ARGIA.eus

2020ko uztailaren 03a
Sezesio prozesuak konparaturik

Eskozia, Katalunia eta Euskal Herria

  • Hemen agertzen den artikulu zabala, Asier Blasek Argiako bere Bazterrak nahasten blogean apirilean zehar argitaratutako beste hiruren bilduma da. Orain Lituanian dago irakasle bisitari, eskolak ematen eta hango sezesioa eta ondoren eraikitako estatua eta sistema politikoa aztertzen.

Asier Blas Mendoza @AxiBM
2014ko maiatzaren 25a

Unibertsitatean egiten ditugun ikerketen harietako bat Europako herrialdeen sezesio prozesuen konparaketa enpirikoa da. Ez diot nahi bezainbeste denbora eskaintzen, izan ere, independentzia eskuratu duten eta erdieste prozesuan dauden herrialdeetan ez bezala, Euskal Herrian ez da horrelako ikerketak egiteko dirurik inbertitu mundu akademikoan. Gurean independentismoa hein handi batean nortasun kontu bat izan da, nortasun independentista zuten herritar eta mugimendu asko zeuden, baina ez zeukaten estrategia garbi bat independentzia lortzeko. Hain zuzen ere, arazoaren sustraietako bat diagnostiko baten falta zen. Izan ere, errealitatea aldatu nahi badugu ezinbestekoa da egungo egoeraren diagnostiko on bat egitea. Honen arabera eraiki behar dira estrategiak sinesgarriak izan daitezen.

Batzuetan diagnostikoak egitea gogorra da gure ahulguneak gordinki azalduko ditugulako. Horregatik, diagnostikoak ez badaude profesionaltasunez eta espiritu kritikoarekin eginak ezer gutxirako balio dute. Helburua ez da guk nahiko genukeen argazkia ateratzea, baizik eta errealitatea islatzen duena lortzea.

Errealitate horri jarraiki, aurreikusi zitekeen Katalunian gertatu dena. Baina Euskal Herrian nortasun independentistatik egiten diren zenbait irakurketek ez dute ondo ulertu Kataluniako independentismo zaletasunak izan duen hazkundea. Nork ez ditu entzun bere inguruan katalan prozesuarekiko mespretxuzko edota konfiantza faltazko komentarioak? Batzuetan harropuzkeria askorekin eginikoak izan dira, adibidez esanez oportunista batzuk direla Katalunian independentismoa oso ahula izatetik bat-batean nagusi izatera pasatu delako.

Katalunian nortasun katalan esklusiboa ez da nagusi eta azken urteetan indartu bada ere, oraindik gehiengo oso zabal batek nortasun katalana eta espainola uztartzen ditu. Bestalde, antolaketa politikoari buruzko lehentasunei dagokionez, federalismoak jarraitzen du atxikimendu gehien biltzen. Baina, federalista gehienek badakite ez dagoela nazio askotariko federazio bat osatzerik Espainian. Kataluniatik at, ez dago proiektu eta mugimendu federalista serio eta indartsurik Iberiar Penintsulan, beraz, Kataluniako federalista gehienek bere hautua egina dute: independentzia eta honen bitartez balizko Europar federazio proiektu batean parte hartzea.

Katalunian nagusi dena da proiektu-estrategia independentista baten aldeko babesa ideologia eta nortasun desberdinetako katalanen artean. Eskozian, beste berezitasun batzuekin, bidegurutze antzekora ailegatu dira. Ordea, puntu horretatik urrun gaude Euskal Herrian. Jakina da herrialde bakoitzak bere berezitasun propioak dituela eta, beraz, bakoitzak bere ibilbidea egin beharko duela. Halere, azkeneko hamarkadetan egon diren independentzia prozesu desberdinetatik asko ikasi genezake.

Berritasuna eta subjektua

A) Eskozia eta Katalunia sezesioen historian berritasun bat izan daitezke

Deskolonizazio prozesuak alde batera utzita, historikoki estatu independente berrien sorrera gerren ondorioa izan da nagusiki, horrek ez du esan nahi denak independentzia gerrak izan direnik. Adibidez, I. Mundu Gerraren emaitzetako bat estatu berri askoren jaiotza izan zen zenbait inperioren desagertzeari esker. Inperioak indartsuak badira ez dute sufritzen sezesiorik, horregatik, II. Mundu Gerra ostean mendebaldeko edota NATOko herrialdeetan ez da sezesiorik izan. Saiakera bakarra Quebecek birritan eginikoa dugu eta bietan autodeterminazio erreferendumak huts egin zuen. Beraz, Eskoziak edota Kataluniak independentzia lortuko balute, inperioaren bihotzean lortuko lukete: NATO eta Mendebaldeko herrialde demokratiko-liberal egonkortuetan. Tabu bat hautsi eta beharbada praxi berri baterako bidea markatu dezakete.

B) Katalunia-Eskozia: subjektu argia dute

Bi dimentsio aztertuko ditugu hemen: 1. lurraldetasuna eta 2. nazioa. Azkeneko hamarkadetan Europan izandako sezesio prozesu guztiak erakundetutako lurraldeetan eman dira. Ezaugarri hau Eskoziako kasuan betetzen da, independentzia eskuratu nahi duen lurraldea erakundetua dago instituzio bakarrean. Bestalde, bere biztanleen gehiengo oso zabal batek Eskozia nazio gisa kontsideratzen du eta horren parte sentitzen da. Ondorioz, bi elementu azpimarratu behar dira Eskoziako kasuan:

1. Lurraldea eta sinboloak ondo definituak dira.

2. Lurralde horretan nazio bakarra bizi da nagusiki eta beraz, ez dago nazionalki erdibitua. Noski, beste zenbait nazioetako kideak bizi dira, etorkinak eta abar. Baina horiek ez dute kontsideratzen bere nazioa lurralde horren “jabe” denik. Badira britainiar ikuskera nazionalista dutenak, baina oso gutxi dira, oro har, biztanleen artean %85etik gora dira Eskozia nazio bat dela kontsideratzen dutenak.

Elementu bi hauek bat egiten dute Katalunian ere bai, nahiz eta Eskoziako kasuan baino pixka bat ahulagoak izan:

1. Lurraldeak eta sinboloak ondo definituak dituzte. Katalan Herriak oso kontzeptu berria da, ezin da parekatu Euskal Herria kontzeptuarekin, bere izaera nagusia linguistiko-kulturala da (hizkuntzaren zabalkundeak markatzen du muga) eta izan duen transferentzia politiko txikia konfederalismotik egin da, argi izanez unitate (herri) bakoitza politikoki subiranoa dela eta bere ibilbidea egin behar duela.

2. Katalunian gehiengo oso zabal batek argi dauka Katalunia nazio bat dela. Adibidez, 2005ean Kataluniako Parlamentuak %88,8ko babesarekin onartu zuen Katalunia nazio gisa aitortzen zuen Estatutu berria. Beraz, herrialdea ez dago nazionalki erdibitua. Eskoziako kasuan bezala, sentimendu nazional desberdinak dituzten biztanleak topatu ditzakegu (gauza arrunta egungo mundu globalizatuan), baina gehiengo oso zabal batek argi du Katalunia nazio bat dela. Herrialde batean iritzi horren kontra daudenak %20-25 baino gutxiago badira ezin da esan gizartea sakonki erdibitua dagoenik, are gehiago izaera nazional horren aurka daudenak ez badaude geografikoki kontzentratuak (gehiengoa izanez lurralde zati esanguratsu batean/batzuetan).

Euskal Herrian aldiz, aipatutako elementuak ez daude garbi:

1. Lurraldetasunaren arazoa larria da eta seguruenik blokeorako elementu garrantzitsuena. Abertzaletasunaren parte garrantzitsu batek urteetan egin duen diskurtsoa Espainiak praktikatzen duenaren antzekoa da: Euskal Herriak du erabakitze eskubidea bere osotasunean, espainiar nazionalismoak antzera dio Espainia osoak erabaki beharko duela sezesio prozesu baten aurrean. Ikuspegi demokratikotik ez dauka ez hanka ez bururik eta hori argi ikusten da definitzen den lurralde-subjektu horren baitan portaera politikoak oso desberdinak direnean, Euskal Herrian kasu.

2. Herrialdea erdibitua dago nazio izaeraren inguruan. Bere herritarren gehiengo argi bat euskal herritar kontsideratzen den arren, batzuentzat EH nazio bat da eta beste batzuentzat Espainiako edota Frantziako eskualde bat da. Hau gutxi balitz, ikuskera desberdin hauek duten indarra lurraldetasunaren ikuspegitik oso desorekatuak dira. Homogenizatze bidean dagoena Euskal Autonomia Erkidegoa da, nahiz eta oraindik desberdintasun nabarmenak dauden Gipuzkoa eta Araba artean. Halere, Eusko Legebiltzarrean pentsa ezina da Katalunian lortu zuten %88,8ko gehiengo bat lortzea “Euskadiren” nazio izaera aitortzeko edo erabakitzeko eskubidea (“autodeterminazioa”) babesteko.

Katalunia, Eskozia eta Euskal Herriaren artean dauden desberdintasunak faktore askok azaltzen dituzte, halere, elementu klabeetako bat da nazioaren edo komunitatearen definizioa. Eskozian oso malgua da, Katalunian nahikoa eta Euskal Herrian ez hainbeste. Giltza hizkuntza da. Eskozian elementu honek ez du gizartea erdibitzen ez duelako integrazio “nazionalerako” oztoporik jartzen (hizkuntza bat ikastea). Katalunian gaztelania eta katalanaren arteko gertutasunak gauzak asko erraztu eta malgutzen ditu, aldiz, gurean erdibitzeko elementu garrantzitsua da. Ez da kasualitatea euskara-gaitasuna eta independentismo zaletasunaren artean korrelazio estatistiko esanguratsua egotea. Noski, elementu hau ez da erabiltzen dugun bakarra nazio edo komunitate atxikimendua adierazteko, baina independentismoaren diskurtsoan hizkuntza zentrala bilakatzen denean ezagutu behar dira bere muga demokratikoak. Azkeneko inkesta soziolinguistikoaren arabera euskaldunen portzentajea honakoa da: Araba %22,9; Bizkaia %30,3; Gipuzkoa %52,6; Ipar EH %21,4 (baina populazio oso zaharkitua); eta Nafarroa %11,7.

Sezesioak bultzatzeko ikuskera nagusiak

Urruneko lurraldeak edo kolonia arruntak ez diren herrialdeetan prozesu sezesionista bat bultzatzeko bi gerturapen daude (bien arteko elkar elikatzeak egon daitezke eta batzuetan era perfektuan teilakatu daitezke): nazionalista eta demokratikoa. Sinplifikatuz, nazionalistak duen diskurtsoaren muina da independenteak izan behar garela desberdinak garelako, aldiz demokratikoak lupa jartzen du gehiengoaren borondatean.

XXI. mendean paradigma nazionalistatik bakarrik nekez lortu daiteke sezesio bat. Egun gehiengo demokratiko zabalek errazten dute sezesioa bultzatzea eta arrakastatsua izatea. Horrek eskatzen duena da sezesionatu nahi den lurraldeko biztanleen artean komuna dena bilatzea eta indartzea. Azaldutakoaren arabera, honako hipotesia eraiki genezake:

Probabilitate aldetik, geroz eta teilakatze handiagoa gertatu paradigma nazionalista eta demokratikoaren artean (=integratzailea edota irekia), orduan eta errazagoa da sezesioa.

Honen adibide garbi bat da Norvegiako sezesioa. 1905eko ekainaren 7an, parlamentuak aho batez aldarrikatu zuen independentzia. Bi hilabete beranduago ospatutako sezesio erreferendumean hauteskunde erroldaren %85,4ak parte hartu zuen, hauetatik %99,95ak independentziaren aldeko babesa eman zuen (emakumeek ez zuten botorako eskubidea, halere, norvegiar emakumeen 200.000 sinadura baino gehiago jaso ziren independentziaren alde, kontuan izan aldeko boto kopurua 368.208 izan zela).

Beraz, norvegiar kasuan teilakatze perfektua eman zen: “desberdinak garelako, baina gehiengo zabal bat garelako”. Kasu honetan garbi zegoen herri oso baten borondatea zela. Bestalde, herrialde bat bi paradigmen arteko teilakatze perfektutik urrun badago, joera da autonomismoa bultzatzea (burujabetza esparruak irabaziz) behin behineko soluzio gisa, sezesiorako aukera politikorako egitura apropos bat lortu arte behintzat, hau da, krisi politiko, instituzional, sozioekonomiko edota gerra bat iritsi arte.

Zer ikasi genezake guzti honetaz Euskal Herrian? Gure herritarren hizkuntzak eta nortasun nazionalak oso anitzak dira, horregatik independentziaren alde gehiengo zabalak lortu nahi badira, ez du zentzu gehiegi ikuskera nazionalista klasikoetan gotortzeak. Ez dago dudarik askotariko diskurtso eta interesen arteko zubiak eraiki behar direla, motibo desberdin gehienek balio dezakete independentzia sustatzeko. Baina, ezinbestean euskal herritarrek konpartitzen ditugun bizpahiru elementu/interes komun detektatu eta indartu beharko lirateke diskurtso politikoan. Eskozian errazagoa zuten, Katalunian ez hainbeste, baina etxeko lanak behar bezala egiten jakin dute.

Lidergoez eta erabakitze eskubideaz

C) Kanpo faktoreak (jatorrizko estatua eta nazioartea)

1. Jatorrizko estatuaren krisia: Geroz eta handiagoa eta anitzagoa, orduan eta aukera gehiago autonomia aldarrikapenetik sezesiorako saltoa emateko.

2. Nazioarteko laguntza: Nazioarteko potentzia batek geroz eta interes handiago badu lurralde zehatz baten sezesioa bultzatzeko garaian, orduan eta gehiago indartuko dira mugimendu eta proiektu independentistak.

Behin eta berriro izan dira aipatuak blogeko aurreko sarreretan eta Argian argitaratutako beste zenbait artikuluetan. Halere, gogora ekar ditzagun ideia nagusiak. Jatorrizko estatuaren krisi batetik abiatu ohi dira sezesio prozesuak. Batzuetan krisi hauek kanpotik bultzatu edo lagundu dira. Nazioarteko testuingurua oso inportantea izan da orain arte. Laburbilduz, ezegonkortasun garaiak behar dira independentzia eskuratzeko. Gerra da ezegonkortasunaren adierazlerik hoberena, baina Mendebaldeko herrialdeetan ez da horrelako edo antzeko muturreko egoerarik gertatu azken hamarkadetan, horregatik herrialde hauek ez dute inolako sezesiorik ezagutu (koloniak alde batera utzita). Bestalde, hau da nagusigo inperiala dutenaren adierazleetako bat. Halere, herrialde guztiek ez dute paper berdina jokatzen inperioan, batzuk periferikoak dira eta ezegonkortasun maila handiagoa izan dezakete, Espainiako kasuan argi ikusi dugu aspektu sozioekonomikoan.

Erresuma Batua eta Espainia mendebaldeko inperioan txertatuak daudenez, bigarren hipotesia ez da ematen. Aldiz, lehenengoa Kataluniako (eta Hego Euskal Herriko) kasuan ematen da gradu adierazgarri batean. Espainia askotariko krisi sistemiko bat ari da bizitzen: politikoa, instituzionala, ekonomikoa eta soziala. Mendebaldeko herrialde batean gertatu ohi ez den tamainako ezegonkortasun egoera bizi da Espainian.

D) Lidergoa

Normalean indar subirano zaleen metaketa ematen da. Logikak dio geroz eta gehiengo zabalagoa independentziaren alde, orduan eta probabilitate txikiagoa indar metaketa hori emateko, ez baita beharrezkoa izango independentismoak duen gehiengoa irudikatzeko. Eskoziako kasuan metaketa gordina beharrezkoa da independentismoaren ahultasunagatik, horregatik independentistak SNP alderdiaren inguruan bildu dira. Kataluniako kasuan gizarte mugimendu batek gidatu du prozesua hein handi batean. Hau posible izan da independentismoak sostengu zabalagoa duelako gizartean eta politikarien artean. Horrez gain, azpimarratzekoa da Ricard Vilaregut-ek bere doktorego tesian azaltzen duena: a) Sezesioaren aldeko gizarte mugimendua ez da ezerezetik sortu nahiz eta autonomoa izan alderdiekiko. b) Herria protagonista izaki, ezinbestekoa izan da erakunde publikoetatik etorritako dirua (hazia erein zuten). c) Finantzazio hau CiUk eta bereziki ERCk eman zuten ezeren truke, hau da, kasu gehienetan dirua ez zen izan bezero-harremanak eraikitzeko edo militanteak liberatu bezala kolokatzeko, izan ere, dirua jasotzen zuten erakundeetatik CiUren eta ERCren aliantza politikei kritika sakonak egiten zizkieten (horren ondorioetako bat da 2010eko hauteskundeetan ERCk izan zuen beherakada handia).

Beraz, lidergo sendo batek profesionaltasuna eta gaitasuna eskatzen du. Eskoziako kasua oso esanguratsua da:

a) SNPk hasieratik argitasuna eta gardentasuna izan du posizionamendu eta estrategietan: argi eta garbi adierazi zuen zein zen bere proiektua eta zein pausu emango zituen (gehiengoak izanez gero).

b) SNPk hasieratik independentzia sustatzeko eta proiektuak eraikitzeko erabili duen irizpide nagusia profesionaltasuna izan da. Profesional prestatuenak nahi zituzten diagnostikoak eta proiektuak egiteko alor desberdinetan, horretarako alderditik kanpo bilatu behar baldin bazuten lotsagabe egiten zuten, proiektua ez zelako alderdi-komunitate bat eraikitzea baizik eta estatu independente bat eskuratzea. Ondorioz, SNPren proiektuek konfiantza eta sinesgarritasuna irabazi zuten hautesleriaren aurrean.

Euskal Herriko kasuan ez noa hitz egitera hemengo lidergoen funtzionamenduaz, seguruenik irakurleak nik baino hobeto ezagutuko baitu gauzek nola funtzionatu duten alderdi abertzaleetan. Eta bai, onerako eta txarrerako gurean izaniko lidergo ereduak azaldutako ereduetatik oso urrun daude. Gogoratu EAJren filosofia: “lehenengo alderdia eta gero aberria”. Hau kultura politiko abertzalean sakonki errotutako ideia da, Ezker Abertzalean ere bai. Azken honen egokitzapena honakoa izan da: “lehenengoa mugimendua (ENAM komunitatea) eta gero aberria”. Hemen ez naiz hasiko sakonki baloratzen estrategia honen egokitasuna. Gauza bat soilik erantsiko dut, estrategia egokia izan daiteke herrialde bateko populazioaren artean independentismoa oso ahula bada eta konfiantza gutxi badago gehiengo independentista bat lortzeko gaitasunean. Baldintza hauek ematen ez badira, estrategia okerra da kasu gehienetan.

E) Autodeterminaziotik erabakitzeko eskubidera

Aurreko sarreretan azpimarratu da argumentu nazionalistetatik demokratikoetarako saltoa eman beharra, orain berriro egingo dut beste ikuskera batetik. Laburbilduz eta sinplifikatuz, autodeterminazioa berezko eskubide bezala definitzen da lurralde edo nazio baten lurraldearentzat. Berriz, erabakitzeko eskubidea autoeratu egiten den subjektu berria da. Autoeraketa hori ez da zertan egin behar nazio baten gainean, baizik eta borondate demokratiko baten gainean. Lagunduko duten faktore asko egon daitezke (bakarrik edo aldi berean ekinez): lurralde horretan jatorrizko estatuaren nazio nagusiaren desberdin diren nazioen presentzia; herrialde horren aniztasun etniko-kultural espezifikoa; lurralde horrek duen desberdintasun ideologikoa jatorrizko estatuan dauden gehiengoekiko (adibidez, populazioa askoz ere ezkertiarragoa bada eta inoiz ez baditu bere posizionamendu politikoak jatorrizko estatuko gobernuan nagusi bezala ikusten), eta abar. Autoeraketarako ia ezinbesteko baldintza da lurraldea erakundetua egotea eskualde, probintzia, autonomia, estatu edo beste forma batekin. Izan ere, horrela herrialde horren borondate demokratikoa agertu eta adierazi egingo da hauteskundeetan eta gobernuetan.

Batzuetan, Eskozian bezala, autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea teilakatu daitezke perfektuki, baina leku guztietan ez da horrela izaten. Adibidez, Katalunian erabakitzeko eskubidearen ikuskera nagusitu da autodeterminazioaz teilakatze txiki batekin. Autodeterminazioaren diskurtsoa ez zen behar bezain malgua eta inklusiboa Katalunian. Eskozian erraza zen: aldarrikatutako lurraldearen inguruan ez dago eztabaidarik eta era argi batean dago erakundetua; gizartea ez dago hizkuntzagatik erdibitua; eta Eskoziaren nazio izaera ez dago dudan Erresuma Batuan. Baldintza hauekin autodeterminazioaren ikuskera lantzea erraza da. Aldiz, Katalunian, besteak beste, lurraldetasunaren inguruan eztabaida zegoen autodeterminazioaren ikuskera defendatzen dutenen artean; gizartea nortasunengatik, nazio sentimenduengatik eta hizkuntzengatik zatikatua dago eta horrez gain, faktore hauekin harreman inperfektu bat duen fenomenoa topa genezake: Espainiatik etorritako etorkinek eta hauen seme-alabek ia osotasunean osatzen dituzten zenbait herri eta auzo daude. Baldintza zailago hauetan, diskurtso demokratikoak izan du arrakasta artekaritza lana egiteko interes desberdinen artean.

Herritarren gehiengo oso zabal batek bat egin du Kataluniako erabakitze eskubidearen aldarriarekin bi motibo nagusirengatik. Defizit fiskalak suposatzen duen irainaren tamaina handitu du krisi ekonomikoak eta herriaren gehiengoa kohesionatu du sentimendu nazional eta hizkuntza desberdinen gainetik, denek sufritzen dute egoera hori. Eta bigarren iraina, 2006ko Estatut-a Kataluniako aniztasun linguistiko, politiko eta ideologikoa kudeatzeko barne akordio zabal bat zen, hain zuzen ere, Kataluniako Parlamentuak %88,8ko babesarekin onartu zuen estatutua herri-proiektu konpartitu bat zen, akordioa katalanen artean autonomian sakontzeko eta Espainiaren baitan egokitzapena lortzeko. Espainiako Gorteek estatutua murriztu eta gero, Espainiako Konstituzio Auzitegiak baliogabetu zuen partzialki parlamentu demokratiko bik (Katalanak eta Espainolak) eta herritarrek erreferendumean hartutako erabakia. Arazo nazional eta ekonomikoa izatetik, arazo demokratikoa izatera pasatu zen Kataluniakoa. Katalan herritarrek beraien etorkizuna erabaki nahi dute, baina Espainiako erakundeek ukatu egiten diete eskubide demokratiko hau argudio nazionalista espainolak erabiliz. Ukazio honek independentismoaren hazkundea ekarri du, izan ere, partikularra (autonomia gehiago nahi izatea) balore unibertsala bilakatzen denean (erabakitzeko eskubide demokratikoa) hegemonia politikoa lortzen da.

Nortasun eta desio politiko desberdinak dituzten katalanek ulertu dute Espainiarekin ez dagoela zereginik. Adibidez, federalista batek ikasi du ez dagoela federazio iberiar edo espainol bat sortzerik baldin eta espainiar federalistarik ez badago. Espainian ez da onartu nahi katalan nazio bat existitzen denik, Espainian ez da ulertzen Katalunian dagoen aniztasuna, Espainiak ez du nahi estatu plurinazional bat eraiki eta areago, arazorik ez dagoen lekuan arazoak sortzen ditu (murgiltze linguistikoarekin adibidez). Beraz, Kataluniak bakarrik ezin baditu jarri Espainiako etxeko lagunen artean harremantzeko arauak, gutxienez erabaki ahal izango du etxean jarraitu nahi duen. Katalan biztanle askok Espainiako etxean bizitzen jarraitu nahi zuten bestelako arau batzuekin, baina, arau horietara gerturatzeko asmorik ez duenez Espainiak, geroz eta gehiago dira pentsatzen dutenak ez dagoela Espainiako etxean jarraitzerik. Ez da inkonpatibilitate esentzial (etniko, nazional) batengatik, baizik eta proiektu politiko desberdinak dituztelako. Zure lurraldean dauden lehentasun politikoak ez badira islatzen estatuko proiektuan, normalena da estatu berri bat eraikitzea lurralde horretako borondate demokratiko-politikora egokitzeko. Bide batez, azken honek garrantzia du Eskozian ere. Izan ere, Eskoziak beti bozkatzen du ezkerreko aukeren alde (eskuma oso azpi-ordezkatua dago gainontzeko Erresuma Batuarekin alderatua), besteak beste, ongizate estatuaren aldeko jarrera eta kultura sustraituagoa dagoelako.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2014ko maiatzaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude