Urteko gau motzenean suak zeruraino luzatzen ditu besoak Hernaniko plazan. Gaizkiaren eta ongiaren muga ikusezin gertatzen da eszena horretan, ordena anabasa bihurtzen. Historia zimurtu egiten da, salaketa eta aldarriari bide emateko. Akelarreak sentimenduak azaleratzen ditu, kontraesanak probokatu. Ez da folklorea, ez da tradizioa. Sorginkeria hutsa da.
Akelarre hitza asmakizun bat da. 1609an sortu zuen Inkisizioak, seguruenik Juan del Valle Alvarado fiskalak. Hala dio gai hauetan eminentzia den Gustav Henningsen ikerlari daniarrak. Urte hartako otsailaren 14an Zugarramurdiko herritar batzuk Logroñon azaldu ziren, Inkisizioaren tribunalari esateko eurak ez zirela sorginak. Preso hartu zituzten, eta torturatu. Alvaradok itaunketa horien ondorioak eskribitu zituenean, lehen aldiz lotu zuen satanismoarekin ditxosozko hitza: akelarre.
Geroztik ustezko sorginen batzarrei deitu izan zaie akelarre, mendeetan barrena herri sineskeran errotu eta haren parte bihurtzeraino, nola Orozkoko Garaigortan edo Dimako Petralandan. Eta egun, hitz asmatu hura irakur dezakegu festa-egitarauetan, ikusi Alex de la Iglesiaren terrorezko komediatan edo entzun Fermin Muguruzaren ahotan: “Zugarramurdin akelarrea da, Infernuko errekak sortu leizeetan...”.
Gramatikan akerrak ezinezkoa luke “r” galtzea beste hitz batekin elkartuta. Beraz, utikan akerraren larreak eta ongi etorri belar pozoitsuenak; askorentzat horixe besterik ez baita akelarre: alka-belar larrea. Egiaz, esplikazio antropologikorik ere ez dago, akerrak beti izan baitu eginkizun positiboa euskal mitologian. Eta toponimiak ere nekez onartzen ditu izaki bizidun mugikorrak. Ez, akelarre ez da euskal hitza, sorgin-mania eruditutik ernetako ipuina baizik. Baina gure egin dugu: “...Zugarramurdin akelarrea da, euskaldun askeak elizatik at!”
Krisia, drogak eta rock erradikala. Hernaniko auzoetan beste herrietako ke bera arnasten zen 80ko hamarkadan. Politizatuta eta bereizita zeuden koadrilak batu behar zirela okurritu zitzaien batzuei, eta hortik sortu ziren herri olinpiadak eta baita akelarrea ere.
1986a zen, euskal paganismora garamatzan Pedro Olearen Akelarre filma estreinatu berria zen, baina Hernanin akelarrea jai alternatiborako tresnatzat zuten gazteek, ez zen historia gogoratzeko karroza soila. Ia 30 urte geroago funtzio sozial hori izaten segitzen du, eta urtero ekainaren 23an salatzen dira emakumeen zapalketa, euskararen diskriminazioa, torturak edo sexu estandar inposatuak.
1971n ikimilikiliklik oihukatuz euskal gazteria berriak Larraitzen egin gaupasari “akelarre” deitu zioten erreakzionarioek. Bidankotzen ere badira hamarkadak “xurgin xastea” egiten dutela. Aurrekari horiek kenduta, esan dezakegu Hernaniko akelarrea aitzindaria izan dela. Gorabehera handiak izan ditu, baina azken urteetan indar handiz ospatu da, herriko Gazte Asanbladak hartu baitu lekukoa.
Egun, toki askotan ospatzen dute solstizioa akelarrearekin. Leioan dozena bat urte baino gehiago daramatzate eta zita garrantzitsua bilakatu da eskualde osoan. Barañainen herriko festen ekitaldi nagusietakoa da, herritarrek egina, autogestionatua eta errealitate politiko eta sozialarekiko kritikoa. Zugarramurdin gau horretan ere egiten ziren milaka laguneko kontzertu eta akelarre ikaragarriak, kasu honetan Hernanikoa zuten eredu. Masifikazioa dela-eta jada ez da halakorik egiten eta Sorginaren Egunak ordezkatu du.
1610eko autofedearen 400. urteurrenaren karietara, Zugarramurdin makina bat ekitaldi antolatu zituzten jazotakoa gogoratzeko. Akelarrerik ez baitzen existitu, eta sorginak auskalo, baina sorgin ehiza bai, hori euren haragitan nozitu zuten sutan erretako 11 zugarramurdiar emakume eta gizonek. Berrikitan, Mikel Azurmendi antropologoak liburu batean azaldu du garai horietako monarkia absolutistek erlijio hutsetik ideologiara jauzi egin zutela eta sorgin ehiza erabili zutela hizkuntza bera zuten herritarren artean muga psikologikoa sortzeko: Bidasoako muga.
Paradoxikoa da. Lau mende geroago gertaera horiek erabiltzen dira, ez mugak sortzeko, baizik jendartean dirauten konbentzioekin hausteko. Kontu ilun eta konplikatu asko gurutzatu ziren XVI. mendeko autofede horietan. Urte gutxira Inkisizioak onartu zuen dena asmakizuna zela –Alonso Salazar inkisidoreak hala aitortuta–, baina egungo errealitatetik interpretazioak aske dira, belargile paganoen pertsekuzioa izan zela dioen imajinariotik hasita: Akerra erdian zen / ilargi beteko gau hartan –dio Labriten abestiak–. Orain sinestu ala ez / zuen eskuetan dago.
Oriako sorgin dantza tradizionalari lapurtutako melodia eta koreografiaz ehunka sorgin, galtzagorri eta zirikok ilara amaiezinak osatzen dituzte Hernanin barrena, musika eskolako dultzaineroen doinu indartsuari segituz –Juan Mari Beltranek dultzainarentzat moldatu zuen airea–. Bi ordu eta erdiko kalejiran ikusiko ditugu zortziko solemnez osatutako paseoak, deiak, kortejatzeak eta baita keinu itsusi samarren bat ere. Azken pausoan, sorginak tximistaren abiadan aterako dira, sasi guztien gainetik garrasika, eta plazan sartuko, laino guztien azpitik irrintzika.
Euforia giro horretan antzerkia egiten da. Sorginek inkisidore zitalen tormentua ezagutuko dute, eta halako batean Aker azalduko da. Ez galdetu nola, baina azkenean denek, inkisidore, borrero, sorgin-ama, monagilo... Denek orgia batean amaituko dute kasik larru-bizik, eta txalaparta eta batukadaz sorturiko erritmo primitibo bat dantzatuz milaka begiren aurrean.
Irudi luke halako muntaia batek antolaketa landua behar lukeela. Baina hemen ez da zuzendaririk, ezta gidaritza talderik ere. Hierarkizatu gabea eta asanblearioa da akelarrea: “Urte batean astebete lehenago ezer prestatu gabe geunden. Ez dakit nola, baina azkenean dena ondo ateratzen da, lurretik sortutako zerbait balitz bezala”. Garikoitz Arrese-Igorrek badaki zertaz hitz egiten duen, ez alferrik daramatza 17 urte akelarreko antzerki taldean.
Arrese-Igor aspaldi hasi zen homosexualen eskubideen aldeko mugimenduetan eta azkar ulertu zuen akelarrearen benetako funtsa, ez bakarrik sexu askatasunari zegokionez –antzerkian saiatzen dira eszena hetero, gay, lesbiko eta bisexualak nahasten–, baita aldarrikatzeko emakumeen papera, edo droga eta alkoholaren kontsumoaz hausnartzeko. 39 urteko donostiarrak apustu egingo luke ez dela Europa osoan halako plaza, jendetza eta ordutegian antzeko ekitaldirik egiten.
Horrek kritikak ere ekarri dizkie. “Denetarik entzun izan dugu. Hasi ginenean Akerrekin halako keinu sexualak egiten protesta handiak izan ziren. Gogoratzen dut guraso elkartekoek egunkarira gutuna bidali zutela eta nik erantzun nuen esanez gurea probokazioa bazen, haurrek bideo-jokoetan ikusten dutena zer ote den. Gure artean ere eztabaida sortu zen. Ni ez nengoen inondik inora prest makurtzeko, bestela ez nintzateke aterako”.
Bestelako iritziak ere izan dituzte. Talde feministek maiz kritikatu izan dute Akerren funtzioa eta erotismo falikoaren nagusitasuna. Arrese-Igorrentzat ez zaie arrazoirik falta eta seguruenik aldaketak egin beharko dituzte zentzu horretan.
Akelarrean kontziente dira une batzuetan irudiak gogorrak direla, deserosoak akaso. Zein da probokazioaren muga? Mugarik badu agian? Errebindikatzea eta dogmak haustea akelarrearen esentzia dira eta detaile txikienetan ere igartzen da hori. Zer pentsatuko luke militar parakaidistak jakingo balu bere uniforme zaharrari zakil bat josi diotela Hernaniko Akerraren mozorro bihurtzeko?
Plazaren erdian sua, eta haren inguruan sorginak eta sorginduak, azken dantza frenetikoan: bagak hatza aurrera eramanez, bigak bizkarra konkortu eta jauzika.... Zirkulu horretan sortzen diren sentsazioak deskribatzea ez da erraza: “Hor zaude erdi biluzik, lastoz josita, jendea begira, lotsa, txantxak... Polita da azkeneko momentu hori”. Eta horrela, astiro-astiro, sugarrak hiltzen doaz, Exkixuren kanta hark zioen moduan, gauak ere ondo baitaki noiz datorkion goiza.
Alarde baztertzailean ardura duen kide bat Jaizkibel konpainiako kide baten kontra oldartu zen. Txosnako kideek inolako erasorik onartuko ez dutela adierazi eta babesa helarazi diote erasoa pairatu zuen pertsonari.
Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak, Baigorriko eta Erratzuko gazteek elkarlanean prestatu dituzte Izpegiko Bestak. Elkartasuna, memoria kolektiboa eta engaiamendu politikoa izanen dituzte ardatz.
Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.
Bilboko Udalak ostegunean adierazi du Abandoibarrako kontzertua bertan behera geratu eta gero, Plaza Biribileko agertokia eskaini ziela hiru artistei, baina ezezkoa eman zutela. Abeslariek bertsio hori ukatu eta zehaztu dute: bakarrik Kai Nakari eskaini zioten.
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.
LAB sindikatuak Euskotren enpresaren "koherentzia eza eta erantzukizun sozialaren gabezia" salatu ditu, zezenketen publizitatea zabaltzen ari delako bere ibilgailuetan.
Bilboko Aste Nagusian hainbat pertsona atxilotu ditu Poliziak eraso sexistak leporatuta. Egoera horren aurrean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du Polizia "eraginkorra" dela eta Bilbon "inoiz baino polizia gehiago dagoela".
Eta, honekin bai, honekin amaitu da Donostiako Aste Nagusia! Piratei aste bete motz geratzen zaiela eta, egun bat gehitzen diote Aste Nagusiari. Aurten hogeigarren urtez jarraian egin dute Irrikitaldia.
Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.
Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak.
Bilboko Konpartsen Federazioak 2025eko Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Arriaga Plazan. Federazioak, konpartsek eta Jai Batzorde Mistoak 600 jarduera baino gehiago prestatu dituzte, "gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz gozatzeko".
Gasteizen igandean eginiko agerraldian, Txosnak. Gureak, denonak dinamikako kideek gaitzetsi dute txosnak ez direla enpresen gisara tratatu behar: "Gure ospakizunak edukiz hustu nahi dituztenen kontra, konpromisoaren, aniztasunaren eta autogestioaren alde egiten... [+]