Bukatu dira bromak Europan

  • Charlie Hebdoren aurkako atentatuaren erreakzioek begi bistan jarri dituzte Europan une honetan nagusitzen ari diren joera politikoak. Bi mutur, eskuinekoa bata eta islamista bestea, aurkezten zaizkigu arrisku nagusitzat. Eta “segurtasunaren” mesedetan eskubideak kentzea proposatzen dute agintariek: horiek dira indarkeria egoerak gaina hartu duenean protagonista altxa diren aukerak. Ezkerrak ba ote du ezer esateko?

Elkartasuna adierazteaz gain, zer egin daiteke Charlie Hebdoren kontrako atentatuaren ondoren? Ultra eskuinak, muturreko islamismoak eta establishmentaren kontrol eta zigor ekinbideek, agerian utzi dute bestelako mundua posible dela uste dutenen diskurtso
Elkartasuna adierazteaz gain, zer egin daiteke Charlie Hebdoren kontrako atentatuaren ondoren? Ultra eskuinak, muturreko islamismoak eta establishmentaren kontrol eta zigor ekinbideek, agerian utzi dute bestelako mundua posible dela uste dutenen diskurtso gabezia.

Aurpegia estalita duten bi pertsona kalaxnikovak hartuta aldizkari baten erredakzioan sartu eta tiroka hasten direnean ez dago pentsatzeko tarterik. Elkarrizketak, desadostasunak eta eztabaidak ere hor bukatzen dira. Charlie Hebdo aldizkari satiriko frantziarrak urtarrilaren 7an jasan zuen atentatua bezalakoek suspenditu egiten dute hizketarako tartea, bestelako urgentziak inposatuz.

Bizia salbatu. Gorpuak kontatu. Negar egin. Dolua. Hildakoekin elkartasuna. Polizia operazioa. Eta zer gehiago?

Badirudi horrelako ekintzek erreakzio bat probokatu nahi dutela, polarizazio soziala areagotu, gurutzada giroa hauspotu. Nirekin ala nire kontra.

Peru Iparragirrek Paristik kontatu du atentatuaren ondoren egoitzaren inguruan zegoen giroa, Berriak argitaratutako kronikan: “Apur bat aurrerago jende multzo bat pilatu da ozen hizketan ari den Front National alderdikoa ei den gazte baten inguruan, segituan entzun dira erantzunak eta oihuak. Kasik ezinezkoa da zer dioen entzutea. Kanpoaldean ezetz egiten du buruarekin jendeak, eta kaleko jantzitako polizia batek egoeraren berri ematen du telefonotik. Tentsioa goraka doa, eskuin muturreko hizlaria polizia artean desagertu den arte”.

Zibilizazioen arteko gerraren jokoa

Elkarren etsai, elkarren ispilu: ultra batzuek ekintza azkarrez dena dardarka jartzen dute eta beste ultra batzuk agertzen dira, abiada berean, zibilizazioen arteko gerra predikatzera.

Denbora azeleratu egin da eta mezu sinpleenek errazago dute bidea. Hilketa baten aurrean gaudenez, mendeku premia aldarrikatu gura duenak haizea alde du. Marine Le Penek, heriotza zigorrari buruzko erreferendum bat proposatuz, momentua probestu du.

Suabeagoa da establishmentaren erreakzioa lehen konpasetan. Itxuraz. Iganderako “terrorismoaren kontrako” goi bilera antolatu baitute. “Europak erreakzionatu behar du”, dio Jean Claude Juncker Europako Batzordeko buruak deialdia publiko egiten den egunean. “Erantzun”, “erreakzionatu”, “urgentzia” eta antzeko hitzak baino ez dituzu aurkituko nagusitzen den eremu semantikoan.

Gauzak ez dira gehiegi aldatu 2001eko irailaren 11ko atentatuetatik, behin baino gehiagotan errepikatzen den eskema da: shock egoera sortzen duen ekintza eta salbuespenezko neurri azkarrak, agintarien artean behar bezala adostuta eta koordinatuta.

Hilketa deitoragarri baten aurka sistemak daukan proposamen bakarra gehiago kontrolatzea eta gehiago zigortzea baita; bestela esateko, guztioi askatasunak kentzea, askatasunaren izenean. “Hori ala Front National. Hori ala terrorismo islamista”, da kontsigna.

Falta den ahotsa

Diskurtsoen marko horretan ahots bat faltan sumatzen da. Atentatua gertatu ostean zer esan du ezkerrak? Dolua adierazi da, noski. Baita erasoa gaitzetsi ere. Eta gertakaria testuinguru globalean kokatzen saiatu dira batzuk, Iraken, Sirian, Afganistanen edo Mendebaldeko herrialdeek armak sartzen dituzten lekuetan egunero hiltzen den jendea gogora ekarriz.

Parisko atentatua arbuiatzearekin batera munduko beste leku askotan probokatzen dituzten biktimei entzungor egiten dietenen hipokresia agerian jartzeko baino ez bada ere, horrelako konparazioak beharrezkoak dira. Baina atentatu baten ondorioen beroan, hil berri direnekin enpatiarik eza adieraz dezake jarrera horrek, besteak beste. “Hemen eta orain gertatu den zerbaiti buruz ari gara, zergatik desbideratzen duzu gaia?”, galdetuko dizu urduritzen hasi den lagunak. Ez da eraginkorra.

Eta eraginkortasun falta berbera, handiagoa agian, erakusten du progresismo multikulturalistan kokatzen den argudiatzeko erak, hau da, problemari giza eskubideetatik eta erlijio guztien errespetagarritasunetik begiratzeak. Gatazkak koska bat gora egin duenean, hildakoak menuaren parte direnean, tokitan geratu dira tolerantzia eta errespetua. Sortu den herra bera da bideratu behar dena eta horretarako “onar dezagun elkar” esatea ez da nahikoa.

Ze mezuk funtziona dezake ordea? Honelako egoeretan ikusten da inoiz baino argiago bestelako mundua posible dela diotenen inpotentzia. Software egokia falta da muturreko islamismoaren, eskuin mutur berriaren eta “betiko” alderdien kontrol eta zigor diskurtsoei aurre egiteko. Eta ez dirudi berehalakoan etorriko denik.

Beharbada fronteetatik ateratzea da kontua. Diskurtso handi baten zain egon beharrean, atzeragoardian zer gertatzen den begiratzea, handik etorriko baitziren Charlie Hebdo sarraskitu dutenen gorrotoetako asko. Han ari da egosten mendeku gosean oinarritutako islamofobia ere.

Mundu hobea nola aldarrikatu, beraz, gorroto garaietan? Elkar suntsitzen edo eskubideak galtzen baino, denontzako eskubide gehiagoren alde borrokatzen. Haserrea zerbait eraikitzeko bideratzen. Erraz esaten da. Bide hori urratzeko hondeatzaile handirik ez dugunez, proposatzen zaigun gerra berri handiari aitzurka oztopatu beharko diogu bidea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Charlie Hebdo atentatua
2020-09-03 | Mikel Eizagirre
Charlie Hebdoren aurkako atentatuaren epaiketa hasi da

Bost urteko ikerketaren ostean, Parisko Epaitegi Judizialak ustez erasoan lagundu zuten hamalau lagun epaituko ditu. Bien bitartean, adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida berpiztu da Frantziako Estatuan.


2020-03-31 | ARGIA
"Charlie Hebdo"-ren aurkako atentatuaren epaiketa udazkenera atzeratu dute

Maiatzaren 4an hasi eta uztailaren 10era bitarte egitekoa zen. Epaitegiko lehen auzialdiko presidenteak adierazi du ez dagoela baldintza egokirik horretarako, osasun krisia dela-eta.


Atenasko porrotetik Parisko sarraskietara, garai konplikatuak Europako ezkerrentzat

Ezkerraren itxaropen zaharberrituekin ekin urte berriari eta alde guztietako kontserbadore eta inmobilistek aldarrikatutako Zibilizazioen Talkaren edizio odoltsuekin burutu, horra zein izan den 2015 honen patua. Disney World edo Port Aventurako txirrista erraldoietako batean... [+]


2016-03-06 | Sustrai Colina
Alfonso Zapico, komikilaria
"Bigarren eskuko arropa bezalakoa naiz"

Hitza eta marrazkia. Marrazkia eta hitza. Hitzak marraztu eta marrazkiak esan. Ahotik lapitza atera eta mingaina eskuan hartu. “Santa Barbara bendita, tralaralaralaralai...”.


Dena ez da Charlie: prekarietateak ere hiltzen ditu komikiak Frantzian

500 komikigilek manifestazioa egin dute Anguleman euren erretreta osagarriaren kotizazioa neurtzerakoan egin azken aldaketez kexu.


Eguneraketa berriak daude