Krabelinaren itzala

IBERIAR PENINTSULA lurrikara txikia bizitzen ari da asteotan eta Europan begi asko jarri dira hona begira. Irailaren 27tik Kataluniako prozesuak hartu duen abiada hor da eta orain Portugalen izan berri diren hauteskundeetan bertako ezkerreko indarren aliantza eman da hango eskuinak gobernuan jarraitu ez dezan. Abenduaren 20an, halaber, hauteskunde orokorrak izango dira Espainian eta Podemos fenomenoari duela urtebeteko indarra ikusten ez bazaio ere, oraindik inork ez daki zer gerta litekeen.

Euskal Herrian vinho verdea, jatetxe merkeak eta Grandola Vila Morenaren herrialdea da atlantikoko mendebaldekoa, edota hango immigranteak azken hamarkadatan hainbatetan bidali dituena. Hortik aurrera arreta gutxi Portugali, autoz 4-5 ordutan bertan bagaude ere. Fisikoa baino distantzia bestelakoa da.

Greziaren ondoren austeritatearen gerrikoa gehien estutu behar izan duen Europako herrialdea da 1974an krabelinen iraultza egin zuen hura. Hori da azken hamarkadetan Espainiarekin alderatuta izan duen aldaketa handienetakoa: han iraultza batekin iratzartu ziren diktaduratik, Espainiak diktaduraren triskantzak estaliko zuen trantsizioari ekin zion bitartean. Mario Soaresen sozialdemokraziak lortu zuen ezkerreko iraultzaileen norabidea bideratzea, hango sozialismoa sozialdemokrazia bihurtuz eta sozialdemokrazia mozorrorik gabeko eskuina.

Koalizioan aurkeztuta alderdi sozialdemokratak (PSD) eta kontserbadoreek (CDS) irabazi zituzten urriaren 4an parlamentua hautatzeko egin ziren hauteskundeak,   baina ez gehiengo osoz. Horra kalapita. 107 boto eskuinak eta 122 ezkerrak (PS, Ezkerreko Blokea eta PCP). Alderdi Sozialista atera da garaile nabarmen hauen artean (1,74 milioi boto, boto guztien %32,4), eta gehien hazi den alderdia Podemosen antz handiena duen Ezkerreko Blokea da (551.000 boto eta %10,2); komunistek 446.000 boto lortu dituzte, botuen %8,3.

KONTUA da inork gutxik espero zuela PSk Blokea eta PCPrekin bat egin zezakeenik, baina gertatu egin da eta joan den astean hiru indarrek Eduardo Ferro Rodrigues PSko ezker hegaleko buruzagia hautatu zutela Legebiltzarreko lehendakari. Gobernua osatzeko borondatea ere agertu dute ezkerreko hiru indarrek, baina Cavaco Silva (PSDkoa) Errepublikako lehendakariak PSDko Passos Coelo izendatu du Gobernuko lehendakari parlamentuko gehiengoaren aurka. Hau da, eskuindarrek ezingo dutela ezer aurrera atera Legebiltzarrean eta jarduneko gobernua izango dela datorren urtarrilera arte, Errepublikako lehendakaria hautatzeko hauteskundeak egin arte. PSko edo ezkerreko kontsentsuko lehendakari bat ateratzen bada, PSko gobernu lehendakari bat hautatuko da eta Portugalek austeritatearen aurkako borrokari ekingo dio, Blokea eta komunistak ezkerrera tiraka eta PS sozialdemokrazia klasikoari eutsi nahian. Lehendakari eskuindarra gailentzen bada, kohabitazio egoera korapilatsua sortuko da, honek nekez izendatu ahalko baitu berriz gobernu lehendakari eskuindarra. Baina filmaren zati hori nekez aurreikus daiteke orain.

IKASGAIRIK? Batzuk bederen izan daitezke: bat, PCPk ikusi du hobe dela saiatzea ezkerreko indarren artean Troikari aurre egitea, eskuinak Troikarena nahieran inposatzen jarraitzea baino. Bi, PSk ere nahiago izan du Portugaleko Syrizarekin bat egitea, epe ertainera PASOK izan baino. Hiru, Grezian gertatutakoa ikusita ezkerreko aliantzak nekez jokatuko du Syrizak bezala, Bruselari hain zuzenki aurre eginez. Eta lau:     horrela jokatuta, borrokatu nahi duen austeritateari aurre egiteko tarterik bada?

Inork ez daki, baina Greziakoaren ondoren, badirudi EBko ezkerreko indarrek, gobernuetara iritsita ere, Bruselarekiko konfrontazio zuzena saihestuko dutela. Euren herrialdetako gudu handiak irabazi ondoren, aliantzen bidez Europar Batasuneko politikak aldatzea izan liteke geratzen den bideetakoa. Bidea bakarrik egitearen alternatiba gogorra da: hau da, herrialdea eurogunetik ateratzeko baldintzetara prestatzea, edozein herrialdetan beldurra eragiten duen alternatiba, baita ezkerreko populazioaren artean ere.

Egoera gaitzen aurrean, nola eutsi, beraz, amets egin gabe? “Herria da gehien agintzen duena /Edozein txokotan, lagun bat / Aurpegi bakoitzean, berdintasuna...”.


ASTEKARIA
2015eko azaroaren 01a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Portugal
Eskuinak irabazi ditu Portugalgo hauteskundeak, eta eskuin muturrak emaitzak laukoiztu ditu

Eskuin muturrak elkarrekin gobernatzeko gonbita luzatu dio eskuinari. Luis Montenegro irabazleak adierazi du hauteskundetan egindako promesari eutsiko diola, eta bakarrik gobernatuko duela. Alderdi Sozialistak gainbehera handia izan du.


Tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek Portugalen

Mas Vivienda programaren parte dira neurriak, “etxebizitzarako sarbidea errazteko” asmoz hartuak. Besteak beste, %15eko tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek eta etxeen erosleentzat bidaiatzeko urrezko bisa murriztuko du.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


Eguneraketa berriak daude