Pertsonak ekonomiaren zutabe direnean

  • 2008ko irailaren 15 hartan, kartoizko kaxa ahuletan atera zituzten langileek euren ametsak eta arrangurak Lehman Brothersetik, kredituan zimendatutako lau hamarkadatako eredu neoliberalaren porrota agerian utziz. Postkapitalismoa zer izango den inork ez daki, “herrialde arraro bat” akaso, Josep Fontanak dioen bezala. Baina jende xumeak, ohi moduan, alternatibak bilatu ditu bankuen atzaparretatik ihes egiteko, langabeziaren zulora ez erortzeko.

    Gizarte ekonomiaren printzipioetako bat da kapitalari pertsonak eta helburu soziala lehenestea. Langileen parte-hartzea, mozkinen birbanaketa justua, barne demokrazia, autoeraketa, jasangarritasuna...  Euskal Herriko ekonomiaren %10 inguru parametro horietan –edo horietako batzuetan– kokatzen da, eta zabalduz doa, gizarte ekonomiaren aukerak anitzak direlako gaur egun, kooperatibismo tradizionaletatik hasi eta proiektu solidarioetaraino.

Sare solidarioetan dabiltzan asko jendartea eraldatzeko aktiboki engaiatuta dago. (Monika Del Valle /A.P.)
Sare solidarioetan dabiltzan asko jendartea eraldatzeko aktiboki engaiatuta dago. (Monika Del Valle /A.P.)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Martxoaren 3an, hedabide gehienak Bilboko Gran Viako dendetako erakusleiho zulatuei so zeuden bitartean, edota Christine Lagardek Global Forum Spain goi-bilera ekonomikoan botatako pozoi erreformistari ahotsa ematen zioten bitartean, unibertsitate munduko ehunka irakasle eta adituk –horietako gehienak Euskal Herrikoak– sinatutako Pertsonen zerbitzurako ekonomia baten alde manifestuak apenas izan zuen oihartzunik.

Beren ustez ekonomiaren erreferentzia ekitatea da; lehiakortasunak ezin du helburu izan, are gutxiago efizientzia ekologikoaren gainetik egon. Demokrazia eta gardentasuna behar ditu ekonomia osasuntsu eta jasangarri batek; erabaki politikoak ezin dira teknokrataren jantziz mozorrotu. “Ezin da, bada, begien bistatik galdu gizartea ondasunez eta zerbitzuez hornitzea dela, berez, jarduera ekonomikoaren betekizuna. Haatik, pertsonak erdigunean jarriko dituen beste ikuspegi bat beharrezkoa dela deritzogu, merkatuak eta erakundeak gizartearen zerbitzura jarriko dituena, eta ez alderantziz”.

Sustatzaileen aburuz manifestuak garrantzia dauka sinatzaileak sentsibilitate ideologiko askotakoak direlako eta gai izan direlako oinarrizko puntu batzuk adosteko. Mikel Zurbano ekonomialariak gurean zioen agiriak suntsitu egiten duela austeritatearen kontra alternatibarik ez dagoela dioen mitoa. Alternatibak egon bai baitaude, ikuspegi soziala kontuan hartuta aurrera doazen gizarte ekonomiako esperientzia praktiko txiki nahiz handiek erakusten duten moduan. Hain justu, adigarria da irakasleen manifestuko ideia gehienak gizarte ekonomiaren errail beretik doazela. Zer da, ordea, gizarte ekonomia?

Pertsona kapitalaren aurretik; mozkinen banaketa justua; barne elkartasuna; jendartearekin, tokiko garapenarekin eta berdintasunarekin konprometitua; kohesio soziala; lanpostu duinak; jarduera jasangarria; botere publikoekiko independentzia... Horiek dira gizarte ekonomiaren funtsezko baloreetako batzuk. Ideia horiek ez dira unibertsitateko bulegoetan ernai ordea. Iraganean, kapitalismoaren krisi anitzi herritar xumeek emandako erantzuna izan da asoziazionismo ekonomikoa, eta historian barrena egindako eboluzioaren emaitza da egun gizarte ekonomiaz dugun ikuskera.

Historia pixka bat

Charles Dunoyer ekonomialaria 1786an jaio zen Okzitaniako Carennac hirian. Txikitatik ezagutu zituen Frantziako giro iraultzailea eta lehenengo industrializazioko desmasiak. XIX. mendeko fabriken abaroan Frantzian zabaldutako pauperisme edo txirotasuna beste begiratu batekin ikusi zuten orduko ekonomista liberalek, gizartearen disfuntzio baten ondorio zirela uste zuten. Dunoyerrek 1830ean Traité d’économie sociale idatzi zuen eta ekonomiaren parte morala aldarrikatu zuen. Hor kokatzen dute askok ekonomia sozialaren lehenengo teorizazio ahalegina.

 

ekonomia

 

Ordurako, aurreneko kooperatibek bidea egina zuten, batez ere Ingalaterran, Industria Iraultzaren aberrian. Manchester ondoko Rochdale herrian, Robert Owen pentsalari sozialistaren ideiek kilikatuta, dozena pare bat ehulek osatutako kontsumo kooperatibak arrakasta handia izan zuen 1840ko hamarkadan; handik mende erdira 12.000 bazkide zituen. Frantzian eta Alemanian ere azkar zabaldu ziren halakoak.

Euskal Herrian, asoziazionismoaren sustraiak denboran oso atzera doaz. Erdi Aroko benefizentzia etxeetara jo dezakegu nahi izanez gero, auzolan primitibora edo Amerikako kolonietako kofradietara, bestela. XIX. mende amaieran Bizkaiko labe garaien ke artean lehenengo kontsumo kooperatibak sortu ziren, ugazabek berek sustatuta. Ondoren etorri ziren Araiako burdin fabrikakoa eta Gipuzkoako beste hainbat mutualitate, kongregazio katoliko itxurarekin. Hala, gizarte ekonomia, jarduera gisa onartua izatera igaro zen, baina modelo kapitalista nagusia zalantzan jarri gabe, orekatzeko osagai moduan baizik. Ideia hori zabaldu zuen Leon Walrasek esan zuen kooperatiben funtzioa ez dela kapitala ezabatzea, mundua “ez hain kapitalista” egitea baizik.

1973ko urrian, petrolio upelaren prezioa 3 dolarretik 12 dolarretara igo zenean, Reaganek eta Tacherrek ongizate estatua desegin eta ekonomia desarautzeko erasoa jo zuten. Kredituan oinarritutako ekonomiak hartu zuen txanda. 70ean hasitako krisiari ohi bezala erantzun zioten langileek: beste esperientzia eta praktikak abiaraziz. Euskal Herrian, langile askok figura juridiko ia ezezagun batekin eutsi zioten lanpostuari eta lanari: lan- sozietate anonimoekin (SAL). Egun, gizarte ekonomiaren oinarrietako bat dira SAL delakoak. Langile bazkideek kapital sozialaren gehiengoa dute, eurak dira enpresaren jabe. ARGIA eredu horren barruan dago, Komunikazio Biziagoa SAL enpresaren bidez.

80ko hamarkadan ultrakontserbadoreek bultzaturiko sektore publikoaren atzeraldiak hautsak harrotu zituen lokartuta zegoen ekonomia sozialean. Frantzian indarberritu egin zen eta 1980an kooperatibek eta mutuek Charte de l’économie sociale idatzi zuten, ekonomia sozialaren printzipioak finkatu zituen dokumentu aitzindaria. Pribatu eta publikoaren artean zegoen hirugarren hanka hobekiago definitzeko beharra azaleratu zen orduan. Nolanahi ere, pixkanaka, ekonomia sozialak hainbat arlotako korronte eta eskolak batu zituen. Areago, azken urteetan ugaritu diren herri ekimeneko proiektu solidarioak –ingurumena, bidezko merkataritza edo tokiko egitasmoei lotuak eta horietako asko Reas sarean bilduak–, bere baitan hartu ditu, eta ohikoa da Ekonomia Sozial eta Solidarioa (ESS) izena erabiltzea.

Zer pisu du gizarte ekonomiak Euskal Herrian?

Europar Batasunak aginduta 2007an egindako ikerlan batek ondorioztatu zuen Batasuneko 25 estatuetan 11 milioi lagun ari zirela ekonomia sozialaren arloan, enpleguaren %6,7. Eta gurean? Hainbat erakundek osatutako TESS txostenak –Europako programa baten barruan egina–, Akitania, Pirinio Atlantikoak, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren datuak erkatu eta Euskal Herri osoan ekonomia sozialak duen pisua hobekiago ikusteko parada eskaintzen du.

Espainiaren eta Frantziaren arteko muga administratiboaren ondorioz ezberdintasun ugari dugu Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian elkarteak dira establezimendu eta lanpostu gehien sortzen dutenak, gero etorriko lirateke mutuak, fundazioak, gizarteratze zentroak eta enplegurako zentro bereziak. Zerbitzuen sektorean dute indar gehiena horiek guztiek. Hego Euskal Herrian, aldiz, kooperatibak eta lan elkarteak dira nagusi (ikusi grafikoak). Kooperatiben kasuan, Mondragonen pisuak sektore industrialera orekatzen du jardueraren balantza. Lan elkarteak Espainian baino ez daude. Hauetan, langileek kapital sozialaren gehiengoa dute eta bazkide batek ezin du akzioen herena baino gehiago eskuratu.

gaztak

Dena den, ekonomia sozialaren unibertsoa hori baino zabalagoa da. EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatibaren Institutuak (Gezki) honen baitan sartzen ditu, arestian aipatutakoez gain, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak, arrantzale kofradiak, merkatutik kanpo aritzen diren herri ekimeneko elkarteak eta zenbait finantza erakunde, besteak beste.

Bankuen aurpegi beltzena agerian geratu den honetan, finantzaren arloan dauden alternatibak indartu eta aukera berriak esploratu ditu jendeak, espekulaziorik gabeko fluxuen bila. Esaterako, Fiare banku etikoa aspaldikoa eta aski ezaguna da gurean. Horrez gain, Kataluniako Bruguera argitaletxeko langileen borrokatik sortu zen Coop57 kreditu kooperatibaren esperientzia bera Euskal Herrian hasteko prozesua ireki dute bertako zenbait eragilek; finantza zerbitzuak eskaintzen dizkie ekonomia sozial eta solidarioko proiektuei. Oinarri Elkarrekiko Berme Elkarteak ere EAEko gizarte ekonomiako enpresa txiki eta ertainen finantza-premiei erantzuten die. Gisa bereko kode deontologikoa du Baionan egoitza duen Herrikoa elkarteak, “lantegiak sortu eta azkartzen” laguntzeko helburuz sortua.

Finantza alternatiboaren zaku horretan sar ditzakegu, baita ere, azkenaldian ugaritu diren tokiko monetak. Euskoa dugu gurean egitasmo sendoena, 2.000 lagunek baino gehiagok erabiltzen dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Bilbon Ekhi txanpona sortu berri dute eta Aiaraldean Ogerleko izenekoa. Dirua tokiko ekonomian –hezur-haragizko pertsonek egindakoan– erabiltzea dute helburu.

Krisiaren aurrean

2013ko hondarretan etorri zen Fagorren porrota. Kooperatibagintza krisian dela haizatu dute medio ugarik. Aitzitik, gizarte ekonomiak enpresa konbentzionalek baino hobekiago egin dio aurre krisiari. TESS txostenak ondorioztatu du Pirinio Atlantikoan enplegua sortzen segitu dutela ekonomia sozialean diharduten jarduerek. Nafarroan eta EAEn berriz lanpostuak galdu dira, baina jokamoldea merkatu osokoa baino hobea izan da.

Adibidez, EAEren kasuan, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak emandako datuen arabera 2007tik hona 7.700 enplegu galdu dira esparru horretan –batez ere lan elkarteetan–, orotara ordea 150.000 izan dira azken urteetan galdu diren lanpostuak, proportzioan ia bikoitza.

Lanpostuak mantendu bai, baina nolako lanpostuak? Gizarte ekonomiak orokorrean sentsibilitate handiagoa izan du lan baldintzak, berdintasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko orduan. Cepes elkartearen datuei erreparatuz, Espainiako Estatuan ekonomia sozialean lan egiten duten 45 urtetik gorako emakumeak, ekonomia konbentzionalean baino %4 gehiago dira, eta zuzendaritza karguetan ere, emakumeen presentzia %8 altuagoa da. Frantzian, berriz, ekonomia sozial eta solidarioan lan egiten dutenen %66 emakumeak dira. Baina oraindik diferentzia nabarmenak daude gizon eta emakumeen artean. Gai horietan aditua den Antonia Sajardo Valentziako Unibertsitateko irakasleak dioen gisan, gizarte ekonomiako erakundeak ez dira inguruko jarduerekiko iragazgaitzak.

Bistaratze falta

Iñigo Urkullu lehendakari izendatu zutenean, bere lehen ekitaldia Lantegi Batuen gizarteratze enpresetako batean egin zuen: Urkullu abandera la ‘economia social’ zioen Vocentoren egunkariko azalak hizki larriz. Botere publikoek ofizialki babesa eman izan diete gizarte ekonomiako eragile askori, baina haien ustez ez dituzte behar bezala aintzat hartzen. Desoreka dago beraz: gizarte ekonomiak duen pisua eta indarra ez da islatzen administrazioan.

Bistaratze falta hori, gainera, areagotu egiten da kontuan izanez gero Euskal Herrian gizarte ekonomiak ez duela bera ordezkatzen duen erakunde bat –proiektu askoren izaera autonomo eta anitzarekin zerikusia du horrek–. Konfekoop, Asle, Anel, Elhabe, Reas, Ucan… Eremu bakoitzak badu bere egitura eta bere interesen arabera jokatzen du, jakina. Nafarroan Cepes-Navarra sortu zen, ekonomia sozialeko erakundeak biltzen dituena, eta Akitanian Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Erregio Ganberak egiten du funtzio hori. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak jarduera horretako datu globalak aztertzen dihardu.

Ahots bakarra izatea garrantzitsua da, ez bakarrik administrazioaren aurrean, baita ohiko patronalak egindako kritikei erantzuteko edo Europar Batasunean ezbaian dauden kooperatibentzako abantaila fiskalak defendatzeko. Norbaitek azaldu beharko du kooperatiben mozkinen %30 ezin dela banatu; norbaitek esan beharko du multinazionalek zerga gutxiago ordaintzen dutela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
BSHko langileek Eskirotzeko lantegiko sarrera moztu dute berriz, kaleratzeen aurka

Joan den astean iragarri zuen BSH enpresak Eskirotzeko lantegia itxiko zuela langile batzordeak, Espainiako Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eginiko eskaerei jaramonik egin gabe. Asteartean egingo dute Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziatzeko lehen... [+]


Ehunka herritar turismo masiboaren aurka manifestatu dira Donostian, Europako hainbat hirirekin koordinatuta

Donostiako desazkunde turistikoaren aldeko BiziLagunEkin plataformak deituta, Europa hegoaldeko turistifikazioaren aurkako SET sarearekin koordinatu dute ekimena.


Analisia
Kanarietara bidaiatzeko oharrak

Mingainari kosk txikia eginda joan ginen oporretan Kanarietako Lanzarote irlara. Maiatzaren erdian, turista asko-askorik topatuko ez genuela jakinda, prezio guztiak ere merkeago, eta hara eta hona mugitzeko lasaitasun gehiago. Espero bezalaxe izan zen. “Esperientzia”... [+]


Jerusalemen eraikitzen ari den tren sarea gelditzea eskatu diote ehunka lagunek CAFi

CAFek urteroko akziodunen batzarra egin duen egun berean, Jerusalemgo trenaren martxan duen tren proiektua bertan behera uztea exijitu diote Donostian eginiko manifestazioan. Amnesty Internationalek hitza hartu du tren ekoizlearen akziodunen batzarrean, eta Israelen "legez... [+]


2025-06-11 | Roser Espelt Alba
Euskaraldia eta merkatua

Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena?... [+]


BSHko langileek protestak egin dituzte lantegi sarreran enpresaren itxieraren aurka

BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".

 


2025-06-10 | ARGIA
BSHk Eskirotzeko lantokia itxiko du datorren astean: 655 langile, kalean

Astelehen goizean ezagutu da industriarentzat kolpe latza izango den notizia: datorren astean hasiko du enpresak EEEaren negoziazioa, eta kalean geratuko dira 655 langile. 


Bi eta hiru urteko haurrak dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, indarrez

Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.


2025-06-09 | Mattin Jauregi
Erleen dantza: Naturaren hizkuntza ahaztezina

Lurraren historian espezie askok komunikazio konplexuak garatu dituzte, baina gutxik dute erleen dantzaren pareko kode sofistikatua. Erle langileek elikagai-iturrien kokapena adierazteko erabiltzen duten dantza ez da soilik naturaren mirari bat, baita zientziaren begietatik... [+]


2025-06-09 | Jakoba Errekondo
Gaitz terdi eta lotsa oneko nekazariak

Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta etekinak jezteko moduko “natura” dugu gurean.


2025-06-09 | Garazi Zabaleta
Basotxoa
Nafarroako ekoizle eta artisauen azoka berria Iruñeko Basotxoan

Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin... [+]


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude