"Sozialdemokrazia ez da gehiago existitzen"

  • “Maitiak galdegin zautan, moltxa banuenez...”.

1948an Talence-n (Frantzia) sortutako ekonomialari hau Attac eta Copernic fundazioetako kide eta Les Economistes Attérrés elkarteko lehendakaria da.
1948an Talence-n (Frantzia) sortutako ekonomialari hau Attac eta Copernic fundazioetako kide eta Les Economistes Attérrés elkarteko lehendakaria da.David Helman

Mintza gaitezen krisiaz...

Bere dimentsio aniztasuna ikusita krisi sistemikoa da, azken hamarkadetako kapitalismoaren eraldaketaren erro sakonei oihartzun egiten diena. Balore ekoizpenaren krisi baten aitzinean gaude. Batetik, Marxek XIX. mendean azpimarratu legez, kapitalismoak ezin du lan-indarraren ustiapenaz abusatu bere hedapen gaitasuna zapuztu gabe. Horregatik errepikatzen dute periodikoki inbertitzaile kapitalistek kapitalaren errentagarritasuna ez dela nahikoa. Are gehiago, azken urteetan munduko sektore industrial gehienak euren ekoizpen gaitasunetik gora dabiltza, gainprodukzio kronikoan. Lansariak eta lan baldintzak zapaltzeko grinaren poderioz, berauen bilakaera, sortzen duten oparotasuna baino anitzez ttipiagoa da, eta kapitalismoak ezin du bere almazenik hustu. Bestela esanda, kapitalismoak ez du oraindik eguneko 25. ordua asmatu. Bestetik, kapitalismoaren ohiko krisiari krisi ekologikoa lotzen zaio. Sistemak ezin du langileei aberastasuna ekoitzarazi behar diela pentsatzen segi, xehetzen, xehatzen eta xahutzen duen horretan oinarriturik. Horregatik diot balioaren ekoizpenaren krisia ez ezik balioaren ekoizpena gauzatzeko krisia ere badela. Lehengai eta baliabide naturalen urritzea agerikoa izateaz gain, merkatuak ez du jada ekoitzitakoa xurgatzen.

Ez al zaio horri azken 40 urteotako munduko ekonomiaren finantzazioa gehitu behar?

Ekoitzitako aberastasunaren araberako lan-sarien uzkurtzeak klase zenbaiten aberaste gupidagabea ekarri du, eta behin aberasturik, kapitalismoaren finantzazioan birziklatu dituzte etekinak, ohiko inbertsioetara mugatu beharrean. Hala lehertu dira bat bestearen gibeletik burbuila finantzario guztiak 2007-2008ko kolapsora heldu arte. Orduan, munduko banku eta finantza sistema goitik behera eroriko zatekeen estatuek ez balute zor pribatuaren zati handi bat heien gain hartu. Horrek defizit publikoaren eta zor pribatuaren emendatze izugarria eragin zuen herrialde gehienetan. Zer esanik ez, euroguneko estatuetan. Baina ez gaitezen tronpatu, medioek eta diskurtso ekonomiko nagusiak zorpetze publikoaren krisia krisi orokorraren kausa bat dela badiote ere, ondorio bat baizik ez da. Horregatik ez dute zentzurik zulotik jalgitzeko predikatzen dizkiguten austeritate politikek. Ahantzi ote dute atzeraldian gastu eta inbertsio publikoen murrizteak zauria handitu baino ez duela egiten? 30eko hamarkadan frogatu zuen hori Keynes-ek. Inbertsio pribatua mehatxupean denean inbertsio publikoa bakantzen bada, atzeraldiari atzeraldia eransten zaio. Austeritate politiken absurdua eta zinismoa ikusi nahi duenak begiratu dezala Greziara. Troikak Grezia erreskatatu duela diote, baina Troikak ez du Grezia lagundu, ustez negozio borobila zenean Greziako estatu bonoak erosi zituzten banku europarrak salbatu ditu.
Krisiaren aitzakian ez ote dira hamarkadetako lorpen sozialak komunetik behera botatzen ari?
Europar Batasuneko herrialdeak, batez ere sortzaileak, II. Mundu Gerratik landa finkatu zen eredu sozialak ezaugarritzen zituen. Azken 40 urteotan, kapitalismo neolibelarak etengabe egin dio kosk modelo horri: erretretarako baldintzak zailduz, lan-ordu kopurua emendatuz, soldatak jaitsiz, oporrak murriztuz... Azken 20-30 urteetako erreforma gehien-gehienak norabide bakarrekoak izan dira, eta jakina, krisi karratu hau aitzakia borobila da babes sozialaren sistema pitzatua txikitu eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzeko. Austeritate politikak ez datoz ez-dakit-zein egitasmo publiko murriztera soilik, lorpen sozialak dantzan jartzera baizik. Ez dagoela beste modurik, beste biderik, sinetsarazten digute, “erreforma estrukturalez” josten gaituzten bitartean. Lan merkatuaren erreforma estrukturala, babes sozialaren erreforma estrukturala, erretreten erreforma estrukturala... Horiek oro estrategia orokor eta koherentearen parte dira. Ñabardurak ñabardura, eskuineko zein ezkerreko etiketa duten gobernu guztiek jotzen dituzte ontzat. Hortxe dago koska: sozialdemokrazia ez da gehiago existitzen. Orain, gurean, gobernu liberal, ultra-liberal eta eskuin muturrekoak baizik ez daude.

Zein dira, zure ustez, krisitik ateratzeko bideak? Sistema honi oinarri sanoagoa jarri ote dakioke?

Krisi hau kontraesan sozial eta ekologikoen leherketa sinergikoa bada, orain plantan ezartzen ari diren politika anti-sozialak eten eta orain artekoarekin alderatuta oso ezberdina den garapen eredua hausnartu behar genuke. Dagoeneko, ezin gara hazkunde ekonomikoa enegarrenez sustatzearekin konformatu. Ekoizpenaren mamiari, garapen moduari eta kontsumo jendarteari heldu behar diegu. Ezin gara teoria hutsean gelditu. Krisiak azaleratu dituen premia sozialek berehalako erantzunak exijitzen dituzte, ezberdintasun sozialak lehenbailehen ttipitzen hasi behar dugu, fiskalitateak errotikako erreformak zor ditu, sistema bankarioa birpentsatu behar da... Eta batez ere, dinamika zoro honen abiapuntuari egin behar zaio aurre: kapitalen zirkulazio libre eta frenetikoari. Arlo guztietan batera aitzinatzeko marko politikoa balego itxaropentsu egon gintezkeen, baina garapen ekonomikoaren eredua eta joera anti-soziala zalantzan jartzen ez dituguno, nekez aterako gara zulotik. Are okerrago, ez harritu eredu anti-sozialetan eta itsumen produktibistetan tematzen bagara.

Ekonomia merkantilak soilik sortzen du aberastasuna, ala?

Kapitalismoak ezagutzen eta sustatzen duen aberastasun bakarra forma merkantila duena da, etekina sortzeko zoria duena, mozkin hori kapitala bihurtuko delarik. Aberastasun merkantil horren ondoan, alta, marko kolektiboan ekoiztutako zati arras garrantzitsu bat dago. Liberalen kapitalismoak dio marko ez merkantil baten baitako langileen lana (hezkuntza edo osasun publikoan, esaterako) aktibitate parasitarioa dela. Heientzat, aberastasun bakarra merkatuak merkaturako egiten duena da. Enetzat, aldiz, ideia faltsua ez ezik, kapitalaren metatze zentzugabea justifikatzeko baizik balio ez duen arrazonamendua da. Ekonomia politikoaren arabera, aberastasuna eta balore ekonomikoaren arteko bereizketa egin behar da. Aristotelesek berak aipatzen zuen erabilpen eta truke baloreen arteko diferentzia bere oinetakoen adibidea jarriz. Ibiltzeko balio ziotela zioen, hori zen erabilpen balioa, baina aldi berean, beste zerbait lortzeko truke-balore bat ere izan zitezkeen. Hori hala, eskola publikoak erabilpen balore izugarria ekoizten du haurrak heziz, baina horrek ez dauka balore merkantilik, ebaluazio monetarioa duen arren. Horregatik diot liberalen diskurtsoa interesatua dela, eta uste faltsu horrekin egungo kolektibitatearen baitako jarduera ez merkantiletako giza baliabideak zein bitarteko materialak kapitala metatzera bideratu nahi dituztela.

Garapen iraunkorra jasangarritasunera bideratuta al dago?

Garapena iraunkorra edo jasangarria izan, iraunkortasunaren ikusmolde ahul eta benetakoaren arteko talka dago. Iraunkortasun ahularen arabera, baliabide naturalak ahitzen ari gara, baina ez dugu zertan kezkatu, aurrerapen zientifiko eta teknologikoekin ordezkatuko baititugu. Ikuskera faltsua bezain hipokrita da, baina tamalez multinazionalek eta NBE bezalako erakundeek aintzat hartzen dutena. Iraunkortasunaren zinezko kontzeptua dago parez pare, baliabide naturalak aurrerapen zientifikoekin ezin direla ordezkatu aldarrikatu, baina bien arteko osagarritasuna onartzen duena. Talka horretatik abiatuta gerra semantiko eta ideologikoak lehertu dira dena suntsitzen duen garapen ekonomikoari lifting bat egin nahi eta zinezko arazoari adarretatik heldu nahi diotenen artean. Berriz diot, ekoizpenaren mamiaz hausnartzen ez duguno, garapen iraunkorraren kontzeptua zentzu-husten ari gara. Ekoizpen egiturei, prozesuei eta kalitateari buruz hausnartzeak soilik itzul diezaioke hitzari bere benetako esanahia. Izan ere, ekoizpenaren kalitatea ezinezkoa da lanaren kalitaterik, lanpostuen kalitaterik eta kalitatezko babes sozialik gabe. Dena da bat. Zuzenbide laborala zein sistema soziala hankaz gora jartzea, kalitatea bost axola zaion produktibismo suntsitzailearen eskutik doa.

Desazkundea zinezko alternatiba ote da?

Produktibismoaren eta gaudenera ekarri gaituen ideologiaren kritikan desazkundearen teorizatzaileekin bat egin arren, ez zait irtenbidea iruditzen. Ene ustez, trantsizio estrategia bat ezarri behar da plantan, sistema energetiko guztiak birmoldatu, garraio sistemak birdiseinatu, gure hirigintza birpentsatu... Horrek inbertsio izugarriak egin beharko diren denbora tartea eskatzen du, eta nola uztartzen da trantsizio aro hori ekoizpenaren ttipitzearekin? Trantsizio fase horretan jasangarritasuna ekoizpenaren kalitatearen arabera neurtu beharko da, ez ekoizpenaren kantitatearen arabera. Hala, trantsizio hori atzerabiderik gabe abiatzen delarik, ez dut gure ongizatea hazkundearen emendatzearekin lotzerik nahi. Ongizatea aurrerapen teknologikoarekin eta progresoarekin lotzen duen ustea hautsi behar dugu. Baina berriz diot, horiek balizko trantsizio baten ondoko aferak dira. Bitartean, asetzen ez diren behar sozial gorriak daude. Enplegatuak diren langileen %20a sos faltan ez dela gehiago okulistarengana edo dentistarengana joaten irakurtzen dudanean sutan jartzen naiz. Premia sozial horiei gaur erantzun behar zaie, ez bihar. Bestalde, desazkundearen estalpean ilusio faltsuak saltzen ari direnei garbi esan behar zaie, ez dagoela zerutik datorren diru-sarrerarik, eta etekinak ere lanetik datozela. Ke gortina hori oso ongi baliatu dute liberalek hatza zaurian sartu eta urteetan langile mugimenduaren ardatza izan den “lanak soilik dakar mozkina!” goitik behera arrakalatzeko.

Asko hitz egiten da krisi ekonomikoaz, gutxi krisi sozialaz. Karrikak suminez gainezka ez daudelako agian?

Krisi ekonomikoaren ondorioa da krisi soziala, baina aldi berean, krisi sozial hori da krisi ekonomikoaren kausetako bat. Lorpen sozialak kolokan jartzea, soldaten bilakaera produktibitatearen bilakaerarengandik deskonektatzea... Horiek oro krisiaren sustraiak dira, ez soilik adarrak. Jakina krisi ekonomikoak krisi soziala larritzen duela, baina degradazio sozialak ekarri du krisi ekonomikoa. Hori hala, arazoa da kaleak suminez sutan ez egotea. Kapitalismo neoliberalak langile mugimendu eta mugimendu sozialei bataila irabazi die azken hiru hamarkadetan. Behin betiko garaipena ez izatea espero dut. Bitartean, langabezia tasa zeruetan dabil, ezberdintasunak areagotu dira, prekarietatea errutinaren parte bihurtu da, elkartasun sistemak zulatuta daude, sindikatuek euren ekintza gaitasuna galdu dute, tradizionalki langile mugimenduaren ordezkariak izandako erakundeek ez dute eragin-indarrik... Nola nahi duzu baldintza horietan mobilizazio jarraitu eta eraginkorrak antolatzea?

Horretaz gain, sistema neoliberalak behialako klase kontzientzia eta elkartasun kolektiboaren sentimendua indibidualismo zikoitzez ordezkatzen asmatu du. Baina tira, hemen deus ez da behin betikoa.

Herritar gisa, izango dugu noizbait sistema ekonomikoa eta eredu soziala hautatzeko modua ala botere ekonomikoak botere politikoa hankapean dauka?

Menpekotasuna botere ekonomikoak jendarte osoari inposatzen dio, ez politikariei. Nik botere politiko eta ekonomikoaren arteko sinbiosia ikusten dut, bai jokamoldeetan bai aspirazioetan. Klase burgesaren koherentzia ariketa baten aitzinean gaude, ez menpeko-nagusi harreman batean. Hori hala, sistema ekonomikoa eta eredu soziala hautatzeko moduan izango garen ez dakit. Dakidana da ez dagoela betiko den sistema ekonomikorik. Betitik eta betiko dela uste dugun kapitalismoak bi edo hiru mende baizik ez ditu. Zer da hori historian? Alabaina, ez nuke esango kapitalismoa azkenetan dagoenik, bere baitako ziklo baten bukaeran baizik. Finantzarizazioaren zikloaren amaieran gaude, gizateriaren ongizatea merkatuaren pribatizazio libretik zetorrela zioen ideologiaren amaieran. Krisiari esker argi geratu da merkatu finantzarioek ez dutela berdintasuna eta heziketa bermatzen, eta nekez oinarritu daitekeela gizateriaren zoriona horretan. Alta, horrek ez du esan nahi kapitalismoak ezin duela irtenbide berririk kausitu. Egunero asmatzen ditu.

Nortasun agiria

Jean-Marie Harribey. 1948an Talence-n (Frantzia) sortutako ekonomialari hau Attac (bertako lehendakari izan zen 2009ra arte) eta Copernic fundazioetako kide eta Les Economistes Attérrés elkarteko lehendakaria da. Urtetan Bordeleko unibertsitateko irakasle izana, pentsamendu anti-neoliberalaren aurpegi ezagunenetakoa eta liburu anitzen idazlea da. La richesse, la valeur, et l'inestimable (2013) eta Les feuilles mortes du capitalisme (2014) dira argitaratu dituen azkenak.

Off the record
Ur-tanta

Bada oihuka mintzo den jendea, konbentzimendua eta bolumena nahasten dituena, hitzak momentuko su artifizialtzat dauzkana. Antipodetan dago Jean-Marie Harribey. Galdera bakoitzaren ondoren isilik egoten da minutu erdiz eta apal-apal jaurtitzen du bere egiarik handiena, harria zulatzen duen ur-tantak nola.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
2024-03-18 | ARGIA
EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak

Martxoaren 8aren atarian, menopausiari buruzko artikulu-sorta bat argitaratu du The Lancet medikuntzan espezializatutako aldizkariak. Laburpenean gogorarazi duenez, menopausia munduko populazioaren erdiaren bizitzaren etapa saihestezina da, baina esperientziak asko aldatzen dira... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


2024-03-17 | Roser Espelt Alba
Desjabetze bidezko metaketa berriztagarria

Zertara dator gure herria zentral eolikoz eta eguzki-plakaz betetzeko urgentzia hau? Bistan da, arrazoi agerikoena klima aldaketari erantzuteko premia dela, erregai fosilak iturri berriztagarriekin ordezkatzekoa. Hain zuzen, hori omen da Europako funtsen zein estatu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude