Eliteen ustelkeriak zergatik barkatzen dituzte herritarrek?

  • Teflon sindromea deitu zaio. Badirudi aberatsak eta agintari politikoak sukaldeko zartaginetan erabiltzen den Teflon famatuzkoa daukatela larruazala: ezer ez zaie eransten, denak egiten die irrist. Lapur edo gaiztagin famak edonor daraman bezala hondamendira, handi-mandien botereak ez du sufritzen horregatik. Zergatik ote da?

"Lapur txikiyak kastigatzeko  non-nai badago kartzela / kupira gabe ematen zaio denbora askoko itzala / (...) aundiyak libre ikusten dira pasiuan dabiltzala..." aspaldi kantatu zuen arren Jose Manuel Lujanbio Txirritak, injustizia ez da sendatu mende bat beranduago.

Pierre Lascoumes soziologoak eta Carla Nagels kriminologoak plazaratu berri dute Sociologie des élites délinquantes, de la criminalité en col blanc à la corruption politique (Elite gaizkileen soziologia, kriminalitate gorbatadunean hasi eta ustelkeria politikoaren buka). Saiatu dira erakusten  nola lortzen duten boteretsuek lege penalak saihestea edo beren interesetarako moldatzea.

Soziologiaren ikuspegitik enigma dirudien egoera honetatik abiatu dira Lascoumes eta Nagels. Hauteskundeetan aurkezten direnen artean bada pertsonalitate bat epaileak ikertzen ari direna, tartean bere kanpainaren finantzaketagatik. Ba ote du irabazteko aukerarik? Gezurra diruen arren, alde nabarmenez irabaziko du eta gainera inork ez dio auzitan jarriko garaipena. Nola liteke? Botoa eman diotenek ezberdin epaitzen dituzte politikaria eta delitu arruntak egiten dituztenak? Zertan datza diferentzia? Soilik batzuk eta besteak klase sozial ezberdinetakoak izatean?

Liberation egunkariari eskainitako elkarrizketa batean (“Frogen ezabatzea eten gabe egiten dute elite delinkuenteek”) ikertu dutenaren gako nagusiak eskaini ditu Lascoumesek, argitu ostean 15 laguneko talde multidisziplinarrak landu duela ikerlana, aurrez aurreko 2.000 inkesta eta elkarrizketa baino gehiagotan oinarrituta.

Hasteko, eliteek beren delituak diskrezio osoz burutzen dituzte.  Lapurreta edo eraso txikiak erraz ikusten dira eta horiek pertsegitzeko daude prestatuak polizia eta auzitegiak. Hauek ez dute denbora galtzen enpresa handien edo dirudunen kontabilitateetan arakatzen. Alderdi politikoen finantzaketen inguruko delituak oso berandu sartu dira legeetan.

Biktimak ere oso ezberdinak dira batean eta bestean. Delitu arruntetan biktimek mugiarazten dute sistema. Aldiz, elitearen delituetan sarritan esaten da biktimarik ez dagoela, nahiz eta egia den biktimak urrun eta lausotuago daudela:  kalteak herritar askok edo guztiek nozituko dituzte. Izatez, biktimak ohartu ere ez dira egiten kalteak jasan dituztenik.

“Gu saiatu gara erakusten –dio Lascoumesek– herritarren itxurazko axolagabekeria hau lotuta dagoela  jendeak eliteekin daukan harremanarekin, hau da, hautetsiez, enpresetako ugazabez edo goi mailako funtzionarioez daukan irudiarekin. Irudipena daukagu agintzean egin dituzten gehiegikeriak beren lanaren osagai bat direla”.

Eliteek beren buruaz betidanik eman duten irudiaren eraginez gertatzen da: denen ongizatean pentsatzen duten pertsonak, beren bizia karguari eskaintzen diotenak... “Sarritan diskurtso ia erlijiozko batez beztitzen dute beren konpromisoa, halako apez izaera batez. Bortizkeriaz erasotzea dirudi horiek auzitan jartzea, beren interesak eta darabilten aurpegi bikoitza erakustea. Ez da batere gauza erraza”.    

Boteretsuen bekatu arinak

Zientoka ikerlari ari da milaka azterketa burutzen delinkuentzia arruntaren inguruan. Aldiz, ia inor ez eliteen kriminalitatean. Zergatik?

Dio Lascoumesek politikan eta ekonomian boterea daukatenen dosierrak gehien bat eskandaluen salaketa moduan tratatzea kalterako dela. Hedabideetan delituon inguruan halako antzerkiak antolatzeak eragozten du arazoen ulertze soziologikoa. Baina, gainera, boteretsuen delituak askoz konplexuagoak izan ohi dira ulertzeko bezala azaltzeko herritar soilen hilketa edo lapurretak baino. Hori gutxi balitz, ikerlariek ere badute halako beldur bat, erreparo ideologiko bat, eliteen gaiztakerietan muturra sartzeko.

Izenak baino gehiago mekanismoak ardura zaizkie soziologo hauei, eskandaluen txinpartak baino gehiago mekanismo sozialen deskribapena. Horretan soziologo estatubatuarren aitzindaritza aitortzen dute, bide nabar Edwin Sutherlandena. 1949an White Collar Crime (Delitu gorbataduna) plazaratu zuen, editoreak zentsuratuta; haren analisia funtsean baliagarri da gaur ere Lascoumesen ustean.

Sutherlandek nahi zuena esango zuen, baina oraindik ere badirudi, ez bakarrik jende soilen artean baizik eta akademikoen artean berdin, eliteen kriminalitatea oharkabean pasatzea loturik dagoela XIX. mendeko kriminologoek ezarritako bereizketarekin. Enrico Ferri klasikoak gizartearen gailurrean kokatzen omen zuen deliturik egiten ez duen klasea, organikoki ondradua, eta azpiko zolan ondradutasunik gabeko jendea.

Legea urratzekotan, azpikoek egin bide dituzte berez gaiztakeriak direnak (mala in se) eta, aldiz, elitekoek bekaturen bat egitekotan izango da legeek onartzen ez duten zerbait (mala prohibita). Berezko gaiztakeriak versus gaiztakeria formalak, ezikusia egiteko modukoak. Ez dituzu konparatuko inori sakelatik dirua ebastea eta Estatuari zergetan iruzurra egitea...

Sutherlandek duela 70 urte azaldu bezala, “ez direnez salatzen, gorbatadunen delituak gutxi pertsegitzen dira eta herritarrek ez dituzte lehentasunezkotzat ikusten. Batetik ‘organikoki onesta’ den klasea dela eta bestetik gutxi pertsegitua, azkenean halako ikasketa sozial bat gertatzen da, esan nahi baita doktrinatze ideologikoa, bi menderen buruan ekarri duena gizartearen zigorretik kanpo geratzea zenbait jokabide objektiboki okerrak izan arren jendearen oharkabean pasatzen direnak”.

Azkenean, boteretsuen artean sumatzen diren delituetatik oso gutxi abiatzen dira bide penaletik. Bestelako negoziaketa bidez soluzionatzen dituzte. Epaiketara gutxitan iristen dira eta kondena bat gertatuz gero ere boteretsu kondenatuek ez dute nozitzen beste edozein herritar zigortuk jasango lukeen lotsaizun publikorik: eliteek “badituzte irudi ona berreskuratzeko beren erritoak [rituels de restauration], kapital ekonomiko, sozial eta kulturazkoak mobilizatuz burutzen dituztenak”.

Boteretsuen delituei ikerlariek arreta handiagoa ezarri diete zenbait krisi arotan (1929, 1968...) eta, aldiz, 1980etan neoliberalismoa nagusitzen hasi zenetik gorbatadunen kriminalitatea askoz errazagoa da eta oharkabeago pasatzen. Botere guneetan banalizatu egin dira legea urratzea, iruzur fiskala eta kontrata publikoetako ustelkeria.

Azken datu bat: enpresa batean zenbat eta berdintasun falta handiagoa enplegatuen artean, orduan eta legea urratzeko joera handiagoa.

Rue 89 webgunetik hartutako argazkia 2001ekoa da: Jacques Chirac orduan Frantziako lehendakaria zena Parisko apelazio auzitegiaren protokolozko ekitaldi batean, epailez inguratua. Beste soziologo famatu batek, Luc Boltanskik, ikerlariei dei egin izan die aztertu ditzaten agintean daudenei batetik boterea erabili eta bestetik disimulatzea baimentzen dieten mekanismoak. “Klase menperatzaile baten kideek elkarrekin partekatzen dute jakintza komun bat besteei aitortu ezin dietena –doi-doi beren buruei aitortu diezaieketena– eta zera da: batetik, nahitaezkoa dela arauak egotea, zuzenbidea, prozedurak, erregelamenduak, eta abar, baina, bestetik, ezin dela ezer benetan probetxugarririk lortu (...) ezin dela ezertxo ere egin zalantzaz betetako mundu honetan arau horiek zuzen betez”. Antza denez, politikari ustelei botoa ematen dieten herritarrak ere ados daude joko horrekin.   


ASTEKARIA
2015eko uztailaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
Ustelkeriaren normalizazioa

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]


Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


Iberdrolaren kontrako isuna 85 milioi eurotik 5,4 milioira jaistea eskatu du fiskalak

Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.


Eguneraketa berriak daude