Askatasun utopikorantz, zurrunbiloan ito zen borroka

  • 1984ko martxoaren 22an, Dionisio Arbelaitz Kurro, Pedro Isart Pelitxo, Rafael Delas Aizkorbe Txapas eta Joseba Izura Pelu Komando Autonomoetako militanteak hil zituen Espainiako poliziak, Pasaiako badian. Aurrez prestaturiko segada izan zen hura, ZEN Planak ahalbidetutako estatu krimena. Bizpahiru egun lehenago abiatu zen operazioa, Rosa Jimeno bahitu zutenean, torturatu, komando kideak deitzera behartu eta amu gisa erabili baitzuten. 30. urteurrenak Kapitalismoaren Kontrako Komando Autonomoak zer izan ziren gogoratzeko aitzakia eman digu. XX. mende hasierako anarkisten oihartzun urruna ekarri digute. Haien printzipioen zipriztinak igarri ditugu M15 bezalako mugimenduetan.

1976ko martxoaren 3a, Gasteiz. Greba orokorra zela eta, milaka langile bildu ziren San Frantzisko elizan, Zaramaga auzoan. Poliziak eliza ingurua hesitu eta gogor erreprimitu zituen asanbladan bildutakoak. Bost lagun hil zituen.
1976ko martxoaren 3a, Gasteiz. Greba orokorra zela eta, milaka langile bildu ziren San Frantzisko elizan, Zaramaga auzoan. Poliziak eliza ingurua hesitu eta gogor erreprimitu zituen asanbladan bildutakoak. Bost lagun hil zituen.

Mugimendu autonomoa 60ko hamarkadan ernaldu zen, kapitalaren eta lanaren arteko talkatik, eta Francoren garapen planak akuilatuta. Fabrika handietako gatazketan aurkitu zituen lehen habiak, eta protestaldi haiei loturik, migrazioa hartzeko sortutako poligono urbano masifikatuetan. Esplotazioak, pilaketak, baldintza kaxkarrek edo prekarietateak, alabaina, elkarrekin antolatzeko esperientzia berriak ahalbidetu zituzten. Nagusiki, langile asanbladetan oinarritutako ekinbideak (erakunde politiko eta sindikaletatik libre ziren zentzuan, autonomo deituak). Ezeren gainetik, langileria ordezkatzeko forma burokratikoei erakutsi zizkieten hortzak, eta antolaketa kolektiboetarako borondatea agertu zuten.

Apurka, fabrikak gainditu eta lan mundutik kanpoko esparru sozialetara hedatu zen mugimendua: auzo, gazte, emakume, langabetu, guraso edota jubilatuen asanbladak sortu ziren, borroka espazio ugari. Franko hil osteko lehen bi urteetan izan zuten zenita. Alimaleko debateak harilkatu zituzten, botereak ezarririko eredu moral eta etikoen kontrako pentsamendu kritikoak estrukturatu, errespetua eta elkartasuna habetzat hartuta. Gaurko abantailak, lanekoak izan edo sozialak izan, praktika haien fruitu dira neurri handi batean, berorien merituak sarritan politikariek eta sindikatuek haienganatu izan dituzten arren.

Han eta hemen eratutako talde sozial mordoa bateratu beharra sortu zen apurka, borrokak eskualdeka antolatzekoa, eta halaber, eskualdeak koordinatzekoa, alderdi eta sindikatuekiko autonomia premisatzat hartuta betiere. Halaxe sortu ziren Koordinadora Autonomoak.
Francoren diktadura amaiturik, eta trantsiziora bidean, 1977ko hauteskundeak bukaerarik gabeko eztabaida ekidinezin bilakatu ziren asanblada bateratu haietan. Askotxori klase nagusia betikotzeko artea besterik ez zirela iruditzen zitzaien, asanblada ereduak bazter utzi beharra eta langileriak kapitalismoaren kontra abiatutako matxinadari uko egitea ekarriko zutela. Demokrazia zuzen eta parte-hartzailea aldarrikatu zuten. Estrategia abertzale-iraultzaileak KAS alternatiba aurkeztu zuenean ere, errefusatu egin zuten, eta demokrazia burgesaren partetzat jo, batik bat, abangoardia politiko gisa proposatzen zelako, eta Euskal Herriaren burujabetza mailakatua eta etapaka negoziatua planteatzen zuelako. Eta haiek, inolako abangoardiarik eta boterearekiko truke edo konpromisorik onartzen ez.

Aginpide oro kritikatu zuten autonomoek, bereziki joera marxista-leninistak –garai hartan sigla festa ikaragarria zegoen korronte hauen inguruan–, haien ustez norbanakoa ezeztatzen zutelako, gidaritzaren izenean. Troskismoa, leninismoa, maoismoa, sozialismoa, anarkismoa… zaku berean sartu zituzten denak, botere estruktura ortodoxoak zirelako haien ustetan. Ez zuten inongo ideologiatan hesitu nahi, asanbladetan eta eguneroko askatasunean ez bazen. Asmoak asmo, ordea, erreferentziarik izan zuen mugimendu autonomoak, nagusiki anarkismoa eta batzorde-komunismoa. Alderdi eta sindikatu bidezko demokrazia gaitzetsi zuten, eta zentzu horretan, hauteskundeak delegatzeko modua besterik ez ziren. Irakaspen estrukturak (eskola, morala, hedabideak), berriz, gizakia hutseratzeko tresnak. Demokrazia zuzena jo zuten klase independentzia lortzeko bide bakartzat eta internazionalista gisa definitu ziren, estatu mugei zentzurik ikusten ez zietelako. Estatu kontzeptuari uko egin beharra, ordea, sekula amaitu ez zen eztabaida izan zen haien artean, herriak bere patua erabakitzeko eskubidean ere sinesten zutelako aldi berean.

Teoria praktikara eramateko ahaleginean, aldizkariak plazaratu zituzten, eta komunak edo antzeko esperientziak bideratu. Poliziak gogor erreprimitu zituen denak.

1977ko hauteskundeen osteko erreformak atzeraldia ekarri zion klase autonomiatik abiatutako “iraultza prozesuari”, alderdi eta sindikatuen legeztatzeak asanbladen moteltzea eragin baitzuen. Konpromiso ideologikoa harago eraman nahi izan zutenek borroka armatuaren gaia mahairatu zuten eztabaidetan, eta urte hartan bertan, Talde Armatuen Koordinakundea eratu zen. Zenbait korronte politikotan jardundako kideek osatu zituzten taldeak, tartean LAIA-ez zeritzon sektoretik zetozenak –1974an ETAko hainbat militantek erakundea utzi eta LAIA alderdi leninista klasikoa sortu zuten. Gerora bitan banatu zen Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia. LAIA-bai korronteak KASekin bat egiteko hautua egin zuen eta LAIA-ez korronteak ez zuen horrelakorik onartu–. OKA erakundetik ere hurbildu ziren, eta Komando Berezietatik –ETApm-ko adar armatua. Buruzagitza politikoari behin-behineko gobernu espainolarekin isilka negoziatu izana leporatu zioten erakundea desegin zutenean–. Azken hauek, hain zuzen, esperientzia armatua ekarri zuten erakunde berrira.

Komando Autonomoen hastapenetako ekintzak sinpleak izan ziren, talde bakoitzaren ahalmenaren araberakoak, eta protagonismo mediatikorik nahi ez zutenak bere horretan. Teorian bederen, borroka armatua behetik gora egin behar zelako. Zentralismotik ihesi, izen adierazgarriak ipini zizkieten taldeei; data, pertsona edo gertaera jakin bati lotuak, sarritan. Esate baterako, Kapitalismoaren Kontrako Martxoak 3 Komando Autonomoa.

Lehen erreibindikazioa 1978ko urtarrilean egin zuten, Errenteriako Paisa fabrika zaharrean lehergailua jarri ostean, orubea birkalifikatu eta etxeak egiteko plana zegoela-eta. Poligonoetako masifikazioaren eta bizi-baldintza kaxkarren kontra altxatua zen ordurako, herriko asanblada. Handik aurrera, lelo bat eta bera paratzen hasi ziren komunikatuetan: “Borroka armatua herri borroka da”.

Bi joera nagusi, aburu ugari

Esan liteke borondate kolektiboari errespetua eta ekintzarako askatasuna izan zirela haien kredoko puntu ia bakarrak. Taldeak ez ziren ideologikoki estrukturatu, ezta parametro bertsutan definitu ere. Bi joera nagusitan banatu ziren sortze beretik: asanbladetatik abiatu zirenak batetik, eta Komando Berezietatik edo planteamendu marxistetatik heldu zirenak bestetik. 80ko hamarkadan, fabriketako borrokek protagonismoa galdu zuten pitaka, eta arazo sozialen gaineko aldarrikapenek hartu garrantzia: antimilitarismoak, ekologiak, hirigintzak… Etapa honetan kide berriak gehitu zitzaizkien, gazteak oro har, trantsizioko urteak politikoki bizi izan ez zituztenak. Hala, dibertsifikazio ideologikoak beste maila bat egin zuen gora.

Aniztasun hori, ordea, aho biko ezpata bilakatu zitzaien. Koordinakundeak ez zuen bi ikuspegien arteko aldeak koherentziaz batzeko balio izan, eta are gutxiago, borroka armatuak berak hastapenetatik sortzen zizkien tirabirak argitzeko ere. Inoiz ez zuten eztabaida bukatutzat eman.

Errepresioak gogor jo zuenean, esan nahi baita ZEN plana, GAL, funts erreserbatuetatik bideratutako dirutzak, bi estatuen arteko kolaborazioa eta suntsiketarako makinaria osoa batera martxan jarri zenean, borroka antiterrorista deiturikoaren sustatzaileak jarri zituzten jo mugan: poliziak, kuartelak, konfidenteak, politikariak, Euskal Herriaren askapenaren kontrako jarduna babestuko zuen oro. Antolamendua eta logistika aldatzera eraman zituen horrek, dinamika militarragoetara, hain gogor errefusatutako estruktura armatu elitistaren kontzeptura, eta, finean, haien lehen printzipioetatik aldentzera. Izen bereizgarriak alde batera utzi eta sigla berberak hartu zituzten taldeek, ekintza guztiak erreibindikatzeko. Komando Autonomoak izango ziren aurrerantzean. Erabakia ez zen aurrez eztabaidatutakoaren ondorio izan, barne analisi faltak ez zien abagunerik sortu nora zihoazen baloratzeko. Indarkeriaren zurrunbiloan harrapatuta zeuden.

Zenbait autonomok begi onez ikusten zituzten ENAM Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren baitako alderdi eta sindikatuak, bateragarriak iruditzen baitzitzaizkien KAS eta auto-eraketa edo asanbladen ikuspegia. Beste askotxori, berriz, egundoko kontraesana piztu zien estrategia berriak, bai klase borrokako planteamenduei uko egitea zekarrelako, baina baita haiekin beligerante zirenei –ETAk borroka armatuaren parasitotzat jo zituen Komando Autonomoak– elkartasuna erakusteko ekintzak zirelako.

Komando Autonomoen praktika

Banku eta aurrezki-kutxetan egindako lapurretak izan zituzten diru-iturri nagusia, baita bahiketaren bat edo beste ere, Francisco Limousin enpresariarena (1982) edo Jesus Guilbert Marcial, Usin SA enpresako jabe eta EAJko militantearena, kasu.

Komando Autonomoek hildako lehena Salgueiro kaboa izan zen, 1978ko abuztuan, Arrasaten, Guardia Zibileko informazio zerbitzuetan ziharduelako. Urte eta toki berean, Polizia munizipaleko burua tirokatu zuten, Zapa eta Roberto militanteen hilketa gertatu eta hilabetera. Antzeko arrazoiengatik hil zuten Elgoibarko inspektorea eta Amancio Barreiro taxilari eta polizia-konfidentea ere, Usurbilen. Herri horretan, pare bat urte geroago, Moulinex enpresako produkzio buruarengana jo zuten, lantegiko emakumeen kontra aritzeagatik. Nafarroan, Alberto Toca eskuin mutur instituzionaleko kide eta informazio zerbitzuetako koordinatzaileari egokitu zitzaion patu bera. Efe agentziari informazioa manipulatzeagatik egin zioten eraso, eta Oiartzungo Mitxelin enpresari, hango langileen protestaldiekin bat egiteko. Bilbo-Behobia autopista doakoa izan zedin aldarrikatzeko, Zumaiako ordain-tokia lehertu zuten 1983an. Lan eta Hezkuntza Ordezkaritzetan ere izan zen bonbarik, eta Iruñeko Correos posta-bulegoan (bi polizia hil ziren), PSOEko egoitzetan, Lasarte-Orian eta Hernanin (alderdi sozialistak GALen zuen erantzukizuna salatzeko); auto kontzesionario frantsesetan (euskal errefuxiatuen kontrako estradizio politika zela-eta)… Eta denetan sonatuena, Enrique Casas PSEko antolaketa idazkari, Euskadiko Segurtasun Batzordeko kide eta Felipe Gonzalezen lagun-minaren hilketa, HBren inguruak gogor arbuiatu zuena –gerra zikinaren partetzat jo zuen, prozesu iraultzailea apurtzeko botereak jarritako tresnatzat, laster izango ziren hauteskundeak gogoan– eta gobernu sozialistari mendekurako txinparta agudo atera ziona. Hilabete eskasean Pasaiako segada ekarri zuen bueltan.

Hura gertatu zenerako aski eskastuta zeuden autonomoen indarrak. Urte erdi lehenago, eszisioa gertatu zen luzaroan debate faltan diferentziak handitzen eta pilatzen joan zirenen artean. Bestalde, bizirik edo libre zeuden militante apurrek borroka armatua utzia zuten halabeharrez, eta nahikoa lan zuten klandestinitatearen zama eramaten eta polizia saihesten. Gainera, estradizioak, deportazioak...

Elkarren artean konponezinik, oinarri sozialik gabe ia, ENAMekoek ezkerreko begiz jota zituztela, eta, Casas hilez geroztik, politikoki hutseratuak, unerik makurrenean heldu zen Komando Autonomoen kontrako kolperik latzena: Dionisio Arbelaitz Kurro, Jose Maria Isart Pelitxo, Rafael Delas Aizkorbe Txapas eta Jose Maria Izura Pelu-ren hilketa, Pasaian.

Amorruz, minez, odolez eta malkoz jositako akaberaren atarikoa izan hura. 1985ean egin zituzten azken ekintzak, dirua lortzeko gehien bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mugimendu autonomoa
EHUko txostena Pasaiako segadaz
“Judizioz kanpoko exekuzio baten antza du”

Joan den martxoaren 22an 39 urte bete ziren Pasaiako badiako hilketatik. “Sarraski” hitza ere baliatu izan da 1984ko hartan gertatua adierazteko. Segadan hildako baten anaia elkarrizketatu zuen ARGIAk duela gutxi, Pello Aizpuru Arbelaitz, eta honek hainbat argibide... [+]


Pasaiako Badiako hilketak "operazio estrajudizial" baten ondorio izan zirela dio txosten ofizial batek

EHUko Unesko Katedrak osatu du txostena, eta Lakuari eman zion 2020an. Martxo honetara arte, ordea, biktimen senideek ez dute ikerketaren berri izan.


2023-01-29 | Aurélien Berlan
Gure beharren asetzea, geure gain

Aurélien Berlan filosofo eta baratzezainak denbora erdiz idatzi eta kurtsoak ematen ditu eta beste denbora erdia ‘bizirauteko lanetan’ ematen du, baratzean bezala etxean. 2021eko azaroan La Lenteur argitaletxe txikian plazaratu du ekologia politikoaren mundu... [+]


Jon Alonso, "Naparra. Kasu irekia" liburuaren egilea
"Familia beti José Miguel bila, hori etengabeko tortura da"

Naparra. Kasu irekia (Elkar) liburua idatzi du Jon Alonsok (Iruñea, 1958) José Miguel Etxeberria Naparra-ren desagerketaren auzia ikertuz. 1980an desagertu zen iruindarra eta familiak oraindik bila jarraitzen du. Liburuak ez du kasua argitzeko aztarna berririk... [+]


2019-03-22 | Uztarria
Pasaiako segadaren 35. urteurrenean, estatu indarkeriak hildako hainbat pertsona oroituko dute Azpeitian

Pasaiako segadaren 35. urteurrenean, estatu indarkeriak hildako hainbat pertsona oroituko dute. Larunbatean izango da ekitaldi nagusia, Azoka Plazan. Ostiralean, lore eskaintza egingo dute, monolitoan. Erakusketa ere zabaldu dute. Pasaiako segadan hildakoen senideak Nazio... [+]


Eguneraketa berriak daude