Nola bihurtu ekosistema oraingoz puzzlea dena

  • Pasa dira gaizkiulertuak, murrizketak, dimisioak, paralisia, obrak eta beste hainbat gorabehera: aste honetan zabalduko ditu ateak Donostiako Tabakalerak, kulturgune dinamiko izateko asmoz. Ontzia edukiz beteko duten erakundeen aukerak aztertu ditugu.

Irailaren 1ean agertu ziren prentsaren aurrera Tabakalerako “ekosistema kulturala” osatuko duten erakundeak. Elkarlanerako borondatea adierazi zuten eta horrek dirudi eraikina edukiz betetzeko gakoa.
Irailaren 1ean agertu ziren prentsaren aurrera Tabakalerako “ekosistema kulturala” osatuko duten erakundeak. Elkarlanerako borondatea adierazi zuten eta horrek dirudi eraikina edukiz betetzeko gakoa.

2015ean bai, azkenean Donostiako Tabakalerako makinak dena emanda hasiko dira lanean: irailaren 11n zabalduko ditu ateak publikoarentzat, bost axola egun horretako asturu txarreko efemerideak. Kointzidentziak hor bukatzen ez diren arren: hain justu, bi hegazkinek New Yorkeko dorreak jo zituzten urte berean hasi zen tabako fabrika kulturgune bihurtzen hasteko ibilbide nekosoa. Hamalau urte pasa dira Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eraikina berreskuratzea adostu zutenetik. 2004an erosi zuten edifizioa eta hasi ziren proiektua definitu nahian. Geroztik kontuak eman dituen bueltak esplikatzeko, aldizkari honen orrialde guztiekin ez genuke aski. 2007ko ARGIA batean irakurtzen zaio orduan proiektuko zuzendari zen Joxean Muñozi: “10 urteko epea batez bestekoa da horrelako proiektu bat martxan jartzen denean. (...) Dirua publikoa bada, are konplexuago da”. Ez esan inork ez zuenik abisatu.

Itxarongelako denbora amaituta, dena ez da kolpean etorriko, pausoka hasi dira Tabakalera izango dena jendaurrean aurkezten. Ateak ireki baino 10 egun lehenago kulturgune berriko “ekosistema kulturala” presentatu zuten, oraingoz parte hartzea konfirmatu duten erakundeetako ordezkariekin. Zinemaldia, Etxepare Institutua, Zineuskadi, Euskadiko Filmategia eta Kutxa Fundazioa izango dira tabako fabrikako maizter, eta horiekin batera Donostia 2016 ere azaldu zen kazetarien aurrera, nahiz eta ez duen fisikoki Tabakaleran lekurik hartuko –Easo kaleko suhiltzaileenean laketuta dago Kultur Hiriburua–.

Agerraldiko hitza: sinergia. Eraikin berean elkartzea baino gehiago nahi dutela diote, proiektu amankomunak sustatuko dituztela Tabakalera edukiz betetzeko. Hori bai, oso izaera diferenteekin eta egoera nahiko desberdinetan iritsi da bakoitza Egiara. Lehen kolpean, Euskadiko Filmategiak dirudi etxez aldatzearen onuradun nagusia: aspalditik dauka zaharberritzeko beharra, artxibo bat baino askoz gehiago ez izatetik –eta ez oso erosoa, bertan lan egin behar izan duten ikertzaileek diotenez–, lau hamarkadatan bildutako ondarea publikoarentzat programatzeko modua izango du hemendik aurrera, beste herrialde batzuetan egiten duten moduan –Kataluniakoa izan daiteke gertuko adibide bat–. Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek “bigarren jaiotza” gisa deskribatu du Tabakaleran hasiko duten fasea.

Hilaren 18an abiatuko den 63. edizioan bertan probestuko ditu eraikinaren aukerak Zinemaldiak. Zabaltegi saileko filmak ikusi ahalko dira bertan, eta festibalaren bulegoak ere hara eraman dituzte, jaialdia martxan dagoenean lehengo egoitzan, Victoria Eugenia antzokian, lekua erreserbatuta duten arren. A priori, nazioarteko zinema jaialdiak filmategiarekin eta Zineuskadirekin elkarlanean bide berriak urratzeko aukera izan dezakeela dirudi, ikus-entzunezkoen triangelua osatuz. Zinemarekin lotutako ekintza osagarriak izan daitezke azalera berriaren aukeretako bat.

Ahokatzeko zailak diren piezak

Bestelakoa da Etxepare Institutuaren eta Kutxa fundazioaren egoera. Euskal kultura atzerrian hedatzeko misioarekin jaio zen erakundea da Tabakalerako bizilagunen artean ibilbide laburrenekoa, azken lau urteetan ipar argirik gabe lan egin du, bereziki alor akademikoari garrantzia emanez; eta erakundearen beraren atzerrira begirako ikuspegiak zalantzak sortzen ditu Donostiako eraikinera hurbiltzen den herritarrari eskaintzeko edukiko dutenaz. Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak El Diario Vasco egunkariari egindako adierazpenetan esan zuenez, orain arte euskal kulturaren “joaneko bidaiak” zirudien garrantzitsua euren jardunean, baina Tabakalerak “itzulerakoa” ere kontuan hartzeko aukera emango die. Nola, zehazteke dago.

Azkena baina ez herrena, Kutxa Fundazioa: 13 milioi euroko ekarpenarekin sartu da Tabakaleran eta azalera inportantea hartu du eraikinean, laugarren solairua. Urte askotako tradizioa daukaten Kutxa Ikasgelek beteko dute leku hori. Azken urteetan Igeldon antolatzen duten musika festibalaren bidez ezaguna egin den Kutxa Kultur marka indartzeko ere probestuko dute edifizio berria. Beste erakundeekin sinergietarako prest daudela adierazi du Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko presidenteak, baina programazioan bere erakundeak daukan “berezko pertsonalitatea” nabarmendu du prentsarekin hitz egin duenean.

Lokal enblematiko pare bat saldu ondoren iritsi dira Tabakalerara: Donostiako Bulebarreko aretoa –orain Burger King bat– eta Arrasate kaleko zinema gela. Aste honetan estreinatuko den eraikinera aldatuta eta eskaintza kulturala bertan kontzentratuta, Kutxak asko irabaz dezake mota honetako jarduerek gizartearen aurrean ematen duten legitimazio sinbolikoan. Besterik da, hori lortzeko bidean kulturarako pentsatutako ondare publikoa nola pasa den esku pribatuetara bestelako eztabaidarik gabe.

Hiru eguneko inaugurazioa

Inauguratu, behin bakarrik inauguratzen da eta behin hasita, asteburu osorako ekintzak prestatu dituzte Tabakaleran irailaren 11tik 13ra. Jarduera berezienen artean, zaintza kolektiboarekin lotutako tailer esperimentala (hilak 11, 19:00) edo Horkonpon tailerra (12an, 12:00) egunero erabiltzen ditugun tresnak konpontzeko saioa, do it yourself espirituarekin.

Zine-aretoa larunbatean estreinatuko da Ivan Zuluetaren Un, dos, tres, al escondite ingles filmaren proiekzioarekin. Musika zaleentzat, ostiralean Pottors ta Klito, Chico-Tropico eta Amy Plinen kontzertuak daude. Eta egun berean zabalduko dute Tabakalerako lehen erakusketa ere: Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Informazio osoa tabakalera.eu/eu helbidean.


ASTEKARIA
2015eko irailaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tabakalera
2022-11-29 | Leire Artola Arin
XVII. Feministaldian arrastaka doazenen arrastoa goraipatuko dute

Azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo dute kultura feministaren jaialdiko aurtengo edizioa, Donostiako Tabakaleran. Ahoa narras lelopean, egitarau oparoa antolatu dute: hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak eta beste eskainiko dituzte 25 bat artista, pentsalari... [+]


2022-06-12 | Peru Iparragirre
Ikerketa metafisikoak paper laukidunean

Hemezortzi egileren lanak biltzen ditu Emma Kunzen unibertsoa. Bide-urratzaile bat arte garaikidearekin elkarrizketan erakusketak. Emma Kunz (1892-1963) ikertzaile eta sendalari suitzarrak pendulua erabiliz egindako tamaina handiko irudiek dute zentraltasuna, eta artista... [+]


Claire Simon zuzendaria Donostian izango da maiatzean, Tabakalerak antolatu duen atzera begirako zikloan

Iaz Donostiako Zinemaldiaren azken edizioan lehen aldiz Sail Ofizialean lehiatu ostean, Euskal Herrira itzuliko da aurten Claire Simon zinema zuzendaria. Tabakaleran haren filmografia osoa proiektatuko dute apirilaren 7tik aurrera eta maiatzaren 28an, Récreations filmaren... [+]


2021-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen* bizitza eta gorputzen "dardara bortitzei” helduko diete XVI. Feministaldian

Sismika leloa hautatu dute aurtengoan Plazandreok antolatzaileek, eta 30 artista, aktibista eta pentsalari baino gehiago egongo dira hitzaldi eta ekitaldietan.


2021-07-04 | Xalba Ramirez
Komunikazioa-inkomunikazioa: tradizioa eta abangoardia

Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude