Hautu askea ala behartua?

  • Azken urteetako egoera ekonomikoak inoiz baino beherago jarri du gazte enpleguaren lerro gorria. Ondorioz, ugari dira atzerrira doazenak, lanpostu duinen bila, kanpoko esperientziez ikastera. Baina zailtasunak ez dira amaitzen mugaz bestalde.

Eneritz Trigueros durangarra Austrian ari da lanean.
Eneritz Trigueros durangarra Austrian ari da lanean.

Krisi ekonomikoa lehertu zenetik, %43 inguru hazi da atzerrira doazen Hego Euskal Herriko gazteen kopurua. 2012. urtean 18-34 urte arteko 22.300 gazte joan ziren eta goranzkoa da joera. Are gehiago, ziurrenik handiagoa da benetako kopurua, hainbatek ez baitu baja ematen utzi duen herriko erroldan, eskubideak galtzea dakarrelako horrek (diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera, pentsiorako kotizazioa, babes ofizialeko etxeetara sarbidea, udal hauteskundeetan bozkatzeko aukera…). Eskubide horiek galtzeak eta gazteen lan emigrazioak dakartzan zailtasunak azaleratu asmoz, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Sos gazte: gazteen lan emigrazioa txostena plazaratu zuen 2013an. Gazteak atzerriratzera animatzen dituzten mezuen aurrean, fenomenoaren “alde iluna” azaldu dute.

Emigratzeko erabakia pertsonala eta positiboa izan daitekeen arren, erakundetik azaldu dute ez dela onargarria gazteak horretara bultzatzea, bertan dituzten eskubideak bermatzeko gai ez garen bitartean. Sarri, gazteen prekarietateak helmuga berrian ere badirauela ondorioztatu du txostenak eta berdintasuna, segurtasuna edo sexu askatasuna bezalako eskubideak galtzeko arriskua dutela, herrialdearen arabera. Ondorio sozial eta pertsonala ere nabarmendu dute.

Iparraldean, emigrazio sistematikoa

Ipar Euskal Herriko egoera larriagoa da Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakaslearen ustetan, bertako gazteen emigrazioa ez baita bukatuko krisi ekonomikoarekin, arazoa gabezia estrukturalak sortzen du. Urtero 8.000 ikasle inguru doaz Paue, Tolosa Okzitania edo Parisera goi mailako ikasketak egitera eta asko ez dira itzultzen, Iparraldean ez dutelako ikasitakoaren araberako lanposturik aurkitzen. Urteagaren esanetan, arazoa konpontzeak unibertsitate propio bezain sendoa edukitzea eta bertako lan-merkatuak gazte prestatu horiek integratzeko gaitasuna izatea eskatzen du.

Egungoa inoizko belaunaldirik trebatuena dela diote datuek, eta akademikoki prestatuenak dira joaten lehenak. Soziologoaren aburuz, gazteen prestakuntza akademikoaren eta enpresen lan eskaintzaren arteko desoreka dago horren atzean. Ikerkuntzan eta garapenean nahikoa inbertitzen ez dela deritzo eta gazteen prestakuntza ez dela behar bezala baloratzen, bereziki Hegoaldean. Ernai gazte antolakundetik gaineratu dutenez, multinazionalen enpresa eredua ere bada arazo, eguneroko beharrei erantzuteko prestakuntza baxuak autogestioa eta ziurtasuna zailtzen dituelako.

Atzerriratzea ez da txarra, berez. Bat datoz horretan bai Urteaga eta bai euren esperientzia kontatu diguten lau gazteak. Arazoa itzultzeko aukera gutxi izatean datza edo bueltatzeak maiz norberaren ibilbide profesionala sakrifikatzea dakarrela. Lau gazteak ez dira damu hartutako erabakiaz, baina mesfidantzaz mintzo dira sorterrirako itzuleraz.

Eneritz Trigueros, Austrian
"Atzerritarrak tratatu izan ditugun modu berean tratatzen gaituzte"

Iazko abenduan arkitektura ikasketak bukatu ostean, lanbide horretan %50etik gorako langabezia tasa zegoela ikusita abiatu zen kanpora Eneritz Trigueros durangarra: “27 urterekin, nik neuk irabazitako dirua izateko beharra neukan eta lan egoera egonkorra lortzeko aukera bakarra atzerrira joatea zela konturatu nintzen”. Vienan hartu zuen lur eta hasierako hiru hilabeteak arkitektura estudio batean eman zituen, egunean zortzi orduz praktiketan, aldi berean lana bilatzen zuen bitartean. Zorionez, dio, praktikak bukatu eta hurrengo astetik lanean dihardu Linz hirian.

Kanpoan bizitzea zaila dela aitortu digu durangarrak. Diferentzia kulturalek egunerokoa oztopatzen dute eta gauzak ondo ez doazenean gertukoenen babes falta nabaritzen da. Vienan Europa hegoaldeko gazte ugari daudela dio, asko egoera kaskarrean. “Oztopo nagusienetakoa kanpotarra izatea da, guk atzerritarrak tratatu izan ditugun modu berean tratatzen gaituzte”. Alokairu baterako, adibidez, nahiago dute austriar bat, bera baino.

Oraingoz ez da jarri itzulerako egunean pentsatzen, Euskal Herrian arkitekto gisa lan egiteko aukera gutxi dituelakoan. Etxean dirurik ez eskatu eta independente izateko helburua laster beteko du, baina bestelako bizi-proiektuak zail ikusten ditu. “Ez dut neure burua inon finko ikusten, beraz, aukerak sortu ahala joango naiz etorkizuna erabakitzen”.

Arantzazu Agirre, Irlandan
"Egungo egoeran, ezin da finkatu urte askoan bizi proiektu bezala ezagutu duguna"

Haur Hezkuntza eta Psikopedagogia ikasketak amaitu eta hainbat hilabete lanik gabe igaro ostean, egunkariko iragarki bati kasu eginez au-pair bila zebilen familia batengana zuzendu zen Arantzazu Agirre oñatiarra. “Nire helburua ez da horrela lan egitea, baina aukera polita izan zitekeela pentsatu nuen, bai bidaiatzeko, baita ingelesa ikasteko ere”. Argi ikusten du erabakia hartzera ez zuela egoerak behartu, unean uneko aukerak aprobetxatzeko gogoak baizik. Esperientzia aberasgarritzat du kanpoko egonaldia: “Familia eta lagun giro segurutik urrun, zure burua egoera berrietan jartzea beti da positiboa, une gogorrak bizi arren”.

Emigratzea irtenbide bakar bihurtzen denean, ordea, esperientzia asko okertu daitekeela uste du. “Jendea jakitun da beste herrialde batera lana aurkitzera joatea ez dela batere erraza”. Egungo egoeran, ezin da bizi proiektu zehatzik finkatu, Agirreren esanetan, “ez behintzat urte askoan gehiengoak bizi proiektu bezala ezagutu duguna; lana, etxea, familia …”. Helburu horiek oso urruti ikusten ditu, “ezinezko”. Posible den arte, loturarik gabe egoteko askatasuna aprobetxatzea tokatzen dela dio.

Xabier Agirre, Indian
"Atzerrian hartutako esperientziak lana aurkitzen lagunduko didan esperantzaz itzuliko naiz"

Xabier Agirre donostiarrak Enpresa Zientziak eta Ingeniaritza Teknikoa ikasi zituenetik, bi urte daramatza etxetik kanpo, Eusko Jaurlaritzako beka batekin. Esperientzia berrien eta lanpostu baten bila abiatu zen atzerrira. Lehen urtea Indonesian igaro zuen, aurten berriz, Indian da. “Euskal Herrian lan eskaintza handiagoa egon balitz, zailagoa izango zen erabakia hartzea”.  Egoera hark bultzatu zuen kanpora, baina ez du damurik hartutako erabakiaz.

Euskal Herriko Rinder enpresak Indian duen lantegian ari da egun, denetariko eginbeharrak betetzen: marketin lanak, kostuen kontrola, herrialdeen azterketak…  India une interesgarrian ikusten du donostiarrak, mugimendu ekonomiko, politiko eta sozial indartsuz. Bekako diruak beti hil amaierara iristeko adina ematen ez duen arren, Agirrek dio eroso bizi dela eta aukera izan duela zenbait bidaia egiteko. Galdutako gauzen artean, bozkatzeko eskubidea aipatu digu; “ez du behar bezain ondo funtzionatzen horrek”.

Ondo formaturiko belaunaldi bat galtzeko arriskua ikusten du donostiarrak, eta aktiboago eta lan aukerak sortzen ikusi nahiko lituzke gazteak. Beka amaituta, urtea bukatu aurretik bueltan izango da ingeniaria. Lagun eta senideek kontatu diotenagatik, ez du uste lan aukerak hobetu direnik, baina hala ere, baikor begiratzen dio geroari. Atzerrian hartutako esperientziak lana aurkitzen lagunduko dion esperantzaz itzuliko da, “pixkana bizi proiektua aurrera eraman ahal izateko”.

Melani Zendoia, Kolonbian
"Nire egoera ekonomikoa ez da batere hobetu, alderantziz"

Ikasketak bukatu osteko lan panorama ikusita erabaki zuen Melani Zendoia zarauztarrak atzerriratzea. “Denboraldi baterako izan behar zen, baina Kolonbiara iritsi bezain pronto herrialdeaz maitemindu nintzen”, aitortu digu. Psikologoa da eta orain baita okindegi bateko “enpresari txikia” ere, bizileku duen Cartagena de Indias hiriko auzo gatazkatsuenetako batean. Okindegia jarri du han martxan, bertako jendeari lana eman asmoz. Hori gutxi ez eta umeentzako ludoteka bat ere abiarazi du. Izan ere, diru sarrerak oso mugatuak eta gastuak izugarriak direla azaldu digu: “Osasun zerbitzua ordainpekoa da, eskola publikoak oso xumeak dira eta pribatuak erabat arrazistak, ez dago garraio publikorik, ezta urik ere, eta argia astean bi-hiru bider joaten da. Nire egoera ekonomikoa ez da batere hobetu, alderantziz”.

Arrazoi ekonomikoengatik kanpora joatea “soluzioa baino, ihesbidea” dela dio. Politika egokiago batek asko lagunduko lukeela uste du Zendoiak, baina bitartean, gazteek trebatzen jarraitu behar dutela gaineratu du. 

Cartagenari hartu dion maitasuna, ordea, ezin ezkuta dezake zarauztarrak, “etengabeko amodio-gorrotoa” dela esan arren. “Herrialde honek badu zerbait zoragarria, ereiten duzun guztia hazi egiten da. Hainbeste dago egiteko!”. Jendeak ideia eta proiektu berrietan sinesten duela dio. “Euskal Herrian gazteoi ez digute berritzen irakasten, lanik ez izateko arriskuaren aurrean betikoa egitera bultzatzen gaituzte”. Gogorragoa izanagatik ere, gehiago asetzen du Kolonbiako bizitzak. Oraingoz, beraz, ez da itzuliko. Epe luzera begiratzea ez du atsegin, baina etorkizunean enplegu anitzetan murgilduta ikusten du bere burua. Gaur hemen, bihar han.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude