Larrutik ordain dezakegu komertzioa hauspotzea

  • Uztailetik dabiltza AEBetako eta Europar Batasuneko ordezkaritza bana TTIP sigladun merkataritza hitzarmena negoziatzen. Munduko ekonomian nagusigoa galtzeko beldurrak bultzatu ditu, azkenik, Washington zein Bruselako bulegoetan aspaldiko asmoa zena gauzatzera. Herritar xumeak ez dezala mirari handirik espero: liberalizazio gehiago eta eskubide gutxiago izango ditu, merkataritza suspertzearen aitzakian.

TTIPren aurka azaldu diren jendarte zibileko elkarteek salatzen sute, batetik, EB eta AEBen arteko negoziazioak ezkutuan egiten ari direla, eta bestetik, onduko duten hitzarmenak multinazional handien interesak babestu eta herritarrenei eraso egingo diela
TTIPren aurka azaldu diren jendarte zibileko elkarteek salatzen sute, batetik, EB eta AEBen arteko negoziazioak ezkutuan egiten ari direla, eta bestetik, onduko duten hitzarmenak multinazional handien interesak babestu eta herritarrenei eraso egingo diela.

Hegemonia galtzeko beldurrez dira Mendebaldeko agintariak. Haien kezka ondo baino hobeto laburbiltzen du Javier Solana NATOko idazkari nagusi ohiak oraintxe urtebete idatzitakoak: “Gaur egun, Europako hiru herrialde daude munduko zazpi ekonomia nagusien artean. Hamar urte barru bi baino ez dira izango. 2030ean Alemaniak besterik ez du iraungo zerrendan, eta 2050ean batek ere ez. Ordurako AEB izango da Mendebaldearen ordezkari bakarra zazpi [ekonomia] gorenetan”.

Estatu aberatsenak biltzen dituen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, ELGAk, kalkulatu du datozen urte bietan munduko ekonomia hazkundearen zatirik handiena Europatik kanpo emango dela, batik bat Txinan. Asia podiumeko lehen lekurantz doa ziztu bizian, baina AEBek eta EBk ez dute erraz amore emango, eta kontraeraso geopolitikoa prestatzen hasi dira. Andre Sapir, Bruegel think tank neoliberaleko kideak, sinpleki adierazi du: “Txinari adierazi behar diogu oraindik oso garrantzitsuak garela”. Eta ez dabil guztiz oker. Munduko BPGren ia erdia, eta salerosketen heren bat inguru, ipar Atlantikoaren ertz bietan dago.

AEB eta EBren helburua, orain, galtzeko zorian duten nagusitasunari eustea da, merkataritza akordio handi baten bidez. Arestian aipatutako Javier Solanaren artikulua Barack Obamak akordio horren negoziazioak abiatzear zirela iragarri eta bi astera argitaratu zen, 2013ko otsailean. Apustua argia da: Atlantikoaz gaindiko salerosketa eta inbertsio hitzarmen bat adostea, batez ere ingelesezko TTIP siglez ezagun dena, nahiz eta TAFTA ere irakurriko zenuten. Iazko udan egin zuten alde biek lehen negoziazio erronda, eta geroztik makina ez da gelditu –ezta udazkenean AEBek Europa espiatu zutela jakin zenean ere–. Gutxi gorabehera zuek aldizkari hau jasotzerako iragarri dute laugarren elkarrizketa saioa.

Erraz igarriko zenuten Javier Solanaren xedea TTIPri gorazarre egitea zela. Espainiar ministro ohiak izenburu argigarria jarri zion bere artikuluari: Europar-amerikar ametsa. Europako Batzordeak bere webgunean zabaldutako informazioak zehazten du pagotxa zertan den: batzuen eta besteen arteko komertzioa nahi bezain arina ez izatea eragiten duten oztopoak ezabatuz, funtsean horretan baitatza TTIP, milioika lanpostu berri sortuko dira –Europan 400.000 inguru, hainbat iturriren arabera–, eta urtero 119.000 milioi euroko irabaziak lortuko ditu EBk; batez beste 545 euro gehiago lau kideko etxe bakoitzeko. Sona handiko zenbait banku eta finantza-konpainiak sortutako CEPR think tank britainiarrari zor dizkiogu kalkuluok.

Ustezko irabaziak ezbaian

Agenda neoliberalari oldartzen eskarmentu luzea dutenak ez daude egonean, eta fite antolatu dute erantzuna. Seattle to Brussels-ek (S2B), globalizazioaren aurka dabiltzan elkarteen sare europarrak, txostena argitaratu zuen iazko urrian, TTIPk ekar ditzakeen mehatxuez ohartarazi nahian. Solanaren ametsa besteon distopia izan daitekeela iradoki zuten izenburuan: A brave new transatlantic partnership (Atlantikoan zeharko partzuergo berri ederra), Aldous Huxleyren Bai mundu berria eleberriaren jatorrizko tituluan oinarrituta.

CEPRren ikerketatik ondorioztatutako zifrak ezbaian jarriz hasten da txostena. S2Bk dioenez, tentu handiz hartu behar dira aurreikuspenok. Manchesterreko Unibertsitateko Clive George ekonomialariak –orain gutxi arte TTIPren balizko inpaktuak neurtzen Europako Batzordean jardun duena– esan du “estimazio horiek oso eredu espekulatiboetan oinarrituta daudela”. Zehazki, Europako ekonomiaren hazkundea %0,5ekoa izango dela ontzat eman da. “Europako Batzordeak berak oso baikortzat jo du aurreikuspen hori”, dio S2Bk. Benetan espero litekeen hazkundea, aldiz, arbuiagarria da Clive Georgeren ustez, “eta EBk badaki hori”.

Enpleguan inpaktu latza hasieran

“Metodologia baikorregia gorabehera, Europako Batzordeko TTIPren Inpaktu Azterketak onartu egiten du AEBekin salerosketa areagotzearen ondorioz ‘hasiera batean shock bat espero daitekeela berregituraketa handiena jasango duten sektoreetan’”, irakur dezakegu S2Bren txostenean. Esaterako, haragi, ongarri eta azukre ekoizleek larrutik ordainduko dute arlo horietan diharduten AEBetako enpresek lehiatzeko duten prestutasun handiagoa, eta ez dira bakarrak izango. S2Bk salatzen du EBk desorekak aurreikusi bai, baina haien aurkako neurririk ez duela hartu: “Batzordeak ebatzi du gobernu bakoitzak baduela nahikoa baliabide hitzarmenak eragindako kalteak arintzeko”. Ondorioa, globalizazioaren aurkako GKEen esanetan, Europako eskualde aberatsen eta txiroen arteko arraila are zabalago bilakatzea izan daiteke.

TTIPk enpleguan izango duen eragin zehatza aurrez jakiterik ez badago ere, Clive Georgek jadanik abian diren antzeko hitzarmenen ispiluan so egiteko gomendatzen du. Zentzu horretan, S2Bk NAFTAren adibidea nabarmentzen du bere azterketan, alegia, 1993tik indarrean dagoen Kanada, AEB eta Mexikoren arteko merkataritza akordioa. Bill Clintonek milioika enplegu berri iragarri zituen, baina hitzarmenaren ondorioz sortutakoaren eta galdutakoaren azken balantzea negatiboa suertatu zen AEBetan: ia 900.000 lanpostu gutxiago.

Araudiak ahultzeko arriskua

Edozein kasutan, hitzarmenaren aurka dauden elkarteen kritika nagusia ez da ondorioak kalkulatzean arinkeriaz, edo are maltzurkeriaz, jokatu izana. Kezkak beste nonbait du jatorria. Tom Kucharz militante ekologistaren hitzak erabiltzearren, “orain arte –nahiz ez beti modurik onenean– pertsonen eskubideak babestu dituzten gizarte, lan eta ingurumen arloetako zenbait [europar] araudi ezabatzeko baliatuko dute TTIP. Etekin bakarra enpresa multinazional handiek lortuko dute”.

S2Bren txostenak, hain zuzen, Europako herritarren interesen aldeko arau eta legeei TTIPk zer nolako kaltea ekar diezaiekeen aztertzen du gehienbat. Izan ere, akordioa aurrera atera nahi dutenek argi dute alde bien arteko harreman komertziala “olioztatzeko” ez dela nahikoa zenbait aduana-zerga ezabatzea. Europako Batzordea, merkataritza moteltzen duten hesiak aipatzen dituenean, “beharrezkoak ez diren erregulazioez eta inbertsioei ezarritako mugez” ari da batez ere.

Atlantikoko alde batean eta bestean enpresek bete beharreko araudiek desberdintasun esanguratsuak dituzte. Europakoa zorrotzagoa da, eta erregulazioa bateratzearen ondorioa hura ahultzea izan daiteke. Konparazio baterako, TTIPk mehatxu egin diezaioke Europako estatu askok duten frackingari buruzko jarrera kontserbadoreari, hala nola ia EB osoan labore transgenikoei emandako ezezkoari.

Zuhurtzia printzipioa kolokan?

Ingurumenaren zein kontsumitzaileen osasunaren babesari dagokionez, eta AEBetan ez bezala, EBren politiken oinarrietako bat zuhurtzia printzipioa da, beti behar bezala aplikatu ez arren, berriki Pioneer konpainiaren 1507 arto transgenikoari atea zabaldu izanak edota frackingaz erregulazio loteslea ezartzeari uko egin izanak erakusten dutenez. Alta, ukaezina da Atlantikoaren alde honetan ingurumenaren eta osasunaren babeserako estandarrak zorrotzagoak direla; ozeanoaren bestaldeko industriaren lobbyek adierazi dute, TTIPren negoziazioen harira, ez dutela begi onez ikusten zuhurtzia printzipioa. Europar korporazio handien pentsamoldea ez da oso desberdina.

Testuinguru honetan ulertzekoa da globalizazioaren aurkakoen kezka, eta bereziki ekologistena. Haatik, Europako Batzordeak behin eta berriro ukatu du, bai internet bidez herritarren eskura jarritako dokumentazioan, bai bere ordezkarien adierazpenetan, TTIPk murrizketarik ekarriko duenik ingurumenaren eta kontsumitzaileen babes araudietan. “Europan dugun babes maila altua ez da negoziagarria”, lasaitu nahi gaitu EBren dokumentu batek.

Zer espero dezakegu benetan?

Azkenean, ez dago garbi Europak non jarriko duen zapaldu ezinezko marra gorria. Besteak beste, publikoak ezer gutxi dakielako TTIPren edukiaz (ikus amaierako koadroa). Horregatik akaso, S2Bren A brave new transatlantic partnership txostena baldintzazko aditzez beteta dago. Zenbateko funtsa du, orduan, TTIPren aurkarien beldurrak?

Galdera hori egin diogu Luis Rico Ekologistak Martxaneko kideari. “Arazoa, hain zuzen, negoziazioak ilunpean egiten ari direla da. Argi dago demagogia litzatekeela gaur egungo erregulazioak kenduko dituztela ziurtzat jotzea. Hala eta guzti, uste dugu TTIPren arriskuez ohartarazi beharrean gaudela, ondo dakigulako nolakoak diren gauzak Bruselan, eta bereziki nolako boterea duten lobbyek. Ez dugu negoziazioen zirriborrorik ikusi, baina iritsi zaizkigun agirietako asko industriak idatzitakoak dira; besteak beste, azpimarratu egiten dute zenbat diru aurreztuko litzatekeen zuhurtzia printzipioa bazterrean utzirik. Industriaren boterea handia da, eta ezkorrak izatera garamatza. Ez litzateke EBk haien aurrean amore ematen duen lehenbiziko aldia”.

Hamaika arlotan eragingo du

Ez dezala pentsa irakurleak TTIPren eragina ingurumen eta osasunean baino igarriko ez denik. Hitzarmena zabala da eta esparru askori eragingo die; ezinezkoa da erreportaje bakarrean denei buruz xehe jardutea. Adibide batzuk besterik ez: europar laborarientzat garesti samar suerta daiteke AEBetako etxalde erraldoiekin lehiatu beharra. Kontuan hartu behar da etxalde estatubatuarrak, batez beste, Europakoak baino hamahiru aldiz handiagoak direla. Sektorean are eta politika neoliberalagoak ezartzeak EBko nekazariei egingo lieke kalte.

Polemika piztu duen beste arlo bat interneteko erabiltzaileen pribatutasuna da –AEBetan askoz ahulagoak dira datuen babeserako legeak–, EBk horretan ere kezka oro uxatu nahi izan duen arren. Bestetik, Europako langileek oraindik galdu ez dituzten eskubideak bereziki zaindu beharko dira, AEBetako estandarretara hurbiltzeak are atzerapauso gehiago ekarriko bailuke. Kontuan izan behar da Washingtonek Lanaren Nazioarteko Erakundearen hainbat arau onartzeari uko egiten diola. Eta abar. Oro har, Troikak azken urteotan inposatutako politika neoliberaletan urrats bat harago egitea ekarriko digu TTIPek, honezkero ondo ezagutzen ditugun ondorioekin.

Estatu-inbertsore ebazpen epaitegiak

“TTIPek ez du hitzez hitz esango ‘hemendik aurrera transgeniko guztiak baimenduta daude EBn’, baina testuak idazteko erak ate asko zabaldu ditzake”, diosku Luis Ricok. Europako Batzordeak, bere burua defendatu nahian, behin eta berriro esan du hitzarmena ontzeko prozesua erabat demokratikoa izango dela, EBko estatu guztietako parlamentuek, hala nola Bruselakoak, onartzen ez duten ezer ez baita txertatuko europar legedietan. Alta, Ricok dio EBk erakutsi duela lehenago ere badakiela atzeko atean zirrikituak bilatzen.

Zentzu horretan, kezka gehien eragin duen TTIPren alderdia estatu eta inbertsoreen arteko nazioarteko ebazpen-epaitegiaren figura da. Horren bitartez, konpainia batek uste badu tokian tokiko legediak bere interesak kaltetzen dituela, kalte-ordainak eska ditzake, ohiko justizia administrazioren bideak saihestuta. Epaitegiak arrazoia ematekotan, administrazio publikoak ordaindu beharko lioke konpainia horri (ikus Argiaren 2.395. zenbakiaren Net Hurbil atala).

Europako Batzordeak, bere webgunean oraindik ikusgai daukan dokumentazioan, mekanismo horren defentsa egiten du. Baina oztopo handia agertu zaio: ebazpen-epaitegiaren figurari kritika ez zaio iritsi altermundialismotik bakarrik. Besteak beste, Holandako Parlamentuak era horretako epaitegien aurkako ebazpena onartu du, eta antzera mintzatu dira Londresko Parlamentuko alderdi guztietako ordezkariak.

Hala, urtarrila amaieran EBk esan zuen gaiari buruz duen jarrera berrikusi eta, martxotik aurrera, hiru hilabetez, kontsulta publikoa egingo duela. CEO elkarteak TTIPren kontrakoen garaipen txikitzat jo du jarrera aldaketa hori, baina aldi berean amarrua besterik ez dela adierazi du. Hasteko, EB ebazpen-epaitegien erreformaz mintzatu delako, ez haiek hitzarmenetik kanpo uzteaz. Eta bigarrenik, berriki onartu den EBren eta Kanadaren arteko merkataritza akordioak (CETA) ebazpen-epaitegietara jotzeko eskubidea aitortzen dielako enpresei. AEBetako konpainia batek aski luke Kanadan ordezkaritza izatea bide hori urratu ahal izateko.

Askotxo dirudi, akordioaren bultzatzaileek hitzeman diguten eta seguruak ere ez diren 545 euroen trukean.

Gardentasuna aldarrikatu, dokumentuak zentsuratu

TTIPren negoziazioei jarraipen zorrotza egiten ari zaien elkarteetako bat CEO da, Bruselako lobbyen jarduna aztertzen duen GKEa. Alabaina, jarraipen hori ez da nahi bezain gertukoa suertatzen ari, Europako Batzordea funtsezko informazioa ezkutatzen ari baitzaie, CEOren esanetan.

Karel de Gucht Europako Merkataritza komisarioak dio EBn ez dagoela sekreturik TTIPren negoziazioei dagokienez. Batzordeak berak, bere webgunean duen hitzarmenari buruzko FAQ (galdera ohikoenak) zerrendan, azken puntua eskaintzen dio gaiari. Honela hasten da: “Merkataritza negoziazioak arrakastatsuak izateko, konfidentzialtasun maila bat behar duzu, beste jokalariari zure kartak erakutsi nahi ez badizkiozu”. Hala ere, AEBekiko elkarrizketek aurrera egin ahala EBk industriari, merkataritza elkarteei, kontsumitzaileei eta jendarte zibileko beste ordezkariei informazioa helarazten jarraituko duela dio dokumentuaren hurrengo paragrafoak. Aldiz, TTIPrekiko jarrera kritikoa dutenek salatu dute oso informazio gutxi ari zaiela iristen.

CEOk argitaratu duenez, Europako Batzordeak 130 bilera inguru egin ditu TTIPren negoziazioetarako estrategia prestatze aldera. Gehien-gehienak, 119 hain zuzen, industriako lobbyekin. CEOk, informazio askatasunari buruzko legedietan oinarrituta, bilera horietan esandakoaren berri eskatu zuen, baina ordainetan jasotakoa ia irrigarria izan dela salatu dute berriki. EBk 44 dokumentu baizik ez dizkie igorri, eta horietatik 39tan “oso nabarmena da zentsura”. Zenbait kasutan, dio CEOk, dokumentuko hitz guztiak ezabatu dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: TTIP/TAFTA
2016-11-23 | Unai Brea
CETA akordioa Europako Auzitegian aztertzeari ezetz esan dio Europarlamentuak

Europako Legebiltzarraren gehiengoak ezetz esan dio Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza eta inbertsio ituna (CETA) Europako Justizia Auzitegiak azter zezala eskatzeko aurkeztutako mozioari. 258 parlamentarik bozkatu dute proposamenaren alde, eta 419k aurka... [+]


2016-11-10 | Unai Brea
Júlia Martí (Euskal Herria TTIPari Ez! kanpaina):
"Valoniak erakutsi du merkataritza askeko akordioei aurre egitea posible dela"

“TTIP eta CETA ezartzearren herritarrek aukeratutako parlamentu eta gobernuen aurka joko dutela frogatu du Valoniarekin gertatutakoak”, diosku Júlia Martík, Euskal Herrian TTIPari Ez! kanpainako bozeramaileetako batek. Azaroaren 5ean merkataritza askeko... [+]


TTIP eta CETA akordioen aurkako mobilizazioak larunbatean Hego EHko hiriburuetan

Larunbatean, azaroak 5, Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP eta CETA akordioen aurka mobilizatzeko deia egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA Ez plataformak.


2016-10-30 | Juan Mari Arregi
Ez ezazu irentsi

Hainbat plataforma sozialek ohartarazi dute zein ondorio izango dituen AEB eta EBren arteko merkataritza eta inbertsio itunaren (TTIP) negoziazioak. Munduko merkatu handiena sortuko du. Baina itun hori, CETA edo beste batzuk bezala, ez da merkatu akordio hutsa. Enpresa handiei... [+]


Eguneraketa berriak daude