Askorentzat sistema berria ez da ona, aurrekoa ere ez

  • Frantziako Lehen Mailako eta Haur Eskolako erritmoen erreforma hartu dugu aztergai. Hendaiako Gure Ikastolara eta Lizardi eskola publikora hurbildu gara erreformaren eragina ebaluatzeko, maiatzaren 10ean ospatuko den Herri Urratsen 32. edizioaren bezperan.

Askorentzat sistema hau ez da ona, eta aurrekoa ere ez. Ekonomiak –kasuan turismoak– agintzen du. Oporrak horren arabera ere antolatuta daude. Eskolaren arrakasta faktore askoren menpe dago. Haurrek Gobernuaren politikara eta jendartearen  beharretara mol
Askorentzat sistema hau ez da ona, eta aurrekoa ere ez. Ekonomiak –kasuan turismoak– agintzen du. Oporrak horren arabera ere antolatuta daude. Eskolaren arrakasta faktore askoren menpe dago. Haurrek Gobernuaren politikara eta jendartearen beharretara moldatu behar dute funtsean.Dani Blanco

Eskola sistemaren ezaugarrietako bat denboraren banaketa da. Frantziako Estatuan irakaskuntzak oporren, aisialdien eta eskola-orduen berezko antolaketa dauka. Udaldiko bi hilabeteko –zortzi asteko– oporrez gain, zazpi astetan behin, bi asteko oporraldiak dituzte Haur Eskolako eta Lehen Mailako ikasleek: Omia Saindu, Eguberri, Neguko eta Udaberriko oporrak. Asteko eta eguneko ordutegiaren banaketa oso aldakorra izan da azken hamarkadatan. 2008tik 2014ra bitartean, lau eguneko astea izan zen indarrean, azteazkenean ez zegoen klaserik. Erreformaren ondoren, egungo orduen banaketa hau da: goizetan, 9etatik 12ak arte; arratsaldean 13:45etik 15:45era. Asteazkenetan ere eskola dago, goizean, hiru ordukoa. Eskola publikoa edo pribatu den arabera, ordutegiaren hasiera-amaiera aldatzen da, baita eskualdeen arabera ere. Seaskara jo dugu, eta Hendaiako Gure Ikastola hartu dugu lagin gisara erreformaren ezaugarriak ezagutzeko.

Hezkunde Nazionalaren kezka

Frantziako Hezkunde Nazionala kezkatuta dago ikasleen emaitzak txarrak direlako. Orain, erreformarekin, goizetan ordu gehiago dituzte eta arratsaldeak laburragoak dira. Arratsaldeko orduen murrizteak eskolaz kanpoko jardueren denbora luzatzea ekarri du. Horrek eztabaida piztu du, gurasoen eta langileen aldetik bereziki. Erreformari buruzko ikuspegi desberdinak daude, irakasleek berea dute, eta denek ez dute ere aldaketa berdin baloratzen. Miren Arriaga Hendaiako Gure Ikastolako zuzendariordea da: “Erreforma honen puntu ahulena, gutxien landu dena, eskolaz kanpoko jardueretarako ahalbide egokiak jartzea da, ekonomikoari nahiz pertsonari dagozkienak”. Esate baterako, bere iritziz, Herriko Etxeak ez dio laguntza berezirik ematen ikastolari. Uda Leku elkartearekin zegoen NAP kontratua (Nouveaux Activités Periescolaire) ikastolaren esku dago orain. Eskolaz Kanpoko Jarduerak (TAP delakoa) NAP bihurtu da.

Hala ere, irakasle honentzat aldaketa onerako izan da: “Nik handiekin lan egiten dut eta oraingo ordutegia emankorragoa da. Adibidez, hizkuntza, matematika eta ingurumena gaiak goizetan ematen ditut. Lehen, hiru ordu horietatik bat arratsaldean zen. Niretzat galdua”. Lehen Mailako haurrek hobeto ikasten dute eta arratsaldea arinago joaten zaie, honen kasuan. Bestelako iritziak badaude, noski. Guraso batzuen ustez haurrak nekatuagoak daude: “Zenbait irakaslek ere hori diote, baina hori ezin diogu soilik erreformari egotzi”.

Alegia, ikasleen aldartea eta emaitzak ebaluatzerakoan, ikaskuntzako orduez eta eskolaz kanpoko jarduerez beste, haurren etxeko ordutegiaren eragina ere kontuan hartu behar da. Edonola ere, gurasoek ordutegi berria onartu dute. Bakarren batek ez du onartu asteazken goizetan haurrak eskolara ekartzea.

Mauded Mariezkurrena irakaskuntzan ari da laguntzaile lanetan. Gurasoen eta langileen koordinatzailea da: “Ikastolako langileek hasieran erreforma nahiko nahasia ikusi genuen. Uneon ere, ez dugu haurren onerako denik uste, alderantziz, haurrak oso nekatuta ikusten ditugu. Haurren erritmoaren onerako sortutako erreforma bezala aurkeztu zuten, eta ez da batere hori, gezurra da edo gezurretan aritu dira”. Irakasleek beren ordutegia bete ondoren, printzipioz, haurrek aktibitate berezi batzuk bete behar dituzte. Hots, ikastorduetan egiten direnez bestelakoak: “Irakaskuntza orduak eta aktibitate orduak berdinak dira –bi ordu dituzte, eguerdian eta arratsaldean–, ez dago ez mozketarik ez aldaketarik haurrentzat”. Astelehenetan izan ezik, erreformak langile laguntzaileentzat ordu bat gehiago ekarri du. Haurrek laguntza pertsonalizatua dute egun horretan, irakasle espezializatuen esku. Langileen ordezkari honen arabera, aldaketaren eragina ez da horren nabarmena haur helduengan, txikiengan bai, agian. Bere ustez, aktibitate motak aldatu beharko lirateke, beste langile-laguntzaile batzuk ekarraraziz, musika, dantza, antzerkia, zirkoa edo kirolak bertan egiteko, eskolan egiten ez dituzten aktibitateak, hori litzateke benetako mozketa eta jarraipena: “Beste aktibitateak landu behar dira, bestela gelan ez dago aldaketarik. Lehen, 15:45etik 16:30era zen kanpoko jolas-garaia. Denbora hori ez zegoen aktibitateen barruan. Orain aktibitateak dituzte, baina horiek ez dira aisialdiak. Haurrek ez dute atsedenik, atentzioa eskatzen zaie, baina ordu horretarako ez dute adimena bizirik, eguna luzeagoa eta astunagoa egiten zaie”.
Agurtzane Lana gurasoa da: “Nire haurrak txikiak dira. Haur Eskolan eta Lehen Mailako lehen urtean daude. Udaldi ona pasa ondoren, urriko Omia Saindu oporraldian oso nekatuta iristen ziren etxera. Bitxia zen, goizean ezin jaikiz eta leher eginda gauetan, oraingo erritmora ezin egokituz”. Hala ere, guraso honek ez du eguneroko ordutegiaren eraginez aldaketa nabarmenik sentitu bere haurrengan. Askorentzat ordutegia berdina da. Eguerdian, haurrak –ordu bat eta laurdenez– laguntzaileen esku daude. Arratsaldetan, printzipioz, ordubete lehenago ateratzen dira, baina hautazko jarduera batzuk jarri dira halabeharrez. Gurasoen ordutegia dela eta, horiek derrigorrezkoak dira guraso eta haur askorentzat. Aldaketa nabarmena asteazkenean klasea izatea da.     

Lehenengo sistema hobea ote zen?: “Soluzio magikorik ez dago, hobetzeko modu bakarra bitartekoak jartzea da. Kronobiologistek diotenez, erreforma bikaina litzateke, baldin eta ordutegia errespetatuko balitz. Baina, gurasoen lana eta familiaren beharra uztartzeko arazoak daude, haurrek ordu gehiegi pasatzen dute haurtzaindegian. Orain, asteazkenean ez datoz aisialdira, eskolara datoz, haurrei egunero kontzentratuak egotea eskatzen zaie”. Hezkunde Nazionalak kontrakoa bilatu arren, haurrei lan gehiago egitea eskatzen zaie, alegia: “Lehen urtea da, adabakiak jarri dira gurasoak ez erotzeko. Baina, erreforma egiazki aplikatuko bagenu, haur batzuek etxera joan beharko lukete lehenago, euren erritmoak errespetatuko baditugu. Aldiz, egokitu egiten da, erdi-moldatu, gurasoen martxa sobera oztopatu gabe. Estatuak erreforma ezartzeko dirua eman du bi urtetarako. Esperimentazio fasean gaude, kili-kolo. Eta gero zer?”. Laburrean erranik: funtsean, iazko astearen parekoa omen da oraingoa. Asteazkenekoa aldatu da, baina eskola eguna da, ez aisialdia.

Lizardiko guraso bati galdezka

Hendaiako Lizardi ikastetxe publikora ere hurbildu gara. Irakasle batekin hartua genuen hitzordua, bai berarekin, bai langile-laguntzaile eta bai guraso batekin mintzatzeko. Alta, azken unean, eskolako zuzendariak lehen biei gurekin hitz egiteko baimena ukatu die. Baimena ukatu edo ez biltzeko gomendatu. Irakaslearen hitzetan, Hezkunde Nazionalak hedabideekin hitz egitea debekatzen die erakundearen edozein gairi buruz. Hala ere, eskola horretako gurasoen ordezkari Fabienne Paboisekin hitz egin dugu: “Erreforma niretzat egokia da. Erritmoa hobea da, ordutegi bera eta jarraitua ezarri duelako goizero, haurren ikas-metodoa ez delako eteten”. Bi alaba ditu, 7 urtekoak, Lehen Mailan biak. Berak nahiago du haurrek bost egunetan dinamika berean aritzea: “Asteazkenetan eskolara datozenetik familian ez dugu astebarruko bizimoduan aldaketarik. Iaz alabak Donostiara eraman behar izaten genituen aitatxi-amatxirengana”. Ados dago aktibitateak (musika, kirola, dantza...) eskolan integratzearekin, haur batzuek ez baitute eskolaz kanpo aktibitaterik egiten: “Aurten eskolan kirola edota zirkoa egin ahal izan dituzte, eta dohainik. Nire alabetako batek antzerkia egin nahi du, baina bere adinerako ez dugu aurkitu eskolaz kanpo jarduera hori, hemen aldiz bai, eta euskaraz”. Gurasoen ordezkari honen ustetan, eskolako irakasleak ez daude kontent, asteazkenean etorri behar dutelako. Langile-laguntzaileak berriz, NAP delakoarekin kontent dira langile kopurua emendatu delako, Estatuak diru asko sartu duelako erreforma abiarazteko.

Erreformaren eragin ekonomikoa

Eskolaz kanpoko orduak gehiago badira ere, erreformak ez du Hendaiako ikastolara hobetze ekonomikorik ekarri. Gauza asko zintzilik daude. Herriko Etxea eta Herri Elkargoarekin arazoren bat dago betiere, dena ez dago ongi lotua. Estatuak finantzatzeko konpromisoa hartu du bi urtez, baina ondoren, ikastetxe bakoitzak berea ordaindu beharko du.
Xabier Manterola aisialdiak euskaraz antolatzen dituen Uda Leku elkartearen arduraduna da: “Erreforma ideia ona da baldin eta haurren eskola-orduak eta aisialdiak ongi uztartzen badira. Haurrek bi erritmo bizi dituzte, eskola eta aisialdi jardueratakoak”. Alabaina, eskolako jarduera ondorengo jarduerekin eta elkarbizitzarekin uztatu behar direla dio: “Erreformaren akatsa, aldaketa azken unean antolatzea izan da, presaka. Irakasleen eta eskolaz kanpoko animatzaileen arteko lotura gaizki egin da. Uztailean erabaki ziren iraileko jardueren antolamenduak”.

Erreformak eskolaz kanpoko aktibitateak emendatzea ekarri du, eta ondorioz, Uda Lekuko langile kopurua ere, adierazi digu: “Faltsua da. Gu asteazkenean ari ginen eta erreformarekin lanaren erdia baino gehiago tipitu zaigu. Hiru langile permanenteen postuak galdu ditugu. Asteazkeneko kanpoko orduak eta oporrak dira animatzaileen lan orduak. Gure lan denbora ez da emendatu, animatzaileen kopurua baizik”.
Kanpoko jarduerak (musika, dantza, kirola...) eskoletara ekartzeko ideia aipatu diogu, ardura hori Uda Lekuk hartzearen aukeraz: “Gure proiektu pedagogikoa ideia horren kontrakoa da arrunt. Gu ez gara irakasleak, animatzaileak baizik. Gai horiek emango bagenitu eskolaz kanpo ematen den bezala, haiek bezala bihurtuko ginateke. Gure proiektuaren xedea, tailerrak, esku-lanak, gelako eta kanpo jokoak eskaintzea da, haurrak ongi pasatzea. Gurasoek erabaki behar dute haurra nora eraman. Musika, dantza edota kirolera eramatea haiek erabakitzen dute, ez eskolak”. Manterolaren ustez, sistema edozein dela ere, beti daude kontraesanak: “Hasteko, haurrek deus ez egiteko eskubidea dute, ez zaie ikastera behartu behar. Gai gero eta gehiago eman nahi zaie, alta, aisialdia behar dute. Betiko arazoa da”.
Irakaskuntza sistema aldatu nahi dute Frantzian, Europa aldatzen ari delako. Erregioen berezitasun geografikoak kontuan harturik, udaldiko oporrak are laburragoak izatea nahi omen dute. Ipar Euskal Herriaren kasuan, Hegoaldea kontuan hartu behar da, naski.  

Hendaiako egutegia berezia da oso. Txingudi badiako berezitasunei egokituz joan behar luke tokiko irakaskuntzak. Azken hamarkadan aldaketa sumatu da haatik: “Guk Aste Sainduan nabaritu dugu hori. 180 ikasleetatik 20 baino ez ziren falta aisialdian”, esan digu Uda Lekuko arduradunak.

Irakaskuntzan diharduten pertsona hauekin hitz egin ondoren, aspektu hauek ere azpimarratu nahi ditugu: haur bakoitzak bere erritmoa dauka eta sistema bakarra ez da ona guztientzat. Eskola eta eredu anitz daude. Ikerketak eta erreformak egitea ongi dago, praktikan jartzea besterik da. Erritmoen aldaketa batzuentzat ongi etorri da, baina ez ehunetik ehunean. Ez oraingoan ez lehenagoko sisteman ere erritmoak ez ziren guztiz egokiak. Askorentzat sistema hau ez da ona, eta aurrekoa ere ez. Sistema bera da denentzat, baina eskualde batetik bestera eskolaren beharrak aldatzen dira. Eskolaren arrakasta faktore askoren menpe dago. Ekonomiak –kasuon turismoak– agintzen du. Oporrak horren arabera antolatuta daude. Haurrek Gobernuaren politikara eta jendartearen beharretara moldatu behar dute funtsean.

Erreformaren izaera eta honen aurkako erreakzioak

Lehen Mailako eskolako erritmoen erreforma 2013ko otsailaren 26an onartutako lege dekretu bati dagokio. 2014-2015 ikasturtean jarri da indarrean. Erreformak irakaskuntzaren erdiespena dauka helburu. Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren esanetan –2008tik lau egunetako eskola sistema zegoen indarrean–, Frantzia OCDEko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) 34 herrialdeetako ahulena da. Estatuan 144 eskola-egun ematen dira, Europako beste herrialdetako batez besteko 187 egunen aldean. Haurren erritmoetan adituek diotenez, denbora murritz hori ez da egokia ikasteko. Erreformarekin asteazken goizetan eskola eguna ezarri da. Asteko egunen ordutegia egokitu nahi dute eskolaz kanpoko jarduerekin, kirola, musika edota dantza aktibitateekin. Dekretuak dioenez, orduen banaketa egokiagoa da orain.

Erreformaren lerro nagusiak

Estatuan ezarritako esparrua ongi finkatzeak eskualdeetako nahiak betetzea erraztuko du. Erreforma Lehen Mailako eta Haur Eskolei dagokie, ordutegia hauxe delarik: lau eguneko bost ordu eta erdikoa, eta hiru orduko egun bat.

Erreformaren finantziazioa

Eskolaz kanpoko jarduerak antolatzeko eta laguntzeko diru-funtsa sortu da. Ikasle bakoitzeko 50 euro ezarri du Frantziako Gobernuak. Hiri eta landetako ikasleek 40 euro gehiago dute beren beharretarako, garraiorako adibidez.

Lurralde hezkuntza proiektua

Ministerioak PEDTaren (Lurralde hezkuntza proiektua) bitartez, erreforma eskualdeen berezitasunera egokitu nahi du. Testuaren arabera, hezkuntzan parte hartzen duten eragile guztiek koherentzian jardun behar dute. PEDTk lagundu behar du eragileen arteko engaiamenduan. Proiektua Kirol eta Gazteen Ministerioarekin elkarlanean sustatu nahi dute. Herriko Etxeak erreforman parte hartzen du.

Ikasle guztien arrakasta

2008tik erabili den lau asteko ikasturtearen ondorioz, frantziar ikasleek eskola erritmo desegokiak pairatu dituzte, euren erritmo biologikoen aurkakoak. OCDEko ikasleek 821 ordu egiten dute urteko. Erreformaren bidez, Frantziako ikasleek 864 ordu eginen dituzte eskolan, baina hobeto banatuta. Europako beste estatuetako bost eguneko egutegiarekin bat eginen dute.

Aurkako erreakzioak

Eskolako denboraren antolaketa berriak ez zuen ez irakasle ez guraso guztien oniritzia jaso lehen unetik. Hezkuntza Nazionaleko ministro Vincent Peillonek Erreforma test gisara esperimentatu zuen 2013an Lomme herrian. Emaitza argirik ez dago, eta eragile bakoitzak  bere balorazioa egiten du. Irakaskuntzako zenbait sektorek –hainbat hautetsi barne– ikasturte honen hasieran, irailaren 3an, asteazkenean, Klase hutsen ekimenaren bidez Boikot nazionala egitera deitu zuten. Abuztuaren 14an eta irailaren 6an, berriz, Peillon-Hamon (Benoît Hamon da Peillonen aurretiko ministroa) deitu lege-dekretuaren aurka milaka herritar manifestatu ziren Parisen.


ASTEKARIA
2015eko maiatzaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Seaska
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


2024-03-19 | Leire Artola Arin
Beskoitzeko ikastolari 2025era arte luzatu diote lurrak erabiltzeko baimena

Herriko kontseiluaren gehiengoa lurrak ikastolari beste urtebetez alokatzearen alde agertu da, eta jarraian auzapezak dimisioa aurkeztu du. Ikastolako gurasoei eta Seaskari hitzarmen berri bat aurkeztekotan geratu da herriko etxea.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


2023-12-19 | Leire Artola Arin
Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria
“Ezinezkoa da Beskoitzetik ikastola bat horrela kanporatzea”

Haserre mintzatu da Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Beskoitzeko Herriko Etxeak astelehenean hartutako erabakiarekin. 51 haur dituen ikastolarekin hitzarmena eten du auzapezak, eta sei hilabeteren buruan debekatuta izango dute bertan eskolak ematea. Gurasoek harridura... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Beskoitzeko ikastolaren alde ehunka euskaltzale bildu da

2.500 euskaltzale elkartu dira Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak deitutako manifestaziora. Herriko etxeak ikastolaren eraikin berria egiteko eskariari jarritako trabak salatu dituzte eta Beskoitzeko ikastolako haurrei babesa eman diete.


Eguneraketa berriak daude