Dogan Güres hil da, Turkiako kurduen zanpatzailea

  • 88 urterekin hil da Ankaran Dogan Güres jenerala. Berekin eraman ditu 1990eko hamarkadan PKKren kontrako borrokaren aitzakiatan militar turkiarrek –OTANen egituren barruan– Kurdistanen burutu zuten gerra gupidagabearen sekretu handiak. Kurduen kontra kontrainsurgentziazko  gerra nola antolatu ikasten Espainian ere ibilia zen.

Turkiako Gobernuak zabaldutako argazkian,  armadako soldaduek daramate Dogan Güres jeneralaren hilotza urriaren 15ean Ankarako karriketan barrena. Azken agurra egiten dauzka aurrean herrialdeko agintari nagusiak, militarrak bezala zibilak, denen buru dela
Turkiako Gobernuak zabaldutako argazkian, armadako soldaduek daramate Dogan Güres jeneralaren hilotza urriaren 15ean Ankarako karriketan barrena. Azken agurra egiten dauzka aurrean herrialdeko agintari nagusiak, militarrak bezala zibilak, denen buru dela Recep Tayyip Erdogan lehendakaria. Güres jenerala ageri den argazki txikia CNNk hedatua da. Istanbuleko 'Daily Sabah' guneak gizon honen lanaz idatzi duenez, Güresen bultzadaz Turkiako armada berezitu zen terrorismoaren kontrako borrokan, aldi berean pisu handiegia hartuz herrialdearen ekonomian eta bizi sozial osoan. Giza eskubideen urraketez egin zaizkion kritikez gain, PKKren kontrako ofentsibak alderdi hau ahuldu bai baina aldi berean suntsitu zuen kurduek Turkiako estatuarekiko eduki zezaketen konfiantza eta militarrek kriminalitatearekin antolatutako elkarlanak kutsatu zituen luzerako Turkiako aginte guztiak.

Gogorren artean gogorrena, bortitzena, ausartena izan omen zen Dogan Güres jenerala Kurdistango Langileen Alderdiaren (PKK) kontrako borrokan. Hala azaldu du Ricardo Ginés kazetariak Bartzelonako La Vanguardian eskaini dion hil-kronikan. “Enemigo número uno del PKK” ipini dio egunkariak titulua albisteari, mamiak erakusten duen pertsonalitatearen soslaia lausotuz, baina zuzenago ipini zezakeen Turkiak 1990eko hamarkadan Kurdistanen burutako sarraskiaren arduradun nagusietakoa izan zela.

“1994a arte -idatzi du Ginések- Turkiaren batasunarentzako mehatxutzat zeukanaren kontra antolatutako gerrak eragin zituen milaka hildako, milaka desagertu, hiru milioi inguru kurduren ihesa eta 3.000tik gora herri eta herrixkaren suntsiketa. Ankarako Estatu Gorenetik Güresek edukitako aginteak ez du parerik izan krudeltasunean Turkiaren historia modernoan. Güresek bere herentzia berunezko hizkitan izkiriaturik utzi du”.

Ingelesezko Wikipediak, iturriak ongi dokumentatuta dauzkan “Turkey–PKK conflict” sarreran, zehazten ditu gerrak eragindako biktimak. Giza eskubideen aldeko erakundeek diote, suntsitutako herriez eta ihesi bidalitako milioika jendeez gain,  1984 eta 2008 artean bortizkeriaz hil direla 5.000 turkiar eta  35.000 kurdu, hauen artean 18.000 zibil. Beste 17.000 gehiago desagertuta daude eta 119.000 herritar kurdu atxilotu dituzte urte horietan Turkiako agintariek.

Tarte horretan, 1993an, hasieran marxista-leninista zen PKK-k bere argudioak aldatu zituen eta adierazi bere asmoa ez zela Turkia zatitzea, Abdullah Öcalan liderrak argituz autonomia zabal bat negoziatu nahi zuela. Honek ez zituen aldatu, ordea, militar turkiarren planak.

Öcalanek proposatutako aldaketa eta negoziaketen aurrean, hil berri den Güres jeneralak esan zuen: “Turkian arrisku separatista dago. Ocalanek esandakoak engainatzeko erabilitako hitz koiunturalak baino ez dira. Gainera, Turkia zatitzea nahi dute AEBek. Eta Europar Batasunak ere Turkia ahulagoa nahi du. Eta laguntzen al digu OTANek? Batere ez”.

Güres ziur zegoen denek gakotu nahi ziotela zintzurra Turkiari, Siriak eta Irakek PKKri lagunduz, Iran ere kontra.... eta OTANek ez ziola nahikoa laguntzen Turkiari. Hitz egiteko modu bat besterik ez zen, zeren eta gero OTANeko gobernuek eskuratu zizkieten militar turkiarrei Kurdistaneko ofentsiba handia burutzeko armak, oso merke gainera, Güresek aitortu zuenez beranduago. Hala, Holandak eman zizkien ibilgailu blindatuak, AEBek helikopteroak, baita M-60 eta Leopard tankeak ere...

Gero Güresek berak low intensity warfare (intentsitate ahuleko gerra, kontraintsurgentzia edo gerra berezia) ikasteko bisitatu zituen horretan berezituta AEBek dauzkaten egitura militarrak, eta baita Espainia ere. Hori baitzen 1990 aurretik, ez da zaila jakiten zein jeneral espainiarrekin hitz egingo zuen borroka antiterrorista antolatzeko mekanikaz.

Gerra zikina azpi-kontratatu

Kurdistanek 1990eko hamarkada hasieran nozitu zuten berunezko aroaren zertzelada adierazgarriak eskaintzen ditu Jean-Louis Briquetek “Milieux criminels et pouvoir politique: les ressorts illicites de l'état” (Kriminalitate antolatua eta aginte politikoa: estatuaren tresna ez-legezkoak)  liburuan. “Les bandes ‘en uniforme’ en Turquie”  atalean kontatzen du nolaz 1991tik aurrera militar turkiarrek PKKren kontrako operazio asko azpi-kontratatu [jatorrizko frantsesean sous-traitance] egin zizkieten kriminalitateari lotutako taldeei.

Tansu Ciller lehen ministroak PKKren kontrako gerra azkar bukatzeko presa zeukanez, Güres jeneralaren eta honen lerro gogorra bermatzen zuten militarren esku utzi zuen kontraintsurgentziazko borroka.

Militarrek, alde batetik talde paramilitar ultra-eskuindarren lana sustatu zuten. Bestetik, kurduen arteko zenbait tribu hautatuk PKKren kontra herritarren miliziak antolatzea babestu. Hamarkada bukaerarako 100.000tik gora kide armatu omen zeuzkaten milizia antiterroristok, Ankarako armadak eskupean pagatuak.

Herrietako zaindariak (korucu) deitu milizion antzekoak sarritan erabili dituzte kolonialistek beren gerretan. Gerra bereziaren teoriko nagusietakoa izan den Frank Kitsonek aipatzen ditu Kenyan britainiarrek erabilitakoak, Frantziak Indotxinan eta gero Aljerian antolatutako talde paramilitar natiboak, eta abar luzea. Beranduago, Peruko Gobernuak usu erabili zituen horrelako miliziak Sendero Luminosori aurre egiteko. Kurdistango korucuak, aldiz, ezezagunagoak ziren gure artean.

PKKren kontra borroka zikina egiten zuten paramilitarron arteko buruetako bat, Sedat Bucak, aberastu zen trukean obra publikoetan Ankarako agintariek eman zizkioten laguntzei esker. Konplizitate hauek argitara atera ziren Susurluk herrian gertatutako istripuari esker.

1996ko azaroaren 3an gertatutako auto istripu batek egin zuen famatu Susurluk. Ondorengo epaiketan mahairatuko zen planifikatutako hilketa izan zela. Auto barruan talde bitxia zihoan: Abdullah Catli ultra-eskuindarra poliziak hilketak eta droga trafikoagatik bilatzen zuena; honen neska lagun Gonca Us, edertasun lehiaketetatik ezaguna; eta Huseyin Kocadag Istanbulen polizia-buru izana. Kotxeko laugarren eskifaia bizirik atera zen: Sedat Bucak enpresaburu eta parlamentari kurdu kolaborazionista. Laurak zetozen inguruko hotel batean Mehmet Agar barne ministroarekin bilera egitetik. Hau salbatu zen beste mafioso batek abisua eman ziolako.

Kurduen kontrako gerra egiteko eta Turkiako aferak gobernatzeko ikuspegi ezberdinak zeuzkaten agintarien artean ere izan ziren gudu zikinak 1990eko hamarkadan. BGNNews albistegia turkiarrak zabaldu duenez, armadako buru zen Dogan Güres bera hiltzen saiatu ziren kafean zianuroa jarrita. Beste militar batek eragotzi omen zion kafe  hura hartzea, bereziki garratza omen zegoela eta.

1992an Güresek aitortu zuen Turkia estatu militar bat zela. Emakumezko bat zen orduan lehen ministro, Tansu Ciller. 1994an armadatik erretiraturik, Cillerrek konbidatuta 1995ean diputatu bihurtu zen Dogan Güres.

BGNNewsek albistearen tituluan ipini bezala, Dogan Güres hil da berekin eramanez bere sekretuak. Zeina esatea baita, OTANen barruko estatu batek egindako gerra zikinarenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude