Mespretxutik duintasunera, txango bat Pat Ricerekin

  • Irlandako mugimendu errepublikarreko militante beteranoa da Pat Rice (Camlough, 1941) eta Euskal Herrian aski ezaguna. Lanbidez hizkuntza irakasle izan da. Sinn Feineko zuzendaritzan aritutakoa, batez ere kultura eta atzerri gaietan. Alderdiaren atzerriko ordezkari ere izan da hainbatetan. Galdetu diot ea Belfast erakutsiko ote dion Argiako irakurleari, berak nahi dituen lekuak aukeratuta. Eta hark baietz.

Irlandako mugimendu errepublikarreko militante beteranoa da Pat Rice (Camlough, 1941) eta Euskal Herrian aski ezaguna.
Irlandako mugimendu errepublikarreko militante beteranoa da Pat Rice (Camlough, 1941) eta Euskal Herrian aski ezaguna.Xabier Letona

Derry-Belfast autobusa hartu dut goizeko 8:00etan. Jende asko doa Belfastera lanera: lan egunetan 26 autobus ordu daude egunero, goizeko 5:30etik gaueko 22:00etara, lehen orduetan 10 minuturo. Bi orduko bidaia lasaia egin ondoren, autobusa iritsi da helmugara. Hor da Pat Rice, adostu moduan. Primeran, eguraldia ere bikaina da eta hori hemen probestu egin behar da. Bagoaz eguna zukutzera.

“Egun on. Zer moduz?”, zuzendu zait berehala irribarrez. Eta euskaraz jardun dugu lehenbiziko uneetan, poliki baina ondo moldatzen da. Gazteleraz hobeto, hala ere, eta laster egin dugu jauzi hartara. Frantsesez ere mintzo da eta beste hizkuntza mordoa ikasi ditu, besteak beste, italiarra, portugesa, katalana, alemana eta gaeliko eskoziarra. “Gaeliko edo irlandera, nola nahiago duzue izendatzea zuen hizkuntza?”, galdetu diot. “Oro har irlandera, batez ere ingelesez ari bagara, horrela hobeto zehazten dugulako Irlandako hizkuntza dela, baina irlanderaz ari garenean gaelikoa esaten diogu. Tira, orain mugitu behar dugu, Stormontera goaz”.

Protestanteen Legebiltzarra

Sartu gara autoan eta gidariarekin gaelikoz jarraitu du. Jim Gibney da, mugimendu errepublikarreko militante historiko ezaguna eta gaur egun Jenifer McCann (Sinn Fein) Gobernu Autonomoko ministroaren aholkularia. Ordu laurden ondoren iritsi gara Stormonteko eremura. Han dira Ipar Irlandako Legebiltzarra eta Gobernu Autonomoa. Gu Legebiltzarreko egoitzara goaz zuzen, gaintxo batean dago eta bere oinetara ageri da Belfast. Hamarkada batzuk atzera bere oinpean ziren Irlanda iparraldeko katoliko eta errepublikarrak; haien zapalkuntza historikoaren sinboloa da. Autotik atera, begiak eraikuntzari luzatu eta zera dio solemnitate doinuz Pat Ricek: “Parlamentu protestantea herri protestantearentzat. Horixe esan zuen Lord Brookeboroug lehen ministroak XX. mende hasieran”.

“Alderdiarentzat gaitza izan zen eraikuntza honetara sartzea –dio Gibneyk–, Legebiltzar hau, herrialdearen zatiketa bermatzeko eratu zen eta. Hasieratik bultzatu eta babestu izan zuen apartheid sistema bat, Hegoafrikan bezala. Uharte honetako protestanteekin elkarlanean jarduteko gaude hemen, haiek ere bertako herritarrak direlako”. DUP alderdi unionista-eskuindarra da nagusi Legebiltzarrean eta Peter Robinson, Ipar Irlandako Gobernu Autonomoko lehen ministroa. Sinn Feineko Martin McGuinness da lehen-ministrordea. 1998ko Ostiral Santuko bake akordioen arabera, elkarrekin gobernatu behar dute unionista eta errepublikarrek.

Abendu bukaeran Haass elkarrizketak porrotean amaitu ziren, unionismoak ukatu egin zituelako Richard Haass bitartekari amerikarrak egindako proposamenak. Sinn Feinek, SDLPk eta komunitate arteko alderdi Alliance-k onartu zituzten eta, DUP eta UUP unionistek ez. Harrezkero ez da ezer entzuten. “Eta orain zer?”, galdetu diot Gibneyri. “Europako eta udaletako hauteskundeak ziren tartean eta testuinguru hori oso gaitza zen unionistentzat. Orain berriz helduko zaie elkarrizketei, baina oraingoan aurrekoan agertu ez duen konpromisoa eskatuko diogu Gobernu britainiarrari. Hemen gauzak konpontze bidean jarri baziren, Gobernu britainiarrak borondatea izan zuelako da, unionistek behin ere ez zuten agertu konponbiderako nahirik. Richard Haass ere hor izango da eta Hegoaldeko [Irlandako Errepublikako] Gobernua ere bai”.

Stormontetik alde egin aurretik ezin utzi galdetu gabe ea Irlandako iparraldean ez ote duten erreferendumik egin behar, Eskozian moduan. “Nahi dugu, bai, eta Gerry Adamsek argi utzi zuen iaz hori zela gure asmoa. Ostiral Santuko Akordioen arabera, zazpi urtero egin ahal izango da erreferenduma”. “Eta zergatik ez duzue egin orain arte bada?”. “Instituzioetan ezegonkortasun handia egon delako eta hori bideratu behar zelako lehenik. Orain harreman egonkorragoa dugu unionistekin eta bada aukera erreferenduma planteatzeko”. Gibneyk bilera du Belfast erdigunean eta hirira eraman gaitu Rice eta biok.

“Orain nora, Pat?”. “Bigarren hezkuntza ematen duen eskola batera joango gara. Ehunka ikasle dena gaelikoz ikasten –jaurti du harrotasunez–. Belfasten eta Iparraldean mota horretako eskola bakarra da. Taxia hartuko dugu horretarako”. Oinez goaz. “Begira, han dago taxi beltz ospetsuen geltokia. Eta bide batez, tea hartuko dugu”. Tea eta gailetatxo batzuk, jakina, oso ohikoa uharte osoan. 40 urte atzera eginez eta gatazkaren garai gogorrenetan murgilduz, autobusek uko egin zioten Belfast Mendebalde gatazkatsuan ibiltzeari, sarri barrikada gisa amaitzen zuten eta. Garraio alternatibo gisa Londresetik ekarri zituzten lehen taxi beltzak.

Bero-bero dago tea. “1968tik 1971ra Donostian bizi izan nintzen. Hizkuntza irakaslea nintzen eta irlandera eta frantsesa irakasten nituen. Gaztelania ere ikasi nuen, eta nire buruari esan nion euskara ere ikasi behar nuela, eta azkenean ikasi dut”. Irlandan irakaskuntzatik bizi izan da, baina Sinn Feineko zuzendaritzako atzerriko ordezkari gisa aritu da luzez eta harreman handia izan du Euskal Herriarekin. Oro har, Europa osoan ibili da atzera aurrera. 2001etik aurrera udazkenero pasatzen ditu bi hilabete Lizartzako (Gipuzkoa) bere etxean..

Eskola gaelikoa

Osatu dugu boskotea eta taxi beltza abiatu da Colaiste Feirste ikastetxera. Sarreran ditugu zain Mícheál Mac Giolla Gunna zuzendaria eta Diarmaid ó Bruadair irakaslea. Harrera egin ondoren, Bruadairek bazkaltzera gonbidatu gaitu eskolako jantokira. Hara iristeko kirol-gunetik pasatu gara eta, besteak beste, 13-14 urteko mutil taldea esku-pilotan ari da. Bete-bete da jantoki zaratatsua. Hileran jarri, jakiak jaso eta berriketari ekin diogu, oso ezagun egiten zait entzuten ari naizena: “1991n sortu zen eskola, 9 ikaslerekin, Estatuaren inongo laguntzarik gabe eta orain 11-18 urte arteko 560 ikasle ari dira bertan. Neskak eta mutilak elkarrekin. Ez dago hautaketa prozesurik, ezta haien arteko mailakatzerik ere. Ez katoliko ez protestante, baina egia da gehiengoa katolikoa dela. Ipar Irlandan 3.500 ikasle ari dira ikasten irlanderaz lehen eta bigarren hezkuntzan”.

Azkar bazkaldu dugu, denborarik ere ez dut, jan, hitz egin eta libretatxoan datuak biltzeko. Azkenak gara. Oro har, bazkaria di-da egiten da hemengo eskoletan; ez dakit gu 15-20 minutu egon ote garen ere. “Eskola dut orain, nahi duzue gela ikusi?”.

Eraikin nagusiaren ondoko bospasei barrakoietako bat da bere gela; eraikuntzan aldaleku edo bulego moduan erabiltzen dituzten horietakoak dira. “Orain hauek dauden tokian udan eraikin berriaren eraikuntza lanei ekingo zaie, ia 20 milioi euroko inbertsioa egingo da”. Hogeiren bat ikasleri azaldu die Euskal Herriko aldizkari baterako erreportajea egiten ari naizela. Ricek ere hitz egin die. Serio ari dira entzuten eta ezohiko bisitak bazkalosteko alferra gainditzen lagundu die.
Ez da batere ohikoa Irlandan, eta ederra da hainbeste jende gaelikoz entzutea: idazkaritzan, korridoretan, jangelan, gimnasioan… Iruñeko ikastolako eta D ereduko haurrak datozkit burura: nola hitz egingo dute ohikoan haien artean haur eta gazte haiek? Aurrera doazela begi-bistakoa da, harrotasuna dario Bruadairi eta Ricentzat ere garrantzitsua zen oasi hau erakustea, hizkuntzak etorkizunik izango badu, eskola giltzarri da eta.

Belfasteko Udaletxea

“Kaixo Xabier”, “Kaixo Maírtin”. “Hemen zara berriz?”, bota dit irribarrez Maírtin Ó’Muílleor alkateak, iazko irailean egin bainion elkarrizketa. Aste Santuko ohiturari jarraituz, txokolatezko arrautzatxoa oparitu dit. “Bai, oraingoan Patekin”. Sinn Feinekoa da, Udaleko indarrik garrantzitsuenek urtero txandakatzen dute alkatea eta 2014ko ekainera arte bere txanda da. Denboran atzera eginez sinesgaitza bada ere, Sinn Fein da Belfasteko lehen indar politikoa.

Belfast Media Group komunikazio taldeko burua da alkatea, baina alkate eta zinegotzi den bitartean lan hori bazterrean utzi du. Ez da geldi egotekoa gizona, ez Udalean, ez kalean eta ez Twiterren (@newbelfast). Maratoian korrika ikusiko duzu orain eta geroxeago unionistek ospatzen duten Lehen Mundu Gerraren ekitaldian (azaroak 11), errepublikar hainbaten haserrea piztuz. Ricek nahi du berak azaltzea nola ikusten duen egungo Belfast. Tea hartuaz bat, ondo ikasitako hitz jarioari ekin dio alkateak. “Gure autoak aurrera bakarrik egiten du, ez du atzera egiten. Batzuek guztiari esaten diote ez, eta nire urtebeteko agintaldian bai diogunok aurrera egin dugu. Begira bi margo horiek, William Conor margolariarenak dira, batean Orange Ordena [muturreko talde loialista] eta bestean kirol gaeliko bat. Saiatu naiz guztion sinboloak plazaratzen eta uste dut unionistek estimatu dutela. Hedabideen artean, Belfast Telegraph egunkari unionista izan da nire agintaldia gehien estimatu duena –dio keinu bihurria eginez–. Mandelak zioen bezala, hau ortzadar hiria da, munduari begira dagoen hiria, aurrerazalea, ekonomikoki hazten ari dena. Guztiok elkarrekin bizi behar dugun hiria”.

Isilik da Pat Rice, baina ederki daki zertaz ari den alkatea, bera 12 urtez izan zen Sinn Feineko zinegotzia Lisburn-en, Belfast Metropoliko hirian, 1985etik 1997ra arte. Azken 40 urteetan gatazkaren ondorioz izandako ia 3.700 heriotzetatik 1.600 Belfasten gertatu ziren. Udaletxe hau ere katolikoen bazterketa historikoaren sinbolo da eta Ricek aldaketa erakutsi nahi du. Altxatu eta bagoaz, hori bai, bisita-liburuan sinatu eta alkateak berehala Twitterren jarriko duen hiruon argazkia egin ondoren. “Slán eta go raibh maith agat” (Agur eta eskerrik asko).

Arratsaldeko hirurak dira Udaletxetik atera orduko eta taxiaren zain, Udaletxe ondoko eserleku batean jarri gara eguzki izpiak atseginez irentsiz. Barraskiloak bailiran, zain dira Belfasteko bi-hankakoak eta udaberriko lehen eguzki printzekin sandaliak, fraka motzak eta tirante-kamisetak barreiatzen dira kaleko paisaian. Isildu barik ari gara eta lehen neke keinuak sumatu dizkiot Pati. Baina tren hau ez da geratzen oraingoz; hurrengo geltokia, Bothar Seoighe komunitatea, Belfast Mendebaldeko Andersonstown auzoan.

Gaelikoz bizi nahi zuten

Te, gaileta eta sandwich artean jo du berriketaldiak berriro. Sean Mac Sheáin-en (71 urte) jarioa itzela da. 60ko hamarkadaren hasieran zazpi familiak gaelikoz bizitzeko hautua egin zuten eta etxebizitza komunitatea eratu zuten horretarako. Gaeliko gaueskoletan hizkuntza ikasi, etxeak egin eta ekin bizitzeari, bederatzi haurreko eskola eta guzti. Eginkizun latza izan zen, baina fruitua goxoa: gaur egun 27 etxeko komunitatea da eta lehen hezkuntzako eskola honetan 400 haur ari dira, dena gaelikoz.

“Hori guztia instituzioen inongo laguntzarik gabe –dio Sheáinek–. Kontrakoa, espetxeratuko gintuztela zioten, haurrak ez eskolatzeagatik. Oso zaila izan zen dena gatazkaren urte gogorrenetan, baina tira, agian horrexegatik egin genuen. Gure belaunaldia mespretxatua bizi zen, burumakur, baina apurka gero eta begirune handiagoz begiratzen gintuzten, eraikuntzarako materiala erosten genuen, etxeak eraiki… eta hori ez zen txantxetakoa”. “Bai, miraria izan zen giro hartan hainbat jendek gaelikoa ikasi izana. Izen irlandarrak genituen askok eta kalean elkarri deitzeko beldurrez aritzen ginen –baiesten du Ricek–, eta begira orain”. Eta orain zer?

Baikor da Sheáin, aurrera doaz. Pat Ricek tinko egiten du bat harekin. Astebete lehenago manifestazioa izan dute Belfasteko kaleetan gaelikoaren alde. Sheáin mintzo da: “10.000 pertsona bildu ginen eta han ez zen beldurrik, 30 urtetik beherako gazteak nagusi, aurpegiak pintatuak, tabernetan sartu-irtenean, beldurra galdu dugu eta gaelikoa kalean da. Victoria Centerreko kafetegian neska zerbitzariak gaelikoz galdetu zigun: ‘Manifestazioan egon zarete?’. Sinestezina zen. Hizkuntza berreskuratzen ari da eta gure belaunaldia da hori ikusten ari den lehena. Nola ez gara baikor izango?”. Batek daki etorkizunaz, baina burua altxa duen zapalduaren bihotza mintzo da Sheáinenetik. Nola ez sinetsi?

“Etorri garajera”, diosku, eta bere alaba idazleak (Caitriona Nic Sheáin) gaelikoz argitaratutako sei ipuin oparitu dizkit. Edizioen kalitatea itzela da. “Go raibh maith agat” (eskerrik asko). Asko ematera ohitua dagoenaren eskua tinko estutu eta Rice eta biok bagoaz. Eguna eta Pat apaltzen ari dira, eta haiekin gure itzulia.

Hildakoen oihartzuna

“Hilerrira goaz, ezinbesteko bisita lekua da”. Belfast mendebaldeko Milltown hilerria da, Falls errepide mitikoan. Hildako errepublikarren eremura badira 300 bat metro sarreratik eta lasai goaz haraino, kontu kontari. Gustura jarri da hilobi arteko harmailatxo batean; behar du atsedena. Ondoan du Lawrence Marleyren hilobia: “IRAko kidea zen, etxean zuen gaubeila eta ehorzketa errepublikarra egin gura zitzaion. Lehenengo egunean poliziak eraso egin zuen etxetik ateratzean; bigarrenean jende gehiago zegoen, baina hala ere, atera eta erasoa berriz; hirugarrenean hainbeste jende zegoen ez zirela ausartu. Eta ehorzketa errepublikarra izan zuen. Begira, hor dira Gibraltarren hil zituzten hiru boluntarioak. Haien ehorzketan izan zen Michel Stone loialistaren erasoa”. 1988ko martxoaren 6a zen eta hiru irakideak ehorzten ari zirela, Stonek granada bat jaurti eta tiroka eraso zion jendetzari. Ondoren, hilobi arteko ihesari ekin zion dozenaka gazte jarraika zituela, eta Stonek tiroz eta granadak jaurtiz erantzuten zien. Bi zibil katoliko –Thomas McErlean eta John Murray– eta IRAko kide Caoimhín Mac Bradaigh hil zituen; beste 60 pertsona ere zauritu zituen. Jendeak Stone harrapatu eta jipoitzen hasi zen; polizia heldu eta heriotzetik salbatu zuen. Eguzkia gero eta beherago dago eta kanpo aldera abiatu beharra dago. “Slán Pat”, bota dio bisitan datorren emakume taldeak.

Telefonoak jo du Riceren patrikan. Marthita da, bere bigarren emaztea. 2001ean galdu zuen lehena, Pádraigín, auto istripu batean, eta 2004an ezkondu zen berriz, Martha Eugenia Manzanorekin. Gaur espainiar klaseak ematen dituzte biek 20:00etan eta dagoeneko 18:45 dira. “Ez dakit dena egingo dugun Xabier, hemendik gutxira klaseak ditut eta. Baina orain goazen Cultúrlannera”.

Gaelikoaren kultur etxea da eta ondoan dago. Eliza presbiterianoa zen aspaldi eta 1991n bihurtu zuten kultura gaelikoaren bihotz. Sartu gara eta hutsik dago ia, laster itxiko dute. Gaelikoaren irakaskuntza, kultur ekitaldiak, taberna, jantokia, liburutegia… Dena moderno, atsegin eta txukun. “Iparralde osoko gaeliko liburutegi garrantzitsuena du. Lehen egon garen bigarren hezkuntzako eskola hori hemen hasi zen bederatzi haurrekin”. Eta denbora agortu zaio lagunari, nahikoa ahalegin egin du. Bagoaz hemendik ere.

Elkar agurtu dugu. Berak kalean gora hartu du autobusa, nik hiriaren erdigunerantz. Falls errepide ospetsuan barrena noa eta gertu da Shankill errepidea ere, esparru protestante mitikoa. 20:00ak dira eta kaleak hutsik ia. Aspaldi hasi da hozten, baina azken eguzki printzak jostari ari dira oraindik Europa Geltokiko leihoekin. Bizipenez jositako egun luze eta mamitsua izan da. Nekatuta eseri naiz Derryra itzuliko nauen busean. Ez dakit nola emango duen Ricek gaurko klasea. Txiki ikusten dut Belfast atzean, gero eta txikiago. Mila esker Pat, bihotz-bihotzez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda iparraldea
Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


2023-03-01 | Leire Artola Arin
Londres eta Bruselaren arteko akordioa
Ipar Irlandako Parlamentua desblokeatuko al dute unionistek ia urtebeteren ondoren?

Ipar Irlandako Parlamentua blokeatuta dago maiatzetik, DUP unionisten alderdiaren protestagatik, ez baitago ados Brexitaren ostean Ipar Irlandan Europako Batasunak jarri dituen merkataritza kontrolekin, besteak beste. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren hitzarmen berriak... [+]


Irlandera, hizkuntza ofiziala estreinakoz Ipar Irlandan

2022ko abenduaren 6an Ipar Irlandako mugimendu errepublikanoaren aldarrikapen historikoetako bat gauzatu zen: data horretatik aurrera, Irlandako berezko hizkuntza ofiziala da, lehenbizikoz, Ipar Irlandako sei konderrietan.


Eguneraketa berriak daude