Edertasuna bai

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Esan zaion zerbaiti entzuleak ameto ematen diola edo egokia dela iruditzen zaionean bai beharrean beleza, hau da, “edertasuna” erantzuten duen herrian ibili naiz. Telefonoak medio gure artean nagusitu den “ok” motzaren aldean ederra. Edertasuna, alajaina. Baietzaren edertasuna, ahoa neurri, ahoz aho, bolo-bolo guztien aho mihietan darabilen herria, bai. Ez da harritzekoa, tximeleta urdin-urdin eta berde bizi eta txori gorri artean bizi dira. Beleza.

Natura ederra da han, gure amonak “eder” hitzari ematen dizkion zentzu guztietan: ikusgarria eta handia, polita eta galanta. Paisaia ikaragarriak bizitzen dituzte. Baso gehienak oihanak dira, landugabeak, “primarioak” deitzen direnak: eraitsi eta landatu gabeak, alegia. Landare erraldoiak nonahi, batez ere zuhaitzak.

Fruituak soilik hartuta, ilargialdi eta erdian ezagutu ditudanen formak eta dastak memorian txertatzeko bizitza oso bat beharko litzateke, izenak gogoan ditut, ordea: palmondoetako koko, patoa, buruti, açai, abacaba, tucuma eta pupunha, eta naja, pitomba, inga de macaco, jarina, jenipapo, tapereba, mamao edo papaia, castanha do Para, cajú eta castanha do cajú, amendoim, banana cumprida, inanjá, mucajá, jupati, patowa, paxiúba, morototo, abacaxi, manga, acerola, goiaba, maracujá, cupuaçu, graviola, ameixa, cambucá, figo, guarana, limao, marmelo, pitanga, abacate, amendoa, caqui, framboesa, murici, jabuticaba, maça, melancia, roma, amora, fruta do conde, melao, sapoti, abiu, araça, cereja, kiwi, morango, tamarindo, banana, laranja, mangaba, pera, tangerina, damasco, grunixama, lima, pessego, uva, jaca, murupi, carambola, quiabo, maxixe, chuchu, kino, eta abar...

Haserrea bai, hango lurra. Oparotasuna eta aberastasuna. Alexander von Humboldt naturazale prusiarrak esan zuen bai, XIX. mendearen hasieran: “Amazonas humanitate berri baten sorlekua izango da”. Beleza, Brasil. Bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baso naturalak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!