Nola konpondu den bi astean lau urteko "desastrea"

  • Bildu aginte-etxeetatik joateko maletak egiten hasi den honetan, bide onetik ibiltzen hasi da, bat batean, Donostiak datorren urtean hartuko duen Europako Kultur Hiriburua. Azken lau urteek politika kulturalaz irakaspen handirik ez dute utzi. Kultura politikoaz bai.

2015eko Olatu Talkaren arrakastak markatuko du Kultur Hiriburuaren inguruko diskurtso aldaketa. Agintari berriekin, proiektuaren arazo gehienak desagertu direla dirudi.
2015eko Olatu Talkaren arrakastak markatuko du Kultur Hiriburuaren inguruko diskurtso aldaketa. Agintari berriekin, proiektuaren arazo gehienak desagertu direla dirudi.Iñigo Royo / Olatu Talka

Garrantzitsuena ez dela zer egiten den eta nola, nork egiten duen dela kontua. Eta orain, ardura horren jabe denaren aulkian beste norbait eseriko denez, denak soluzionatuta dirudi. Magia? Ez: partidukrazia. Lau urtean Donostia 2016 laino beltzen artean irudikatu dute Gipuzkoako oposizioan ziren alderdiek. Azken hauteskundeekin atertu du, akabo ustezko problema guztiak.

Finantzazioan adibidez: Espainiako Kultura Ministerioak tokatzen zitzaiona baino diru gutxiago jarriko zuela jakin genuen aurtengo martxoan Pablo Berastegui kultur hiriburuko zuzendariaren bidez. Hasieran Jose Ignacio Wert polemikoaren erakundeak 12 milioiko ekarpena egingo zuela kalkulatu zuten Donostian, baieztatu gabe zegoen arren. Iritsi, lau milioi baino ez ziren egin. Baina hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren, bi egun eskasean Wertek 180 graduko bira eman du. Baieztatu du “behar den guztia” egingo duela 2016ari laguntzeko. “Konbentzituta nago agintari berriekin kolaborazio eta kooperazio instituzionalerako espiritua izango dela”, gaineratu du  Espainiako Senatuan EAJk egindako galderari erantzunez.

Antzeko zerbait proiektuan dirua jarri behar duten bestelako organoekin ere. Carlos Ruiz Kutxa Banku Fundazioko zuzendariak maiatzaren 26an El Diario Vascori azaldu dionez, 2015. urtean berriz ere sosak izango dira Gipuzkoan kultura babesteko. Datorren urterako aurreikusten da izango dela finantzaziorik 2016rako eta Tabakalerarako –4,4 milioi euro zeuzkan ordaindu gabe eraikin horretan azken bi urteetako partidetatik–.

Periodikoan ere, bihar eguzkitsu

Ondo, gaizki edo erdipurdi egin ditzakezu lanak. Eta gero dator horiek saltzen asmatzea. Komunikazio falta leporatu izan zaio proiektuari, informazioa behar bezala ez zela helarazten, herritarrak ez zirela enteratzen ari, opakotasuna, are, isilkeria nagusi zela suhiltzaileena izandako egoitzan. Ondo, gaizki edo erdipurdi, komunikatu da ordea. Besterik da hortik aurrera zenbait mediok hartu duten jarrera.

Adibide bat kasua ilustratzeko: Europako Jarraipen Batzordeak proiektuaz egin dituen txostenekin gertatutakoa. Hobetu beharreko atalak seinalatzearekin batera, behin eta berriz Donostia 2016 “bide onean” zihoala adierazi duten arren, “inquietud” eta “alerta” bezalako hitzak irakurri ditugu Gipuzkoa ofizialaren titularretan. Batzordearen txostenak leitu, publikatu diren albisteekin kontrastean jarri, eta saihestezina da pentsatzea oinarrizko informazio-lehengaiari beste produktu batzuk gehitu dizkiotela.

Koktelaren emaitza, proiektuaren kudeaketara lerratu dela eztabaida publikoa, programazioa eta ekintza zehatzak bigarren planoan utziz. Afera oso termino sinpleetan polarizatzea lortu da: “Ondo ala gaizki doa Donostia 2016?”. Zer den ondo eta zer gaizki, zein izan behar litzatekeen eredua, eredu bakarra ote dagoen… Gai horietan sartzeko aukerarik ere ez dute izan Bilduk gutxiengoan gobernatutako erakundeek lau urtean –horretarako asmorik izan ote den ere ez dago argi–. Eta etorri dira hauteskundeak, irabazi ditu EAJk eta hasi dira “komunikazio arazoak” arreglatzen.

Arerioa garaitu, arerioa zureganatu

Lau urtez proiektuaren gidaritza izan dutenek orain zer jarrera hartuko duten geratzen da ikusteko. Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza ez zen EH Bilduren oinarri sozialek guztiz eroso hartu zuten zerbait. Abiadura nahiko harrigarrian pasa ziren inguru soziopolitiko horretako kide zenbait proiektuak bultzatzen ei zuen “kapitalaren kultura” salatzetik aldez edo moldez 2016a babestera.

Alderdietatik aparte, oposizio nagusia Desokupatu taldearen inguruan egituratu da, baina hiriko mugimendu sozial gehienek ez dute jarrera argirik erakutsi oraingoz, ez proiektuaren alde, ezta kontra ere. Hori bai, baliteke beste alderdiekin errazago pizten den tonu kritikoa apaldu izana alkatetza eta Diputazioa mugimenduon zenbait eskarirekin bat egiten duen indar politiko baten esku egon delako, egitasmoak hiri-merkatuetan lehiatzeko tresna izateari utzi ez dion arren.

Eta orain, ba al dago masa kritikorik 2016aren eredu kulturala eztabaidan jarriko duen alternatiba herritarrarentzat? Horrelako zerbaitek gorputza hartuko balu, non kokatuko litzateke EH Bildu?

EAJk hauteskunde lehia irabazi du eta orain arerio nagusi izan duena bere esparrura ekartzen saiatuko dela dirudi: Miren Azkaratek maiatzaren 27an egindako adierazpenetan esan du ez dizkiola ateak ixten EH Bildu Donostia 2016ko erabaki-organoetan egoteari. Eskuzabaltasun-keinu bezala uler liteke. Edo hori baino gehiago egon liteke atzean. Ezkerreko subiranistak ataka batean leudeke proiektuan segiz gero: gainontzeko alderdien antzeko kultur- eta hiri-ereduarekin bat egin, ohiko partiduen itxura handiagoa hartzeko arriskuarekin; ala proiektutik desmarkatzen hasi, hori egiteagatik beste alderdietatik etorriko den zigorrari bidea erraztuz.

Sei hilabete falta dira 2016. urtea hasteko eta historia honetako protagonista bakoitza berkokatzeko momentua iritsi dela dirudi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Eguneraketa berriak daude