Emakumeak borrokan
Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2015eko ekainaren 07a
Erromeroa, Rosmarinus officinalis.
Erromeroa, Rosmarinus officinalis.

Usain pesia darama, udaberrian, haizeak zirimolan. Etengabeko txandakatzean, lorea lorearen gainean zabaltzen ari da, batak bestearen usainari gaina hartu eta azpian hartu nahian. Ikusgarritasunaren ohorea eta usaina hedatzeko elkarri airea kenduz. Loreen gudan gaude. Era guztietako landareetan aurkituko dugu orain lorerik: zuhaitzetan, zuhaixketan, herrestarietan, igokarietan, belarretan...

Usainetan ez gara sartuko –kabitu ere egin behar da!–, bakoitzaren gogokoak eta desgogokoak, denontzat adina bada. Usaina barreiatzen dutenetan erreginaren bat aukeratzeko dema eginez gero, Lamiaceae sendia ez da lotsagarri jardungo. Eta gailentzeko ere arrisku ederra. Loreetan baino usain gehiago sortzen du berdean: hostoetan, zortenetan...

Lore ezpaindunak ematen dituzte lehen Labiatae eta orain Lamiaceae deitzen dioten sendikoek. Horiek ditugu landare usaindun ezagunenak. Horietakoa da duela gutxi aipatutako otondo-belarra (Stachys offocinalis), baina baita ere erromeroa (Rosmarinus officinalis), izpiliku mina (Lavandula stoechas), izpiliku fina (Lavandula angustifolia), katu-belarra (Nepeta cataria), isipu-belarra (Hyssopus officinalis), mendaroa (Origanum majorana), oreganoa (Origanum vulgare), ezkaia (Thymus vulgaris), azitraia (Satureja hortensis), mendak (Mentha sp.), salbiak (Salvia sp.), albahaka (Ocimum basilicum), garraiska (Melissa officinalis)...

Horietakoren baten hostoren bat edo txortentxoren bat edozein plateretan edo lapikotan topatuz gero, ez harritu, gero eta maizago darabilzkigu jakien gozagarri.

Sukaldean aurrera ari diren bezala, botikan ere tankeratsu, sendabelar ezagunak dira. Esentziak eransten dio usaina landare horien berdeari. Usain horrek baratzean ere badu zeregina: etor daitezkeen gaitzak eta izurriteak uxatu egin ditzakete. Guretzat bezalaxe, usainak gogokoak eta desgogokoak dira haientzat ere.

Barazkien eta geure gaitzak uxatu eta jakiak gozatu. Maizago erabili beharko genituzke...

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Barazkiak eta belarrak

Barazkiak eta belarrak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude