Atzo eta gaur estigmak harrapatuta

  • Prostituzioa garrantzitsua izan da Euskal Herriaren historian, hala ere, oraindik tabuari eta estigmari lotuta dago erabat. Erabaki librea denean ere, zailtasunez betetako lanbidea da, ikusezina ia.

Estigma, hori omen da gaur egun prostituta batentzat gogorrena.
Estigma, hori omen da gaur egun prostituta batentzat gogorrena.Dani Blanco

Euskaldunen izaera lotsatia, lasaia, zorrotza eta barrenkoia dela esan izan da, eta horrek ez du prostituten lana ordaintzen duen ohiko bezeroaren antzik, ez behintzat buruan sortzen zaigun irudiarekin. Baina, leku guztietan bezala, Euskal Herriko historian ere, leku garrantzitsua izan du prostituzioak. Historia de la prostitución en Euskal Herria izeneko liburuan (Txalaparta) Charo Roquerok, Historia Modernoan eta Zientzia Politiko eta Soziologian lizentziatuak, horren inguruko xehetasunak azaldu ditu. “Euskal Herrian prostituzioa jasoagoa zen; ez zegoen leihora gerturatzen zen sexu langilerik, gordeagoa zegoen”. Moral erlijiosoaren garrantzia izugarria zela dio Roquerok, eta horrek eragina zuela: “Parrokoa zen arau guztiak ezartzen zituena herri txikietan, egunerokoari loturiko arauak; eta etxeko andrea zen beti alabaren gainean zegoena eta tradizio kultural errotuenak mantentzeko lan egiten zuena, jarrera zorrotza izaten zuen maiz”.

Hori horrela, emakumearen birjintasunak esanahi oso garrantzitsua zuen gizartean. Hori galtzen zen unean, emakumeak izan zezakeen arrakasta galdu egiten zuen. “Imajinatu hiru alabako familian gaudela, lehenengo biek dotea dute, baina hirugarrenarentzako dirurik ez dago baserrian. Kasu ugaritan, neska gazteei gizonek ziurtatzen zieten birjintasuna haiekin galtzearen truke ezkontzeko eskatuko zietela, eta gero hori betetzen ez bazuten epaitegietara eraman eta gizonak emakumeari kopuru bat ordaindu behar izaten zion”, azaldu du idazleak. Ondorioz, dotea beste era batera lortzen zuten neskek, eta azkenean ezkontzeko aukera izaten zuten. Halako prostituzio kasuak ohikoak ziren, eta artxiboa beteta dagoela dio Roquerok.

Prostitutaren irudi orokorrari buruz ezin da hitz egin, batzuen eta besteen egoera oso ezberdina zelako. Hainbat mailatakoak zeuden, sarri neskame izandakoak sartzen ziren prostituzioan. Euskal Herrian kontrol handia zegoen moral erlijiosoari lotuta, horren ondorioz, prostitutak ez zeuden kalean; odolaren garbitasunak garrantzi itzela zuen. Baina emakume librea ere bazegoen, hori bai, oso gaizki ikusia, herrian emakume biziotsu gisa hartua. “Legeak zeuden haien aurka, eta espetxeratu ere egiten zituzten”. Hiri gunean eta landa gunean ezberdina izaten zen. Horrez gain, soldatuak hirian izateak ere eragina izaten zuen; prostituta kopurua altuagoa zen eta Donostia da horren adibide argia.

XIX. mendean, araututa

Bekatugile gisa ikustetik arazo gutxi sortzen dituen emakume bezala ikustera pasa ziren XIX. mendean. “Gizarteak emakume hauen beharra zuen; euren lanari esker indarkeria eta bortxaketa kopurua jaitsi egin ziren eta emakumeek gizonekin zuten elkarbizitzan lasaitasuna handitu zen harreman sexualei dagokienez”. Azken batean, gizonak bere “beharrak” askatzeko bidea zen prostituzioa. Hala, gizartea positiboki ikusten hasi zen prostituten lana. Putetxeak ere sortu zituzten.

Hasieran debekatuta zegoen prostituzioa, gero, arautzea etorri zen, baina guztia gizonezkoen ongizateari begira egin zen. Industria Iraultzaren garaian, Espainiatik Euskal Herrira migrazio handia egon zen, batez ere Bizkaira. “Bilbora, esaterako, barruko arropa koloreduna iritsi zen, eta hori izugarria izan zen”, dio Roquerok. Ezberdintasun sozial handiak sortzen zituen horrek; egoera ekonomiko kaskarra zutenak zeuden batetik, eta komertzioa zuten kapitalista berriak bestetik. Gune bereziena, prostituzioari dagokionez, Gasteiz zen, ezkutatuena han zegoen. “Bizilagunek ordu jakinetan sartu-irtenak ikusi izan zituztela diote datuek, ez dago besterik”.

Gainera, gizarte maila ezberdinen artean ez zegoen elkartasunik. “Norberak bere burua salba dezala, pentsatzen zuten”, adierazi du Roquerok. Kondena izugarria zela ikusi du artxiboetan. “Emakume bati gerta ziezaiokeen gauza okerrenetakoa hartaz esan zezaketena zen, emakume baten prestigioarekin eta bizitzarekin amaitu zitekeen horrela”.

Prostitutak hiritik botatzen zituzten, eta ez edonola. “Eztia jartzen zioten gorputzean, gerritik gora biluzten zituzten eta asto baten gainean herriaren irteeraraino eramaten zituzten herritar guztiek”. Moral bikoitza izugarria zen. “Maitale edo prostituta ezagunekin ibiltzea auto izugarri bat izatea bezala zen, gizon batek prestigio handiko negozioa zuela erakusten zuen”, zehaztu du idazleak. Emakumeek beren gizonen maitaleez harro hitz egiten zuten halakoetan. Baina bazeuden langile auzoetan oso modu gogorrean lanean aritzen ziren prostitutak ere.

Prostitutaren irudia mendeetan zehar aldatzen joan bada ere, eta bekatugile gisa ikustetik gaitz benereo izatera pasatu bazen ere, gaur egun, oraindik, tabua da putei buruz hitz egitea. Estigma baita mantentzen den ezaugarri nagusia.

Estigma nagusi

Estigma, hori omen da gaur egun prostituta batentzat gogorrena, gertuko jendeari esatea da zaila hasteko, eta ia ezinezkoa kaleko jendeari erantzutea. “Balizko kasu batean jarrita, oso erraza da ulertzen; lehen aldiz norbait ezagutzen duzunean ohikoa izaten da lanbideari buruzko galdera, kasu horretan prostituta zarela esatea ia ezinezkoa da”, dio Shandra Martinez Aukera egitasmoko langileak. Prostitutak laguntzen dituen proiektua da Aukera. Kasu andana ikusi du Martinezek azken urteotan, eta nabarmendu du estigmak autoestimuan eragin izugarria duela. Bi identitate izan beharrak eragindako estresaren ondorioz gertatzen da askotan. Josebe Iturrioz Medeak talde feministako aktibistak ere ideia horrekin bat egiten du. “Puta hitza emakumeak iraintzeko erabiltzen da, oso estigmatizatuta dago hitza bera eta horrek eragin handia du”. Arauetatik at bizi den emakumea da prostituta, bere sexualitatea aske bizi duena. Emakume on eta txarraren arteko ezberdintasunekin amaitu beharra dagoela diote biek.

Aukera, Martinezek hitz hori nabarmentzen du. “Guk artatzen ditugun emakumeak adinez nagusiak dira eta beti libreki erabakitzen dute prostituzioan aritzea”. Testuinguruak eragina du, zalantzarik gabe, baina erabaki librea da gehienetan. “Nik askotan entzun dut etxe batean lanean aritu beharrean nahiago dutela prostituzioan aritu, hilabetean ateratzen duten kopurua etxe batean denbora luzean lortzen delako”, nabarmendu du Iturriozek. Ziurrenik, kasu gehienetan ez da 15 urterekin amesten zuten lanbidea, baina “garbitzaile izatearekin ere ez dute amesten nerabeek, bizitzak eramaten zaitu horra”, dio Martinezek. Josebe Iturriozek nabarmentzen du etxeko lanarekin alderatuta efektu berdinak sartzen direla jokoan. Zaintzaren munduan sartzen delako lan hau, ezaugarri ezberdin batzuk izan arren.

Emakumea, atzerritarra eta gaztea

Txirotasunarekin lotzen da askotan prostitutaren irudia, beste hainbat lanbide bezala. Gaur egun 25 eta 50 urte arteko Hego Amerikako emakumea da prostitutaz Euskal Herrian dugun irudia. “Immigrantea, gaztea, oso ederra, paperik gabekoa eta gela batean ezkutuan lanean dabilena”, hala definitzen du Medeakeko aktibistak. Askotan seme-alabak izaten dituzte jatorrizko herrialdeetan eta eurak dira familia osoa aurrera ateratzen dutenak, sarri aitarik ez dagoelako. Hala ere, krisiaren ondorioz, bertakoak diren emakume prostituta gehiago hurbildu dira azken aldian Aukera egitasmoko langileengana. Ehuneko altuan emakumeak dira prostitutak, baina badaude sexu langileak diren gizonak ere, eta oso egoera kaskarra bizi dute.

Horrez gain, emakume transexualek prostituzioan duten lekua aldarrikatu beharrekoa iruditzen zaio Iturriozi. Beste edozein lanbidetan duten diskriminazioa ez da ematen prostituzioan. “Gehien desiratzen dituztenak dira. Gaur egun arrakasta gehien dutenak”. Hala ere, prostituzioan aritzen diren guztiak emakumeak ez badira ere, feminizatuta dauden pertsonak direla nabarmendu du. “Hainbeste desiratzen den zerbait ez dakit zergatik dagoen hain estigmatizatuta”. Gaur egungo bezeroa ikusezina izan arren, gizon gehienak prostitutengana bizi osoan noizbait joan direla ziurtatu du aktibistak. Adin eta ideologia guztietako gizonak joaten dira. Asko koadrilan, eta ohikoa izan da birjintasuna galtzeko putetxera joatea. “Lan antropologiko bat egiteko oso interesgarria da putetxe batera joatea; herriko medikua edo alkatea aurki ditzakezu bertan. Morboa ematen die ordaintzeak, eta ulertzen dut. Txortan egin, ordaindu eta kito, hor amaitzen da, ez dago loturarik”, dio Iturriozek. Putek tabu sexualak, gizonen sekretuak dakizkitela ere ziurtatzen du: “Pentsa momentu batean emakume guztiak batuko balira eta gizonei buruz hizketan hasiko balira zein konplizitate sortuko litzatekeen. Horregatik mantentzen dituzte urrun”.

Irunen kalean, baina isunekin

Ez da gauza bera klub edo pisu batean lana egin edo kalean aritzea. Pisuek eta klubek segurtasun handiagoa, babes handiagoa ematen dute bezeroarekin bakarrik geratzerako garaian, alboko gelan norbait dagoela badakitelako. “Askotan uste dugu bertan hobeto daudela, baina eurak nahiago izaten dute kalean libreki ibili. Inor ez da euren jabe, nahi duten ordutegian joaten dira eta eurak markatzen dute negoziazioa”, Iturriozen esanetan. Adibide bat jarri nahi izan du, “klub horretan harremanak kondoirik gabe izaten direla badio jabeak, hala egin behar dute prostitutek”. Putetxeetan jabea da arauak jartzen dituena, kalean, aldiz, ez. Putak kaletik atera nahi izan zituzten Erdi Arotik Modernizaziora igarotzean, eta horregatik estatuek putetxeak sortu zituztela dio aktibistak. Beti daude gauzak alde eta kontra; kalean libreago sentitu zaitezke, baina arriskua handiagoa izan daiteke.

Bi klub mota daudela azaldu digu Shandra Martinezek. “Batzuk txikiak dira, taberna edo pub txikien gisara funtzionatzen dute. Beste batzuk, aldiz, handiagoak dira eta plazaka egiten dute lan”. Emakumeek hara joan eta plaza bat erreserbatzen dute 21 egunerako, eguneroko tasa ordaintzen dute eta bezeroekin irabazitakoa eurentzako izaten da. Pisuetan ere egoera ezberdinak daude. Badaude pisuetara egunez soilik joaten direnak, baina baita bertan 24 orduz egoten direnak ere. Horiek ere plazaka egiten dute lan, eta beraz, mugikortasun handia egoten da sektore honetan. 

Euskal Herrian gehienbat pisu eta klubetan egiten dute lan. Hala ere, kaleko prostituzioa ere badago. Berezia da adibidez Irungo errealitatea. Prostituzioa Espainiako Estatuan alegala bada ere, Irunen udal ordenantza bat dago, eta isun administratiboak egon ohi dira. “Hori ez da okerrena, azken aldian penaletik prostituten aurka joaten direla jakitea larriagoa da. Oraingoz, prostituzioa ez da delitu bat, baina kriminal gisa tratatzen dituzte”, azaldu du Martinezek. Hainbat, gaur egun epaiketaren zain daude, agintariei desobeditzea egotzita.

Egoera zailak eta estigma hori dira errealitate gogorraren oinarri. Baina errealitate hori aldatzea eta prekarietate gordinetik salbu egotea ere herritarren esku dagoela uste dute bi langileek; baita heziketarekin eta mugimendu sozialekin urratsez urrats aldatu ahalko dela ere. Garrantzitsuena prostitutak ulertu, onartu eta estigma desagertzea da.

Shandra Martinez, Aukera programako langilea: "Gerturatzen zaizkigun emakume gehienak legeztatzearen alde daude"

Zein lan egiten duzue?

Arrats elkartearen barruan dago Aukera programa, 1998an hasi ginen lanean. Iaz, adibidez, ia 1.200 prostitutarekin egin genuen lan. Gipuzkoan aritzen gara. Bi era ditugu lanerako; batetik, Donostian eta Irunen ditugun lokaletan egiten dugu lan eta bertara gerturatzen dira emakumeak behar dutenerako, eta bestetik, gu gerturatzen gara euren lantokietara; pisu, klub edo kalera. Preserbatiboak eta labaingarriak ematen dizkiegu, baina baita aholkularitza ere. Behar duten horretan laguntzeko gaude.

Programaren helburu nagusia zein da?

Prostituzioan jarraitu nahi badute zaintzea, eta euren beharrei erantzutea. Gure programako helburu nagusia da erakustea eurak espazio bat dutela gizartean, eta badutela entzun eta ulertuko dieten leku bat. Prostituzioan aritzeagatik epaituko ez dituen leku bat izatea.

Zein beldur edo zein zalantza izaten dituzte nagusiki?

Pertsona bakoitzak bizkarrean daramatza bere kezkak, oso ezberdinak izan daitezkeenak. Batzuek atzerriko legeaz galdetzen dute, beste batzuek profesionaltasunari buruz, nora jo analisiak egitera… Galdera asko egiten dizkigute. Hasieran normalean guregana preserbatiboa jasotzera etortzen dira, eta harremana sortzen joaten da gure artean, konfiantza garatzen.

Abolizioa, legeztatzea… Eztabaida mahai gainean dago.

Guk eztabaida horrekin denbora daramagu, eta jarrera guztiak ulertzen ditugu. Baina horretan ez gara sartzen, guk eskubideak aldarrikatzen ditugu. Gure programak Aukera izena du eta ez da kasualitatea. Badakigu oso lanbide zaila dela eta estigma hor dagoela. Ondorioz, pertsona bat prostituziotik atera nahi duela esanez etortzen bazaigu, ulertu egiten dugu, baina baita jarraitu nahi duela esanez etortzen bada ere. Eskubideen alde eta ez epaitzearen alde gaude. Hori bai, gerturatzen zaizkigun emakume gehienak legeztatzearen alde daude. Beste kontu bat da legeztatzen bada nola egingo den. Baina zuhurtziaz egiten bada, eurak horren alde daude. Estigmaren beldur dira uneoro.

Nola lagundu diezaiekete herritarrek?

Gizarteak ulertu egin behar ditu. Pertsona hauek kriminal gisa ez ikusteko hezkuntza asko falta da oraindik, nire ustez. Gainerako pertsona guztiak bezala ikustea da garrantzitsua. Eurak ulertzea beharrezkoa da, eta ez epaitzea.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prostituzioa
Carolina Clemente, sexu langilea
"Puta estigma emakume guztiok kontrolatzeko dispositibo bat da"

Ogibidea eta izatea bereizi ezin bizi da Carolina Clemente (Bartzelona, 1985). Sexu langilea da, eta duela hiru urte Donostiara etorri zen lanera eta bizitzera: «Euskaldunok duzuen indarra gustatzen zait, antolatzeko eta protestarako. Nire estigma borrokatzeko inspirazio... [+]


Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta

Haien ia biktima guztiak egoera irregularrean dauden atzerritarrak dira, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izan direnak.


2023-09-07 | Irutxuloko Hitza
Venezuelako zazpi emakume Donostiako pisuetan prostituitzeaz akusatutako talde bat epaituko dute

Irailaren 14tik aurrera, bost gizon eta bi emakume epaituko dituzte, talde espainiar-venezuelar bateko ustezko kideak, ustez egunean 24 orduz, astean zazpi egunetan, Donostiako pisuetan “edozein motatako sexu zerbitzuak” ematera behartzen zituzten Venezuelako zazpi... [+]


Sexu langileen hitzak erdigunean

Puta zikinak liburua sexu langileen baldintza materialez, burutazioez, antolakuntzaz eta problemez mintzo da. Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakrak argitaletxeko editoreek, Iruñean aurkeztu dute liburua.


2023-03-14 | Euskal Irratiak
Sexu langileen lekukotasunak biltzen dituen liburu baten kontra oldartu da CAPP kolektibo feminista Baionan

Katakrak argitaletxearen Puta zikinak liburuaren kontra oldartu da CAPP Collectif Abolition Porno Prostitution kolektibo feminista Baionan, Elkar liburudendan. Juno Mac eta Molly Smith idatzi liburuaren azalak urratu eta "Prostituzioa: bezeroak, bortxatzaile... [+]


Eguneraketa berriak daude