Airetik piloturik gabe hegan egiteaz gain balak, bonbak eta misilak telegidaturik jaurtitzen dituzten aireplanoak denean zabaldu dira 2004an Iraken erabiltzen hasi zirenetik. Orain arma ekoizleak hurrengo jauzia ari dira prantatzen: autonomia osoz gizakiaren kontrolik gabe etsaia bilatu, ezagutu eta hilko duten soldatu robotak.
2003: Googlei ‘drone’ galdetu eta fikzio zientziazkoak ziruditen hegazkinen argazkiak azaltzen zitzaizkizun, ezein piloturen bizia arriskatu gabe urrutiko etsaia kalitzeko ahalmena omen zutenak. 2014: Googlen “drone” bilatzen baduzu, berehala azalduko zaizkizu Afganistango edo Yemeneko herritarrak manifestazioan garrasika hegazkin hilgarriok egin triskantzak salatzen. Erlamandook estrategia militarren osagai funtsezkoak dira gaur, alde batera utzita bizimoduaren gainerako ataletan aurkitu zaizkien aplikazio anitzak.
Gerraren teknologizazioan 2012ko azaroan Amerikako Estatu Batuetako Defentsa Idazkariorde Ashton Carterrek urrats berria iragarri zuen 3000.09 zuzentaraua sinatuz: “Indar hilgarria erabiliko duten arma autonomo eta erdi-autonomoz osatutako sistema diseinatu, garatu, erosi, probatu, antolatu eta erabiltzeko estrategia”. Politikariek errealitaterik beldurgarrienak hitz gezatan desitxuratzen maisuak direnez, formulak hitz lauz esan nahi du gizakiaren esku-hartzerik gabe beste gizaki bat hiltzeko gai diren robotek argi berdea daukatela.
Bulletin of Atomic Scientists aldizkariak ez du sentsazionalismorik egiten. Arrisku nuklearrez bezala –ez dago energia nuklear zibilaren kontra– munduko bakea mehatxatzen duten gainerako arriskuez puntako informazio eta iritziak biltzen dituen buletin horretan Mark Gubrudek plazaratu du “US killer robot policy: Full speed ahead” (AEBen politika robot hiltzaileez: aurrera ziztu bizian) analisia.
Princetongo unibertsitatean ikerlari ari da Gubrud eta International Committee for Robot Arms Control erakundeko kidea da.
“Indar hilgarria erabiliko duten arma autonomo eta erdi-autonomoak”: bereizketa horretan ei datza gakoa, arma hilgarri bat gizakiaren aginduarekiko erdi-autonomoa denetik osorik autonomo bilakatua den urrats txikian.
Gubrudek dioenez, AEBetako buruzagi militarrek orain artean beti ukatzen zuten arma autonomoak, robotak, prestatzen ari zirenik. Armada barneko kide asko omen zegoen horien kontra. Zer esanik ez herritarren gehiengoa, arma konbentzional ezagunek ere gizakiaren kontrola galdurik eragiten dituzten sarraskiak gogoratzen dituztelako, esaterako gudu zelaietan urte luzetarako lagatako mina hilgarriak. Giro horretan, Gobernuak 2009an ezabatu zuen robot eta drone berriak antolatzeko 300.000 milioi dolarreko programa.
Baina Armadaren barnean eten gabeak ziren hiltzeko makinen aldeko kanpainak. Aldizkari militarretan argudiatzen zen gerrako tresna berrien eraginkortasuna gehien mugatzen zutenak gizakiak berak zirela, gerra bilakatzen ari zela bizkorregia eta konplexuegia gizakiek bertatik kudeatu ahal izateko. Ahaztu gabe aurrekontuen argudioa: robotak merkeago aterako direla gizakiak baino. Zuzentarau berriak arrazoi eman die eta bidea ireki gerrarako makinei autonomia aitortzea aldarrikatzen zutenei.
Militarrak ohartuak ziren 2003rako makina gero eta burujabeagoek ezin zutela bermatu gerraren nazioarteko lege humanitarioak betetzea, zeinak exijitzen baitu erasoetan borrokalariak bereiztea populazio zibilarengandik eta zibilei kalte handiegiak ez eragitea.
Beste batzuek alderantzizkoa aldarrikatu dute, alegia ondo programatutako robotek gudu batean jokabide etikoagoa edukiko dutela emozioek baldintzaturik bizi diren gizakiek baino. Gubruden esanetan, eztabaida handia dago adituen artean, nahiz eta gehienek aitortzen duten makinek nekez bereiziko dituztela zibilak eta gudariak, eta ustezko etsai armatuak neutralitzatzeko erabili beharreko indarraren proportzionalitatea ere ezin dutela oraingoz ongi erabaki.
Gutxieneko etikoak zaindu nahian, zenbaitek proposatu izan du robotek edukitzea baimena etsaiaren beste makina eta materialei erasotzeko, haien robotak barne, baina ez gizakiei. Edo eta makinek gizakiaren baimena eskatu behar izatea beren erasoan halako bortizkeria maila bat gainditzekotan. Azken hamar urteotan Irak, Afganistan, Pakistan eta abarretan droneek eragindako zibil errugabeen heriotzak erakutsi dutenez, inongo armadak bere robotak horrela programatuko dituela pentsatzea ameskeria zozoa baizik ez da.
AEBetako Armadaren 3000.09 zuzentarauak honako esaldia dakar: “Arma autonomo eta semi-autonomoak sortuko dira buruzagiei eta operadoreei ahalbideratzeko erabili beharreko indarrari buruzko giza irizpide maila egokia”. Idazkera bihurriak zerbait argitzen nahi duela dirudien arren, ez du esaten gizaki bat hiltzeko erabaki baten atzean beste gizaki bat egon behar duenik, makinak berak egin lezake. Buruzagi batek bidali lezake robot bat misio batera, honi utzirik hori betetzeko nori eraso behar dion erabakitzea.
Arma automatiko eta semi-automatikoen arteko bereizketa oso da lausoa. Semi-automatikoak dira droneak bezalakoak, gizakiak hautatu du bere ehizakia, makina programatu du eta bidali hura desegitera. Kontua da teknologiaren aurrerapenarekin, makinak gero eta ahalmen handiagoa duela egoera ezberdinen aurrean egin beharrekoa hautatzeko. Hasieran urrutiko pilotu edo buruzagiak eman behar bazion makinari honek aurkitutako etsaiari tiro egiteko agindua... oraingo aurrerapenekin, zergatik galdu behar ditu makinak denbora eta aukerak gizakiari O.K.a eskatzen?
Bestalde, gaur bertan ere droneekin eta misil telegidatuekin gertatzen den moduan, gizaki batek hautatu duenean suntsitu beharreko etsaia, makina ustez semi-autonomoari eman dionean hori burutzeko agindua, behin operazioa abian jarritakoan, munizio inteligente hori ez al da de facto autonomoa?
Ireki den aro berri honetan, dio Gubrudek, bidea zabalik daukate etsaiak bilatu-ehizatu-hiltzeko teknologiaz hornitutako makina autonomoek. Robotek, esan nahi baita.
Mark Gubrud da Arma Robotizatuen Kontrolerako Nazioarteko Batzordeko (ICRAC, ingelesezko sigletan) kidea. Hainbat pertsonalitaterekin elkarlanean antolatu dute Robot Hiltzaileak Geldiarazteko Kanpaina (Stop Killer Robots). Argudiatzen dute: “Makinei gudu zelaian nor hil eta nor bizirik utzi erabakitzeko ahalmena ematea, teknologiaren erabilera onartezina da. Lege humanitarioak babesteko eta legalitatea bermatzeko funtsezkoa da gerrako robot guztiak gizakiak kontrolatzea. Oso premiazkoa da arma erabat autonomoak prebentiboki erabat debekatzea”.
Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]
Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]
Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.
Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]
Bestea”-k gogaituta du gizateria, duena kenduko dio, duena eraldatuko du, kutsatuko du... “Bestea”-k definitzen gaitu... baina “bestea” denok izan gaitezke.
Egun, nor da “bestea”? Nork seinalatzen du izan behar ez dena?
Zapalduen... [+]
Urte hasieran gertatu zen, urtarril eta otsail artean, Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenean eta DEI politiken kontrako gurutzada hasi zuenean hark. Baina ez zen izan prentsa-ohar edo iragarpenik. Erabilpen baldintzetan, norbaiten "genero identitatearen eta... [+]
Stanfordeko Unibertsitateak dohainik eskaintzen duen Storm deituriko erreminta ezagutu berri dut. Adimen artifiziala erabilita, edozein gairen inguruan artikulu akademikoak sortzeko diseinatutako ikerketa tresna da. Fidagarriak eta baimenduak diren hamaika iturri erabiltzeko gai... [+]
Laboral Kutxa Katedrak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute Arte eta Zientziaren I. lehiaketa (webgunea euskaraz ere badago, baina oso trakets). Artea, zientzia eta pentsamendu kritikoa uztartzen dituzten proiektuak nahi zituzten, eta zenbait aurkeztu... [+]
Aspaldi egin nuen lantegi batean, kapitalismoaren izaera alderatu zuten itsasoan koipe jario batekin, zabaltzen doan orbana, bidean hondakina eta miseria sortzen duena eta garbitzeko zaila dena.
Egun, AAren koipea nonahi dugu,beharbada ezagunenak honakoak direlarik:... [+]
Elon Musken xAI enpresak garatutako Grok adimen artifizialeko txatbota Telegramen txertatuko dute. 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du Pável Dúrovek zuzendutako enpresak. Orain arte, Grok X sarean edo Musken bestelako... [+]
Urtebetean Grok-ek Telegramen ibiltzeko aukera izango du, mezularitza enpresaren 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du. Pável Dúrov Telegrameko sortzaile eta jabeak baietsi du operazioa bere kanal ofizialean.
Informazio sareetan murgilduta, aktibismo digitalaren inguruan zenbait informaziora heldu naiz. Aktibista digitaletan pentsatzen dudanean, antolaketa moduetan ere pentsatzen dut, denok ez diegu-eta arazoei berdin heltzen. Batzuek aktibismo digitalari komunikazioatik heltzen... [+]
Gazteen Euskal Behatokiak EAEko gazteen sare sozialen inguruko inkesta baten emaitzak zabaldu ditu. Datuen arabera, euskararen erabilera sare sozialetan 15-29 urteko gazteen artean ehuneko 6,6 puntu hazi da azken hiru urteetan, % 43,6an kokatuz (2022 eta 2025eko neurketak... [+]
Herriko liburutegian, teknologiaren inguruko espazio ireki batean hartzen dut parte. Aurrekoan, haurrentzako robotika proiektu bat sortzeko Arduino plaka erabiltzen ikasi nahi zuten bi emakume gerturatu ziren, bata programatzailea, bestea ni bezalako kuxkuxeroa. Hirurak jarri... [+]