"Museo bat bisitatzea zarata mundanoen zurrunbiloari uko egitea da"

  • “Udaberria loratu da, lorontzi baten barruan...”.

Dani Blanco

Zure haurtzaroa museo bat balitz...

Gure etxea faktoria kulturala litzateke. Ama aski trebea zen pintaketan, eta aitaren [Leopoldo Zugaza] ekarpena azpimarratzekoa da azken hamarkadetako euskal kulturan. Kultur ekimenak egosten ziren eltze batean sortu ginen. Argitaletxe baten sorreraz hausnartzen zen, Durangoko Liburu Azoka martxan jartzeaz, aitaren Bilboko Arte Ederren Museoko jardunaren lehen printzak iristen zitzaizkigun, Rafael Ruiz Balerdi edo Eduardo Chillidaren muntako artistak etortzen ziren bisitan... Aspirinak uretan baino eferbeszentzia gehiago zegoen geurean. Aldaketa beteko mundu batean sortzeko zoria izan dugu, eta umezaroan aldaketa horien lekuko zuzen izan arren, apenas hartu dugun parte helduaroan mugitu garen errealitatearen sorreran. Oharkabeko aprendizak ginen. Orain profesionalki egiten dudana txiki-txikitatik bizi izan dut etxean. Orduan arnastutakoa betiko gelditu zait.    

Bizitza eta mundua ulertzeko arnasa da artea?

Arnasetako bat. Arteak hainbeste liluratzen bagaitu, bidean seinaleak jartzen dizkigulako da, dugun eta izan dugun mundu ikuskeraren itzultzaile behinena delako. Hondorik gabeko ontzia da artea eta jakintza, historian metatutako aurrerapena eta gizakiaren anbizioa pausatzen dira bertan. Ez da alferrik egungo artea garai nahasi baten isla. Bizi ditugun nahi eta ezinak zein paradoxak agertzeaz gain, izugarri desmaterializatu da. Gutxiago du objektutik eta gehiago pentsamendutik. Hori hala, Santimamiñe edo Altamirako artista anonimoen garaian bizi zen lekuan bizi da artea: mundua norbere erara erreproduzitzeko bulkadan. Formak, fazeta artistikoak edo ñabardurak aldatu arren, historiaurretik gaur arte oso gutxi mudatu da artearen funtsa.  

Zertan datza museo on baten funtsa?

Museo on batek obra zoragarri bezain garrantzitsuak kontserbatzeaz gain, gertatu dena nahiz gertatzen ari dena aztertu, ulertu eta gizakia denboran zehar zer izan den agertu behar du. Museoaren balorea oso lotuta dago kontserbatzen dituen bildumen ondareari, baina ondare orok beste gorputz bat hartzen du heziketa publikorako tresna bihurtzen denean. Horregatik zaio ezinbestekoa museo bati daukana jakintzaz jantzi eta jendarteari arrastoa uzteko gisan transmititzea. Alabaina, ez gaitezen engaina, museo baten arrakasta ez da bisitari kopuruaren arabera neurtzen. Hori arrakasta literarioa salmenta kopuruaren araberakoa dela aldarrikatzea litzateke. Adierazle bat dela? Ados, baina ezin gaitu gure eginbidetik desbideratu. Museo handi bat bisitari kopuruaren arabera epaituko bagenu, eta museo horrek ez balu bere iparra argi, bere misiotik desbideratu eta bere ortodoxiari traizio egiteko arriskua leukake bisitari kopurua emendatzeagatik soilik. Horrek ez dauka zentzurik. Pradoko zuzendari naizen 13 urteotan erreferentziatzat dauzkadan erakusketak ez dira bisitatuenak izan. Ekarpena kuantifikatzea nekeza izan arren, museo batek ezin die erakusketa horiei uko egin. Bere zinezko misioan sinesten badu, aurrera egin behar du.    

Atzera eginez, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izan zinen 1996tik 2002ra.

Aldaketa aro bat zen: Bilbo eraldaketa prozesuan murgilduta zegoen, Guggenheimen eraikuntza sasoia zen. Aldaketaren ikurrak kultura eta artea baldin baziren, Arte Ederren Museoa ezin zela armairuan gorde ulertaraztea izan zen gure azertua. Horri esker lortu genuen Guggenheimen haizea alde jartzea. Bernardo Atxagak ezin hobeto definitu zuen bi museoen arteko harremana. Berpizkundeko katedral batekin konparatu zuen Bilbo, non katedral handiaren eraikuntza baliatzen zen baptisterioari argia emateko. Horregatik diot Guggenheim zinezko ekarpena dela bai artearentzat bai Bilborentzat. Oso gutxi dira munduan eraldaketa arte museo baten inguruan ardaztu duten hiriak. Urbanismoari eta ekonomiari eman dionaz gain, artearen ikuspegi global oso aberats batez zipriztindu du Bilbo.   

Hitz egingo genuke Guggenheimen ekarpen artistiko eta kulturalaz bere pisu ekonomikoa hutsaren hurrena balitz?

Museoaren eragin ekonomikoak itzalpean utzi du bere ekarpen artistiko eta kulturala. Arkitektura egitasmoaren ausardiak eta ikusgarritasunak begiradak azalarekin itsutu arren, mamia izugarri zaindu duen museo batez ari gara. New Yorkeko eskaintza daukazu, non eta Bilboko zabalgunean! Oso museo gutxi daude munduan artista baten alde Bilboko Guggheimek Richard Serraren alde egin duen legez apustu egin dutenak. Oso erosketa onak egin dituzte, kulturaren Mcdonalizazioari eta frankizia izaerari aurre egin diete nortasun propioa lortzeko... Ez gara ohartzen zer den Europako museo erakargarrienetakoa Bilbon egotea eta ez Parisen, Londresen, Berlinen edo Madrilen. Herrenak dituela? Konforme, baina bere dimentsio kulturala injustuki larrutu dela uste dut.  

Erakargarritasunaz ari gareno, zergatik dakit museo batera sartu aitzin zeintzuk diren nahitaez ikusi beharreko lan gorenak?

Sinesgaitza iruditu arren, ez dago jendartearen gustua baino aldakorragorik. Egun argiki bereizten ditugu Pradoko maisulanak, baina 1819an, museoa zabaldu zenean, beste batzuk ziren gurtzen ziren obrak. Orduan Rafaelen La Perla zen egun Velázquezen Las Meninas dena. Horregatik diot museo batek ez dituela bere obrak ikono bihurtu behar. Zer gertatzen da Louvren? Gioconda ikusteko erromesaldiak beste obrak gutxiesten dituela. Nahiago dut kalitatezko obra asko ukan ikono bihurtutako maisulan bakarra baino. Maisulan horrek gehiegi baldintzatzen du bisita, erabateko itzala egiten die ingurukoei, museoa hankamotz utziz. Pradora itzuliz, sinetsita nago noizean behin Las Meninas tapatu behar genukeela jendeak gainontzeko obrak gehiago preziatu ditzan. Publikoarekiko ardura bat daukagu, bisitari inteligente bihurtu behar dugu jendea, irudikatzen ez dituen lanak jarri behar dizkiogu bidean. Museo guztietan daude altxor ezkutuak, eta horiek topatuaraztea bezalako osasun sintomarik ez dago museo batentzat.

Osasun sintoma da obra batek bere burua defendatzeko hainbesteko diskurtsoa behar izatea?

Arteak badu hitzekin azaldu ezin litekeen aura bat, baina batzuetan auraz beste egin eta obrak hitzez kargatzen ditugu. Esaterako, oso gutxi dakigu Velázquezen aipu eta usteez, baina bere obrek gure interpretazioa kitzikatzen dute, kasik iritzia ematera behartuz. Artea elkarrizketa, inpresio, sentimendu eta aldarte sortzailea da berez. Besterik da hori marketin bihurtzea. Are gehiago, nire ustez museoek ez lukete marketinik egin behar. Ez gaude produktu bat merkatuan kokatzeko. Museoan egiten dugun lanak oihartzuna izatea nahi dugu, ahal bezainbat jenderengana iristea dugu xede, baina marketin klabeetan pentsatzeak gure oinarrizko misioa lizunduko luke. Hori hala, garbi daukat artean edertasuna eta jakintza txanpon beraren alde biak direla. Pradora gauza ederrak soilik ikustera bazatoz, altxorraren zati handi bat galduko duzu bidean. Artea ezagutza sistema bat baita, ideien unibertsoa eta mundu erreala uztartuz jakintzan aurrera egiteko tresna bat, eta maisulan bat ez da sekula maisulana izango ongi pintatuta dagoelako soilik. Artea beti da begirada batean dirudiena baino konplexuagoa.  

Nola uztartzen dira exijentzia intelektuala eta orotariko publikoari zuzendutako eskaintza?

Artea ez da entretenimendu hutseko lur bat. Ezin diozu jendeari besterik gabe ongi pasatzera etortzeko esan. Jakin-mina duenak, iraganetik ikasi nahi duenak, edo artea ezagutza tresnatzat duenak ederki pasako du, baina besteentzat ez daukagu miraririk. Ezagutzaren bide-zidorretan barnako akuilu eta heldulekuz josita dago Prado, baina zuk egin beharko duzu bidea. Nire erronka gorena ez da bisitariek ongi pasa eta gozatzea soilik, irteeran sarreran baino jantziagoak izan daitezen nahi dut. Hala, museoetara datorrena jendartearen elitea dela diote zenbakiek. Iaz, 2,5 milioi bisitari izan ziren gurean. Asko da, izugarri, baina ez uda Ibizan igarotzen dutenak beste. Bidaiatzeko aukerak ugaldu arren, oraindik ere pribilegiatu batzuk dira Madrilera etorri eta Prado bisitatzeko denbora eta sosa dutenak. Horrek arlo digitalean sakontzera eraman gaitu. Artea demokratizatzeko bidean, gure lan eta bildumak jarri ditugu sarean zintzilik. Orain hamar urte tabua zen, arima deabruari saldu izana leporatzen ziguten, baina gure eginkizunaren hedapen kanal zoragarria da internet.

Atzerrian museoak bisitatzen dituenak nolatan ez ditu bere inguruko museoak zapaltzen?

Ulergaitza zait. 2007an, Pradoko handitze lanak inauguratzean, inguruko herritarrak museoarekin harreman bat proposatuz limurtzen tematu ginen. Zergatik? Inaugurazio aurretik madrildar baino iparramerikar gehiago hurbiltzen zitzaizkigulako. Hori oso seinale eskasa da, zerbait oker egiten ari zarenaren sintoma. Urrutikoa auzokoa baino errazago konbentzitzen baduzu, komeriak! Zorionez, erakusketa ezberdinei esker, bertakoen arreta berreskuratu dugu. Museoa etengabe azalberritzeko balio digute. Museoak ez direla aldatzen uste baitute askok, behin bisitatu eta betiko ikusita geratzen direla, baina museo on batek beti eskaintzen dizu txinparta berri bat, ordura arte zabaldu ez zenuen ate bat.     

Txinpartak ez, azkenaldi luzeko diru-laguntza publikoen murrizketek kea eragin dute.

Horregatik diot akademikoki sasoi itzelean gaudela, baina baliabidez herren. Azken hiru urteetan aurrekontu publikoaren %60 murriztu digute. Gure bildumari eta lantalde osoaren jakintza eta ekinari esker goaz desertuan aurrera. Ikusi besterik ez dago, Louvrek 100 milioi euro jasotzen ditu urtero diru-laguntza publikoetatik, Pradok 12 milioi, eta hala ere, liga berean gaude! Demaseko ahalegina egin dugu gure aurrekontuak diru-sarrera propioekin orekatzeko. Azken bi urteotan, gure aurrekontuaren %70 autofinantzatua da. Pradoren oinarrizko baloreak eta tamainak ahalbidetzen dute lorpen hori, baina gurea ez da museo guztiei aplikatu dakiekeen araua. Ez gaitzatela murrizketak justifikatzeko erabili, ez delako bidezkoa batetik, eta gu ere muga-mugan gaudelako bestetik.

Galdera inozo bat: zergatik murrizten da lehenik eta gehienbat kulturan?

Autokritikoak izanez, ez dugu jendartea konbentzitzen jakin, ez diogu kultura lehentasunezko zerbitzu publikoa dela ikusarazi. Osasungintzan edo hezkuntzan murrizketak iragartzen badira jendea mobilizatzen da, baina kultura kolpatzen denean nor ateratzen da kalera? Ez daukagu kultura ez ukitzeko aldarrikatzen duen jendarterik. Ingalaterran, museoak doakoak dira eta hori aldatzen saiatu direnero erantzun du jendeak. Bitartean, gu ez gara gai izan agintariak museo bat zabalik mantentzea ospitaleko gela edo ikasgela bati zabalik eustea bezain beharrezkoa dela ohartarazteko. Baina zergatik ez ditugu agintariak konbentzitu? Jendartea konbentzitzeko gai izan ez garelako. Jendartearen presioa kokotean sentitzen ez duteno, politikariek berdin jarraituko dute.

Berehalakotasunaren eta etengabeko estimuluen selfia da jendarte hau. Museoek, alta, pausa eta denboraren perspektiba eskatzen dute. Bateragarriak dira?

Iragan zein geroari so, ezinezkoa da gure garaiak kutsatu gabeko esperientzia lantzea. Horregatik diot parentesia dela kultura. Museo bat bisitatzea zarata mundanoen zurrunbiloari uko egitea da. Ez da tenplu sakratu batean sartzea, baina bai denborak beste dimentsio bat duen eta ideiak airean zintzilikatzen diren mundu batean murgiltzea. Ez da kasualitatea Pradon argazkiak hartzea eta smartphonen erabilera debekatuta egotea. Horregatik kritikatzen gaituztela badakit, baina nik jendea obrak ikustera etortzea nahi dut, ez selfiak egitera. Ez nago trepeta teknologikoen aurka, baina hori da obraz gozatu eta jendeak tabletari ez begiratzeko topatu dugun modu bakarra.

Nortasun agiria

Miguel Zugaza. Durangon sortu zen 1964an. Historia eta Geografian lizentziatua eta Artearen Historian espezializatua, Reina Sofia museoko kontserbazio zuzendaria izan zen 1994tik 1996ra. 1996an, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari izendatu zuten, 2002an Madrilgo Prado museoa zuzentzera pasa zen arte. 13 urte geroago hantxe jarraitzen du. Leopoldo Zugaza kultur eragile ezagunaren semea da.

Azken hitza
Gernika

“Gernika bere papera egokien betetzen duen lekuan egongo da. Gaur egun, Reina Sofia museoa intelektualki eusten duen artelana da, baina horrek ez du kentzen Picassok Pradori eskaini ziola Gernika. Horregatik, galdera ez da non bukatuko duen Gernikak, XX. mendeko artearekin zer egingo dugun baizik. XXI. mendean aurrera joan ahala non erakutsiko dugu XX. mendeko artea? Galdera horren erantzunak markatuko du Gernikaren etorkizuna”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Museoak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


“Kable bilketa” gisa definitu du EH Bilduk Guggenheim Urdaibai proiektua bi urtez gelditzeko erabakia

Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.


Eguneraketa berriak daude