Sustraiekin zintzo eta berrasmatzeko ausart


Iker Barandiaran @IkerBarandiara
2015eko maiatzaren 24a

Barneko ahotsaren bila

Fly Shit

DDT-In My Heart Empire, 2014

Aspalditik iruditu zait txalogarria Bergarako Fly Shit taldearen lana. Gogoan daukat ume moko batzuk zirela RKL, Minor Threat, Bad Brains, Bap!, Subterranean Kids eta oro har 80ko hamarkadatik aurrera hardcorearen eszenak emandako taldeen ondareari eusteko ahalegina egin zutela. Sasoi hartan musika estilo eta bizitza jarrera hori gustuko genuen belaunaldi batzuetan, baina gure bailaran, Debagoienan, apenas zegoen ildo hori jorratzen zuen talderik. Eta hor zegoen Fly Shit argi hori itzal ez zedin lanean. Bertsioak egitetik kantu propioak idazteari ekin zioten –beti euskaraz– eta taldearen izen bereko lana kaleratu zuten 2000n: hardcore klasikoa demagun, baina estudiora lehenengo aldiz sartzearen zamarekin.

Taldeak kontzertuak egiten eta hazten jarraitu zuen, egin nahi zutena fintzen: hala, 2005ean kaleratutako Bizitza… baina nola bizi? autoekoiztutako diskoak erakutsi zuen hardcorearen irmotasunari eta jarrerari eutsiz, Fugazik aspaldi irekitako post-hardcorearen printzak ere dotoreziaz barneratuak zituztela. Ordurako taldea ez zen soilik Debagoieneko hardcorearen lekukoa, hori baino askoz gehiago zen.

Beraien habitatean –gaztetxeetan– egindako emanaldietan ikusleak zur eta lur uzten zituzten eta ez ginen harritu Harrobia Lantzen eta Entzun-ek Arnas bakoitzeko ernetzen diskoa Euskal Herriko 2010eko onenen artean aukeratu zutenean. Eskola zaharreko hardcorearen izaera eta indarra gordetzeaz gain, bestelako estiloetara ere irekitzen ziren ziurtasun handiz.

2012an taldearen ibilbidea azaltzen zuen 1996tik bidetxurrian dokumentala autoekoiztu zuten; eta aurten, familia lanen aurrean nolabaiteko oreka lortuz,  Barneko ahotsaren bila lan luzea kaleratu dute –CDa barneratuta duen biniloan–, DDT Banaketak eta In My Heart Empire ekimenarekin elkarkidetzan.

Esango nuke honakoan taldeak iraganean post-hardcorerantz egin zuen hurbilketatik apur bat urrundu eta joera hori arindu duela; eta horrekin batera eskola zaharreko, hastapenetako, hardcorera egin dutela berriro. Baina, hori eginda ere, argi dago taldea asko hazi dela instrumentalki eta borobilduta dutela emaitza.

Azken lanetan bezalaxe, gizakiaren autonomia eta askatasuna dira hitzetan erreferente. Diskoari izena ematen dion Barneko ahotsaren bila kantuan, barrura begiratzeaz gain, gitarra riff oso bereizgarria duen hardcorea lantzen dute, post-hardcorearen tonua ere baduena. Isilkeria azkarragoa da, zapatillakoa deritzona. Iratzarri eta Utopia laztantzen kantuetan hardcorea eta melodia maisuki uztartzen dira. Irrati libreak piezak melodia eta erritmo aberatsak ditu, ilunagoak eta irekiagoak. Deabruekin dantzan oso jostaria da, erritmo aldaketa askotarikoa. Piramidean azkarra da, arnasa mozten duena eta post-hardcoretik ere badu, baina berrasmatuz. Nire gustukoena da. Azkenik, Desikasik bere baitan batzen ditu melodia bereizgarriak eta rocka. Hit bat.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Diskoak

Diskoak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude