"Kultura hitza ematetik dator"

  • Amaren, alabaren eta espiritu santuaren izenean... Amen.

Zu sortzerako gerra asko pasata zeuden zuenean.

Nire gurasoen bi familiak 36ko Gerrako errefuxiatuak dira. Nire lau aitatxi-amatxiak Haltsuko hilerrian ehortziak daude. Odol bizkaitar eta nafarra dut aitaren aldetik, madrildar eta bizkaitarra amarenetik. Aita gudarien komandante izanik, preso egona eta heriotzara kondenatua zen, gerlaren lokatzetan okotzeraino sartua. Horregatik sortu naiz Haltsun, Hegoaldeari lotua odolez eta izatez, “zazpiak bat” lehen hatsetik sentituz. Etxean, gurasoez gain, iheslariak, Lekeitioko lagunak, arrantzaleak... Denetik ikusi dut beti. Niretzat odolaz harago doan zerbait izan da beti familia. Pentsa, gure etxeko tximinia gainean egon da luzaz behiala kaxarranka dantzatzeko erabiltzen zen Lekeitioko kofradiako bandera gorria. Orain gutxi itzuli diogu herriari. Susmoa dut, alta, istorio horiek etxeetan atxiki eta herriak ahanzten dituela.

Bigarren Mundu Gerraren biharamunean sortu zinen zu, etxeek eta herriek ahantzi ezin zuten garaian.

Ttikitatik entzun dut alemanak jin zirela, Nieves haurride nagusiari tximinia gaineko bandera gorria hartzea debekatzen zitzaiola, baina ez dut ez gerla girorik, ez eskasiarik pasa. Ez zen ondasun handirik, baina laborantzari loturiko herrikoitasun aberatsa genuen. Behiak, oiloak, mahasti ttipi bat... aski zen guretzako. Gogoan dudana da lekeitiarrez mintzo ginela etxean eta haltsueraz karrikan, baina zorionekoak ginela, Arrieta apezak iheslariak onartzen eta herrian integratzen bazekielako. Guk ez dugu pairatu iheslari batzuek nozitu duten baztertzerik. Errefuxiatuak ginen, ez errefusatuak. Biziki ongi txertatu ginen Haltsun, bai euskararen aldetik, bai laborantza mailan, bai Elizaren bideetan, eta nola ez, euskal nortasunari dagokionez. Ez dut inoiz ahantziko bi danbor eta lau tronpetako klika etxez etxe ibiltzen zela festetan bandera frantsesa aurretik zuela. Gure etxera heldu aitzin, alta, bandera frantsesa bide bazterrean laga eta lehengusuak utzitako ikurrinarekin sartzen ziren. Jende horrek iheslariei esker izan du herri honen berri. Horregatik diot ez dela gauza bera iheslari izatea Euskal Herrian edo Cherbourg-en. Egia da oraindik ez dela dena irabazia, hemengo jendea Hegoaldeko aferak aipatzean Espainiaz mintzo dela, baina izigarriko elkartasuna eta laguntza izan ditugu.

Nola baloratzen duzu iheslariek bake bidean eginiko ekarpena?  

Garai bateko herrikoitasun eta herri izaera aldatu da. Aniztasun batean gara, iheslariak bakearen eragile bihurturik, eta eman dituzten azken urratsak txalogarriak ez ezik miresgarriak iruditzen zaizkit. Ez da samurra iheslariak biluztu diren bezala biluztea. Bizitza osoa pasa duzularik herriak ETAren ekintzetatik fruituak jasoko zituela sinetsita, ez da makala bat-batean borroka armatua bazter utzi eta bakezko armak hartzea, gizarteari burujabetza utziz. Zapalduak izan gara, pertsona eta herri gisa, zapalkuntza horren aitzinean guk ere nahi izan dugu gogorkeria erakutsi armen bidez, baina zapalduak izaten segi arren gai izan gara logika politiko kultural hori hausteko. Horrek bide eta alternatiba berriak zabaltzen ditu. Noiz izan dugu holako aukera bat? Hori oso baikorra da denentzat, jendartearentzat eta iheslarientzat. Orain iheslari izatea ez da geroaren zepoan preso egotea, ez da geroa gainean duzun hilobi losa bat garraiatzea bezala. Egoera nekeza izan arren, esperantza izpiak berpiztu dira.  

Euskal kausaren alde sutsuki agertzeak arazorik sortu dizu Elizaren baitan?

Anitzetan erran didate egin nezakeela apez-bide ederragoa, Euskal Herriko erroek ez zidatela Erromara hegan egiten uzten. Ez naiz sekula apez izan nire karrera eklesiastikoa aberasteko, herritarrekin, giristino zein ez giristinoekin, ebanjelioa bizitzeko baizik. Hala, beti agertu naiz naizen bezalakoa, ez dut sekula nire herria sakelan gorde. Ezin dut ulertu herritik aparteko apez-bide bat. Zauden tokian uros izatea bezalako aberastasunik ez dago niretzat. Daukazunarekin pozik bizitzea da gakoa, ez eskas duzuna mirestea. 30 urte daramatzat Zokoako txoko honetan, eta izigarriko xantzatzat daukat euskaldun, giristino eta apez izatea. Ez nuke bat kendu nahi bestearen gehitzeko.

Euskal Herrian Elizak dituen agintariak ikusita, segur ez zenukeela bat kendu nahi bestea gehitzeko?

Ez da kasualitatea. Benedikto XVI.ak ez zuen barkuaren lema bereganatu, eta bere baitatik lan egin beharrean, Opus Dei eta giristino eskuindar atzerakoien esku utzi zuen agintea. Euskal Herriko Eliza, egitura bezala, salbatu behar zela deliberatu zuen Erromak, eta horretarako Elizaren identitatea zorrotz markatzea erabaki. Herriaren zerbitzari, bakearen eragile, eta hizkuntza eta kulturaren gordailu zen euskal Elizak bokaziorik sortu ez izana eta elizak hustu izana leporatu ziguten. Ez ziren ohartu hemen garrantzitsua ez dela ontzia, itsasoa baizik. Hala, orain ere erresistentzia tokatu zaigu. Horregatik diot Eliza gu garela, ez Erroma. Eskerrak aita santu berriak argia ekarri digun. Euskaldun eta giristino izan gaitezkeela dio, karrikan jendeekin ibili gaitezkeela, dibortziatu, homosexual eta dena delakoekin bat egin dezakegula... Azkenean, haize fresko pixka bat, esperantza seinale bat.  

Zergatik da erlijioa Frantzian homosexualen ezkontzaren aurkakoek darabilten lehen argudioa?

Tamalgarria zait. Gure apezpikua homosexualen ezkontzaren aurka mintzo entzuten dudanero pena eta mina eragiten dizkit. Homosexual andana ezagutzen dut, orotarikoak, aspalditik bataiatzen ditut heien haurrak, eta edonori emango niokeen tratua ematen diet. Nor naiz ni heien bizitza sexuala egokia den ala ez epaitzeko? Zer den debekatua eta zer bekatua inposatu behar diet? Hori irrigarria da. Lehengo logikan, ezkondu aitzin xirri batzuk egiten dituen bikotea bekataria da. Zer zentzu du, alta, mundu erdia baino gehiago bekataria dela esateak? Elkar maite duen jendea bekataria bada itzali kandela eta zoaz beste planeta batera bizitzera! Bukatu da egia absolutuen Eliza zapaltzailea. Badira oraindik beldurraren arma darabilten karkak, baina ez dira ohartzen arma hori erabiliz heien burua hiltzen ari direla. Hitzak libre behar du, ez gara frankismotik atera beste diktadura batean sartzeko. Hierarkiarekiko komunio berria ez litzateke obedientzia eta menpekotasun hutsetik sortu behar. Helduak gara, eta Eliza heldu bat nahi badugu hitz askeko iritzi trukaketak bultzatu behar ditugu. Kasu honetan, arraina ez baita buztanetik usteltzen, burutik baizik.

Kezkatzen zaitu elizak husten ikusteak?

Deblauki erranez, hori ez da intuizio bat, datu soziologiko bat baizik. Kezkatzen nauena botila erdi betea egonik erdi hutsa ikustea da. Batzuen betiereko nostalgia: lehen zegoena eta orain ez dagoena. Alabaina, Elizak lehengo pisurik ez izateak ez du baliorik ez duela erran nahi. Erortzean altxatzeko indarra ematen dizun zure baitako duintasun sakratuak, eskubideak defendatzeko, jendarte hobea bultzatzeko edo bakegintzan partaide izateko lantzen dituzun baloreak ederrak dira. Politikak ezin du dena irentsi. Pertsonek beharrezkoa dugu gertatzen zaiguna espiritualki baloratzea. Nola bizi espiritualki egungo Euskal Herria? Hori da mahai gainean dugun galdera. Eliza molde batek porrot egin baitu, baina beste bat sortzen ari da: apalagoa, umilagoa, baina baita benetakoagoa ere.

Lehen zegoena eta orain ez dagoena. Arrantzaleen omonierra izaki, arrantzaz hasiko zinela uste nuen.

Lehengo euskal jendartea oso lotua egon da laborantzari eta arrantzari. Ofizioak baino gehiago, ikur kulturalak ziren. Arrantzale eta ontzi kopuruak anitz jaitsi dira, baina izenak ez du dena egiten. Herri askotako portuak kirol-portu bihurtu eta arrantzarako baino turismorako amu gehiago izan arren, arrantzale kulturakoak dira herri horien portaera, izaera, balore sorta edo ahoz ahoko legendak. Zer geldituko litzateke gure portuetan arrantzaleak eta arrantzale kultura kenduko bagenitu? Arrantza eta arrantzale ofizioa bakandu arren, zibilizazio bat gelditzen da, itsas ondarea zaindu eta garatzeko ardura. Jendeak ofizioa laga nahi baitu, ez nortasuna.

1985etik zabiltza lan horietan.

Hastapenetik izan dut jendeari hitza emateko kezka. Kultura hitza ematetik dator. Lurra goldatu eta hazia ereitea da kultura, buruak zabaldu eta hitza libratzea. Jendeak ez daki zer aberastasun baden arrantzaleen munduan, zer elkartasun sare. Jendeak ontziak ikusten ditu, lehen egurrezkoak orain txapazkoak, baina gutxik egiten du bertan itsas gizon eta emazteak irudikatzeko esfortzua: heien bizimodua, bizibidea, itsasoarekiko harremana, heien kezkak, penak, pozak... Arrantzaleek beraiek ez dute arlo hori sobera landu, eta eskasia jendartera zabaldu da. Armadoreei gure kezkaren berri eman genienean “hemengo gazteek ez dutela itsasora joan nahi? Kanpotik ekarriko dugu jendea!” gaztigatu ziguten. Oso garrantzitsua da ekonomia ongi pisatzea barku berriak egin ahal izateko, merkatu berriak sortzeko, arrantza eremu berriak lortzeko, baina non daude baloreak? Sosa da helburu bakarra? Non gelditzen da kultura? Mundu guztia dago prest barku berri baterako finantziazioa xerkatzeko, baina jende gutxi humanizazio bideak urratzeko. Jaurlaritzak ere indar ekonomiko bat bezala salbatu nahi du arrantza, ez indar kultural eta herrikoi baten gisan.  

Zuk, alta, itsasoaren salbazioa arrantzale ofizioaren salbaziotik pasako dela diozu.

Jakina, itsasoa baratzea bada arrantzaleak dira baratzezainak. Bukatu da itsasoaren geroaz kezkatzen ez ziren piraten aroa. Arrantzalea da egunero itsasora ateratzen dena, itsasoa zaintzen duena. Ni naiz itsasoan astoa bezala ibili denetako bat. Arrantzale eta sukaldari aritu naiz ontzietan, eta aitortzen dut, lehorrean arraina baizik ez genuela deskargatzen. Kanpainarako kargatutako lata, botila eta zaborrak itsas zolara botatzen genituen. Gazteek konbertitu naute, gazteek ulertarazi didate txerri bat nintzela, itsasoa beti urdin egoteak ez zuela zabortegi erraldoi baten gisan erabiltzea justifikatzen. Gazte horiei esker, egungo arrantzak eta itsasoak beste begi batzuekin begiratzen die geroari.

Alta, baratzezainak agintzen du baratzean?

Arrantzalea ez da gehiago jaun eta jabe itsasoan, bere iritzia ez da iritzi nagusia. Egun, ez ditu kofradiak hartzen arrantzari dagozkion erabaki behinenak, arrantzalea zepoan harrapatua da, eta zepo horretatik ateratzeko nortasun berri bat erakutsi behar du. Arrantzaleak daki zer den itsasoa eta itsasoak zer den arrantzalea, baina itsasoa isilik dago, eta itsasoaren ordez mintzo direnak bulegoetan daudenak dira, inoiz portua zapaldu ez dutenak. Hori hala, arrantzaleak bere urrezko lekua berreskuratu behar du, ez bere iritzia inposatuz, itsasoko ezinbesteko partaidea dela erakutsiz eta bere jakintza eta kultura azpimarratuz baizik. Ez da samurra, ordea. Lehen aldiz gure historian, arrain hazkuntza gailendu zaio arrantzari. Lehen itsasotik zetorrena akuakulturatik dator orain. Horrek merkatua itotzea dakar, eta arrantzaleari jarrera are arduratsuagoa eskatzen dio. Itsasora irten eta ahal bezain arrain fresko eta ona ekartzea dagokio, baina batez ere, berea bio baino bioagoa dela aldarrikatzea. Bere burua kalitatearen berme gisa plantatu behar du arrantzaleak. Hori du erronka.

Zeintzuk dira 68 urteko apez baten erronkak?

Zutik segitzea, herriaren erronkak nire egin eta aski indar eta kemen izatea beti gazte segitzeko. Langabeziari buruzko lan bat eraman nahi nuke, elikagai bankua bezalako proiektuak bultzatu, elkartasun sareak ehundu... baina ez unean uneko adabakiekin soilik, egiturak aldatuz baizik. Nondik sortzen da krisia? Nondik miseria? Erroetara jo eta saiatu gauzak aldatzen. Bistakoa da jendarteak funtzionamendu desegoki bat daukala. Denak ala inor ez, baina horrela ezin da. Nik ontzi bat bezala ikusten dut mundua eta ez dut jasaten, krisiaren izenean, jende bat kareletik itsasora botatzea bertan ito dadin.

Nortasun agiria: Mikel Epalza

Mikel Epalza. 1946ko otsailaren 14an sortua, Haltsun. 1973an apeztu eta hamahiru urtez egon zen Miarritzeko San Martin parrokian. 1985ean, Itsas misioaren arduradun izendatu zuen apezpikuak, eta geroztik arrantzaleak lagundu ditu itsasoan zein lehorrean. Liburu anitzen egile, elkarte andana baten sortzaile eta partaide, Zokoako (Ziburuko auzoa) apeza da egun.

Azken hitza: Charles Saenz polizia buruaren hileta

“Uniformearen gibelean gizon bat zegoela azpimarratu, borroka armatua bukatua dela eta bakegintzan gaudela oroitarazi eta euskal gatazkan alde batean zein bestean hildako guztientzat otoitz egitea eskatu nuen. Ikusten dituzularik jendarmeak heien domina eta gradu guztiekin gudarien alde otoitzean, eta abertzale batzuk hildako polizien alde errezuan... Hori ezinezkoa zen orain bost urte. Orain posible da. Zergatik ez du Elizak hori bultzatu behar?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eliza Katolikoa
2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Juan Maria Uriarte hil da, Donostiako gotzain emeritua

Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioetan parte hartu izan zuen hainbat urtez Donostiako gotzain izandako Juan Maria Uriartek. Larunbatean zendu zen Basaurin.


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


Elizak matrikulatu gabeko 3.000 ondasunen jatorria ikertu nahi du Nafarroako Gobernuak

Ondasunak identifikatu ostean, erreklamazio eta berreskuratze prozesua hasiko du aurten, eta udalerriei laguntza eta babesa eskaintzeko bulegoa sortuko dute.


Eguneraketa berriak daude