Urte berrirako helburuak eta desioak

Juan Mari Arregi
2015eko urtarrilaren 18a

Hasi berri dugun urtean, dauzkagun desioak helburu betetzea nahiko genuke sozio-ekonomia zutabe honetatik. Atzean utzi duguna ustelkeriaren urtea izan da, prekarietatearena, langabeziarena, pobrezia eta bazterketa sozialaren urtea. Hori guztia egungo sistema ekonomikoak ekarri du, kapitalismoak, nahierara ibili delako eta munduko eta herrialdeetako ekonomia gidatu duelako, herritarrek aukeratu ez duten arren.

Sistema ekonomiko alternatiboa nahiko genuke, ekonomia soziala eta solidarioa bere egingo dituena, funtsezko baloreetan oinarritua, hala nola elkartasuna, giza duintasuna, justizia soziala, ingurumen politika jasangarria, merkataritza justua, gardentasuna eta demokrazia. Hori lortuko bagenu, gutxieneko soldatek, pentsioek, diru-sarrerak bermatzeko errentek, langabezia sariek, menpekotasunagatiko diru-laguntzek eta bestelako prestazio sozialek pobrezia-maila gainditu beharko lukete. Maila hori 1.000 euro inguruan dago, baina gutxieneko soldata 648 eurokoa da, langabezia saria berriz 428 eurokoa, eta alargunentzako pentsioa maiz ez da iristen 700 eurora.

Baina horretarako politika ekonomikoetan erabateko aldaketa behar da, euskaldunen subiranotasun ekonomikoa eta lan-harremanen euskal esparrua ere errespetatu, sustatu eta defendatuko dituen sistema behar baitugu. Politika ekonomiko horrek zentzuzko kontsumoa bultzatu behar luke ekonomia haz dadin, baina horretarako beharrezkoa da soldatak ere haztea. Enplegu duina ere sortu behar da. Eta iruzur fiskalari gogor egin; paradisu fiskalak ezabatu eta iruzurgileak identifikatu behar dira. Gehien duenari zerga gehiago jarri behar zaizkio; enpresa eta multinazionalek ordaindu ditzatela dagozkien zergak. Eta azkenik, murriztu behar da militarren eta monarkiaren gastua, eta baita alferrikakoak diren AHT gisako azpiegitura erraldoietan egiten diren xahuketak ere. Ea helburu eta desio horiek betetzen doazen. Herritar bakoitzaren ekarpena funtsezkoa izango da horretarako, baita mugimendu sozial, sindikal eta politikoena ere.

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ekonomia krisia  |  Enplegua

Ekonomia krisia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude