Kontrolatutzat genuena berriz mehatxu

  • Bakterioak azkar egokitzen dira ingurunera, oso azkar. Duela 70 urte inguru hasi ginen antibiotikoak erabiltzen, eta denbora horretan kontrolpean ezarri ditugu lehen hilgarriak edo oso larriak ziren infekzio asko. Orain, ordea, antibiotikoen aurreko egoera horretara itzultzeko arriskua dugu, antibiotikoak gehiegi eta gaizki erabiltzeagatik, hain zuzen. OMEk apirilean argitaratutako txostenaren ondorioak benetan ikaratzekoak dira.

OMEren esanetan, bakterioen erresistentzia azkartzeak kolokan jartzen du medikuntza modernoaren aurrerapena. Esaterako, penizilinarekin erraz tratatu ohi zen pneumonia hilgarri bihurtu daiteke kasu askotan.
OMEren esanetan, bakterioen erresistentzia azkartzeak kolokan jartzen du medikuntza modernoaren aurrerapena. Esaterako, penizilinarekin erraz tratatu ohi zen pneumonia hilgarri bihurtu daiteke kasu askotan. www.politifact.com

Bakterio, birus eta bestelako patogenoek sendagaiekiko garatzen duten erresistentzia medikuntzaren kezka nagusietakoa izan da  gutxienez azken hamabost urteetan, fenomenoa askoz lehenagotik ezagutzen den arren. XXI. mendean osasun publikoak jasango duen mehatxurik handiena dela ere esan da. Gure buruhausteen podiumean koska bat gorago edo beherago egon, ukaezina da mikrobio eta batik bat bakterio erresistenteak larritasun handiko arazoa direla; hala erakutsi dute azken hamarkadetan bildutako hamaika datuk, egindako hamaika ikerketak, jasandako hamaika sufrikariok.  

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) apiril amaieran aurkeztu zuen askok aspalditik eskatzen ziotena: erresistentzien arazoaren mundu mailako erradiografia. Fenomenoaren ikuspegi osoa lortzeko estreinako saiakera horrek Antimicrobial resistance. Global report on surveillance dauka izenburua (Mikrobioen aurkako botikekiko erresistentzia. Zaintzari buruzko txosten globala).

Bi ondorio nagusi atera daitezke ikerketatik: batetik, arazoaren neurria zehatz ezagutzetik sano urrun gaude oraindik, besteak beste munduko eskualde askotan ez dagoelako behar bezalako datu bilketarik egin. Baina bestetik, dakiguna nahikoa da beldurtuta egoteko. Kontrolatutzat genituen infekzioak berriz hilgarri bihurtzeko arriskua benetakoa da, horra OMEk munduari eman nahi dion abisua. Bai gordin eman ere. Harrizkoa behar du, hurrengo orrialdean ageri diren Keiji Fukuda, OMEko Osasun Segurtasun zuzendariaren berbak irakurrita hotzikara txiki bat bederen sentitzen ez duenak.

Azeleratu dugun gertakari naturala

Bestela ere jakina zena gogorarazi du Antimicrobial resistance txostenak: mikroorganismoek sendagaiekiko erresistentzia garatzea gertakari naturala da. 1945ean, “antibiotikoen aroa” esan zaiona hasi berritan, haren sortzaile nagusitzat daitekeen Alexander Flemingek iragarri zuen bakterioak erresistente bihurtuko zirela; penizilina kasualitatez aurkitzeagatik Nobel Saria eman ziotenean esan zuen hori Flemingek, esker oneko diskurtsoan. Erresistentzia nola sortuko zen ere aurreikusi zuen: gaixo batek antibiotiko dosi txikiegia hartuz gero, ez zituen mikrobioak erabat akabatuko, eta bizirauten zutenak erresistente bihurtuko ziren. Baita haiengandik eratorriko belaunaldiak ere, eta belaunaldi berriak minutu gutxian sortzen diren izakiez ari gara. Ez da harritzekoa antibiotikoak erabiltzen hasi eta urte gutxira atzeman izana lehen erresistentzia kasuak.

Nolanahi, gertakari naturala den hori azeleratzen ari dela nabarmendu nahi du OMEk, eta horren arrazoi bakarra ez da gaixoek agindutako dosia amaitu gabe uztea tratamendua. Okerragoa da abusua. Antibiotikoak –batez ere sendagai multzo horretaz dihardu OMEren txostenak– behar ez denean errezetatzen dituzte medikuek, “seguru egoteko”; edo behar ez den antibiotikoa hartzeko agintzen diote gaixoari; edo gaixoak bere kasa erosten du farmazian, errezetarik gabe. Bestalde, abusuarekin edo gabe, antibiotiko bat hartzeak beti dakar ordaina. Xavier Horcajada gaitz infekziosoetan adituaren berbetan, “gaixoaren historia biologikoan grabatuta geratzen da”. Ordaina ez dadila izan behar baino handiagoa, horra gakoa.

Urtero 25.000 hildako Europan

Arazoaren neurria –bai giza osasunari bai kostu ekonomikoari dagokienez– zein den ezin zehatz jakin gaur egungo datuekin, dio OMEk. Balio bezate, momentuz, azterketa partzialek. Esaterako, kalkulatu da mikrobioen erresistentziak urtero 21.000 eta 34.000 milioi dolar bitarteko gastua eragiten duela AEBetako osasun-sisteman. Eta zortzi milioi eguneko egonaldia ospitaleetan. Ikaragarriagoa da, dudarik gabe, kausa horrengatik Europan urtero 25.000 pertsona hiltzen direla irakurtzea.

Dena den, txostenean emandako datuak tentuz hartzeko gomendioa egiten du erakundeak: “Baliteke laborategi batean erresistentetzat jotzen den bakterioa sendagaiarekiko sentiberatzat hartzea beste batean. Bestalde, datu asko erietxeetan jasoak dira, eta horko gaixoak ez dira, agian, egoera orokorraren erakusle onenak; erresistentziaren arazoa benetan dena baino handiagoa dela pentsarazi dezakete”.

Oharrak ohar, egoera zeharo kezkagarria da OMEren aburuz. “Medikuntza modernoaren aurrerapena, bakterioen aurkako farmakoak eskueran izatean oinarritzen dena, arriskuan dago”, dio Genevan egoitza duen erakundeak. Eta honako egoerak, balizkoak edo ez hain balizkoak, aipatzen ditu, esandakoaren adibide: pneumoniak, penizilinarekin erraz tratatzen zen gaitzak, sentiberatasuna galdu lezake eskura dauzkagun sendagaiekiko, eta horrek arriskuan jarriko luke gaixo askoren bizitza; aho bidezko tratamenduekin aise sendatzen zen zistitisa askoz garestiagoak diren injekzioen bitartez tratatzen hasi beharko da agian, edo besterik gabe ezin tratatuzko bihurtuko da; jaioberriengan eta zaintza berezietako eremuetan arruntak diren infekzioak gero eta maizago ari dira bihurtzen sendagaitz edo sendaezin. Eta abar.


Ezta antibiotikorik bortitzenekin ere

Patogeno erresistenteez modu orokorrean badihardu ere, Antimicrobial resistance-k zazpi bakteriorengan jartzen du fokua. Zenbait herrialdetan, bakterio horietako batzuen aurka ohituraz erabili izan diren antibiotikoek gaixoen erdia baino gehiagorengan dagoeneko eraginik ez dutela behatu da. Halaber, aztertutako herrialde guztietan (114, orotara) erresistentziak daudela ikusi dute txostenaren egileek. OMErentzat bereziki kezkatzekoa da Klebsiella pneumoniae bakterioak karbapeno izeneko sendagaien aurrean agertutako erresistentzia, zenbait lekutan %50etik gorakoa. Karbapenoak orain arte aurkitu diren antibiotiko indartsuenak dira. Bestela esanda, zenbait infekzioren kontrako azken defentsa lerroa.

Badaezpada aurreko paragrafoak hori eman dizun aditzera, ez ezazu pentsa karbapenoak atzo goizeko aurkikuntza direnik. Ez karbapenoak, ez beste edozein antibiotiko. 1929an Flemingek penizilinarekin topo egin zuenetik 1970eko hamarkadara arte, bakterioen aurkako farmako ugari garatu ziren. Sendagai ejertzito hura gai zen, artean, mikrobio arrunt gehienak hiltzeko. Baina OMEk nabarmentzen duenez, azken antibiotiko multzo erabat berriak, euren artean karbapenoak, 1980ko hamarkadakoak dira. Ordezkoak ez dira berehalakoan iritsiko. OMEren esanetan, bakterioen aurkako sendagai berrien garapena hutsaren hurrengoa da uneon. Eta antibiotikoen ordezko bestelako tratamenduak eskuratzeko ikerkuntza lehen urratsetan besterik ez da ematen ari oraingoz.

Azkar sendatzen dutenez, ez dira errentagarriak

Antibiotiko belaunaldi berri batek arazoa konponduko edo areagotuko lukeen eztabaidatzeari uko egingo diogu erreportaje honetan, baina ezin aipatu gabe utzi, bederen, 30 urtean antibiotiko berririk sortu ez izanaren arrazoiak. Arazoa ez baita zientziak bere bideak agortu dituela, konpainia farmazeutikoei antibiotiko berriak garatzea garesti suertatzen zaiela baizik. OMEren txostenak ezer gutxi esaten duenez horri buruz, hemerotekara jo dugu. Sareko bilatzaileetan pare bat minutu ematea aski da antibiotikoen errentagarritasunaz hitz egiten duten ikertzaile ugarirekin topo egiteko.

Ospe handiko bat ekartze aldera, Venki Ramakrishnan 2009ko Kimika Nobel saridunak duela hiru aste inguru Madrilen esandakoa gogoratuko dugu: “Etorkizun handiko molekulak egon badaude, baina sendagaiak burutzeko prozesua luzea, zaila eta garestia da, beraz ez da errentagarritasun handikoa farmazeutikentzat. Gainera, molekula berri horiek pertsona gutxik erabiliko lituzkete, eta denbora laburrez, eta farmazeutikek nahiago dute gaitz kronikoetarako sendagaiak garatu. Bestelako eredu farmazeutikoa behar dugu infekzioei aurre egiteko, antibiotikoekiko erresistentzia erabat zabaltzen denean hondamendi handia gertatuko baita”.

MRSA, bakterio-aldaera hiltzaile zabalduenetakoa

Staphylococcus aureus da OMEren txostenak aztertzen duen bakterioetako bat. Gure azal eta sudurraren flora arruntean aurkitu daiteke, gaitzik sortzen ez duten aldaeretan, baina infekzio gehien eragiten duen mikrobioetakoa da. Hura dugu, esaterako, ebakuntzen osteko infekzioen erantzule nagusia.

Penizilina erabiltzen hasi zenean, S. aureus-aren aurkako tratamendu egokia zela ikusi zen, baina lehen erresistentziak luze gabe agertu ziren, 40ko hamarkadan bertan. Horri aurre egiteko metizilina izeneko farmakoa garatu zen, baina 60ko hamarkada hasi orduko harekiko lehen andui erresistenteak atzeman zituzten. Andui horiei MRSA esaten zaie (metizilinarekiko erresistentzia duen S. aureus). OMEk behatu ahal izan duenez, S. aureus guztien %20, gutxienez, MRSA aldaerakoak dira mundu osoan, eta zenbait eskualdetan portzentaje hori %80raino iritsi daiteke. Ospitaleak dira haren joko-zelai kutuna, baina gero eta zabalduago dago erietxeetatik kanpo ere. MRSAk urtero 19.000 lagun hiltzen ditu Europan, OMEren arabera.

Prebentzioaren garrantzia: esku garbiak, bakterioentzako hesia

Antibiotiko berririk ezean –horien premia azpimarratzen badu ere–, prebentzioaren garrantzia aipatzen du Antimicrobial resistance txostenak. Besteak beste, higiene neurriekin zorrotzago jokatzearen beharra aldarrikatzen du mundutarron osasuna jagoteaz arduratzen den erakundeak. 200 orrialde baino gehiagoko txostenean lau lerro besterik ez zaizkio eskaintzen gaiari, baina ez da horregatik garrantzi gutxiagokoa. Izan ere,  maiatzaren 5ean, dokumentua argitaratu eta oso gutxira, Eskuetako Higienearen Munduko Eguna ospatu zuen OMEk, 2009tik urtero egiten duen legez. Kanpainak oihartzun apala izan ohi du jendartean, osasungintzako profesionalei zuzentzen baitzaie beren-beregi. Aurtengoaren ardatza, zer esanik ez, mikrobio-erresistentziari aurre egin beharra zen. Dena ez baita botikaz konpontzen.

Tuberkulosiari begira

OMEren txostenak munduan oso zabalduta dauden zazpi bakteriori eskaini dio arreta gehien (Escherichia coli, Klebsiella pneumoniae, Staphylococcus aureus, Streptococcus pneumoniae, Salmonella ez-tifoidea, Shigella espezieak eta Neisseria gonorrhoeae), baina bestelako mikrobio batzuez ere badihardu. Hain zuzen, tuberkulosia eragiten duen Mycobacterium tuberculosis bakterioaz, malariaren sortzaile diren Plasmodium generoko bizkarroiez, GIB birusaz eta gripearenaz, eta kandidiasiaren erantzule den Candida legamiaz. Denetan atzeman dira erresistentziak.

Bereziki aipatzekoak dira tuberkulosia, malaria eta GIBa, haien erresistentziez gehiago baitakigu. Badago, beraz, haiengandik zer ikasi. Tuberkulosi erresistentearen kontrako borrokan buru-belarri dabilen Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) elkarteak pozez hartu du txostena. “Lehenago egin balitz hobe”, diosku Teresa Guilarte Bilboko MSFko kideak, “ea balio duen tuberkulosi erresistenteaz gehiago iker dadin, diagnostiko berantiarrak eta tratamendu luzeegiak sufrimendu handia eragiten ari baitira”. Aldaera erresistenteenak gaixoen %70 hiltzen ditu gaitzaren aurkako programa onak dituzten herrialdeetan. Beste leku batzuetan, hilkortasuna %90 ingurura iritsi daiteke.

Gehiegizko erabilera abeltzaintzan

OMEren azterlanak pasarte zabala eskaintzen dio abeltzaintzan eta arrain-hazkuntzan erabilitako antibiotikoei; bidenabar esan dezagun gizakiok hartzen ditugun farmako berak direla orobat. OMEk gogorarazten duenez, albaitaritzarako ez ezik hazkuntza hutserako erabiltzen dira antibiotikoak, munduko herrialdeen erdian gutxi gorabehera, AEB barne. Hau da, aziendei botikak ematen zaizkie sistematikoki, gaixorik egon gabe ere, horrek gehiago eta azkarrago gizentzea eragiten baitu.

Europar Batasunean 2006tik dago debekatuta hala egitea. Haatik, Europako Batzordeak uste du albaitaritzari lotutako erabilera ere gehiegizkoa dela, eta abusuari aurre egiteko neurriak iragarri zituen, iazko azaroan egindako agerraldi batean.

AEBetan urrats bat atzerago doaz, baina han ere hasi dira mugimenduak. Erabateko debekua ezarriko ez badute ere, haragi-hazkunderako erabilerari zenbait muga ezarri zizkion hango Sendagai eta Elikagaien Agentziak, FDAk, joan den urtarrilean. Pauso apal samarra oraingoz, baina bada zerbait, hango elikagaien industriak urte askoan horrelako neurriak nola oztopatu dituen ikusita.   


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Bizikleta martxa burutu dute Elizondon, osasun sistema publiko duinaren alde

Berrehun lagun hurbildu dira  Baztango Osasun Plataformak deituriko elkarretaratzera eta bizikleta martxara.


2025-06-04 | ARGIA
Osasun arreta euskaraz bermatzeko zortzi eskaera egin dituzte EHEk eta Aintzatek

Osasungintzako 501 langilek bat egin dute zortzi eskaera zehatz dituen manifestuarekin. Helburua, osasun arreta euskaraz eskaini, eman eta bermatzea, “edonon eta edonoiz, maila guztietan eta ahoz zein idatzizko harremanetan”.


Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hil zorian zegoen ume bat artatzeko ospitaleko baliabideak “lan ordutegitik kanpo” erabiltzeagatik

Faltan Botatzen Dugu plataformak eman du gertakariaren berri, eta zaintza aringarrien zerbitzuaren "egoera kritikoa" salatu du. Medikuak haren kontakizuna argitaratu du sare sozialetan, eta jakinarazi du lana utzi duela denbora batez: "Ezinezkoa zait baldintza... [+]


Erretzea debekatuko dute haurrak elkartzen diren Ipar Euskal Herriko espazio publikoetan

Debekua uztailak 1ean sartuko da indarrean hainbat espazio publikoetan, hondartzak edo parkeak kasu. Araua errespetatzen ez duten herritarrei 135 euroko isuna jarriko diete.


 


10.000 lagun baino gehiago elkartu dira Irunen, osasun zerbitzuan murrizketak salatzeko

Aspaldian Irunen ikusi den manifestaziorik jendetsuenetakoa izan da larunbatekoa, Bidasoako ospitaleko zerbitzuak desegitearen aurka. Besteak beste, larrialdi pediatrikoak, haur eta gazteentzako psikiatria zerbitzua eta urologia ezabatu dituzte, eta agerikoak dira ondorioak... [+]


Herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela uste du COFNAk

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFNA) eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak programa bat abiatu dute landa eremuko jendeak behar bezala hartzeko medikazioa.


Gorputz hotsak
“Musika da mina kudeatzeko eta kanalizatzeko modu bat”

Ilusioz mintzo da Shrabani Aranzabe-Pita (Orissa, India, 1999) musikari, ikerlari eta pedagogoa. Alkizan (Gipuzkoa) hazi eta hezi da. Pandemian minbizia izan zuen, eta prozesu onkologiko horretatik Naturaren Doinuak jaialdia eta proiektua sortu du. Aurtengo jaialdia ekainaren... [+]


Ongi etorri, entsaladen aroa!

Intxaurrondoak ekainean emango du bere fruitua. Lan bikaina egin du, esfortzuak merezi izan du. Lehen beroaldiekin zirkulazioak eta bihotzak zaintza bereziak behar dituzte. Garrantzitsua da hidratazioa mantentzeko neurriak hartzea –ura, infusioa eta saldak– eta fruta... [+]


Elizondoko osasun etxeko zerbitzuak “ziurgabetasun handia” eragiten diela salatu dute

Irailetik mediku euskaldunik gabe daude Elizondoko (Nafarroa) herritarrak. Horrez gain, udan medikurik gabe geratzearen beldur da Baztango Osasun Plataforma. Ekainaren 4an, bizikleta martxa egingo dute herrian.


Gorputz hotsak
“Ikasi behar dugu ez dela normala izugarrizko mina izatea hilekoarengatik”

Sare sozialetako argitalpen baten bidez, otsailaren 23an, Ane Santesteban txirrindulariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) endometriosia daukala iragarri zuen. Diagnostikoak lagundu egin dio ulertzen zergatik batzuetan gaizki sentitzen den bizikletan: “Kisteak aldaka okertzea... [+]


Bidasoa ospitalea “desegitearen aurka” ESK-k mobilizazioa deitu du ostiralerako

Sindikatuak salatu du apiriletik ez dela haurrik artatzen larrialdietan. Ohartarazi du “aspalditik” ari direla zerbitzuak gutxitzen, ez bakarrik pediatrian. Maiatzaren 16an, 14:00etan, kontzentrazioa egingo dute ospitaleko sarreran.


Hamar egun pantailarik gabe: erronka abiatu dute 2.500 haur eta gaztek

“Pantailak utzi erronka” hasi dute, maiatzaren 13tik 22ra, Ipar Euskal Herriko 25 eskolak eta 2.445 haurrek. “Hasi aitzin, beldurra dute gazteek, ez direlakoan desafioa betetzera helduko. Gero, indar kolektiboak hartzen du gain”.


Eguneraketa berriak daude