ARGIA.eus

2021eko apirilaren 22a

Mezuak eta errimak batzen

  • Sua zaintzen

    Glaukoma ta Bad Sound

    Bonberenea Ekintzak, 2015

Joxi Ubeda Goikoetxea
2015eko azaroaren 08a

Glaukoma eta Bad Sound System taldeak lagunak dira, anaiak. Bien artean bi abesti sortu dituzte eta bi abesti horiekin osatu dute Sua zaintzen lana. 10 hazbeteko binilozko disko bat da (alde bakoitzean kantu bat), baina bi kantuak CD batera ere bildu dituzte. Beraz, Sua zaintzen lana eskuratzen duenak biniloarekin batera CDa eskuratuko du.

Glaukoma taldeko kideak Tolosakoak, Donostiakoak eta Irungoak dira. Asier Arandia (baxua) eta Juantxo Arakama (ahotsa) tolosarrak, Jokin Albisua eta Iker Pando gitarra jotzaileak donostiarrak, eta Pablo Rubio (bateria) irundarra. Tolosan entseatzen dute. Selektah Stepi eta Moro, Bad Sound taldeko bi kideak berriz, Irungoak dira.

Musika egiteko garaian bi taldeen ikusmoldeak ez dira berdinak, baina bai osagarriak, diskoko bi abestietan antzeman daitekeenez. Emaitza ederra da: Glaukomaren eta Bad Sound System taldeen ukituez landutako eta burututako bi reggae-hip hop-dancehall abesti. Bi taldeak elkarrekin lan egiten ederki moldatzen direla nabarmena da, eta oso ongi pasatzen dutela. Giro eder horren ispilua dira diskoko bi kantuak. Elkarlanean aritu dira, indarrak batu dituzte eta elkar aberastu dute.

“Urtetako harremana daukagu eta bi taldeen artean kantu pare bat grabatzea erabaki genuen”, Juantxo Arakamaren hitzetan. “Esperimentatzeko gogoa geneukan, bi taldeak batu eta ea zer ateratzen den ikustea. Oso gustura egindako lana izan da, eskuz, eta gustu eta mimo handiz. Guretzat gutizia moduko bat izan da, gozoki bat”.

Ekoizpena ederki egina dago, eta doinua indartsua da. Erritmoek eta melodiek berehala harrapatzen zaituzte eta gorputza oharkabean mugitzen hasten zaizu. Moldaketak ederki eta neurrian eginak daude, eta hitzak eta errimak oso ongi landuak daude.

Batak bestetik abestiaren oinarria Glaukomak egin du eta Bizitzaren antzerkia abestiarena Bad Soundek. Lehen kantuan bi taldeek nola elkar ezagutu zuten kontatzen dute: “Bi gera bat, bata besteari lotuta erabat; zutik biak bat!; bihotzez elkarri laguntzen, errimak errima sentitzen, mezu ta errima batzen, hotzai beroa jartzen; bakarrik sentitzen diren gizon ta emakumeentzat reggaea!”. Bigarren kantua kritikoagoa da, egungo egoeraren inguruan hitz egiten du: “Argia iparrik gabeko gazte onei ta sua egia zor diguzuten hoiei; zapaltzen gaituztenak anker portatzen dira; zenbat negar bizitzaren antzerkian?; askatu neska, mutil, gizon ta emakume guztik!”.

Lana aurtengo udaberrian osatu dute. Batak bestetik kantuaren grabazioa eta nahasketak Karlos Osinagak egin ditu Bonberenean. Bizitzaren antzerkia kantuaren grabazioa Selektah Stepik egin du Gua estudioan, Irungo Mosku auzoan, eta nahasketak Maikelek Mik estudioan, Beran. Bi kantuen masterizazioa Karlos Osinagak egin du Bonberenean, diseinuaz Punker (Rebel Sounds) arduratu da eta maketazioaz Imanol Urizar. Grabazio saioetan Glaukoma eta Bad Sound taldeetako kideez gain Aitzol Moneo (tronboia) eta Ander Altuna (tronpeta) aritu dira.

Sua zaintzen lana aurkezteko bi taldeek elkarrekin hainbat emanaldi egingo dituzte: Arrasateko gaztetxean urriaren 29an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan urriaren 30ean, Tolosako Bonberenea etxean urriaren 31n, Bilboko Stage Live aretoan azaroaren 13an eta Iruñeko Akelarre aretoan azaroaren 14an. Batak bestetik eta Bizitzaren antzerkia kantuak ez ezik, Glaukoma eta Bad Sound System taldeen hainbat kantu elkarrekin joko dituzte. Emanaldi bereziak izango dira, dudarik gabe. n

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Diskoak

Diskoak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2015eko azaroaren 08a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude