"Argazkia ateratzen dudan unean hustu arte negar egiteko eskatzen dit gorputzak"

  • “Entregatu nizkizun armak eta zuloak non neuzkan aitortu...”

Dani Blanco

Fotokazetaria.

Fotokazetaria izateak lege batzuk onartzea dakar: ezin duzu argazkitan ateratzen duzunaren testuingurua manipulatu, ezin duzu ez ezer ezabatu ez ezer erantsi, subjektuarekin hitz egitea dagokizu, argazki oinak zehaztea... Ikuspegi propioak gidatutako zintzotasun ariketa da. Testu bat idazterakoan, izenondoak hautatzen dituzu, nondik eta nola ekin erabakitzen, esapideen artean aukeratzen. Parean eta buruan dudanari zentzu bat emanez, gauza bera egiten dut nik argazkiekin. Argazkilaritzari historikoki egiaren indarra aitortu zaio, aurrean duguna izozteko gaitasuna, baina ez, argazkilaritza ez da egia. Egia kopuru bat dauka, egia faktore bat, baina argazki baten atzean beti dago ikuspuntu bakar bat. Nik erabakitzen dut non zer enfokatu, nik erabakitzen dut noiz egin klik. Ni naiz makina tekniko bati aginduak ematen dizkiona. Argazkilaritza objektiborik ez dago, testu objektiborik ez dagoen gisan. Karretea objektiboa dela? Kodak edo Fuji ala kolorea edo zuri-beltza hautatzen duzun momentutik markatzen duzu ikuspegia, eta gainera, egun photoshoparekin egin daitekeen guztia egin daiteke laborategian. Analogikoak zein digitalak izan, argazki guztiak dira subjektiboak. Hala, ukituak gure izenondoak dira.

Non dago sinesgarritasuna?

Zintzotasunean. Beti defendatu dut argazkilaritza subjektiboa dela. Beti esaten dut nik hautatu dudala zer enfokatu eta noiz egin klik, baina argazki horri ez diodala ez ezer kendu, ez ezer erantsi. Gauza bat da nire begien aurrean gertatu dena eta nik helarazi nahi dudan mezua bestea. Zintzotasun osoz egiten dut lan, zintzotasun osoz heldu nahi dut jendearengana, eta argazkilaritza objektiboa ez dela jakin arren, erabateko zintzotasun horri esker ematen dio jendeak sinesgarritasuna nire lanari. Arraroa da, argazkiak baino manipulazio gehiago onartzen ditu testuak baina albisteek kutsu objektiboa mantentzen dute oraindik. Argazkilariok, aldiz, etengabe borrokatu behar dugu gure sinesgarritasunaren alde, eta hori argazkilaritza subjektiboa eta gure zintzotasuna aldarrikatuta egiten da. Argazki bat zuri-beltzean atera badut esan nahi dudana indartzen duen estetika bat delako da, ez mundua zuri-beltzean ikusten dudalako.

Zer da argazki on bat?

Argazki on bat begietatik sartu eta buruan iltzatzen den irudi bat da. Gure burmuinak ez ditu bideo sekuentziak gogoratzen, irudi kateak dira tatuatuta geratzen zaizkigunak. Robert Capa-ren milizianoaren argazkia aipatzen badizut berehala etortzen zaizu irudia gogora. Gure baitan oihartzuna duten irudiak oroitzen ditugu, gugan zerbait pizten duten txinparta bat daukatenak. Horregatik da sentimendua komunikatzeko bidea. Argazki bat ateratzen dudanero, ikusten dudanarekin zein argazki hori ikusiko dutenekin enpatizatu behar dut. Ezin dut ahaztu gure jendartean irudiarekiko dugun jokaera. Inoiz hegazkin bat ikusi ez duen Amazoniako tribu bati hegazkin baten argazkia erakusten badiot ez du zuk bezala erreakzionatuko. Ez da gauza bera hilotz baten argazkia haur bati edo heldu bati erakustea. Argazkietan kamera hau eskuetan agertzeak ez dauka esan-nahi bera argazki munduko batentzat edo publiko orokorrarentzat. Kodearen jabe izan behar naiz, ezin dut kultura hori erantzi. Horregatik, ez duzu inoiz argazki on bat jendarte osoarentzat egiten, jendartearen zati batentzat baizik, zu parte zaren jendartearentzat.  

Hilotzak aurrean, odol usaina bazterretan, tiro-hotsak non-nahi... Halakoetan ez al da enpatia baino gehiago behar argazkiak ateratzeko?

Ni ez noa frontera zaurituak artatu edo tiroketa bat badago ospa egiteko. Nire lanak ez luke ezertarako balioko. Senari kontra egitea dagokit, burua hotz mantendu eta nire begi-bistan gertatzen ari dena islatzea. “Zertara etorri naiz hona?” bezalako gogoetak aurrez egin behar dira. Badakit gure jendartean hilotzak makilatuta eta hil-kutxetan agertzen direla. Badakit lurrean sakabanatutako gorpu zikinek krak egingo dutela gugan, eta zergatik ukatu, talka horren bila nabil. Enpatiaz mintzo naizenean, garbi dago ezin dudala hilotz batekin enpatizatu, baina bai argazkia ikusiko duenarekin. Enpatiatik iristen da gogoetara. Horregatik erabiltzen dut zuri-beltza odola dagoenetan ere. Ez dut odolaren gorria ikusterik nahi. Nahiago dut koloreak dakarren informazio sorta kendu eta momentuko espresioa azpimarratu.

Zure begiek odola gorri ikusten dute, ordea. Nola kudeatzen da hori?

Momentuz ondo daramat. Hona itzultzean pribilegiatua sentitzen naiz. Ederra da etxetik tabernara atzera begiratu gabe etorri ahal izatea. Familia eta lagunen babes handia dut, gainera. Hori bai, ez diet zer pairatu eta zer bizi izan dudan esaten, alde umoretsua soilik kontatzen diet. Ezkutu bat da hori niretzat. Beldur naiz, ordea, ofizioan jarraituz gero, esperientziak nire baitan berun zatiak bezala gordeko ote ditudan. Beruna oso material pisutsua da, gure gorputzak arnasten du baina ez da kanporatzeko gai. Hala, pixkanaka, hortzak erortzen zaizkizu, giltzurrunetatik eta gibeletik berun hori kanporatu ezin duzun unea iristen da eta... hil egiten zara. Lankideek frontean bizi izandakoa beruna dela esaten didate, hastapenean ez zaituela kaltetzen, baina kanporatu ezina datorkizunean pott egiten duzula. Oraingoz, nire amesgaiztoak izaten ditut, izerdi hotzez blai esnatu izan naiz, baina berehala pasatzen zait. Hala ere, argazkia ateratzen dudan unean hustu arte negar egiteko eskatzen dit gorputzak. Zotinka hasi arte isurtzen ditut malkoak. Hori da beruna kanporatzeko nire arma. Horri esker, hona iritsi eta barre baizik ez dut egiten.  

Argazki on bat ateratzeko edozertarako prest zaude?

Denak ez du balio. Argazki bat egiteagatik hilko nautela jakingo banu ez nuke aterako. Heriotzari beldurra diot, sufrimenduari izua. Argazki batek ez du nire bizia edo nire sufrimendua balio. Hori jakinda jarraitzen dut egiten dudana egiten. Saharan, manifestazio batean argazkiak ateratzen ari nintzela, nire aurrean zihoan 18 urteko gazte bati mina bat lehertu zitzaiolako hasi nintzen lan honetan. Haragi sarraski bat zen hanka hura. Laguntzera hurbildu nintzaion, ateratako argazkiak Gara-n zein Paris Match-en argitaratu ziren eta Danimarkako GKE batek ikusi zituen. Argitalpen horietako sosekin Danimarkarako txartela ordaindu nion gazteari bertan sendatu zezaten, eta gaur da eguna Dajlako kanpamentuan oinez dabilena. Sinetsi egin nuen argazkiei esker zerbait lortu nezakeela. Ordutik hona, ordea, ez dut beste ezer lortu, baina ez dut esperantza galtzen. Badakit nire argazki batek ez duela gerrarik etengo, baina pertsona bakar baten sufrimendua arintzeko balio badu, ni prest. Horregatik ere saiatzen naiz ahalik eta zintzoen informatzen. Ez naiz gerratik bizi, ez naiz parakaidista.

Ez zara gerratik bizi, ez zara parakaidista, baina gerran bahitu zintuzten.

Hasieran ez genekien zeintzuk ziren. Zuk dakizuna da bahituta zaudela eta horrelako tokietan bahiketak luze jotzeaz gain gehienetan ez direla ondo bukatzen. Nortzuk diren eta zer nahi duten jakiten duzunean larritu egiten zara, dena bukatu dela pasatzen zaizu burutik, arrisku bat ez duzula behar bezala baloratu, aurreregi joan zarela. Zorionez, ordea, azkar eta ondo bukatu zen gurea. 12 ordu izan ziren. Dena den, ez zait horri buruz hitz egitea gustatzen. Nire guraso eta ingurukoei ez diet alde krudel eta estresantea kontatu. Anekdota dibertigarriak baino ez: txizagurea genuenean egiten genuena, estropezu egin nuenekoa, ondokoaren zurrunkak... Gainontzekoa ez dut kontatu nahi, ez luke ezer ekarriko. Bahiketak inguruan neukan lasto pila kendu eta aurrean nituen benetako loreak ikusten lagundu dit. Frontera itzultzeko esperientzia eman dit, argazki batek ez duela nire bizia, askatasuna edo osasuna merezi oroitarazi. Orain eskuineko begiarekin enfokatzen dut baina ez dut ezkerrekoa ixten.

Ni naiz argazki batzuk ikustean begi biak ixten dituena. Non dago pornografiaren muga?

Hilotzez, tripez eta odolez jositako argazkiak ateratzen ditut, bertan nagoelako, eta batez ere, zentsura gero datorrelako. Haur bat tripak airean agertzeak zer ekartzen dio nire lanari? Ezer ez, morbo hutsa da, indarkeria pornografikoa, eta argazkien zilegitasunaz galdetzera narama. Alepon atera ditudan argazkietan hilotz gutxi ageri direla esaten dit jendeak. Frankotiratzaileen etorbidean hilotz ustelduak klikatu ditudala erantzuten diet nik. Hor testuinguru bat dago, ordea: morteroek zibilak ere hiltzen dituzte eta hilotzak ezin erretiratuta dabiltza. Zenbat aldiz ikusi ditugu Gaza-ko umeak bururik gabe, hilotz? Nire ustez hor ez dago ekarpenik, biolentzia hutsa da, ez nik adierazi nahi dudana. Libian ateratako argazki batzuk hain dira gogorrak ez dizkiedala inori erakutsi. Errealitatea ezkutatzea leporatzen didate, baina nik ez dut errealitatearen zati hori agertu nahi. Gerran bonbak lehertu eta sarraski humanoak gertatzen direla suposatzen da, ez dago esplikatu beharrik. Anabasa da gerra, bortizkeria anabasa. Bertan egonda ere, oso zaila da jendearen goxotasunetik krudelkeriarainoko eraldaketa ulertzea. Horregatik diot gatazka guztiak ez direla gerrate, baina gerrate guztiak direla gatazka. Noiz hasten da gerra? Noiz bukatzen? Jugoslaviako gerra bukatu da? Hemen oraindik gerra zibileko kontuez ari gara hizketan. Nik ez dakit nire osaba bat non dagoen. Zer da hori gerrate baten ondoriozko gatazka ez bada?

Gatazka batzuk besteak baino agerikoagoak dira, alta. Nork erabakitzen du zer den albiste?

Medio handiek. Ez dut uste Amerikako Estatu Batuek edo Europar Batasunak zuzenean medioetara gai-ordena bidaltzen dutenik, baina gure ongizatea eta eguneroko erosoa kolpatzen duten gertaerak dira albiste. Estatu Batuak Iraken zeudenean egunero hitz egiten zen horri buruz. Joan zirenean, hildako kopurua bikoiztu egin zen, baina albistegietan arrastorik ez. Oraintsu arte Sirian baino hildako gehiago zegoen Iraken, baina Siria zen notizia. Zergatik Siria? Gune estrategikoa delako, goxoki handi bat gure agintarientzat. Orain Siria entzun eta errefuxiatuak etortzen zaizkigu gogora, baina noiz hasi gara errefuxiatuez hitz egiten? Greziara iritsi direnean, gure ongizatea eta erosotasuna kolokan sentitu ditugunean. Nork daki orain Europara baino askoz errefuxiatu gehiago iristen dela urtero Hegoafrikara edo Boli Kostara?  

Negozio bat da dena. Agentzia batek ez du sekula Boli Kostara inor bidaliko. Badaki “hori guri bost!” erantzungo diotela medioek. Egongo da kazetari bat hori guztia jasotzen ari dena, baina oso esparru mugatua izango du, ekonomikoki sekulako zailtasunak... Ekonomiari erreparatzea eta ardi izatea bereizi behar ditugu, ordea. Ardi izateari uzteko garaia da. Jakina Europara ihesi datozen errefuxiatuen istorioa kontatu behar dugula, baina nork daki ezer Mozambikeko ikatzaren exilioaz? Ikatza ateratzeko estatu oso bat ari dira mugitzen, jendea zabortegietara kondenatzen dute, baina guk ikatza nahi dugunez ez da inon horren berri ageri. Ni kuriositateak mugitzen nau. Medio batek gutxieneko soldata ziurtatuko balit ezkontzak eta abarrak utzi eta hegan joango nintzateke ezkutuko istorio horiek jorratzera. Baina ez da posible, ez dut horretarako prest dagoen mediorik ezagutzen. Hala ere, ez nuke agentziekin orain arte bezala kolaboratu nahi. Badakit horrek ate asko itxiko dizkidala, The New York Times-eko azalak bukatu direla, baina lan hau bokaziotzat dugunontzat ez da zereginik falta.

Nortasun Agiria

Andoni Lubaki. 1982an Urretxun sortutako fotokazetaria. Saharan, Libian, Irak-en, Aljerian, Sirian... ibili da lanean, Associated Press eta Vice News agentziekin kolaboratuz, eta bere argazkiak, The New York Times, The Guardian, The Washington Post, Garan eta Argian argitaratu dira. 2013an, Alepon bahituta egon zen. Urte hartako Chris Hondros sari nagusia eta Pictures of the Year Internationalen bigarren saria eskuratu zituen.

Azken hitza

Sariak. “Interes zaku bat da dena. Atlanta photojournalism-eko urte bateko palmaresa hartzen duzu eta ohartzen zara hautagai guztiak Associated Press (AP)-eko argazkiak zirela, epaileak AP-koak zirelako. Kasualitatez, The New York Times-eko bi argazki dira sarituak, eta AP eta The New York Timesek harreman oso estua dute. Hurrengo urtean gauza bera France Press-ekin. Zergatik ez du Pulitzer saria Somalian lanean ari den argazkilari afrikar batek irabazten? Ni Chris Hondros eta Pictures of the Year sarietan saritua izan naiz, baina nik ez nuen argazkirik aurkeztu, agentziak baizik. Are gehiago, ez nago konforme agentziak aurkeztu zituen argazkiekin. Sarrionandiak ezin hobeto azaldu zuen: sariak masoneria kontuak dira”.


ASTEKARIA
2015eko urriaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fotokazetaritza
Gervasio Sánchez. Gerrako fotokazetaria.
"Ezin dugu bakeaz hitz egin agintariek armak finantzatzen badituzte"

Eskarmentu handiko fotokazetaria da Gervasio Sánchez (Córdoba, Andaluzia, 1959). Aragoin bizi da, Zaragozan, baina munduko gatazka eta gerra-eremuak bisitatu eta bertatik informatzen du oso maiz. Heraldo de Aragón tokiko egunkariarentzat beti, eta audientzia... [+]


Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak argazkilari bati eraso egin zion Donostiako danborradan

San Sebastian eguneko bandera igoeran, ez zen dena festa izan. EITBk emandako irudietan ikusi zen moduan, tentsio une bat izan zen, Jose Ramon Mendizabal Mendi Gaztelubide elkarteko Danbor Nagusiak, argazkilari bati eraso egin zionean. IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzaile den Jon... [+]


Gerda Taro. Itzaletik argitara
Robert Caparen aurpegi ezezaguna

1937ko uztailaren 26a, El Escorial (Madril, Espainia). Goizaldea da, eta bezperan larri zaurituta eramandako emakume gazteak azken hatsa eman du El Goloso ospitale ingelesean. Historiara Espainiako 1936ko gerrako enfrentamendurik odoltsuenetakoa bezala pasako zen Bruneteko... [+]


Zoramenaren barruan pausa txiki bat

Mundua konprenitzea ez dago oraintxe erraza. Sekula egon bada. Garai ez oso eder bezain interesgarriak bizi ditugu eta nahi adina ertz topa ditzakegu, lupa eskuan, sakon aztertzeko. Eguneroko bizimoduaren abiadurak bere zurrunbiloan harrapatuta gauzkan honetan, abuztua hartzen... [+]


2021-11-12 | Leire Artola Arin
‘Lumineszenteak’ lanean emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak argitara ekarri dituzte

Irantzu Pastor argazkilariak eta Igone Mariezkurrena kazetariak 63 emakumeren bizitza-historiak bildu dituzte izen bereko erakusketa eta liburuan. Egiturazko indarkeriaz gain beste indarkeria ikusezinak jasaten dituztenen testigantzak bildu dituzte Palestinan, Indian, Lakota... [+]


Eguneraketa berriak daude