TTIP, gure eskubideei mehatxuka

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Apirilaren 18an hainbat mobilizazio egingo da TTIPen kontrako borroka eguna dela-eta, baita Euskal Herrian ere, gure funtsezko eskubide sozialak eta ingurumena mehatxatzen baititu. Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena delakoa –ingelesezko akronimoa TTIP da–, AEB eta Europaren artean negoziatzen ari diren tratatua da, bi lurralde horien arteko “inbertsioa eta merkataritza handitzeko, esplotatu gabe dagoen merkatu transatlantiar potentziala errealitate bihurtzeko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko, enplegua eta hazkundea sortuz, merkaturako sarbidea hobetuz, araudia bateratuz eta munduko arauen norabidea markatuz”.

Akordioa iluntasun handiz ari dira negoziatzen, ezkutatu nahian baitabiltza egiaz AEBek inposatu nahi dutena: merkataritza eta inbertsio harremanak desarautzea, Europan bere filosofia zabaltzeko. Hala, finantza, industria eta politika gidatzen dutenek botere gehiago izango dute. Azken batean, AEBek bilatzen dutena da lan eskubideak murriztea, izan ere Lanaren Nazioarteko Erakundearen zortzi hitzarmenetatik bi baino ez ditu sinatu gobernu estatubatuarrak. Lan ordezkaritzarako eskubidea mugatu eta soldatak jaitsi nahi ditu, baita zerbitzu publikoak eta Justizia pribatizatu ere, inbertsioetan sortutako auziak arbitraje pribatuaren esku utziz. Ingurumenari dagokionez, akordioak transgenikoen sarrera erraztuko luke eta frackinga erabiltzeko debekuak ezabatu, Euskal Herriko zenbait tokitan mugimendu sozialek lortutakoa, alegia. Horrek berebiziko garrantzia izango du gure nekazaritzarako eta ingurumenerako.

Ez bada lortzen geratzea AEBek inposatu nahi duen gizartearen eta ingurumenaren kontrako dinamika, gure eskubideen hurbileko etorkizuna hilgarria izango da. Ea herritarrak gainera datorkigunaz jabetzen diren. Kontzientzia hori sortzeko, berriz, mugimendu sozialek, sindikatuek eta politikariek erantzukizun handia dute.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude