Kale itsua

KAPITALISMO industriala mailegismoa (maileguaren sistema) bilakatu dela irakurri diot Richard Duncani New Left Review aldizkarian (abendua 2012). Eta etengabe agertzen dira albiste eta datuak esanez aberastasuna gero eta okerrago banatzen dela. Azken 30 urteetan AEBetako %1 aberatsenak bere errentak bikoiztu egin dituela dio Manuel Vicenç ekonomialari katalanak, eta %0,1ak hirukoiztu. 2014an krisitik ateratzen hasiko ei gara Espainian eta Hego Euskal Herrian, baina AEBen norabide berean ei goaz Europar Batasunean. Hola azaltzen du bere analisia Duncanek.

MAILEGUA. 70eko hamarkadaren hastapenean hasi zen kontua, dolar-patroiak urre-patroia ordezkatu zuen eta AEBen dolarrak munduan barrena zabaldu ziren. Aurrerantzean, AEBetako Gobernuak dolarrak inprimatzearekin konponduko zituen bere ekonomi arazo gehientsuenak. Dolarra barra-barra ari zenez han hemenka, mailegua inoiz ez bezala hasi zen hedatzen interes txikian, AEBetako herritarren eroste ahalmena handituz eta hainbat herrialdetako ekonomia kiskaltzeraino berotuz, burbuilak sortu eta hauek lehertzeraino: Tailandia, Japonia, tigre asiarrak, Hego Amerika, Europar Batasuna… Baina mailegu sistema honetan beti da arazo bat, uneren batean ezin dira interesak ordaindu, burbuila lehertu egiten da eta ondorengoa ezaguna zaigu. Mailegismoan ekonomiaren zikloak azkarrago eta indartsuago hedatzen dira eta uzkurtu ere bai. 1964an AEBetako zor osoa (federala, herritarrak, enpresak, bankuak) bilioi bat dolarrekoa zen eta 2007an 50 bilioikoa. Naturaltzat hartu da hori, baina horrek munduko ekonomia eraldatu du.

INDUSTRIA. XX. mendearen azken bi hamarkadetan AEBek uko egin zioten beren industria nagusitasunari, ohartu zelako askoz aberastasun handiagoa erakar zezakeela bere industria atzerriratuz eta atzerrian oso soldata txikiekin ekoiztuz. Azken finean, AEBetako gizarteko sektore indartsuenei komeni zitzaien dolarra indartsu izatea eta beste herrialde ekoizle askotako moneta ahul mantentzea, horrela bere merkatua esportazioz hornitzeko. 90eko hamarkadatik aurrera biziki azkartu zen prozesu hori, batez ere Txinarekin. Prozesu horretan, estatubatuar langileen soldatak jaisten hasi ziren eta errentak ere bai, erosteko ahalmenean nabarmen eragin arte. Mailegu merkeak konponduko zuen soldaten jaitsierak izorratutako erosketa ahalmena. 2007an burbuila lehertu zen arte. Dolar gehiago inprimituz estali ziren bankuek utzitako galera erraldoiak. Eskala txikiagoan bada ere, Europako Banku Zentralak eta Ingalaterrako Bankuak ere antzerako bidea jarraitu dute. Mailegua sortzeko molde honek orain arte ez die eragin produktu industrialei, baina bai elikadurari, sal-neurriek gora egiten dute eta honek arazo larriak sortzen ditu munduan.

TXINA. Kazetaria: 2003an zuk esan zenuen txina lehertzear zegoen burbuila zela. Nola ikusten duzu orain? Duncan: Lehertzear dagoen burbuila handiago baten gisa. Orduan Txinaren superabit komertziala 80.000 milioi dolarrekoa zen urtero, orain 300.000 milioikoa. AEBek ezingo diote horri eutsi eta horrek arazoak sortuko dizkie. 2009an, Txinaren superabitak behera egin zuen eta lantegietako 20 milioi langilek beren lanpostuak galdu zituzten. Burbuila lehertzear izan zen orduan. Zein da Txinako ereduaren arazoa? Hamarkadatan industri hazkundea %20koa izan dela eta orain sektore guztietan soberakin handiak direla. Estatubatuarrek ezin dute gehiago erosi eta txinatarren %80k 10 dolar baino gutxiago irabazten du eguneko, eta horrekin ezin dituzte erosi eurek ekoitzitakoak. Herritarren piramidean oinarriaren eroste ahalmena handitzea ezinbestekoa da, bestela munduko ekonomia industria iraultzaren garaietaraino abiatuko da.

BOTEREA. Feudalismoan jauntxoek zuten boterea, kapitalismo industrialean enpresa handietako jabeek eta egun bankariek. Inork ezin die aurre egin. Ez dago irtenbiderik, beraz? Duncanen ustez ez da ziklo aldaketa klasikorik izango: edo sistema berria menperatzen dugu eta mailegua sortzeko ahalmena gizateriaren onerako ekoizpenetan erabiltzen da –energia berriztagarriak, bioteknologia...– edo munduko ekonomia depresio erraldoian eroriko da.

Amaitzeko, berriz Manuel Vicenç: AEBetako populazioaren %1 aberatsena eta klase politikoaren arteko harremana orain arte inoiz ikusi gabekoa da. Konplizitatea hain da handia ustelkeria legeztatu egin dela. “Horrela, ELGAko estatu ustelenetakoa garbienetako moduan agertzen da, politikoak erostea ez delako legez kanpokoa AEBetan, ohikoa da eta guztiz zabaldua dago”.

Eta doinua ezagun egiten da.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 02a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Eguneraketa berriak daude