ARGIA.eus

2020ko ekainaren 02a

Mehdi Ben Barka hau ez zen hain samurra desagerrarazten

  • Mende erdi igaro den arren, Secret d’Etat izaten segitzen du Parisen bezala Rabaten Mehdi Ben Barka politikari iraultzailearen hilketak. Habanan 1966ko urtarrilean egitekoa zen Tricontinental biltzarra prestatzen ari zela desagerrarazi zuten. Kubatik Vietnamera, Aljeria eta Sirian barrena, internazionalismo berri bat antolatzen ari zen.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2015eko azaroaren 29a
Argazki honek 1960ko hamarkadakoa izan behar du: Mehdi Ben Barka agerpen publiko batean hizlari. Mugimendu antikolonialen lider handia desagerrarazteko interesa askok zuten, hasi Frantziako agintarietatik eta Israel eta Hego Afrikakoetaraino, ahaztu gabe
Argazki honek 1960ko hamarkadakoa izan behar du: Mehdi Ben Barka agerpen publiko batean hizlari. Mugimendu antikolonialen lider handia desagerrarazteko interesa askok zuten, hasi Frantziako agintarietatik eta Israel eta Hego Afrikakoetaraino, ahaztu gabe Gerra Hotzean atzetik hariak mugitzen zituzten AEBetakoak.

Frantziak eta Marokok oraino ez dute aitortu nola bahitu eta hil zuten 1965eko 29an, argitu gabeko dossier zaharrenetakoa behar du izan. Charles De Gaulle zen orduan presidente Frantzian eta bere haserrea azaldu zuen publikoki jakin zenean bi polizia frantsesek bahitu zutela une hartan munduko politikagintzako izar distiratsuenetakoa zena.

Argitasuna agindu zuen De Gaullek baina egin ez, geroago Pompidouk, Giscard d’Estaingek, Mitterrandek.... eta Hollande arteko inork egin ez duen bezala. Zein egia deseroso ezkutatzen ote du kasuak?

Mende erdi geroago egiaren galdezka bildu dira Ben Barka affairea behingoz argitu dezaten eskatzeko hura bahitu zuten Lipp ostatuaren atarian, Parisko Saint Germain bulebarrean. Geroztik, Estatu Islamikoak burutako sarraskiekin arretu dira urak denbora luzerako Frantzian eta pentsa liteke gaia ohiko linbora itzuliko dela. Baliteke, hala ere, heldu den urtarrilean Tricontinental izan zenaren mende hurrenarekin ostera aipatzea askapen mugimenduen urrezko aroan erreferentzia nagusietakoa izan zen Ben Barkarena.

Afrika, Asia eta Latino Amerikako herrialdeen Habanako biltzar Tricontinentalaren prestaketan ari zela desagerrarazi zuten Ben Barka. Habanarako Basta izeneko film dokumentalaren prestaketa lanetan ere ari omen zen. Ordurako Marokoko Hassan II.ak heriotza zigorra ezarria zion, haren asmo neokolonialistei aurre egiten zielako. Lipp jatetxean –filmarena amua baizik ez zen– bi polizia frantsesek atxilotu eta eraman zuten. Geroztik gertatua ez dute erabat argitzerik lortu bata bestearen atzetik kasua eskuetan eduki duten 10 epailek.

Egiaren atal inportanteak jakin ahal izan dira, ordea, urteotan. Ez dira gutxi hartaz plazaratutako liburu eta dokumentalak. Frogatuta dago Hassan II.aren barne ministro Mohamed Oufkir pertsonalki Parisen zela, laguntzaile zuen Ahmed Dlimi koronelarekin batera. Oufkir, geroago Hassan II.aren kontrako estatu kolpea saiatzean hil zutena, Frantziako epaileek bizi osorako espetxez zigortu zuten, bahiketan inplikatuta zegoelakoan. Baina Oufkir Marokon.

Ikusi gizon hura akabatzeko antolatutako konplotaren neurria. SDECE zerbitzu sekretu frantsesak aurretik zekien planen berri eta ez zuen bahiketa eragotzi. Operazioan parte hartu zuten eskuin muturreko bi gaiztaginek ere –bata gero GALen ekintzetan arituko zen– eta biak hil ziren beranduago Marokon. Parisko prefeta Maurice Papon Vichyko erregimeneko gizona zen, eta hau ere jakinaren gainean zegoen.

Frantsesek Ben Barka Oufkir barne ministroarekin eta Dlimi koronelarekin batera –hau ere urte asko geroago Hassan II.ak hilaraziko zuen– Parisa egun haietan iritsitako agente marokoar talde bati entregatu zioten. Zantzuak badira Hego Afrika eta Israelgo zerbitzu sekretuek ere parte hartu zutela diotenak.

Asko ziren, nonbait, Ben Barkak esku artean zekarren nazioarteko operazioa nola edo hala jaio aurretik ito nahi zutenak.

Hassan II.aren esku luzea

1920an Rabateko medinan sortua, umetatik ikasle bikaina, matematiketan eta ekonomian diplomatu ostean Istiqlal alderdi nazionalistaren lidergoan oso gazterik nabarmendu zen. 1951n agintari kolonialek Atlas mendien hegoaldera erbesteratu zuten. Askatasuna 1954an berreskuratuta, independentziaren aldeko borrokari ekin zion berriro, antikolonialismoari baserritar txikien aldeko landa eremuaren erreforma gehituta.

1956an uko egin zion gobernu berrian parte hartzeari, Istiqlal alde batera utzi eta laster egin behar izan zuen berriro ihes Marokotik. 1962an Hassan II.ak  –Espainiako Juan Carlos I.ak “nire anaia” eta presidente frantsesek “gure laguna” deitzen zutenak– berriro deitu, berriro ihesera behartu… 1964an, bera gabe egindako epaiketan, heriotzara kondenatu zuten, Marokoren eta Aljeriarren arteko gatazkan honen aldekoegia zela argudiatuz.

Baina, berrikitan Omar Benjelloun abokatuak Le Monde Diplomatiquen kontatu duenez (Ben Barka, un mort à la vie longue), Hassan II.aren jauregiaz gain munduko leku gehiagotan ere bazituen etsaiak. “Ben Barkak nahi zituen nazionalismoaren hesia gainditu eta marokoarren borroka zabaltzea ikuspegi unibertsal batean. Planeta zeharkatuz iraultzaren mezulari nekaezina bailitzan, kontinente batetik bestera ibili zen bera hiltzeko hainbat ahalegini eskapo eginez”.

Horrela ikusi zen Ben Barka Kairon inperio zaharrek teorian alde egin eta gero ere ezarrita zegoen neokolonialismoaren kontra hitzaldi beroak ematen. Hurrengoan Moskura joango zen eta hemendik Pekinera, txinatarren eta sobietarren arteko liskarrak baretzeko ahaleginean, ondoren Damaskora itzultzeko naserista egiptoarren eta baazista siriarren artean bakeak egiteko.

1960eko hamarkada hasiera. Magreben bezala Ekialde Hurbilean indarrean zebiltzan mugimendu aurrerazaleek ez zuten antza izpirik gero haien garapenetik  sortutako erregimenekin. Areago, Ben Barkak bere gain hartu zuen Afrika eta Asiako Herrien Elkartasunezko Erakundea (OSPAA frantsesezko sigletan) Latino Amerikako mugimendu berrietara zabaltzea.

Ernesto Che Guevarak Aljerren izandako elkarrizketa luzeen ondoren Ben Barka proposatu zuen urrats berri horretarako buru: 1966ko urtarrilean Habanan solemnitatez sortuko zen Tricontinental biltzarraren lider.

Ben Barka ez zen iritsi Habanara baina bera gabe ospatu zen Tricontinentala, ondoren sortzeko OSPAAAL erakundea, Ginea, Kongo, Hego Afrika, Angola, Vietnam, Siria, Ipar Korea, Palestina, Kuba, Puerto Rico, Txile eta Dominikar Errepublikako ordezkariekin.

Ez zen Ben Barka izan Tricontinentalaren operazioaren inguruan garbitutako lider bakarra. Bera bezala, AEBetatik prestaketa lanetan aritu zen Malcolm X Pantera Beltzen burua ere tarte horretan hil zuten. Beste buruzagi ezagunak ere asasinatuta erori ziren: Gineako Amilcar Cabral 1973an, askapen mugimenduentzako azpiegitura sareak antolatzen zituen Henri Curiel egiptoar frantsestua 1978an...

Dio Omar Benjellounek gaur Marokon denek bereganatu nahi dutela Medhi Ben Barkaren oinordekotza, erregetzak haren izenari kaleak eskainiz, islamistek sistemaren kontrako haren suharra aldarrikatuz. Baina, gezurra dirudien arren, benetan haren heriotzari buruzko informazioak sekretupean jarraitzen du.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Internazionalismoa

Internazionalismoa kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2015eko azaroaren 29a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude