Emakumeak borrokan

Fukushima + 3 urte: kontrolik gabe dirau baina gutxi axola dio

  • Munduak bere errutinen artean irensten ditu “Fukushima” lerro-burupean hedabideek tarteka zabaltzen dituzten datuak, dagoeneko menderatutako istripu baten ondorioak balira bezala. Tamalez, hiru urteren buruan, hango makina matxuratuen eta erregai nuklearren kontrolik ez dute berreskuratu teknikariek eta hondamendiak lanean dirau.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2014ko martxoaren 09a
Naoto Matsumura Fukushimako laboraria Tokioko kalean bere aldarrikapenak oihukatzen. Irudia hartu dugu haren sostengatzeko hainbat bolondresek biziarazten duten Naotomatsumura Weebly blogetik. Fukushimako zentraletik oso hurbil Tamioka herrian bizi den gi
Naoto Matsumura Fukushimako laboraria Tokioko kalean bere aldarrikapenak oihukatzen. Irudia hartu dugu haren sostengatzeko hainbat bolondresek biziarazten duten Naotomatsumura Weebly blogetik. Fukushimako zentraletik oso hurbil Tamioka herrian bizi den gizon honen istorioa kontatu da aurreko Net Hurbil batean. Agintarien esana betez Matsumurak ere alde egin zuen arren, oharturik Japoniako edonon alferrik zegoela, laster etxera itzuli zen, eremu debekatura. Bertan bizi da, bakar-bakarrik, mundu osotik iristen zaion laguntza baliatuz, bere etxaldea bezala inguruan aurkitu dituen aziendak eta klase guztietako animaliak zainduz. Tartean, TEPCO konpainiaren maskota zen ostruka, abandonatua ere berarekin bizi da. Frantzia, Alemania eta Suitzan dauden eraikin nuklearrak bisitatu eta bere iritziak azaldu ditzan konbidatu dute, martxo honen 4tik 21era. Sinesmen handiko erresistentea.

Datu baikor batekin hasteko? Goazen, bada: erregai nuklearrezko 374 barra atera dituztela otsailaren 25a arte Fukushima Daiichiko 4. erreaktorearen gaineko piszinatik, leku seguruagora eramateko. 1.533tik 374, laurdena eskas iazko azaroan hasi zirenetik. Urtea joango zaie 2011n lurrikarak zintzilik utzi zituen erregai arriskutsuon lekualdatzea osatzeko; tartean beste lurrikara larri bat gerta baledi, Japoniako jendeek ez lukete otoitz egiteaz beste kontsolamendu handirik, halako triskantza eragin lezakete.

Baina erregai barrak aleka eramaten dituzten gisan, tantaka iristen zaizkigu Fukushimako albiste txar berri gehiago. Iristen dira... baldin eta gaiaz interesatzen baldin bazara istripuaren jarraipena egiten duten blog eta bestelako hedabide elektroniko minoritarioetan. Telebista eta prentsa handiaren agenda lobby nuklearrak zorrotz kontrolatzen du.

Albiste txar bat, benetan izugarria, Japan Timesek zabaldu du otsail honen hasieran: TEPCOk barkamena eskatu duela ziurrenik 2011ko martxotik, istripua gertatu zen unetik, isuri erradiaktiboen datu baxuegiak eman dituelako. Iazko udan ohartu omen ziren okerraz, ordura arte uste eta argitaratu baino askoz erradioaktibitate gehiago joan omen da urarekin itsasora.

Ez du merezi irakurlea zorabiatzerik litroko hainbeste estrontzio edo zesio edo plutonio becquerel en xehetasunekin. Bistakoak dira kontrolik ezaren ondorioak: bertan aritu ziren langileek aitortua baino kutsadura anitzez bortitzagoa nozitu zuten –epaitegietara jo dute batzuek–, oraindik inork ez daki zenbat erradiazio joan den itsasora, mesfidantza handiagotu da une honetan zabaltzen diren datuen fidagarritasunaz...

Hala ere, gaitz erdi litzateke arazoa lehengo kutsadurak oker neurtu izana. Are larriagoa da eten gabe ari direla zabaltzen isuri, ihes eta kutsaketa berrien datuak, funtsean erreaktore matxuratuetako erregaiak hozten erabilitako urak sarritan zuzenean lurpera doazelako, beste batzuetan ur kutsatuok biltzeko tanke eta hoditeriek itoginak dauzkatelako.

Otsailaren 20an zabaldu zen 100 tona ur kutsatuk egin zutela ihes biltegietatik. Lehenago, iazko abuztuan, 300 tona oso kutsakor joan ziren itsasora. Asko ala gutxi dira lau ziento ur irradiatu? Ihesok eraman duten erradioaktibitate kopurua hain da handia, ezen eta energia nuklearraren kontrolerako Japoniako erakundeak jakinarazi baitu ihesa gertatu den gunea nazioarteko INES (International Nuclear and Radiological Event Scale) eskalan 3 mailakoa dela. Beraz, une honetan Fukushiman bada 7 eskalako istripu nagusia eta bere barruan gertatu da bigarren bat 3 mailakoa.

Honelako albisteak ezagutu ditzakegu –frantsesa edo batez ere ingelesa ulertze aldera– Interneten informazioak bildu eta itzultzen ari diren hainbat boluntariori esker. Arestian aipatu duguna, esaterako, Iori Mochizukik Fukushima Diary blogean egiten duenari zor diogu: berak webgune ofizial batean japonieraz ikusia itzuli du eta ondoren zabalduko dute ingelesezko Fukuleaks, frantsesezko Pectine edo gaztelaniazko Resúmenes desde Fukushima gune kolektiboek.

Lobby nuklearrak bidea libre

Fukushimako hondamendiak zentral atomikoei buruzko eztabaida munduratuko zuela uste genuenoi itxaropena hoztu zigun Alfonso del Val –Larrun bat eskaini zitzaion- hondakinetan aditu eta ezkerreko ekologista jakintsuak: “Oker zaudete, ez da ezer aldatuko, nuklearren industria hori eta gehiago irensteko gai da”.

Arrazoi zuen. Otsailaren 22ko zenbakian Madrilgo El Paísek titulu handietan hedatu du: “El mapa nuclear tras Fukushima”. Hizki handitan honakoak ere: “AEBek bi erreaktore berri eraiki nahi dituzte, 30 urteko geldialdiaren ostean lehenak. Txina 28 ari da eraikitzen. Piztualdi atomikoaz hitz egin daiteke?”. Arabako mugan daukagun Garoñaren kudeaketa Espainiak eta Europak nola burutzen duten ikusirik, bai.

Fukushimako istripuaren beroan zentralak ixteko erabakia hartu zuten herrialde urrien kasua kendurik, bussiness as usual da lobby nuklearraren goiburua. Esaterako, Frantzian. Irudi katastrofikoak kontsumituz telebistako programa bat gehiago bailitzan, herritarrek ez diete kasurik egin Fukushimakoa bezalako batek Hexagonoa kiebrara eramango lukeela demostratu duten azterketei.

Aseguru konpainien paradisuan, Suitzan, gobernuak erabaki du zentral nuklearren inguruko segurtasun eremua zabaldu eta 50 kilometro arte bizi diren herritar guztiei iodo pilulak zabaltzea. Ondo begiratuta, orain enpresetan hain zorrotz betetzen diren segurtasun protokoloen eredu bera da, istripurik balego aurrez hartuta zeuden gutxieneko neurriak, kalteordainak saihesteko. Tamalez, Gasteizko jendeak ez dira kalbinistak eta Eusko Jaurlaritza ez da aurkitu horrelako gasturik egin beharrean.

Baina jendeek begiak estalirik ere, Fukushimakoa den 7+3 mailako istripuak bizirik jarraituko du datorren mende erdian. Gerta litezkeen konplikazio handiagoekin katastrofismorik egin gabe ere, munduak muturren aurrean aurkituko ditu ondorioak. Industria nuklearrak gizarte osoari ordainarazten dizkion ezkutuko koste ez aitortuak. Japonian, Lehen Ministro nuklearzalea hautatu izanak ez ditu salbatuko herritarrak Fukushima garbitzearen prezio ikaragarritik, pittinka badoaz ezagutzen herritarren osasunean eragin kalteak, saminen zerrenda luzatuko zaie ondoko hilabeteetan.

Itsasoa, berriz, badoa zabalduz jasotako irradiaizoa. Lehen arrastoak iritsi dira AEBetara, oraingoz arriskurik gabeko mailakoak, omen. Bidean doazkie gehiago.

Nuklearren kontra borrokatzen dutenek urrun dauzkate hedabide handien fokoak. Japonian bezala munduan segitzen dute lanean, jakinik beste nonbait ari dela egosten hurrengo Fukushima.

Eztabaida piztu-itzali ibiltzen den Frantzian ibiliko da Argia hau plazaratzeko egunetan Naoto Matsumura, hondamendiaren gunean bere eta inguruan aurkitutako animaliak zainduz bizitzea hautatu duen gizona, Fukushimako azken gizakia deitu dutena.

Martxoaren 4tik 21era bitartean, Paristik abiatuta, bisitatuko ditu hondakin erradioaktiboen zabortegiak, Alsazian itxi ezinik ari diren Fessenheimeko zentrala, hortik pasatuko da hitzaldiak emanez Alemaniara eta Suitzara. Pierre Fetet ekintzaileak antolatu du gastuak pagatzeko diru bilketa Fukushima blogetik. Lobby nuklearrak ezkutatzen duena azaltzeko... ikusi nahi duenari. 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Fukushimako istripua

Fukushimako istripua kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude