"Batzuetan senide gisa ez-ulertua sentitzen naiz"

  • Izaro Arruarte 31 urteko hernaniarra da eta 12 urte daramatza Paris eta Almeria artean. 19 hilabeteko umea du. Bizi, alai, indarrez betea du jarduna, baina senide bizitzaren astuna ere ezagun zaio.


2015eko irailaren 27an

Gari anaia nagusia preso du 2003tik, Almerian, gaixo larrien zerrendan, espondilitis gaitz artritikoak jota. Ugaitz Errazkin bikotea 2012an atxilotu zuten eta Parisen da preso, Fresneseko espetxean. Hiru astez behin doa Parisera eta hiru egun pasatzen ditu bertan. Txikia jaio denetik Almeriara askoz gutxiago doa, lau hilabetean behin. “Hala ere, senide presoak egunero dituzu buruan, ni ez banoa ere beste norbait doalako eta bisitak hartu behar dira, paketeak prestatu, haien mandatuak jarraitu… beti da zerbait”.

12 urtez espetxeetara atzera aurrera. Nola zaude?

Sakabanaketa zer den ahazten zaigu askotan. Besterik gabe esaten dugu, Parisera noa, Almeriara… Gehiegi ohitu gara hori esatera eta ez diogu benetan duen esanahia ematen. Ume bat hartu bere ordutegiak errespetatu gabe, hegazkinean Parisera joan, taxia hartu, korrika bisitara, ez diozu siestarik egiten uzten… Zentzu horretan, senide gisa, batzuetan ez-ulertua sentitzen naiz. Terminologiara eginegi gaude zoritxarrez, eta hitz hauek duten pisua arintzen dugu. Barrukoa zer moduz dagoen galdetzen dizute, baina inor gutxi jartzen da pentsatzen zer-nolako egunak pasa ditugun momentu bat egon gaitezen maite dugun pertsonarekin.

Kontzeptu-maparen dinamikan aipatu zenuen zure senideek espetxeratu zituztenean zu erditu egin zinela. Azaldu dezakezu ideia hori?

Batez ere anaiaren atxiloketarekin, horrek ekarri zidalako nire buruaz gain beraz ere arduratzea. Presoak kanpokoen dependentzia ikaragarria du eta nik anaiarenganako ardura handia hartu nuen eta ume batekin sentitzen duzun erditze hori, orduan ere sentitu nuen. Amatasunaz esaten den zentzu berean, hau da, zurea begiratu aurretik bestearen beharrak jartzea.

Bizitza gogorra dakar horrek guztiak.

Bai, hala da, ezin dugu esan ezetz. Egoera honetan zoriontsu ezin da izan. Hainbeste maite dituzunak egoera latz horietan edukitzea oso gogorra da. “Zer moduz?” galdetzen didatenean [dio irribarrez] sarri esaten dut “ondo, txar guztiak kenduta ondo!”. Ez genuen aukeratu herri zapaldu batean bizitzea eta horrek hau ekarri digu gure etxera. Eutsi egin behar, ez dago besterik.

Beti da esperantzarik, edo batzuetan amiltzen da?

Esperantza beti dago hor, bestela zer zentzu du bizitzeak? Baina bai, batzuetan esperantza amiltzen da. Hainbat jarrera eta gertakarik txikitzen zaituzte, pertsonak gara. Baina gatazka guztietan zapalduak ez du honi aurre egin besterik.

Sostengatua, lagundua sentitzen zara?

Nik zorte handia dut, Hernanin bizi naiz, herriaren babesa dut, Almeriara astero joateko Mirentxinen furgonetak ditugu, hori luxu itzela da… baina babestua… babes handiagoa sentituko nuke jendeak konpromiso handiagoak hartzen dituela ikusiko banu, egoera aldatzeko pausoak emango bagenitu. Mirentxinek egoera arindu egiten dizu, baina ni egoera aldatzeaz ari naiz.
2011n egoera zerbait aldatuko zela pentsatu zen, baina espetxeetan ez da aldaketarik izan.

Zoritxarrez, egoera aldatu da, baina okerragora. 2011n esperantza piztu zitzaidan, ez gehiegi ere, estatuek aurreko konponbide saioetan nola jokatu duten badakigulako. Gaixo larria izanik, anaiarekin nuen esperantza bereziki, agian Euskal Herriratuko zutelakoan. Azken finean, nik esperantza herriarengan daukat jarria eta bitartean egunerokotasunean zentratzeak laguntzen dit.

Anaia eta bikotea nola dira egoera horren aurrean?

Amorratuta. Badugu ohitura esateko “bai, ongi daude eta indartsu”, eta hala da batetik, haiek ere egunerokotasunean zentratzen direlako, baina espetxea oso-oso gogorra da.

Umea izateak nola eragin du zure bizitzan?

Lehen bisita bat urduritasuna eta kezka iturri bazen, orain hauek biderkatu egin dira. Lehen Almeriara furgonetan joaten nintzen eta orain txikiarekin hegazkinez, beti gaude txikia eta biok. Parisera berdin. Adibidez, bitan gertatu zaigu bidaian sukar altua izatea, eta oso gogorra da etxetik 1.000 kilometrora biak bakarrik egotea eta txikia ia 40 graduko sukarra ezin jaitsiz edukitzea.

Dirua ere arazo larria izaten da.

Umea izan aurretik gutxiago gastatzen nuen, orain hegazkinekin-eta gehiago. Hilean 450 bat euro gastatzen ditut dispertsioaren erruz.

Gaixo larriak: zer eskatuko zenieke instituzioei.

Preso gaixoak lehenbailehen kalera ditzatela. Estatuek dituzte ziegetako zerrailen giltzak, baina gizarteak behartu ditzake hauek zerrailetan sartzera. Presio hori egiteko, hala ere, askoz indar handiagoa behar da.

Gizartean presoen gaia ahaztu ere egin daiteke edo arazoa lausotu. Ba al zara horren beldur?

Bai, horrek beldur handia ematen du. Estatuak saiatzen dira horretan, hemen jadanik ezer gertatzen ez den itxura hori ematen, gizartea gaiaz ahaztu dadin eta gure senideek denbora luzez preso jarrai dezaten. Baina herri honek badaki zein den errealitatea eta erantzukizunez erantzungo duela uste dut.

Presoak sostengatzen dituztenen artean ere badira ikuspegi desberdinak, izan dira hainbat eztabaida azkenotan. Horiek eragiten dizute?

Bai. Nik presoak lehenbailehen etxeratzea nahi dut eta horretarako indarra behar da, beraz, indarra galtzea dakarren guztiak eragiten dit, beldurra ematen dizu. Helburua preso guztiak etxeratzea bada, horri begira aurrera eramango gaituenak batu behar gaitu, ezberdintasun eta desadostasunak ekarpen gisa landuz, bidean indarra galtzea eragin gabe.


LARRUN
2015eko irailaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude