ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Hirigintza

Pasileku, herriaren bihotza berreskuratzeko proiektua

  • Erabileran askorik pentsatu gabe egindako eraikin eta gune publiko hutsak bistarazi dizkigu krisiak. Espazio publiko antzuak saihesteko, herritarrak (hots, erabiltzaileak) eta diseinatzaileak elkarlanean aritzea proposatu dute M-Etxea kolektibokoek. Gernika-Lumoko Pasealekuan abiatu dute proiektua: Pasileku, toki hau berriz ere herriaren bihotza izan dadin.

Marijo Deogracias Horrillo
2014ko maiatzaren 25a
Prozesu parte-hartzailea azarotik maiatzera luzatu da, Pasealekuak izan beharko lituzkeen erabilera eta izaeraren inguruan hausnarketa kolektiboa egiteko. Gernikarrek herri osoarentzako aldarrikatu gura izan dute Pasealekua.
Prozesu parte-hartzailea azarotik maiatzera luzatu da, Pasealekuak izan beharko lituzkeen erabilera eta izaeraren inguruan hausnarketa kolektiboa egiteko. Gernikarrek herri osoarentzako aldarrikatu gura izan dute Pasealekua.

Prozesu parte-hartzailea azarotik maiatzera luzatu da, Pasealekuak izan beharko lituzkeen erabilera eta izaeraren inguruan hausnarketa kolektiboa egiteko. Gernikarrek herri osoarentzako aldarrikatu gura izan dute Pasealekua. Inoiz Gernika-Lumon egon denak ezagutuko du lekua: bonbardaketari eutsi zion U formako herri-eskolak (mutilen eskola, 1885, eta neskena, 1927) eta aurrealdeko plaza erraldoiak osatzen dute gunea. Inguruan baditu aire zabaleko anfiteatroa eta “sacafaltas” balkoia izeneko miradorea. Eraikinaren zati bat bakarrik erabiltzen da. Hantxe daude Hezkuntza Sailaren Busturialdeko Partzuergoa, herriko jubilatuen elkartearen egoitza, azpikontratatutako umeentzako jolastokia eta Elai Alai dantza taldearen egoitza. Beste erdia hutsik dago, Gaztetxeak utzi zuenetik. Eurak izan ziren Kultura batzordeari proposatu ziotenak denen artean harekin zer egin pentsatzen hastea.

Baina Pasealekuari erabilera eta bizi gehiago emateko gogoa ez da atzo goizeko egitasmoa. Gertatzen dena da, eraikina bera Hezkuntza Sailari atxikia dagoela, eta, bestelako erabilerarik ematekotan, alde bien arteko adostasuna beharrezkoa dela. Hau da, Eusko Jaurlaritzak (behar ez duelako) erabilerari uko egin behar dio eta Udalak proiektua onartu behar du. Kultura Batzordeak prozesu parte-hartzailea sustatzea erabaki zuen, baldintza horiek guztiak kontuan izanik. Helburua, beraz, ez da izan eraikinarekin eta inguruarekin zer egin erabakitzea, baizik eta espazio publiko horren izaera definitzea eta herriari eman beharko liokeen zerbitzua zehaztea.

Prozesuan zehar ikusi denez, Pasealekuaz jende gehienak lehenaldian egiten du berba. Oroitzapenen gunea dirudi gernikar gehienentzat, oraindik ere asko izan arren erabiltzaile aktibo. Hala, hasieratik prozesuaren nahietako bat izan da guneak nolakoa behar lukeen azaltzea. M-Etxea kolektibokoek azaldu digutenez, “orainari heltzetik abiatu ginen. Jakinda iraganaren garrantzia, eta mundu guztiak lekuarekiko zuen estimua, zehaztu gura genuen hemendik aurrera Pasealekua zer izatea nahi dugun”. Pasealekuaren erabileren katalogazioa egitea izan zen lehenengo urratsa, Gernikako sarearen barruan Pasealekuak ze paper izan behar duen ezagutzeko.

Donostiako Arkitektura Eskolatik sortutako M-Etxea kolektiboak erabiltzen ez diren espazioak eraldatzea du helburu, antolakuntza eta garapen ekimenetan lan eginez. Halaxe argitu digute Nagore Goñik eta Diego Grisaleñak. Biak aritu dira, Kultura Batzordearen enkarguari erantzunez, Gernikan egindako prozesua gidatzen. Beti argi izan dute Udalaren inplikazioa ere beharrezkoa zela, “parte-hartze prozesua ez delako herriari galdeketa egitera mugatzen, eragile guztien topagunea izan behar du”. Eztabaidari ekin aurretik garbi geratu zen “Udalak etorkizunean egin zitzakeen inbertsioak identifikatutako beharrizanei erantzuteko izango zirela”. Bestela, konpromiso barik prozesuak hankamotz geratzeko arriskua zuen. Horregatik, Udalaren inplikazio aktiboa bilatu du M-Etxeak, eta tailerretan ere udal talde politikoen ordezkaritza bana aritu da herritarrekin batera eztabaidatzen. “Partaidetzaren emaitza aberasgarria da zentzu horretan, alde guztiak bateratzen dituelako: ikuspegi tekniko eta espezializatuek alderdi zehatz hori garatuko dute, instituzioek arlo administratiboa, eta herritarrek herriaren nahia. Horiek guztiak batzen dituena da benetan aberasgarria dena”, diote Goñik eta Grisaleñak.

Hiru asmo nagusi

Egungo erabilerak zeintzuk diren eta Pasealekuak izan beharko lukeen izaera anitzari egiten dioten ekarpena zein den zehaztu ondoren, ondorengoa adostu da: batetik, Gaztetxoendako Txokoa aurreikustea, lonja edo lokalen alternatiba gisa. Gazteak dagoeneko lekuaren erabiltzaile badira, baina erabilera areagotzea ezinbesteko jo da eta horretarako eurekin batera hausnarketa egitea erabaki da. Bestetik, argi geratu da kultur etxearen eta Pasealekuaren ezaugarriek bat egin beharko luketela, kultur erabilera publikoa osatu beharko luketela bi guneek. Horretarako, proposamen bi egin dira: udal liburutegia Pasealekura ekartzea, edo kultur etxean egiten diren tailerrak Pasealekuan eskaintzea eta, era horretan, Kultura etxean liburutegi zerbitzua handitzeko aukera izatea –horrek, ezaugarri teknikoez hitz egiten hastea ekarriko luke–. Azkenik, funtsezkotzat jo da gaur egun jubilatuen egoitzan kokatzen diren gerrako babeslekuak eta eraikinak, orokorrean, berreskuratzea, memoria historikoaren eta herriaren ondare izanik, balioan jarri behar direlako eta merezi duten duintasuna aitortu behar zaielako. Udalak ez du ondarea mantentzeko planik indarrean eta eraikinen hondatzea nabarmenagoa da. Pasealekuak kanpotik zein barrutik izan duen utzikeriari buelta eman beharra agerian geratu da, finean.

Prozesu intentsu bezain aberasgarria izan dela aitortu digute M-Etxea-koek. Beharrizana ere ikusi da proiektua gehiago zehazteko eta maiatzean, orain arteko prozesuak eman duena azaldu zaie gainerako herritarrei, orain artekoaren berri emanez eta tailer bikoitza antolatuz: gaztetxoek nolako Pasealekua gurako luketen adosteko eta plazan egin beharreko interbentzioa zehazteko.

Hirigintza soziala

Bistan da, era honetako prozesu parte-hartzaileek luzatu egin dezakete ekimena praktikan jartzeko unea. Baina hirigintzaren planifikazio sozialagoa lortu da, herritarren inplikazioarekin aurrera aterako den espazio publikoa antolatuko delako. Gainera, arkitekturan eta soziologian aditu direnek egin dituzte gidari lanak. Egungo erabiltzaileek eta etorkizunekoek Pasealekuari eman nahiko lioketen funtzioa aintzat hartzea izan da muina. Tailerretan herriko leku eta eraikin publikoen identifikazioa eta erabileraren diagnosia osatu, eraikinaren erabilerak espazioarekin duen harremana definitu eta aurrera begira bete beharko lituzkeen ezaugarriak adostu dira.

Tailerretan 56 lagunek hartu dute parte, lau egunetan zehar. Aurretik, herriko 40 bat talde, erakunde eta eragilerekin elkarrizketak egin ziren, euren iritzia kontuan izateko. Kultura Batzordea urrats guztien jakitun izan da, lantalde bereziari esker. M-Etxearen motibazioa espazio arkitektonikoaren eta hiri-espazioaren erabilera modu proaktiboan ikertzea baita: “Arkitektura espazioen erabilera birpentsatzeko modu egokia da. Errealitate arkitektonikotik abiatzen gara, baina ikuspegi soziologikoa landuz”. Hala, Pasileku prozesuan, Olatz Longarte soziologo gernikarra buru-belarri aritu da. “Herriaren egitura, herriak nola funtzionatzen duen, eragileak zeintzuk diren ezagutzeko eta erradiografia osoa egiteko beharrezkoa deritzogu ikuspegi soziologikoa. Are gehiago, tailerren analisi soziologikoa egiteko ere oso baliagarria izan zaigu, parte-hartzaileen profilak orekatzeko, esate baterako”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Hirigintza

Hirigintza kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko maiatzaren 25a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude