagunekin elkartzeko eguna dut, nolabait esateko.

Sei urte kendu zizkizuten.

Ez, ez… ez dizkizute kentzen, ezin dizkizute kendu. Bizitza arruntetik ateratzen zaituzte, kartzelan sartzen zaituzte, eta han dirau zure bizitzak, bizitzen jarraitzen duzu. Ez dira urte galduak. Zeure barneak ez ditu galtzen. Hor dira esperientziak, hor dira kartzelan ezagutzen dituzun pertsonak. Esperientzia gogorra da kartzela, askatasuna galtzen duzulako, eta askatasunarekin batera, eta dispertsioarekin, askoz ere gauza gehiago. Beti zelatatuta, egun osoa zaintzapean. Elkarrizketak entzuten dizkizute, bisak kontrolatzen dizkizute eguzkitik ilargira, zuri buruzko partea ematen dute zaindariek egunero… eta orduan, zuk zeure espazioak sortu eta zaindu behar dituzu. Zeurea da denbora. Lehen graduko presook hogei ordu ziegan igarotzen ditugu, eta ordu horiek zureak beste inorenak ez dira, zeuk bete behar dituzu, eta hor hasten da zure lana.

Zer lan?

Pertsonala, zeure buruari buruzko lanketa sakona. Dituzun trebetasunak ordu arte ez bezala baliatzen hasten zara. Beharbada ez zenekien eskulanak egiteko erraztasuna zenuela. Birziklatzea bera ere mundu bat da kartzela barruan. Oso gauza gutxi dituzu eskura, eta beraz, haiek berrerabiltzen ikasi behar duzu. Nik asko ikasi dut horretan. Jakina, kolektibo bateko partaide sentitzea ere ez da hutsala, kideekin sortzen den harremana ere polita da, harreman horiek lantzea, garatzea, zaintzea. Jendea beste modu batera zaintzen ikasten da kartzelan, dela zure hurrekoak, dela preso sozialak. Hor da preso dauden emakumeen egoera ere.

Ikusezina zeharo.

Han bai, han ikusten duzu. Ikusten duzu bortizkeria matxistaren eragina, ikusten duzu droga-menpekotasunak zertara jartzen duen emakumea. Emakumea bigarren mailakoa da gizartean, eta are bigarren mailakoagoa kartzelan. Hego Amerikatik etorritako emakumeen egoera dut beti gogoan. Droga karga txikiarekin datoz asko, hango edo hemengo aireportuan harrapatzen dituzte, eta sekulako sententziak jasotzen dituzte. Badakit batzuk mugidakoak izango direla, baina asko behartsu hutsak dira, mila edo bi mila euro –fortuna osoa, haientzat–, irabaztea dute amets, eta aldiz, espetxean bukatzen dute. Oso gogorra da hori.

Dueñaseko (Zamora, Espainia) kartzelako korridorean irakurri nuen: “25. artikulua 2.- Zigor askatasun-gabetzaileek eta segurtasun neurriek berreztea eta gizartean birsartzea dute helburu, eta ezin daitezke lan bortxatuak izan…”. Ba ote?

Kordoban, Errespetu modulua zen gurea. Presoak birgizarteratzea helburu duena, berariazkoa. Baina han erabiltzen zituzten neurriak moja barnetegi batekoak edo kuartel batekoak ziren. Oso neurri zorrotzak, inor birgizarteratzen laguntzen ez dutenak. Almazen hutsak dira kartzelak, jendea han sartu, baztertu eta bertan ahazteko tokiak. Zigortzea beste helbururik ez du kartzelak. Begira, laster dira hauteskundeak Espainian. Hor dira betiko alderdiak eta alderdi berriak: inork ezer esan al du espetxe politikari buruz? Esango al du inork ezer? Eta ikaragarria da: neurri gogorrak, egoera latza, jendearen suizidioak… Eta inork ez du kuestionatzen espetxe sistema. 70.000 omen dira kartzelatuak Espainian. Horrexek erakusten du ondoen zertarako diren espetxeak. Preso politikoen kasuan askoz okerragoa da egoera.

Ahaztuta dauzkagu presoak?

Nik uste Euskal Herrian Espainian baino sentsibilitate handiagoa dagoela presoekiko. Preso politikoak ditugulako ere bada hori, eta preso sozialen alde hor da Salhaketa, beti lanean. Baina Espainiako Estatuan, bost axola presoak. Ez nuke esango ahaztuta dauzkagula, jendeak badaki preso politikoak ditugula, badu senideen egoeraren berri, elkarte honen eta haren albistea jasotzen du, baina lanean inplikatzeko behar besteko kontzientziarik ez du. Gatazkaren erakusgarririk gordinena, berriz, desagertu egin da, eta arazoa bukatu dela ematen du. Presoen egoera, berriz, politikariek elkarri zer edo zer leporatzeko gaia bihurtu dute, eta horrek ez dio gizarteari laguntzen.

Bilbon urtero eguberrietan egiten den manifestazio erraldoia gorabehera…

Bai, baina dena ezin da izan Bilboko manifestazioa. Horregatik ari gara Saren Bilboko manifestazioaren biharamunean lanean. Jendartea aldatu egin da, ordea, eta atxikimendu modua ere bai: errazago da jendea konpromiso puntualetara biltzea, egunean eguneko ekintza iraunkorretara konprometitzea baino. Elkarte guztion arazoa horixe da gaur egun. Guri dagokigunez, jendea mobilizatzea baino, kontzientziaraztea nahi dugu, sufrimenduak irauten duela kontura dadin. Nork bere sufrimendua du, eta izango du, baina, sufrimendu berririk ez da sortzen, presoen egoerak sortzen duena izan ezik: senideen bidaiek segitzen dute, presoen egoera makurrak segitzen du, preso gaixoen egoera gero eta larriagoa, libre behar zuten presoen egoera, sententzien konputoaren inguruko auzia… Beltza da egoera, atzera ari gara, bizi baldintzak gero eta okerragoak dira: Espainiako Estatua jolasean ari da preso eta senideekin.

Zer egin behar dugu jolas edo joko maltzur horri kontra egiteko?

Kezka konpartitu, zabaldu, eta zenbait jende aktibatu aferaren inguruan. Afera hori ez da ezker abertzalearena bakarrik, euskal gizartearena da. Ezin da hainbeste preso politiko izan hiru milioi ez dituen herrialde batean. Zerbaiten erakusgarri da, zerbaiten seinale. Soluzioa behar du. Presoak etxera ekarri behar ditugu. Euskal Herriko espetxeetara, eta etxera. Amnistia izena eman diezaiokegu, edo ez, baina prozesu baten ondorio, presoak etxera itzuli behar dira, eta modu duinean.

“Preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti”, Joseba Sarrionandiaren poema da.

Lagunek esaten didate espetxetik pasatu garenok badugula ukitu bat, handik pasatu ez denak ulertu ezin duena. Baliteke. Espetxeak aldatu egiten zaitu, nahitaez. Bizitzari buruzko bestelako ikuspegia dugu. Bestelako balioak dituzu. Saluri ere [Jabier Salutregi, Egineko zuzendaria] entzun diot, kartzelatik irten ondoren gehiago maite duzu jendea, gehiago baloratzen duzu, ezagutzen ez duzun jendearekin harremanetan jartzeko erraztasun handiagoa duzu.

Salutregi aipatu duzu, oraindik orain irten da libre.

Gure sumarioan zirenetatik Karlos Trenor eta Joxean Etxeberria geratzen dira barruan.

Egin ez da libre aterako inoiz. Betiko lurperatu zuten egunkaria, eta langile askoren bidea.

Zer esan zuten, bada, 2009an? Ez zutela itxi behar, horretarako arrazoirik ez zegoela. Baina hilda dago Egin. Zigor operazioa izan zen, Segiko gazteen kontrakoa bezalakoa. Absolbitu egiten dituzte. Ikusiko da zer gertatzen den Segura sarekadarekin, edo Herrira mugimenduaren kontrako operazioarekin. Zigor operazioak dira, Eginekoa izan zen bezala. Ez zegoen egunkaria ixteko arrazoirik, baina deserosoa zen, gauza asko agerian uzten zuelako, bestek esaten ez zuena esaten genuen. Ezker abertzalearen aurkako operazio politikoaren barruan itxi zuten Egin. Hura baino lehen, Herri Batasunako Mahai Nazionala epaitu zuten 1997an bertan. Edozer gauza egiteko gai sentitu ziren. Aznarren hitz haiek-eta. “Uste zuten ez ginela ausartuko!”. Edo Juan Mari Atutxaren 50 gramo amosal haiek, Euskadin egunero lehertzen omen zirenak, Egin adieraziz… Planifikatuta zegoen. Egin itxi eta gero, 18/98 makrosumarioa osatu zuten, eta haren barruan urtu zen Eginen auzia.

Teresa Toda Iglesia

1950, Porto Alegre (Brasil)

Espainiako diplomatiko zuen aita. Aitaren lanak agindurik, Txilen, AEBetan eta Ingalaterran bizi izan zen, harik eta bere-bere bideari ekin zion arte. Madrilen egin zituen Kazetaritza ikasketak, eta hantxe hasi zen Eginen berriemaile 1984an. Handik hiru urtera egunkari hartako langile zen eta mahaian zen Alcalako atentatua egin zutenean. Euskal Herrian dugu harrezkero, euskaraz. Madrilen ekin zion ikasteari, eta Eginen ari zela hasi zen AEKn. Kartzelan ere ez dio barkatu lantegi horri. Euskal presoen gizarte mugimendu Sareko bozeramaile da. Egineko zuzendariorde izanak aurten bertan hartu du lan erretreta.

Azken hitza:
Hil egin zuten

1993an egin zen Alcalako atentatuaren epaiketa: Angel Duce Espainiako polizia jo zuten hiltzaile, nahiz eta beste zenbait lagun ere zigortu zituzten. Duce espetxe baimenak lortzen hasi zen 1995ean, eta handik bi urtera hil egin zen, moto istripuan. “Hil egin zuten, hizketan hasita zegoen”, Teresa Todak noizbait esana.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude