EHUko Unesko Katedrak osatu du txostena, eta Lakuari eman zion 2020an. Martxo honetara arte, ordea, biktimen senideek ez dute ikerketaren berri izan.
39 bete dira asteazkenean Pasaiako Badian Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituenetik. Txosten ofiziala osatu du EHUko Giza Eskubideen Unesco Katedrak. Naizeko Ramon Solak txostena eskuratu du, eta xehetasunak eman ditu. Haren arabera, gau hartan gertatutakoa "epaiketarik gabeko exekuzioa" izan zen.
Txostena duela hiru urte, 2020an, jaso zuen Lakuak. Hilabete honetara arte, ordea, familiek ez dute haren berririk izan. Ofizialki ere ez da aurkeztu. Biktimen senideek martxoaren 3an bilera izan zuten Jaurlaritzaren teknikariek osatutako batzorde batekin, eta han jaso zuten txostena. Familiek ez dute ulertzen nola igaro dituen dokumentu horrek hiru urte "kaxoi batean".
Bertsio ofizialeko kontraesanak
Bertsio ofizialak esan zuen komandokideen eta Poliziaren arteko tiroketa baten ondorioz hil zirela Jose Mari Izura, Pedro Mari Isart, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru. Ofizialki, Poliziak altoa eman ondoren, komandokideek tiro egin zuten, eta tiro horien ostean etorri ziren Poliziarenak. Lekuko baten arabera, ordea, han ez zen altorik entzun, zuzenean errifle-hotsak baino ez. Guztira, 113 bala aurkitu zituzten lau gorpuetan.
Aste honetako ARGIAn Pello Aizpururi Miel A. Elustondok egindako elkarrizketa irakur daiteke. Bere anaia Dionisio izan zen gau hartan Pasaian hil zutenetako bat. Elkarrizketan azaldu duenez, Poliziak deklaratu zuen harkaitzetako goiko petrilean zeudela beraiek. Delasek (Txapas) zuen tiroetako bat garondotik sartu eta kopetatik atera zitzaion, goranzko norabidean; hala baieztatu zuen Paco Etxeberriak egindako autopsiaren emaitzek. "Nola izango da posible poliziek goitik behera egitea tiro, eta Txapasek goranzko norabidean jasotzea garondoko tiroa?, adierazi du Aizpuruk. "Gainera, Poliziak epaileari adierazi zion hainbat argazki zituztela komandokideen tiroak erakusten zituztenak, baina argazki-txosten hori inoiz ez zen epailearen eskuetara iritsi, nahiz eta froga hori behin eta berriz eskatu".
Gau hartan Rosa Jimeno erabili zuten amu gisa. Poliziak torturatu egin zuen, eta komandokideekin hitzordua egitera behartu. Kideek zain zituzten ehunka polizia, tartean Guadalajaratik etorritako Espainiako Poliziaren GEOkoak (Operazio Talde Berezia). "Haiek Guadalajaratik etorrarazteak esan nahi du, nahi beste denbora izan zutela operazio hura guztiz antolatzeko eta prestatzeko", adierazi du Aizpuruk.
Txostenak dio Estatuak, Justizia Administrazioaren bidez, ikerketan ardura hartu behar zuela, baina prozedura luzatu egin zuela, "porrotera eraman arte". "Ikerketa eraginkor batek zalantzak uxatzea eta egia ezagutzea ahalbidetuko zukeen".
Poliziak identifikatzea, "ezinezkoa"
Hilketak gertatu eta hiru hilabetera, epaileak artxibatu egin zuen kasua. 2000. urtean ireki zuten berriz, akusazio partikular baten iniziatibaz, gero Azpeitiko Udalak babestu zuena. Ikerketa guztian, ordea, gauza bera errepikatzen da: "ezinezkoa" da operazio hartan parte hartu zuten poliziak identifikatzea. Horren aurrean, txostenak honakoa dio: "Ez du zentzurik esatea Pasaiako operazioaren buru izan ziren eta bertan zuzenean edo zeharka parte hartu zuten agintariak zehaztasunez identifikatzea ezinezkoa dela, operazioaren izaera planifikatu eta aurreordenatua kontuan hartuta".
Ezin estatu indarkeriaren biktima izendatu
Kasua irekita dago orain. Martxoaren 28an Joseba Merino, sarraskitik bizirik irten zen komandoko kide bakarra, sarraskian parte hartu zuen poliziak identifikatzen ahaleginduko da. Kasua irekita dagoenez, momentu honetan ezin dituzte lau hildakoak estatuaren indarkeriaren biktima izendatu, EAEko legeak ez duelako uzten ikerketa irekita dagoen garaian halakorik egiten.
Larunbat honetan, Azpeitian, ekitaldi bat egingo dute gertatutakoa argitzeko eskatuz. Bertan, biktimen senideek jaso berri duten txostenaren inguruko adierazpenak egingo dituzte.
Larunbatean 49 urte beteko dira Espainiako poliziak eta Guardia Zibilak Jose Luis Mondragon eta Roke Mendez Asturiaga hondartzan hil zituztenetik. Omenaldia egingo dute hondartzan.
Joseba Merinoren familiak eta defentsak eskatu dute hilketen garaiko argazkiekin izan dadila hurrengo identifikazio saioa. Deituta zeuden hiru polizietatik bakarra agertu da, beste biak hilda baitaude polizien defentsaren esanetan.
“Ikertzen ez bada, ezinezkoa da ebazpen judizialik egotea eta norbait inputatzea". Hitz horiexekin erantzun zion Lourdes Zabalza Mikel Zabalzaren arrebak Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne Ministroari, honek Senatuan Arturo Espejo Guardia Zibila inoiz... [+]
Mikel Zabalzaren atxiloketa eta heriotzarekin lotura izan duen Arturo Espejo Guardia Zibila teniente jeneral izendatzeagatik azalpenak eman ditu Barne Ministroak Senatuan. Grande Marlaskak erabakia defendatu du, EAJ-k eta Geroa Baik Mikel Zabalzaren familia berriz ere... [+]
Mikel Zabalza Gogoan ekimenak Espainiako Estatuari leporatu dio tortura saritzea. Arturo Espejo Intxaurrondoko tenientea zen orbaizetarra torturatu eta hil zutenean, eta gaur egun Guardia Zibileko teniente jenerala da.