“Judizioz kanpoko exekuzio baten antza du”

  • Joan den martxoaren 22an 39 urte bete ziren Pasaiako badiako hilketatik. “Sarraski” hitza ere baliatu izan da 1984ko hartan gertatua adierazteko. Segadan hildako baten anaia elkarrizketatu zuen ARGIAk duela gutxi, Pello Aizpuru Arbelaitz, eta honek hainbat argibide emanagatik ere, artean ez zuen zabaldu nahi izan EHUko talde batek kasuari buruz egindako txostena.

 Iragan urriaren 28an Donostian egindako bilkura. (Argazkia: Zaldi Ero)
Iragan urriaren 28an Donostian egindako bilkura. (Argazkia: Zaldi Ero)

Pasaiako sarraskiko biktimen senide eta kideek ezustean jaso zuten txostena, egin zenetik hiru urtera. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak barkamena eskatu die horregatik. EHUren Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrak Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren enkarguz egindakoa zen. Txostenak ezongia eragin zien hildakoen senide eta lagunei. Edukiagatik, batetik, eta hiru urtean Jaurlaritzak gordean izan duelako, bestetik. Katedrak ez baitu ez eskumenik ez gaitasunik ikerketarik egiteko, “eskura dauden iturrien argitan ahalik eta informazio gehiena” bildu du kasuaren egungo egoerari buruz. ARGIAk txostena eskuratu du eta ikus daiteke hiru bloke nagusi dituela: egitateen deskribapena, jarduketa judizialaren azterketa juridikoa; eta azken ondorioen atala.

Ikerketa-eginbideak
Sarraskia gertatu egun berean ikerketa-eginbideak ireki zituen Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, eta ediktu bat ere argitaratu zuen, lekukoen edo datuak eman zitzaketen pertsonen agerraldia eskatuz, “baina ez zen lortu inor borondatez aurkeztea”, epaitegian ezer deklaratzeko.

Donostiako polizia-etxeak informazio zenbait bidali zuen epaitegira, polizia-dispositiboa deskribatuz eta enfrentamenduaren bertsioa defendituz. EHUren UNESCO Katedraren txostenaren arabera, ordea, probintziako komisario buruak sinatua eta, dirudienez, Informazio Brigadaren zigilua dakarren atestatuan “ez da jaso gazteek ustez tiro egindako pistola eta metrailadoreari buruzko argazki- edo balistika-txostenik, ezta, Poliziaren bertsioaren arabera, tokiko arroketan eta petriletan ikus zitezkeen jaurtigaien (balen) inpaktuei buruzkoa ere. Operazioan erabilitako polizia-armak identifikatzeko txostenik ere ez zen egin. Era berean, aurkeztutako polizia-eginbideetatik ezinezkoa da polizia-dispositiboa zuzendu eta/edo bertan esku hartu zuten agenteak identifikatzea, probintziako komisario nagusiak informazio-oharra agintaritza judizialari bidali zionetik harago”. Jakina, polizia-etxeak epaitegira bidalitako informazioak ez zuen esaten operatiboa Madrildik zuzendurik zela, Espainiako Poliziaren Informazio Brigada Zentralaren bidez –Gipuzkoako Brigadaren laguntzaz–, eta GEO talde bereziak ere parte hartu zuela. Esateak balio du: operazio berezien talde hori Donostian zen egun batzuk lehenago, Londres hotelean ostatu harturik.

Ondorio samina: 1984ko uztailean, artxibatu egin zen kasua, eta ez zen berriz ireki 2000ko maiatza arte, sarraskia gertatu eta hamasei urtera arte, familiak bultzatutako akusazio partikularrak eskaturik; ondoren, Azpeitiko Udala ere herri-akusazio gisa aurkeztu zen, hildako lau lagunetarik bi bertakoak izaki.

Epaitegi-auzitegietako bidea
2001eko urtarrilean, Joseba Merinok deklaratu zuen –artean zigorra betetzen ari zela, Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zela egotzitako zenbait deliturengatik–, Gipuzkoako Instrukzio Epaitegian. Pasaiakoa fusilamendua izan zela azpimarratu zuen.

2001eko martxoan, Rosa Jimenoren deklarazioa epaitegi berean. Tratu txarrak eta torturak salatu, eta amutzat erabili zutela esan zuen. Sarraskia gertatu zenean Pasaiako Itsasargiaren pasealekuan zebiltzan bi lekukori ere hartu zieten deklarazioa. Txostenean jaso denez, azken bion lekukotzek “ez dute Poliziaren bertsioa berresten, ezta gezurtatzen ere, eta ez dute azaltzen zergatik atxilotu zuten bikotea [ordubete lehenago detenitu zituzten, eskuburdinak jantzi zizkieten eta lurrean etzanda eduki zituzten], ez eta operatiboa ez ikusteko erabilitako gogortasuna ere”.

2001eko urrian, Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzak bi eginbide egiteko eskatu zion epaitegiari: alde batetik, polizia-dispositiboan parte hartu zuten agenteak identifikatzea; eta, bestetik, komandoak zeramatzan armei buruzko txostena eta horiei buruzko balistika-txostena eskatzea Poliziari. Armei dagokienez, Poliziak adierazi zuen Instrukzioko 5. Epaitegi Zentralera bidali zituztela, eta txosten balistikoa, berriz, egin eta gero bidaliko zutela epaitegira. Txostenetik ari garela, “...ikerketa polizialak eta judizialak ez dute jasotzen gazteek konfiskatutako armak erabili izanaren zantzurik; argazki-erreportajeak ez ditu jasotzen petrilean eta harrietan ustez utzitako bala-inpaktuak, eta ez dago jasota tiroei buruzko txosten balistikorik egin zenik. Polizia-atestatuan ageri den begizko ikuskapenaren aktan aipatzen den argazki-erreportajea aurkitzeko eginbideek ere ez zuten emaitzarik izan, non Gipuzkoako Identifikazio Brigadako agenteek ‘liskarra gertatu zen lekuaren eta agertutako gorpuen argazki-erreportaje bat’ jakinarazi baitzuten”. Txostenak honelaxe errematatu du puntu hau: “Bi dokumentuok berreskuratzeko saiakera ugari egin ziren, poliziak ikerketan sartzea lortu gabe”.

“Ez da zentzuzkoa onartzea ezinezkoa dela Pasaiako operazioaren agintean egon ziren eta zuzenean edo zeharka parte hartu zuten agintariak zehaztasunez identifikatzea”

EHUren UNESCO Katedraren txostena

Lau agente
2001eko abenduan, epaitegiaren eskariari erantzunez, Gipuzkoako Probintzia Polizia-etxeak erantzun zuen, Madrilgo Informazioko Brigada Zentralaren eginbideetan jasota zegoenaren arabera, lau agentek parte hartu zutela Pasaiakoan. Delako polizia-etxeak lau haien zenbaki profesionalak ere jakinarazi baitzituen, “Instrukzioko Epaitegiak inputatu gisa deitu zituen lau agenteok”. Parentesi artean esana: 2001eko maiatzean, akusazio partikularrak eskatua zuen gertakarien unean Probintziako Informazio Brigadako komisario buruari deklaratzera deitzeko, “idatzi zuen informazio-oharraren edukia argitu zezan eta operatiboan parte hartu zuten agenteak identifika zitzan. Eskaera hori 2001eko irailean eta abenduan errepikatu zen, eta atzera berriz ere 2002ko otsailean”. Zortzi urte itxaron behar izan zituzten, 2009ra arte, epaitegiak eskaera hori aintzat hartu eta Informazioko Probintzia Brigadako arduradunari deitzeko.

2002ko ekainaren 6an, Instrukzio Epaitegiaren aurrean agertu ziren Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak identifikatutako lau agenteak. Deklaratu zutenez, “inork ez zuen zuzenean parte hartu ikertutako gertaeretan, batzuk Pasaia San Pedron baitzeuden tiroketatik oso urrun, eta haietako bat baino ez zegoen tiroketa gertatu zen harkaitzaren inguruan, baina ez zuen zuzenean parte hartu”.

2002ko azaroan, inplikatutako gainerako poliziak identifikatzeko eskatu zitzaion, berriz ere, Gipuzkoako polizia-etxeari. Donostiako Poliziak berretsi zuen ez zegoela beste agenterik.

2003ko otsailean, biktimen senideek eskatu zioten Espainiako Poliziari polizia-operatiboaren, tiroen egile materialen eta esku hartu zuten gainerako agenteen nortasuna emateko, eta ohartaraziz, epaitegiaren instrukzio-lana oztopatuz gero, erantzukizun penala izan zezaketela. Martxoan, Informazioko Komisaria Nagusiak beti-betiko erantzuna errepikatu zuen: “Ez dago beste daturik”.

2004ko ekainaren 24an, Instrukzioko 2. Epaitegiaren autoa: ikerketa artxibatzea erabaki zuen, delituen preskripzioagatik.
2005eko apirilaren 18an, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak instrukzio-epailearen irizpidea zuzendu, apelazioa-errekurtsoa baietsi eta ikerketa jarraitzeko agindu zuen, delitua preskribitu gabe zegoela iritzirik.

2005eko iraila. Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiaren probidentzia, zenbait froga egitea erabakiz: batetik, dispositiboa agindu zuen agentearen adierazpenak biltzea –hau da, Informazioko Brigada Nagusiko zerbitzuburuarena–, bai eta Donostiako komisario buru ohiarena ere; bestetik, Gipuzkoako komisario buruak lekuko gisa egindako adierazpena jasotzea; horiekin batera, probidentziak autopsiei buruzko dokumentazio guztia ere eskatzen zuen. Gipuzkoako komisarioa 2005eko azaroan agertu zen, eta adierazi zuen gertakarien garaian ez zegoela Gipuzkoan destinatuta, eta ez zuela esku hartu dispositiboan.
Nahi beste luza liteke katea. Oztopoak agenteak identifikatzeko behaztopagarriak bezainbat dira… Ikerketa ez atzera eta ez aurrera uzteraino luzatu ziren zailtasunak, akusazioek proposatutako ikerketa-eginbideak ukatzeraino.

2014, José Bono
2014an, José Bonoren memoria-liburua. Espainiako ministro ohi eta Diputatuen Kongresuko presidente ohiaren hitzak Pasaiako gertakariari buruz “epaiketaz kanpoko exekuzio bat iradokitzen zuen modu batean”, EHUren UNESCO Katedraren txostenak azpimarratzen duenez. Ondorioz, lau hildakoen senideen ordezkaritzak Bonoren zitazioa eskatu zuen Joaquín
Leguinarenarekin batera, Enrique Casas senatariaren hilketa mendekatzeko operazio politiko baten zantzuari buruzko deklarazioa hartzeko.

2015eko uztaila. Instrukzio Epaitegiak eginbide hori ezetsi zuen, eta apelazioan, berriz, erabakia berretsi.

2016ko otsailaren 2ko autoa: epaitegiak prozedura behin-behinean artxibatzea erabaki zuen, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ebazpena berretsi zuen urte bereko ekainaren 20an. Ondorioz, ohiko bide judiziala itxi zuen. Instrukzioko 2. Epaitegiak lau giza hilketa-delitu daudela ikusi zuen, aldi berean adieraziz haien egiletza ez zegoela behar bezala justifikatua: “32 urte hauetan zehar, ikerketa-bide guztia agortu da, eta konplexua izateaz gain, zaila izan da, kontuan hartuta denborak aurrera egin duela eta eskatutako artxiboetan dokumentaziorik ez dagoela”.

“Ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik ez izatea argi eta garbi ondorioztatzen da”

EHUren UNESCO Katedraren txostena

2017an akusazioak Espainiako Konstituzio Auzitegiaren aurrean ezarritako errekurtsoak ere ez zuen aurrera egin, errekurtsoa epez kanpo aurkeztu zela argudiaturik. EHUren txostenak besterik lehenesten du: “Hortaz, ez zen gaiaren funtsaz arduratu, eta ez zuen babes-errekurtsoan salatutako benetako babes judizialerako eskubidearen urraketa ugariei buruzko iritzirik eman”.

2017ko azaroaren 29a. Espainian bide judiziala agorturik, Azpeitiko Udalak errekurtsoa aurkeztu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Ez zen aurrera atera, Azpeitiko Udalak ez duelako “salatutako [Giza Eskubideen Europako Hitzarmena] hitzarmena urratzearen biktima izaera”. Argudioa: Azpeitiko Udala ez dela –eta ez duela ordezkatzen–, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren estatu sinatzaile edo alderdi kontratugile goren bat.

Hildakoei Azpeitian egindako omenaldia. (Argazkia: Aizpurua sendiak utzia)

Ondorio eta gomendioak
EHUren UNESCO Katedraren txostenaren ondorioak erabatekoak dira. Poliziaren jokabideari dagokionez: “Ez da zentzuzkoa onartzea ezinezkoa dela Pasaiako operazioaren agintean egon ziren eta zuzenean edo zeharka parte hartu zuten agintariak zehaztasunez identifikatzea (…) Polizia Nazionalaren Zuzendaritza Nagusiak lau agente baino ez zituen identifikatu, eta horietako bakar batek ere ez zuen parte hartu ikertutako gertakarietan, eta ez zuen inolako informazio baliagarririk eman erantzuleak identifikatzeko. (...) esanguratsua da bi agintariek ezer jakitea ukatzea edo operatiboan parte hartzen duen beste inoren nortasuna ez gogoratzea”.

Justizia administrazioaz den bezainbatean, berriz, zera dio txostenak: “Ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik ez izatea argi eta garbi ondorioztatzen da”, eta hiru arrazoi sendo ere ematen ditu. Batetik, 1984ko ekainaren 27an, gertakariak gertatu eta hiru hilabete eskasera instrukzioa amaitzea, ilunak argitu gabe. Edo horretarako ahalegin zinezkorik egin gabe. Bestetik, akusazio partikularraren eskariz, 1986an Rosa Jimenori eta Joseba Merinori deklarazioa hartu ondoren ere, Fiskaltzak ez zuen ikerketarik egin. 2000. urtera arte geldirik egon zen kasua.

“[Konstituzio Auzitegiak] ez zuen babes-errekurtsoan salatutako benetako babes judizialerako eskubidearen urraketa ugariei buruzko
iritzirik eman”

EHUren UNESCO Katedraren txostena

Eta, azkenik, txostenak laburbiltzera jo, eta dio: “Autopsiak, balaz jositako lau gazteek armak erabili izanaren frogarik ez izatea, kontakizun ofizialean dauden kontraesan nabarmenak eta horiek objektiboki zalantzan jartzen dituzten lekukotzak eta datu periferikoak, eta polizia-agintariek gertakarietan parte hartzeko eta/edo antolatzeko ardura zuten agenteen nortasuna azaltzeari uko egitea, bai eta prozesuan eskatzen diren informazioak berandutzeko, oztopatzeko eta ezkutatzeko maniobrak behin eta berriz errepikatzea ere, horiek guztiak judizioz kanpoko exekuzio baten antza duen polizia-operazio baten aldeko egitatezko presuntzioak pilatzen dituzten faktoreak dira”.

Honenbestez, gomendioa, “txosten honen berri ematea”, eta [Eusko Jaurlaritzako] Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko 1966ko Itunaren Giza Eskubideen Batzordean demanda aurkezteko bideragarritasuna eta komenigarritasuna aztertzea.

Horrekin batera, txostenaren kopia bidaltzea Arartekoari, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeari, Gogorari, Espainiako Gobernuaren Idazkaritza Nagusiaren organo homologoari, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, Espainiako Arartekoari, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioari eta Nazio Batuetako judizioz kanpoko exekuzioei, exekuzio sumarioei edo arbitrarioei buruzko errelatore bereziari.

Irati Irazusta Jauregik iragan martxoaren 23an ARGIAn idatzi zuenez, kasua irekita dago orain, eta, irekita dagoenez, “ezin dituzte lau hildakoak estatuaren indarkeriaren biktima izendatu, EAEko legeak ez duelako uzten ikerketa irekita dagoen garaian halakorik egiten”. Bide itsua, noizbait argitu eta burura helduko dena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Estatuaren biolentziaren 41 biktima onartze bidean da Nafarroako Gobernua

Asteazken honetan prozesu horren berri eman du Martin Zabalza motibazio politikoko Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeko lehendakariak. Ostegunean, Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen elkarteak pauso garrantzitsua dela adierazi dute Iruñean... [+]


2024-01-24 | Ahotsa.info
Nafarroako Auzitegiak atzera bota du 1978ko Sanferminetako gertaeretako helegitea eta elkarteak berriro aurkeztuko du kereila

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak 2019ko urtarrilean kereila bat paratu zuten 1978ko sanferminetan, Iruñean, jazotako poliziaren... [+]


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Eguneraketa berriak daude