Prostitutak bazterkeria egoeratik ateratzeko zer egin dezakete udalek?

  • Prostituzioan aritzen diren emakumeen kezka, behar eta arazoen inguruko azterlana egin dute Irunen, udalak eskatuta. Dagozkien eskubideak eskuratzeko zailtasunak dituztela agerian geratu da, eta eskubiderik ezak diskriminazio ugariren biktima izatera zigortzen dituela. Azterketaren ondorioekin lanean jarriko da orain udala: “Lehenengo pausoa izango da errolda sozialerako protokoloa berrikustea”.

Emakume gehienak Latinoamerikan jaioak dira eta erdiak baino gehiagok seme-alabak edota senideak dituzte beren ardurapean.

2023ko otsailaren 8an - 10:36
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Duela urtebete, diskriminazio anizkoitzari buruzko azterlana aurkeztu zuten Irunen, eta prostituzioan aritzen diren emakumeek diskriminazio maila handia sufritzen dutela berretsi zuen lanak. Horregatik, espresuki arlo horri lotutako azterketa eskatu zion Irungo Udalak Arrats elkarteari –prostituzioan aritzen diren emakumeekin hogei urte baino gehiago lanean darama elkarteak–.

Asteartean aurkeztu duten txostenaren arabera, prostituzioan dihardutenen %91 zis emakumeak dira, %7 emakume transexualak, eta %2 gizonak. Nagusiki 31-45 urte artean dituzte eta emakume gehienak Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan jaioak dira. Erdiak baino gehiagok seme-alabak edota senideak dituzte beren ardurapean, oro har jaioterrian.

Elkarrizketatuen %49k lana mantendu nahi du eta %48k lana aldatu. Prostituzioan jarraitu nahi dutenek berau legeztatzea eta lan baldintza duinak izatea eskatu dute, eta jarraitu nahi ez dutenek, bestelako lanetan aritzeko eta prestazio ekonomikoak jasotzeko aukerak erraztea. Izan ere, elkarrizketatu guztiak bat datoz: eskubideak eskuratzeko zailtasunak dituzte (osasun txartel indibiduala, baliabide komunitarioak erabiltzeko aukera, paperak lortzeko aukera…) eta horrek haien estigma eta bazterketa egoera areagotzen du.

"%48k dio aukera balu utzi egingo lukeela, eta horretarako alternatibak behar ditu, administraziotik lagundu egin behar dugu bide horretan”

Eta orain, zer?

Prostituten egoera hobetzeko txostenak egiten dituen proposamenak ikusi eta “udaletik egin dezakeguna aztertzen ari gara”, azaldu dio ARGIAri Miren Echeveste Irungo Berdintasun zinegotziak: “Lehenengo pausoa izango da errolda sozialerako protokoloa berrikustea, ahal dugun neurrian emakume hauen errealitatera egokitzeko, erroldak ateak irekitzen dituelako bestelako prestazio, laguntza, programa eta abarretara jotzeko”. Echevestek garbi du, prostituten “zaurgarritasun maila txikitzea da helburua, esklusiotik ateratzea, beren bizitzari buruz erabakitzeko askatasuna izan dezaten”. Aipatu moduan %49k prostituzioan jarraitu nahi du, “baina %48k dio aukera balu utzi egingo lukeela, eta horretarako aukera eman behar zaio, alternatibak behar ditu, eta administraziotik lagundu egin behar dugu bide horretan, erronka hori dugu udaletik”.

Bestelako proposamenak ere jaso dituzte txostenean: hala nola, indarkeria matxistari aurre egiteko diptikoak –jarrera matxistak dituzten bezeroekin zailtasunak nabarmendu dituzte prostitutek, azterlanean–; transmisio sexualeko infekzioak detektatzeko probak egiteko aukera hirian; eta profesionalentzako prestakuntza, prostitutek jasaten duten estigma txikitzeko eta arreta hobetzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prostituzioa
2025eko uztailaren 2
Meloi saltzailea
Senar puteroak

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.