"Bizitzen ari garen aldaketa interesgarrienetako bat da bizitzaren politizazioa"

  • Irakaskuntza, idazketa, seme-alabak eta pentsamendu praktiko, kritiko eta kolektiboa dira Marina Garcés filosofoaren egiteko nagusiak. Zaragozako Unibertsitatean irakasle, urteak daramatza Bartzelonako aktibismoan, beti ere adi, gizakion arteko derrigorrezko loturak zertan diren. Ez alferrik, gure askatasun pertsonal eta kolektiboa hor jokatzen baita.

“Gakoa da deskubritzea elkarri lotuta gaudela, eta ondorioz konprometituta”.
“Gakoa da deskubritzea elkarri lotuta gaudela, eta ondorioz konprometituta”.Nuria Juan Serrahima

Zein dira gaur egunean filosofiak erantzun beharko lituzkeen galderak?

Filosofiak beti galdera berdinak egiten dituela esan ohi da, eta egia da. Baina galdera berdinek gauza diferenteak esan nahi dituzte testuinguruaren arabera. Gaurkoak badu errotik berria den osagairik: hasteko, Europako kontzientzia jada kontzientzia unibertsala ez den mundu batean bizi gara. Eta filosofiak betiko galderak pausatu behar ditu, baina beste batzuekiko harremanean, galdera horiek bestela pentsatu dituztenekiko harremanean. Gero, ez dezagun ahaztu gure garaiko gairik behinena: ez bakarrik mundu global batean, planeta akitu batean ere bizi gara. Hartara, nola bizi, nola pentsatu, nola jardun bezalako galdera sinpleak esperientzia berribilakatzen dira. 

Osagai horiek ekarri dute filosofia eztabaida publikoan gehiago sartu izana?

Batera gertatzen ari da, batetik, filosofiaren krisi instituzional bat: akademizazioak ez die gure garaiko desafioei erantzunik ematen, filosofia bere baitan itxi da, merkatuak kanporatu egin du hezkuntza sistematik. Eta, bestetik, filosofiaren edo pentsamenduaren biziberritze sozial bat gertatzen ari da. Bizi dugun zibilizazio krisiak galdera garrantzitsuak bilatzeko ezinegona dakar, denbora-pasa orokorrean ez galtzeko. Filosofiaren eskaera bat dago, inporta duena pentsatzeko beharraren sintoma dena. 

Akademia aktibismoarekin uztartzen duzu, hartara.

Filosofia bizitza jardun bat da niretzat: pentsatzen da biziz eta bizitzen da pentsatuz. Filosofia ekintza esperimental bat da halaber, jartzen gaitu garenaren, dakigunaren, pentsatzen dugunaren mugan, eskaintzen dizkigu tresna batzuk bizitza esperimentatzeko. Eta filosofia niretzat konpromiso baten adierazpena ere bada, hodeietan bizi den filosofoaren ideiatik urrun, beti izan da kolektibitatearekin dagoen konpromisoaren adierazpena. Filosofia ez da onanista, jaiotzen da elkarrizketa, interpelazio, topagune gisara. Eta hainbat eremutatik egiten da. Nire kasuan, irakaskuntza, aktibismo eta esperimentaziotik.

Zuk esana: pentsatzen da eta mundua eraldatzen da bazkaria egin bitartean. 

Filosofia jasaten ari den asfixia, bizitzarekin kontaktua galtzetik dator. Gure gizartean espazio publiko eta pribatuaren arteko mugak lausotzen joan dira. Tradizio luzea dauka banaketak: hitza bizitza publikoan, gure produkzio, erreprodukzio, lan, ohiko bizitzaren eremuetatik kanpokoa da; eta etxea, aldiz, espazio pribatua, kontzientzia indibidualaren, bizitza pribatuaren eremua. Bizitzen ari garen aldaketa interesgarrienetako bat da bizitzaren politizazioa, bizitzatik pentsatzen ari garela.

Hala sortu dira subjektu berriak, kartografia berriak, gramatika berriak.

Feminismoan gehien eragin duen gauza bat da, ez hainbeste eskubide eta errebindikazio maila batzuk lortu izana, baizik eta aldatu izana subjektu politiko gisa geure burua ulertzeko modua. Lehen lerroan jarri da etxeko pareten barruan baztertua izan dena, zaintza, interdependentzia, zaurgarritasuna, gorputzaren, hitzaren eta pentsamenduaren arteko harremana. Akzio politikoa ez dago instituzioetan soilik, baizik eta bizitzan, hitzaren zentzurik biluzienean.

Diskurtso propioari garrantzia ematen diozu. 

Arazoak jartzen dituenak aurkitzen ditu soluzioak. Politika erreaktiboa, protestaren kultura, garrantzitsuak dira. Baina bakarrik erantzuten bazaio botereak egiten duen horri, botereak beti izango du errealitatea sortzeko gaitasuna. Agenda aldaketa ez da programa aldaketa bat, arazo aldaketa baizik. Zein dira gure garaiko arazoak, benetan inporta digutenak. Politika beste gauza batzuk egiten has badaiteke, desplazamendu hori egin beharra dago.

Eta denok konprometituta gaude bizi garen munduarekin.

Munduari begiratzen dion subjektu bat jaso dugu herentzian, esku-hartzea, eraldatzea, iraultza egitea erabakitzen duena. Konpromisoa, beraz, ekintza boluntarioa litzateke, baina beti kanpoan dagoen zerbaitekiko. Gaur horrek ez du zentzurik. Egiten ari garen desplazamenduan, deskubritzen ditugu gure arteko dependentziak, loturak, harremanak, singularra baina era berean plurala den subjektu bat. Belaunaldi berriei gertatu zaie, zergatik konprometitu honekin eta ez beste honekin. Gakoa da deskubritzea elkarri lotuta gaudela, eta ondorioz konprometituta.

Ez gara ezer besteak gabe; baina nola egin bizitza komun hori?

Ezin gara gelditu gertatzen zaigun horri buruz hizketan: hitz egin behar dugu gertatzen zaigun horretatik. Eginez bakarrik lor daitezke munduarekin harreman ez hain birrintzaileak eta justuagoak irekiko dizkiguten hitzak, teoriak, ilusioak. Eta “nola” horrek erantzun asko dituen momentu batean bizi gara.

Intelektuala

Aldaketa soziologiko inportante bat bizitzen ari gara: tradizionalki, intelektualaren figura klase eta genero kondizio bati lotuta zihoan, lanetik liberatutako figurak ziren, etxeko lan eta erreprodukzio lanetatik liberatutakoak. Orain, pentsatzen eta idazten dihardugun pertsonak prekarioak gara, gizon-emakumeak, bizitza materialarekin erlazio zuzena duen erregimen batean bizi garenak. Bere hitz askearekin agertzen zen intelektualarengandik oso urrun, gaur gure hitza ez dago aske, ez ekonomiarekiko mendekotasunetik, ez etxeko bizitzarekin edota bizitza materialarekin dugun tratu zuzenetik. Eta dena aldatzen du horrek. Tendentziak aldatu direla esaten da, baina ez, pentsatzen dugun lekua da aldatu dena. Eta gaur hortik ari gara pentsatzen, leku hartzen, konprometitzen, kolektiboki bizitzen.


ASTEKARIA
2015eko azaroaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
Amador Fernández-Savater. Filosofia pirata
"Gure gizartean desira gutxi dago, eta obedientzia asko agindu neoliberalei"

Martxoaren amaieran Donostiara etorri zen Amador Fernández-Savater bere liburu berria aurkeztera: Capitalismo libidinal [Kapitalismo libidinala]. Bisita labur batek mami handia izan dezake. Madrilera itzuli aurretik elkarrizketatu genuen, harilkatuz politika,... [+]


Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Gorputzaren konkista

Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.

Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit... [+]


Eguneraketa berriak daude