Dena ez da Charlie: prekarietateak ere hiltzen ditu komikiak Frantzian

Gorka Bereziartua
0

Oihartzun handirik izan ez duen arren, jendetsua izan zen Angulemako manifestazioa.
Hegoaldean oihartzun handirik izan ez duen arren, jendetsua izan zen Angulemako manifestazioa.

Komikigileak interesatzen zaizkigu, baina segun eta zer esaten duten, ez hainbeste. Angulemako jaialdi ezaguna igandean bukatu zen eta Bidasoaren hegoaldean bizi garenoi kontatu digutena, gaztelaniaz noski, zera da: Charlie Hebdoren aurkako atentatuaren oihartzunek hartu dutela festibala.
Gero ya, sariak eta blablabla. Antza, urtarrilean Parisen hil dituzten egileak gogora ekartzea izan da aurtengo edizioak utzi duen keinu politikoena.
Espero izateko moduko albistea zela inork ez dizu jarriko dudatan, beraz, ez-albiste horren partez, nahiago genuke Anguleman aurten izan den beste gertakari bati arreta eskaintzea: 500 komikigile inguruk manifestazioa egin dute François Hollanderi esateko ez daudela ados euren erretreta osagarriaren kotizazioa neurtzerakoan egin dituzten azken aldaketekin.
Salatzen dutenez, aldaketa horren ondorioz, komikigileei diru-sarrerak %8 gutxituko zaizkie –eta, pentsatzen duzuen moduan, sektore horretako jornalak ez dira Barçako jokalariek dauzkatenen antzekoak–. Praktikan, marrazkilari askorentzat hilabeteko soldata galtzea ekarriko luke.
Lan munduko aldarrikapen bat beraz: nori interesatzen zaio halakorik, terrorismo islamista borrokatzea bezalako kausa handiagoak daudenean? Gainera, komikigileen hobe beharrez ari dira. Bai, bai. Izan ere, komikigile profesionalen kontrako atentatuak saihesteko modu eraginkorrena, inor marrazkietatik bizi ahal ez izatea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA