"Bierzon adineko jendearekin batera ari da galtzen galegoa"

  • Ez alferretan, egunkaria irakurtzen ari dela ikusi dugu Rafael Adan. España y sus lenguas du testuak izena eta, “Espainiako gobernuak lau hizkuntza ofizialak defendatu beharko lituzkeela dio, baina ez dut sinesten, guztiekikoa egin nahi bat besterik ez da,
    taktika modu bat”. Bilbon eta Gasteizen izan da EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak gonbidaturik, galegoaren irakaskuntza Bierzon (Leon, Espainia) zertan den azaltzen.

Miel Anjel Elustondo
2015eko uztailaren 19a
“Askok ez du ezer egin nahi galegoaren normalizazioaren alde, gauzak bere horretan nahi ditu, nahiz galegoz mintzatzen diren”.
“Askok ez du ezer egin nahi galegoaren normalizazioaren alde, gauzak bere horretan nahi ditu, nahiz galegoz mintzatzen diren”.Zaldi Ero

Galegoa Galiziatik kanpora, Gaztela-Leongo erkidegoko Bierzon…

Bertako hizkuntza naturala delako galegoa, Ourensen bezain naturala! Jakina denez, latinaren eboluzioak galego-portugesa garatzera jo zuen lurralde horretan, eta hizkuntza horrek gaur arte iraun du bertan. Kontua da Bierzo ez dagoela Galiziako administrazioaren mende, eta bertako bizilagunek ez dutela hizkuntza horren eskubiderik, eta ikusgarritasuna ere galdu dutela. Edozertarako ere, balio instituzionala arras galdua du galegoak Bierzon: ez osasun sisteman, ez udal zerbitzuetan, ez hezkuntzan, galegoak ez du lekurik izan Bierzon.

Gaur egun badu nola-halakoa.

Bai. 2001ean akordioren baten beharra ikusi zuten Gaztela-Leongo Juntak eta Galiziako Xuntak, ikusirik beren administrazioaren peko ziren zenbait lurralde zatitan hiztunak galegoz mintzatzen zirela. Ondorioz, galegoa sustatzeko akordioa sinatu zuten. Nahi izanez gero, erantzun politikoa eman zioten hainbat organizaziok egiten zuten presioari. Izan ere, galegoa galtzen ari ziren Bierzoko belaunaldi berriak, eta beraz, neurriak hartu beharra zegoen. Orduan, onena galegoa eskolan erakustea zela pentsatu zuten, eta horretan hasi ziren, Bierzon ez ezik, baita Sanabrian (Zamora) ere.

Zein bide egin da ordutik hona?

Ez askok nahi beste, baina zerbait egin da. Galegoa Bierzoko eskoletan irakasten hasi ziren, eta hori urrats bat izan zen. Beste urrats bat izan zen, adibidez, 2007an, Gaztela-Leonek onartu zuen estatutuaren erreformak adieraztea galegoa –eta leonera–, errespetatu eta babestu egin behar direla hizkuntza horiek hitz egiten diren komunitateetan.

Legea betetzeko borondate politikoa behar, ordea.

Ez betetzekotan, alferretan da. Hara, aspaldi, galegoa Bierzon prestigiatzeko neurri inportanteenetakoa izan da eskualdean Galiziako telebista ikusi ahal izatea. 80ko hamarkadan hasi zen emititzen Galiziako telebista, eta eragozpenik gabe ikusi ahal zuten Bierzon. Bada, bertako bizilagunek ikusi zutelarik beraiek hitz egiten zuten moduan mintzo zirela pantailan esatariak, balioa eman zioten. Baita balio praktikoa ere: eguraldi iragarpenaren berri izan nahi zuen adineko jendeak, adibidez, Galiziako telebistara jotzen zuen zuzenean. “Zer eguraldi izango dute Lugon eta Ourensen? Horixe izango dugu hemen ere!”, zioten Bierzon. Espainiako telebistari begiratuz gero ez zegoen jakiterik! Eguraldiarekin batera, marrazki biziek ere garrantzi handia izan dute, haurrek haiek kontsumitzen baitituzte. Eta musika saioak ere ez dira bazter uztekoak, Bierzoko musikari askok Galiziako telebistan izan baitute musika jotzeko aukerarik behinena.  

2001ean galegoa Bierzoko eskoletan irakasten hasi ziren.

Gaztela-Leongo Juntak eta Galiziako Xuntak protokolo bat sinatu zuten, galegoa hautazko ikasgaitzat sartzeko irakaskuntzan. Haur eta Lehen Hezkuntzan, esaterako, halako ikasgai jakin bat galegoz edo gaztelaniaz jasotzeko hautua egin dezake ikasleak. Bigarren Hezkuntzan, Gizarte arloa galegoz ikastea aukeratzeko modua du, eta horrekin batera, DBHko 4. urtean, Galiziako hizkuntza eta kultura ikasgaia du hautazkoetan. Gaur egun, bestalde, Batxilergoko bi kurtsoetara luzatu da Galiziako hizkuntza eta kultura ikasteko aukera.

Bide-seinale gaztelaniazkoak zirriborraturik eta galegoz zuzendurik ageri dira.

Galegoaren normalizazioa helburu duen jendearen ekintza da, bistan da –errebeldia ekintza, nahi baduzu–, agerian utziz Bierzon badela gaztelania ez beste hizkuntza bat. Toponimia txikian ere garbi ageri da hori. Dokumentuak gaztelaniaz idatzirik dauden arren, horietako lursail izenak galegozkoak dira. Zenbait kasutan, toponimia txiki hori gaztelaniatzeko zantzuak ere ageri dira. Eskualdean bizi den jendearen ahotan herriaren izena Vilafranca do Bierzo izanagatik ere, Villafranca del Bierzo ageri da beti dokumentu idatzi guztietan. Azkenean, jendeak uste du horixe dela egiazko izena, eta ez du besterik erabili ohi.

Bada galegoa aitzinatzeko bestelako ekimenik Bierzon?

Askok ez du ezer egin nahi galegoaren normalizazioaren alde, gauzak bere horretan nahi ditu, nahiz galegoz mintzatzen diren. Maila instituzionalari dagokionez, gure elkarte Asociación Berciana da Lingua Xarmentarekin, esaterako, udalek beti erakutsi dute jarrera ona, izan PP, PSOE edo Ezker Batuko udal gobernuak. Aldiz, udalerri mailako erakundeak baino gorago jo izan dugunean, egin diguten harrera inoiz ez da hain suharra izan. Bestalde, instituzio horiek ekimenik ez dute, gu joan behar gara eske.

Populazioaren herena da galego hiztuna Bierzon.

Baina azterketa zorrotzik ez dugu, eta beharko genuke zehatz jakin zenbat jendek hitz egiten duen galegoz Bierzon. Eskatu ere izan diegu azterketa hori egiteko bai Galegoaren Akademiari bai Gaztela-Leongo Juntari, baina oraindik ez da horrelakorik egin. Uste dugunez, Bierzon adineko jendearekin batera ari da galtzen galegoa. Adinekoak hitz egiten du galegoa gehienbat, ez belaunaldi berriek. Galizian atzera galegoa, eta hainbat atzerago Bierzon, hemen ez baita hizkuntza ofiziala ere.

Bierzo

“250.000 lagun dira Bierzon, eta Ponferrada, Vilafranca do Bierzo eta Cacabelos dira herririk handienak. 2002-2003 ikasturtean 161 ikaslek eman zuten galegoz ikasgai bat ikasteko izena, eta joan den ikasturtean 833 izan dira. Gainera, Ponferradako hizkuntza eskolako ikasleak eta Zamorako Sanabriakoak gehitu behar zaizkie haiei. Kopuru adierazgarria da.

Galegoa ez da hizkuntza arrotza Bierzon, bertakoa da, Galiziarekin mugan dago eta guztiek ulertzen dute. Sasoi batean, ganadu feriak egiten zirenean, Galiziako eta Bierzoko jendea etengabeko gurutzaketan zegoen, eta ohiko hizkuntza da mugalde horretan. Bierzoko jendea kontziente da galegoz mintzo dela, haren galegoa Galiziako galegoa dela, Ourensen nahiz Lugon hitz egiten den bera, tokiko berezitasunak gorabehera. Ikasliburuak ere berak dira leku guztietan”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Galiziera  |  Gaztela

Galiziera kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude